Politikaz eztabaidan

Gure bizitzan zehar hamaika aldiz erabili eta entzun dugun terminoa dugu politika.  Denok izan dugu inoiz ahotan, politikaz paso egiten dugula esateko bada ere.  Baina ba al dakigu zer den politika? Ezezkoan nago.

Sarean zertxobait arakatuz gero, lehenengo emaitzek hauteskunde eta joko parlamentarioarekin, alderdi politiko eta antzeko terminoekin erlazionaturik dagoela azalduko digute. Kaleko jende arruntoi galdetuta jasoko litzatekeen erantzun oso antzekoa seguraski. Zertxobait gehiago arakatuz gero, erantzun oso desberdinak jaso ditzakegu baina. Pertsonalki, gehien konbentzitu nauena honakoa da: Politika, biolentziaren erabileraren bidez, pertsonek, herriek eta estatuek boterearen ardatz hierarkikoarekiko duten posizio asimetrikoa zehazten duten erlazioak mantentzea edo aldatzea xedetzat duen jarduera da.

Zenbaiti oso definizio arraroa suerta dakioke honakoa, baina zientzia politikoko ia edozein manualetan arakatuz gero arrarotik ezer gutxi duela ohartuko da. Beste bitarteko batzuekin, baina gudaren jarraipena dela dioenik ere izan da.  Edo arerioari nahi egin ez duen hura egitera nola derrigortu aztertzen duen zientzia. Politika biolentzia, indarraren erabilera edo erabileraren mehatxuarekin erlazionaturik dago beraz definizio hauen arabera. Politikaz ari bagara, laguna-etsaia dialektikarekin egin beharko genuke topo ezinbestean.

Nola da posible ordea? Zenbat urte daramazkigu euskaldunok “politika edo indarkeria, hautatu beharra dago” , “politikan edozein gauza da eztabaidagarria, baina biolentziarik gabe” , “politikan konbentzitzen duenak irabazten du”, “Indarkeriaren aroa amaitu da, bide politikotatik joko dugu orain” bezalako esaldiak entzuten?

Polizia zein Guardia Zibila gutxi balira, mota guztietako armak dituen eta itsasoz, airez edo lurretik jardun dezakeen ejertzito profesional zabala. Horixe da, estatu espainiarrak biolentziarik gabe edozertaz hitz egiteko jartzen duen aurrebaldintza, bat eta bakarra: biolentziaren monopolioa. Gero bai, gero edozertaz eztabaida genezake biolentziarik erabili ezean.  Argi ikus dezaket beraz beste aldeak, etsaiak, “joko demokratikoa” deitzen duten horretan gu buru-belarri murgildurik ikusi nahiaren motiboa zein den. Galtzeko inolako arriskurik ez duen joko batean gurekin jolastea eta denbora alde duela gure herria erabat asimilatzen joatea, likidatzea finean.

Baina guk, zer egiten dugu guk horretaz ohartu gabe? Nola egon gintezke hain itsuturik? Nola jarrai dezakegu behin eta berriz akats berdinak errepikatzen?

Gustura irakurri dut Pako Aristik “Etsai jauna, ‘buenos días’!” izenburuarekin berriki argitaratu duen iritzi artikulua. Hasieran aipatzen nuen laguna-etsaia dialektika oso presente du. Beste batzuk ez bezala estatuaz hitz egiten duenean, gureaz ari da, berreskuratu behar dugun horretaz. Beste aldeari zuzenean eta erarik naturalenean etsaia deitzen dio. Eta etsaiarekin nola jokatu behar den azaltzen duten 9 puntu zerrendatu. Banan bana azaltzen du ondoren, nola guztiz kontrakoa egiten ari diren batzuk. Lagun batzuk, gutar batzuk.

Horrexegatik ez zaizkit batere gustatu artikulu horren harira entzun edo irakurri ditugun zenbait erreakzio. Haserrea, egonezina nabaritzen zitzaien egileei. NOLA HASERRETUKO GARA LAGUNAREKIN, BIDEAK EGOKIAK DIREN EDO EZ ZALANTZAN JARTZE HUTSAGATIK? Haserretu etsaiarekin haserretu behar gara, ez gure artean.

Ez da denbora asko Pako berari hitzaldi batean Euskal Herrian politikaz haserretu gabe hitz egiteko gaitasunik ez genuela entzuten nionetik, etsaiak lorturiko garaipen gisa aurkezten zuen ideia hau eta oso oker ez zebilenaren susmoa dut. Utz diezaiogun behingoz umekerietan ibiltzeari, organo jolea izana erabili du batek baino gehiagok Pakori erantzuteko azken hilabete hauetan. Argumentu falta ikaragarria nabarmentzen dute horrelako erantzunek. Zer erlazio eduki dezakete estrategia politikoek norberaren ogibide edo zaletasunekin?

Eztabaida beti izan ei da ezkerreko mugimenduen ezaugarri propioa, autokritika balore garrantzitsuenetakoa. Izan bada kontsekuente, eta eztabaidatu argumentuekin, eta ez saiatu ahots kritikoak deskalifikazioekin isilarazten. Datorren Otsailaren 2an Koldo Mitxelenan, arratseko 19:00etatik aurrera aukera ezin hobea dugu horretarako, topiko politikoak desegin nahian jardungo baita Pako bera.

Politikaz eztabaidan

Politikaz eztabaidan

41 pentsamendu “Politikaz eztabaidan”-ri buruz

  • Artikulu EZIN HOBEA Ainhoa.

  • Hori da gure herriaren egoeraz garbi hitz egitea. Beharrezkoak dira ahots berri eta freskoak. Ea zer eskaintzen digun Pakok bere hitzaldian. Jakin dezala ez dagoela isolatuta.

  • Gari Garaialde 2012-01-18 10:02

    Gustatu zait testua, baina Ezker Abertzaleak azken aldian erabili duen hizkera ulertzeko nondik eta nola zetorren ezin da ahantzi eta legala izatekotan esamoldeak ere zaindu beharra zeuzkala onartu; Bi edo hiru hitz esateak edo ez esateak legezko edo legezkanpoko iztera eraman baizezakeen.

  • Artikuluari matiz bat falta zaio. Esaten denean “Argi ikus dezaket beraz beste aldeak, etsaiak, “joko demokratikoa” deitzen duten horretan gu buru-belarri murgildurik ikusi nahiaren motiboa zein den. Galtzeko inolako arriskurik ez duen joko batean gurekin jolastea eta denbora alde duela gure herria erabat asimilatzen joatea, likidatzea finean” falta zaio esatea, joko biolentoan ere ez zuela inolako arriskurik estatuak. Galdu ezinezko jokoa baitzen. Ikusi den bezala. Eta jokoak iraun duen denbora hori (iritzi etikoak aparte) denbora galdua izan da ene ustez. Orain arteko estretagia politikoa, Amaiur egiten hasi dena barne, denbora galdua izan den bezalaxe.

    Egin (beharko) litekeen estrategia berriak ezin du beste oinarririk izan, ez du beste etorkizunik: gehiengoaren konbentzimendua (herritarren gehiengoarena). Kopuru handi bat, gehiengoa, ados badago independentziarekin, edo dena delakoarekin, eta dena delako hori gauzatzeko egin beharrekoak egitearekin (legeak dioena dioela, eta biolentziaren monopolioa estatuak badu ere), aurrera egingo dugu. Baina benetan konbentzituta eta prest, eta ez retorika hutsean. Herritarrak eta ALDERDIAK. Hau da, herritar gehiengoak eta gehiengo hori ordezten duten alderdiek aurrera egin nahi badute, ezingo da hori geratu.

    Baina, izan al da eta ba al da gehiengo hori, konbentzituta eta prest legokeen gehiengo hori, Euskal Herrian? Beste diskisizio filosofiko guztiak albo batera utziko nituzke nik, galdera horri BAI zalantzagabe bat emateko baldintzak ikusten ez baditugu. Landu dezagun gehiengoa, eta utzi estrategiak gehiengo horrek zeozer egiteko aukera duenerako.

  • Ainhoaletamendia 2012-01-18 12:04

    Gariri: kontua ez da halako edo holako hitz edo formak erabiltzea. Nire kritika ez zen (ez zuen izan nahi) formen kritika bat. Nik ere uler dezaket momentu batean beraien estrategiaren baitan mingarriak suerta daitezkeen erabaki batzuk hartu behar dituztela. Nire ustez estrategia bera da okerra.

    abeberi: seguru matiz horretaz gain gehiago ere falta zaizkiola, jeje. Baina ados orain arteko “joko biolentoan ere ez zuela inolako arriskurik estatuak”. Erabat ados. Gainontzekoan baina, ez nago horren ados. Euskal herriaren %100a dago independentziaren alde. Kontua da ordea, bestelakorik saldu (eta irentsi) dugun arren hemen ez dagoela herri bakar bat 4 sentsibilitate politiko desberdinekin. Hemen (lur-eremu honetan) herri zapaldu bat bizi da, eta beste bi herri zapaltzaile ere bai.
    abebek inoiz nahi izango al luke bere etorkizuna beste pertsona batek erabakitzerik? burua galdu ezean ez, ala? Ba herriekin beste hainbeste gertatzen da, inork ez du izan nahi menpeko, herri den bitartean bederen. Gure artean bizi direnen artean baina, erabakiak Madrilen eta Parisen hartzea nahi dutenik ere bada, definizioz beraz herri horietakoak dira, ez gurekoak. Hala ikusten dut nik bederen.

  • ainhoa, pixka bat galdu egin naizela aitortu behar dizut. Ez dut ondo ulertzen zure herri kontzeptua. Eta ondo ulertzen ez badut, ez nago ados.
    Ni (abertzale eta independentista) noizbait egon ninteke estatuak desagertu eta BENETAKO herrien eta herritarren Europa bat eratzearen alde. Horregatik ya ez naiz “definizioz” herri honetakoa?
    Euskal Herri independente baten alde dagoen nafarra ez da, gaur egun, Espainiaren alde edo are Nafarroa (EAE gabe) independente baten alde dagoena bezain Nafarroakoa?

    Eta, auziaren korapilora joaz, zein da zure proposamena hiru herri baitan dituen lur eremu honen etorkizuna bideratzeko? Ze, zure panorama nirea baino are konplexuagoa da.

  • Erranak eder, eginak lander.
    Aristiren mezuek azken hilabeteotan hartu duten norabidea, norabidea baino noraeza iruditzen zaizkit neri. Are gehiago, barricadaren lentejuelas abestiaren hainbat lelo etorri zait burura. batez ere, vas de profeta con mucha inspiración, y a mí esas cosas me joden un montón.
    Hau da, badago ezkerrean izugarrizko joera borroka antzu bat garatzera, borroka ideologikoaren esparruan irauteko eta irauteko eta irauteko bilatzen duena, zerurako biderako paseo ederrena zein den zehazte aldera, baina, gero, eskuak zikindu behar direnean, kaka eginda geratzen dena eta ekin beharrean, berriro teologiara itzultzen dena, teologia eta borroka ideologikoa parekatuz.
    BArregarri iruditu zaizkit komentario hauek, koherentzia eta abar aldarrikatuz. Koherentzia, konpromisua, ideiak,… hori dena besteoi eskatuz. Irudiko luke urrestillko elizaren pulpitutik ari zaigula, ez dakigun zerbait deskubrituz.
    Nik neuk egoera honetara iristeko, lehen aristik esaten zuenari erreparatu nion orain dela urte batzuk, bere kritikak orduan beste norabidera joaten ginelako ziren; orain norabide hura alboratu dugulako; enfin serafin.

    Oso ondo adierazi zuen atziko Gara-n Sorj Chalandon-ek. Oso erraza da ulertzeko. Eta jarrera honek ezer adierazten badu, estrategia garbia eta helburu argiak dira.
    l’enfant terrible izatea gauza graziosua izan liteke, baina motel organo utzita emaiok kanpaiari ea argitzen haizen.

    klasikoetara itzuliz,es de carton todo tu mundo es una pura ficcon
    asi el negocio no te puede fallar
    hoy dices negro por cambiar el color
    La comedia ya ha empezado
    ahora sales tu …

  • Ba Ainhoa, Basagoiti eta Patxi Lopez herri honetakoak ez badira, hau da, espainolak baldin badira, Argalak eman zuen euskal herritarraren definizioa fusilatu duzu azkar batean: euskal herritarra da Euskal Herrian lan egin eta bizi dena. Nago, Ezker Abertzalearen gaurko estrategiaz gain beste oinarrizko printzipio politiko historiko batzuk botatzen dituzula zakarretara.

    Nik uste dut, ezkerraren arazo historikoa dela nahiago duela “arrazoia izan irabaztea baino”. Sarrik berriki esan duen bezala, independentzia, haratago autodeterminazioa bera, eskubideak diren ala ez anekdotikoa da geuk eskuratu behar baldin baditugu, eta ez aitortuak izateari itxaron. Hau da, nola izabazten da independentzia? da erantzun beharreko galdera, eta hortan Aristik ez du erantzunik ematen. Erregeari Euskal Herrira etortzea debekatze hori nola egiten da? Jakin nahi nuke.

  • Esaldiek formak adierazten dituzte. Baina, baita edukiak ere.
    Baina,bada zure aipu bat desberdin ikusten dudana. Konbentzimendua indar faktore bat da politikan. Botereek herrien onespenaren (izan adostasunagatik, beldurragatik, ala ohituragatik) gainean iltzatzen dute agintaritza. Eztabaida ez da boterearen etikari buruzkoa , gure herrian dagoen konbentzimenduari buruzkoa baizik: borroka molde batzuek indar metaketa pitzatzen zuten, eta etsaiak gure herriak borroka molde batzuekiko zuen ukoa baliatzen zuen bere indarkeria injustoa are eraginkorrago bilatzeko. Zepo horri buelta eman zaio, horrek jarriko baitu agerian bai indar metaketa eta baita estatuaren biolentzia itsua ere.

  • “ni”ri erantzuten:

    Nago ni Argalak ez zituela sartzen “Euskal Herri Langilea”ren barruan hemen bizi eta “lan” egiten duten polizia nazionalak, guardia civilak eta bere agintariak; Lopez eta Basagoiti kasu, langileak izorratzeaz gain abertzaleak erreprimitzen dituztenak. Horiek beste izena daukate eta Argalak beste era batean sailkatzen zituen.

  • Dsastreri:
    Hemen nora ezean zein dabilen argitzea ez da erraza.Inori “sermoilari” esatea ez zait oso seinale ona iruditzen. Azken 30-35 urte hauetan esplikazio lehor ugari entzun dugu gure herri santu honetan, eta ez Pakoren ahotik, hain xuxen. Pakok gero eta jende gehiagok uste duena adierazi du oso xamur. Gauza gogorragoak esatea erraza egiten zaigu amnesiko bihurtu ez garenoi.Pako Aristik artikulo horretan esandakoen kontrako argudio bakar bat ere ez dut entzun oraindik. Auzolotsa ematen dit gure abangoardia “loriatsuak”.Utzi organoak eta txorakeriak, eta esan ganorazko zerbait,mesedez.

  • Neuri:

    Demagun Patxi Lopez eta Basagoiti zerrendatik kentzen ditugula. Zer egin nahi duzu beraien boto emaileekin? Gogoratu, azken hauteskundeen arabera abertzaleak baino gehiago direla hegoaldeko lau lurraldeetan!

  • Neuri:
    Behar ba da gogoratu araziko nizuke, oraindik ez degula berreskuratu, izan giñen estatua, beraz zuk diozun auteskunde horiek bai eta aurreko guztiak, ez dira gureak, ez eta sikiera munizipalak ere. Hauk ere, espainiako legearen menpean daude.

  • Iñakiri:

    Arrazoia duzu. Baina irabazteko arrazoia edukitzea baino zerbait gehiago behar da zoritxarrez. Imaginatzen gaurko kontestu politikoan (XXI. mendeko Euskal Herrian. Altxatu burua eta eman begirada bat munduari eta euskal gizarteari) hauteskundeak baztertzen dituen estrategia politikorik? Gaurko Ezker Abertzalearen estrategiak zer eztabaidatu asko ematen du, dudarik gabe. Ni estrategiaren corpus orokorrarekin ados nago. Hortik aurrera hamarnaka eztabaida datozkit burura.

    Baina badauka ezkerrak marginalitatean erortzeko tentazio ezin arrikutsuagoa. Arrazoiarekin baina marginalitatean, eta beraz eraldaketarako gaitasunik gabe. Edozein direlarik ere bideak, abertzaleok, euskaltzaleok, ezkerrekook, eremu hegemonikoak irabazi behar ditugu: politikoak, sozialak, kulturalak, linguistikoak, eta nire ustez baita instituzionalak ere. Eta zoritxarrez, nahi bada, XXI. mendeko Euskal Herrian horrek hauteskundeetara aurkeztea esan nahi du.

    Bestalde, ez da hauteskunderik behar Euskal lurraldeetan bere burua espainoltzat duen soziologia badagoela jakiteko. Eta ume negarrak baino ez dira esatea “bai baina hori Canobasen, Francoren edo aita santuaren errua da”. Badakit horrela dela! Eta zer? Negar egiteak ez ditu gauzak aldatuko! Intsurrekzioaren estrategia entseiatu zen 70. hamarkadan eta ez zituen helburuak lortu. Nire ustez, gaurko baldintza politikoetan antzeko estrategiak proposatzeak ez du ez hanka ez bururik.

    Gaurko abertzale eta ezkertiarrok estrategia eranginkorrak bilatu behar ditugu eta kontraesanak kudeatzeko prestatu geure buruak. Bestela, arrazoia izaten jarraituko dugu, eta lagunarteko afarietan autokonplazientzian mozkortuko gara, baina besterik ez!

  • kolonizatu bat 2012-01-19 14:18

    Garai batean esaten zen “Euskadi herri kolonizatua da” eta, dakidanez, orain arte abertzale ikuspegitik ez da hori gezurtatua izan. Kolonizaleetan denetarik izan daiteke, agintariak, agintariak ez direnak, jende xeheak… Deskolonizazio askotan ez dira kolonizatzaileak (guztiak) kanporatu, baina ez dira gehiago agintariak.
    Etsiak ez, etsaiak bai? Bederen zer garen argitu behar genuke eta printzipio estrrtegikoa argiak izan, gero malgutasunez jokatzen bada ere.

  • Niri ere ez zitzaidan batere gustatu Errekondo jauna Espainiako erregeari eskua ematen ikustea. Ikaragarrizko amorrua eman zidan eta uste dut iparra galduta gabiltzala oraindik ere. Horretan guztiz bat nator Aristirekin.

    Gauza bat da hitzak eta formak zaintzea, deskuiduan epaile gaiztoren batek espetxera ez zaitzan, eta beste bat oso desberdina etsaiarekin irribartsu eta lagunkoi agertzea. Amaiur bere helburu politikoak lortzeko beharbada behartua egongo da aurkariekin hartu-emanak edukitzera, baina ez haiekin adiskidetzera.

    Eta ez da lagun-etsai dialektika gogoko dudala, ez. Ez beza inork pentsa gero biolentzia, liskarra eta ondokoen etsaigoa gogoko dudanik. Baina ezker abertzaleak ezin ditu ahaztu bere idealak eta helburuak, eta oso present eduki behar du nor den aurrean daukana. Posible da dialektika hori guztiz antzua izatea, agian ez da politikoki korrektoa, beharbada ez doa inora eta suizidio politikoa baino ez da, baina hobe suizidioa etsaiari pistola eman eta tiratzen uztea baino.

  • Joxerraren esadakoaren ildotik, hau ez da aristik botatzen duen lehen ikasgaia, iritzia edo deitu nahi duzun bezala (sermoia igandeko mezako partaide batentzat egokia bazen ere). Eta esaten duenaren argudioren kontra ez baduzu inon irakurrik, bidean hainbat erantzun galdu duzula esan nahi du horrek.
    Niri berriz, argudio faltak zuen iritzietan aurkitzen ditut. Lehenik eta behin, estrategia bat indarrean dagoela ukatzen duzuelako (ikus aristiren beste artikuluak). Gero, estrategia balego ere, dena antzua dela (ikus zure hitzak eta Aristiren aurreko artikulua); horrekin batera inplizitoki dagoena zera da: “hau egin beharko duzue”. Bada, lehengo batean esan bezala, Aristik edo zuk indarrean jarri nahi baduzue bestelako estrategia, hobeagoa, eraginkorragoa, eta abar, zer dela eta ez duzue martxan jartzen? zeinek debekatzen dizue? zeinen zai zaudete? Izan ere, dela eztabaida hori behar den tokian izan duzue eta ez duzue aurrera atera (nahiz eta ez dakit zenbat jende piloa izan horren alde dirudienez), dela behar den tokietan eztabaidatu beharrean eztabaida gune horietatik kanpo luzatzen duzue, orojakintsu gisa eta esateko beti besteok zer egin behar dugun.
    Niri ikaragarria iruditzen zaidana da gure intelektualak koherentzia eskatzen ikustea da, nork bere buruari begiratu gabe (eta inguru horretan organoaren aipamena); niri harrigarria iruditzen zaidana da indarrean dagoen estrategia ez ikusteaz gain, nola den posible zuek jada ebaluapen bat izatea horren gaineanm kasik martxan jarri baino egin ez duenean!
    Orain, gainera, errematean badirudi eztabaida Santxo Handiarekin lotuko dugula. Apoteosikoa.

  • “Ni”

    Bale, demagun ahazten dugula esan duzula Argalak “Euskal langile herria”n sartzen zituela bai langileriaren bai Euskal Herriaren zanpaketaren arduradun politikoak eta militarrak.

    Demagun ere zure galdera ez dela galdera ganorabako bat eta nik erantzuteko denbora eta gogoa dauzkadala.

    Bale, balizko egoera horretan erantzuten dizut nik ez daukadala inolako asmo berezirik egiteko alderdi espainolisten boto emaileekin, baina bai pozik egongo nintzela haien eskubide politiko berberak izango banitu. Gehiengo ala gutxiengo izanda.

    Eta uste dut Argalak ere halako zerbait pentsatzen zuela.

  • Neu-ri:

    Nik ez dut esan Argalak Guardia Zibilak euskal herritar kontsideratzen zituenik. Ez jarri nire ahotan esan ez dudanik. Nik esaten dudana da ezker abertzalekoa den nire lagunaren aitak, orain 40 urte Euskal Herrira etorri zenak eta 40 urtez hemen lan egin duenak, PSOEri ematen diola botoa. Nik euskal herritar kontsideratzen dut. Jesus Eguiguren edo Denis Itxaso euskal herritar direla uste dudan era berean. Eta uste dut Argalak ere euskal herritartzat zituela.

    Nola eskuratu berain eskubide politiko berdinak. Hori da galdera bai. Baina nago ezingo ditugula ostikoz hemendik bota!

  • Independentzia beharrezkoa dugu. Baina beharrezkoagoa lurralde zatiketa gainditzea. Beraz independentzia urjentziazko bidetik planteatzen duenak lehenago azaldu beharko du zein bide proposatzen duen erakunde mailan 2 estatutan eta 3 eremu administratibotan zatikatutako herria batzeko. Ezker abertzalea orokorrean hartuta gaur egun honen jabe dela uste dut, eta batasun horretarako bide bat marrazten. Hobea edo okerragoa, baina bide bat. Beste inor ez dut ikusten horretan. Jakin nahiko nuke bide hau kritikatzen dutenek ea esaterako Herrialde Katalanak dituzten eredu, herriaren zatiketa onartuz: lehenengo lurralde batzuen independentzia herri osoaren batasunaren gainetik (Kataluinak independentzia, gainontzeko lurralde katalanak izorrai, hor konpon).

    Bestalde, Euskal Herrian herritarrak hemen lan eta bizi diren guztiak (batzuek ez datoz lan eta bizitzera) euskal herritar politikotzat ez jotzea guztiz atzerakoia eta antiabertzalea da. Erabat.

  • beste iñaki bat 2012-01-19 23:55

    Joanes ; Euskal Herrian, munduko beste herrialde guztietan bezala kanpotarrak ere bizi dira. Beraz ez dut uste antiabertzalea denik esatea, hemen lan eta bizi diren guztiak ez direla euskal herritarrak. Hemen espainol/frantses asko bizi da. Espainiar zentzu politikoan zuk zehaztu bezala.Espainiar herriaren parte dira eta hala agertzen dira.
    Zuk zure burua beraien herri horretako parte sentitzen baduzu… Zu eta ni ez gara gu.
    Palestinan kexu dira juduek etxeak eraikitzen dituztelako eta Saharan ez dute onartzen Marokoarren zensoa.Euskaldun “aurrerakoiek” ulertzen dugu herri zapaldu horien borroka, baina gurean “atzerakoia” omen da espainiarrak edo frantsesak beste herri batekoak direla esatea.Soy vasco y español esaten dutenean gure herriaren esistentzia ukatzen ari dira (vasco ez da herri bat, beste baten partea baizik).
    Beraiek, bakarrik onartuko dute herri berekoak garela, espainiarrak garen artean. Gurea ez den herri batekoak alegia.
    Agian horregatik “herria” hitza ordezkatzeko “jendartea ” erabiltzen hasi dira abertzale “aurrerakoiak” .Herri euskaldunik ez badago zein da arazoa ? Ez dago herririk , ez dago zapalkuntza nazionalik .zorionak.

  • beste Iñaki bati:

    Noski zapalkuntza nazionala badagoela. Zapalkuntza nazionala dago euskaldun, eta euskaldun soilik izan nahi dugunok, espainol izan nahi dutenek dituzten eskubideak ez ditugulako. Euskal Herria nazio bat dela diogu, eta ondorioz subjektu politiko bat dela, eta ondorioz bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela. Baina euskal herritar guztiok erabaki behar dugu etorkizun hori, estatuen injerentziarik gabe. Hau da hemen bizi garen 3.000.000 euskal herritar inguruk.

    Eta hau gutxienez 80. hamarkadatik dauka garbi Ezker Abertzaleak. Argelen autodeterminazioa eskatu zen, ez deskolonizazioa. Uste dut hemen planteatzen diren eztabaidek ez dutela zer ikusirik Zutik Euskal Herriarekin. Askoz oinarrizkoagoak diren eta historikoki Ezker Abertzaleak bere eginak zituen printzipio politiko batzuez ari garela. Eta noraez ideologiko hau suntsigarria izan liteke!

  • beste Iñaki bati:

    Espainol edo frantses sentitzen diren euskal herritarrak ez badituzu zure herrikidetzat, bi galdera arin:

    – Lantzen, UPNk irabazten duenez, pentsatzekoa da Inauterietan parte hartzen dutenetako batzuk espainoltzat dutela euren burua. Beraz gerta liteke zuk Miel Otxin edo Ziripot zure herrikidetzat ez hartzea.
    – Zuberoako Maskaradetan dantzatu, kantatu.. egiten dutenetako asko pentsatzekoa da ez direla abertzaleak izango. Beraz gerta liteke Zamaltzain edo Buhameak ere zure herrikidetzat ez hartzea.

    Horri gehitzen badiogu bai batean bai bestean euskara galdu duten asko daudela, arrazoi gehiago zure herrikidetzat ez hartzeko ezta? Ederki. Zu zeu.

    Orain, gure herria nazioa da, zapaldua, asimilazio luzeen ondoren aurreko kasuak bezalako egoera konplexu, zuribeltz, argilun erakusten dituena. Horiek eta beste hainbat eta hainbat. Eta horri buelta emateko aukera bakarra dago: hemen bizi eta lan egiten duen guztia euskal herritartzat hartzea, baita azken unean heldu den etorkina ere. Kontrako beste edozein irizpidek adibidez Nafarroako Funes Euskal Herria ez dela gisako absurdoak esatera eramango gaituelako.
    Bide batez, Palestinaz gain, Eskozia edo Ipar Irlanda ere badira lagun…

  • 500 urte nahikoa da 2012-01-24 13:05

    Mezu batzuk irakurrita ikaragarria da sentitzen dodan etsairenganako estokolmo sindrome maila.
    Espainia eta Frantziar estatuek, abertzale, euskalduna, vasco, terrorista, euskadi, euskal herria eta kristo guztiak eurak nahi bezala erabiltzen dabez gure tonto maila gero eta haundiagoa izan daiten. Ez dot munduan beste herri bat ezagutzen herri horretakoa nor dan eta nor ez dan argi ez daukanik. Galdetu Frantziar bati eta ez dau dudarik eukiko, lasai asko azalduko deutsu, nor den Frantziarra eta nor ez.
    Ipar Irlandan jartzen dau norbaitek adibide bezala, ba Ipar Irlandan argi ta garbi daukie nor dan nor, herri askotan geografikoki ere banaketa emonten dalarik, eta guk oraindik ez dakigu nor dan espainola, frantziarra edo euskalduna.
    Baina hori ez da abertzale zumeon errua, hori etsaiaren meritua eta gure politikoen errua da, POLITIKA zer den ere ez bait dabe ulertzen. Hor gabiz estatus politiko berria, erabakitzeko eskubidea… non eta Madrilen eskatzen. IKARAGARRIA! Bide honetatik txarto goaz!

  • Ni neu neoni 2012-01-24 14:57

    Nire iritzian bi kontzeptu bereizi behar dira: euskal herritarrak eta euskaldunak.

    Euskal herritarrak Euskal Herrian erroldatutako pertsona guztiak dira, inolako bereizketarik gabe. Berdin dio zein den pertsona horren ideologia, erlijioa, hizkuntza edo familiaren jatorria, Euskal Herriko udalen batean erroldatuta badago euskal herritarra da.

    Euskalduna berriz euskaraz dakiena da. Inolako bereizketarik gabe, ez du axola non jaioa den, non bizi den, zein erlijio edo ideologia duen, …

    Euskal herritar guztiak ez dira euskaldunak eta euskaldun guztiak ez dira euskal herritarrak.

    Polonian edo Japonian euskara ikasi duen pertsona bat ni bezain euskalduna da, Euskal Herrian inoiz izan ez bada ere. Abizen guztiak euskal jatorrikoak dituen baina euskaraz ez dakien pertsona abertzale bat berriz ez da euskalduna.

    Eta alderantziz, euskaraz ez dakien Bergarako PPko botoemaile espainiarzale bat ni bezain euskal herritarra da, nahiz eta euskalduna ez izan. Euskaraz jakingo balu euskal herritarra eta euskalduna litzateke.

  • 500 urte nahikoa da 2012-01-24 17:48

    Ni neu neoni: Orain bereizketa hori españiar estatuagaz edo frantziar estatuagaz egiteko kapaz bazara behar bada zoezer ulertzen hasi nintzateke. Colombian jai dan bat zer española espaiñiera dakielako? Errusian jaio eta espaiñiar hizkuntza ikasi dauana zer da? Espaiñieraduna????????? Beste galdera bat: Pentsatu, bapatean, andaluzia osoan, gehiengo arabiar bat emoten dala, lehenengo eta behin uste dozu espainiar estatuak gehiengo hori emon liekela ikusita, ez zuela ezer egingo? eta gertatuz gero, zuk uste dozu, espainiar estatuak andaluzia espaiñiatik kanpo joan eta marokogaz bat egiteko eskatuz gero ez leukala argi eukiko nork botatu beharko lukeen eta nork ez?
    Begira, herri honetan lasai asko egin behar dogu berba politikaz, gauzak diran moduan esanda, konpleju barik, gure etsiei eta baita gure politikoei ere. Pako Aristiren hitzaldira inbitauko neuzkizue otsialeren 2an Koldo Mitxelenan

  • Eta orduan Senegaletik etorri den etorkina, eta 10 urte ondoren papelak eskuratu eta zuk eta nik ditugun eskubide berdinak dituena, zer da??????????? Akaso, guk internazionalistok esango diogu pertsona horri: ez zaitez hemengo asunto politikoetan sartu. Ez dagokizu zuri. Ez eman bozkarik. Edo ematekotan eman alderdi abertzale bati.

    Edo agian Senegaletik etorri den hau tipo jatorra da eta euskal herritar estatusa emango diogu, eta Zamoratik orain 40 urte etorri zenari, hemen lan egitera, beste kriterio bat aplikatuko zaio??

    Ze ostia ari zara esaten!!!!

  • Edozein komunitatetan, bertako kide da:

    – Komunitatearen biziraupenaren aldeko jarrera duena, bai jarreraz, edo, gutxienez, iritziz.
    – Komunitate honi komunitate izaera onartzen diona.

    Baina, euskalduna al da Leitzako Democracia española-ko zinegotzi euskaldun petoa?
    Hori ukaezina da.

    Eta hor dator afera labainkorra: Izan ere, ezberdina da bertakoa izatea (bertako kulturan jaioa, ez kanpotik etorria eta kanpotik ekarritako kulturan hezia) komunitatea ezagutzen ezpadu ere(soberania aitortzen ezpadio, bere hizkuntza eta abar arbuiatzen baditu), edota kanpotik etorri, bertakoa mespratxu eta kanpo soberania ezartzea, bertakoa berean urtuta.

    Edozein komunitatek bere geroa kolokan jartzen duenaren aurka egingo du, eta gurean ukaezina da hori atzerritik etorri dela (nahiz gurean ere barne tirabirak izan, guztietan bezala).
    Alta, proiektu politikoari begira, eta batez ere etsaiaren tranpan ez erortzeko, eztugu jatorriaren araberako ezberdinketa hori nabarmentzen, eta komunitatearekiko duen jarreraren arabera ebazten da.
    Beraz, “vasco” guztiok gara, euskaldun, euskaradun oro, baina badira bere komunitatearen etorkizunaren aurka ari diren “vasco” eta euskaldunak, hori ere, toki guztietan bezala.
    Kontua ez baita “vasco bai, vasco ez”, baizik eta batzuk español direla, eta beste batzuk ez. Horretan jarri behar da arreta, zer zaren eta zer diren: Haiek, español.

  • Eztabaida estrategia politikoari buruzkoa da. Kontua da estrategia politikoa erabakitzeko orduan zer planteatzen dugun. Euskal Herriaren deskolonizazioa, edo herri aitortza eta autodeterminazio eskubidearen errespetua. Hau da, bere burua espainoltzat duten guztiak Euskal Herritik alde egiteko eskatuko dugun (norbaitek Palestinako sionosta kolonoen kasua erabili du), edo gure herriaren etorkizuna hemen bizi garen eta bertan lan egiten dugunok erabaki behar dugula defendatuko dugun.

    Ez dakit Sabino Arana, baina Ezker Abertzalea, nik dakidala, beti egon da bigarrenaren alde.

  • Bestalde, badago gauza bat Pako Aristiren diskurtsoan, eta orohar blogetan ematen diren iritzi batzutan erresumina sortzen didana: badirudi orain, distentsio egoera batean gaudelarik, erreza dela gauza batzuk esatea. Baina ez dut gogoratzen, Pako Aristi, orain 4 urte, esan dituen batzuk hain garbi esaten. Hau da, Ezker Abertzalea estrategia politiko-militar neto batean zegoenean, manifestazio batean parte hartzeagatik kartzelaratua izan zintezkeenean, “maite zaituztegu” esatearren Audientziara deitua zinenean… ez dut Pako Aristi gogoratzen etsaiaren kontra borrokatzen. Ekarpen ezin baliotsuagoa egingo lioke askapen prozesuari bere tamainako intelektual batek kartzelan bere herriaren eskubideak defendatzen. Bere artikulua erregeari Euskal Herrira etortzea debekatu behar zaiola esanez bukatzen du. Aukera ederra izan zuen espainiako itzulia EH sartu zenean errepide erdian jarri eta lasterketa boikoteatzeko. Baina ez dut inoiz horretan ikusi. Edozeini, baina intelektualei bereziki beren ideiekiko koherentzia eskatu behar zaie, apaizari elizan esaten duenarekiko koherentzia eskatu behar zaion bezala. Politikan dabilenak herri honi zor dio. Kontrakoa ez da prozesu politiko bati ekarpena egitea, blog batean artikulu bat idaztea baino.

    Eta bukatzeko, ezin da askapen prozesu bat egin metereologoak botanikara, botanikoak odontologiara, eta odontologoak politikara dedikatzen badira.

  • Ainhoa Letamendia 2012-01-25 13:03

    Ni-ri:

    Zu erresuminduta ez egoteko antidotoa ezer eztabaidatu ezina bada, arazo bat duzu. Eztabaida beharrezkoa eta osasungarria baita beti, BAITA POLITIKAN ERE. Bestalde, harriduraz irakurtzen dut distentsio egoerarena. Distentsioa al da 3 euskal herritar atxilo hartzea pasa den astean bertan? distentsioa al da Portu eta Sarasolaren torturatzaileak absolbitzea? Distentsioa alde bakarrekoa izango da noski…zeren bestea betikoan dago.

    Kartzelatik ekarpenik nekez egin dezake inork. Martirien indarrean sinisten ez baduzu behinik behin. Kalean behar ditugu gure aldeko denak, eta Aristi ere bai noski. SInestezina iruditzen zait abertzale batek bestelakorik iradokitzea…

    Txirrindularitzaren adibidea jartzen duzunez erantzun egingo dizut. Hori ere politikarekin erlazionaturik dago, eta hor ere inork gutxik jartzen du zalantzan daramagun estrategia eta horrela doakigu…

    Espainiako itzulia EH-an sartzen digute eta zer egiten dugu guk? Zer eskatzen du ESAITek? Ados ez gaudela demostratzeko errepideak betetzen ditugu ikurrinez. Mundu osoari erakutsiz sutsuki maite dugula itzuli hori. Imajina dezaket belgikar zaletu bat Espainiako itzulia jarraitzen egunero, bere etxeko sofan eserita, erkidego autonomoko banderak ikusiaz Gaztelan (gutxi batzuk), Andaluzian (gehixeago), Asturiasen (dexente) eta azkenik EAEn (gainezka!!!). Pentsatuko du bere barrurako, hauek bai (espainiar) txirrindu zale amorratuak!!! Patrozinatzaileak ere pozez txoratzen errepide bazterrak eta helmugak zaletuz gainezka ikusita. Nola ez digute bada aurten Iruñatik abiaraziko itzuli alu hori?

    Aldiz, zuk aipatzen duzunaz gain badira kartzelan amaitu gabe burutu ditzakezun beste boikot mota batzu. Etxean gelditzea adibidez. Dirua jartzen dutenek berehala eskatuko lukete beste nonbaitera eramatea itzulia inor joango ez balitz ikustera EHan. Belgikar zaletuak ere pentsa dezake, ze arraroa ez? Tourrean ikusten diren ikurrina pilarekin eta bertatik pasatzean bakar bera ere ez ikustea…hor bada zerbait…

    Eta amaitzeko ezin dena da askapen prozesu burutu, ustezko politikoek (gureek) etsaiak jarritako tableroan, etsaiak jarritako joko arauekin, eta etsaiak erabakitzen duenean soilik jokatuaz etsaiari irabaztea espero badute. Orduan meteorologo, botaniko, odontologo edo kale garbitzaileen ardura da, horretaz jabetzen den edozein herritarren ardura da, hori salatzea eta eztabaidatzea.

    PD: amaitzeko ezker abertzaleari asko gustatzen zaion filosofo baten zita bat:

    Slavoj Žižek: A veces no hacer nada es lo más violento que puede hacerse

  • Orain 4 urtekoarekin alderatuz distentzio egoera batean gaudela 2009an, hauteskunde kanpainan, bere mezu politikoa megafonia batekin zabaltzen ziharduela atxilotu zutenak daki. Nik zuk bezain ongi dakit estatuak errepresioarekin jarraitzen duela, besteak beste hilean behin, gutxienez, 700km egin behar ditudalako errepidean. Beraz leziorik ez mesedez. Baina badago alderik, makrooperazioekin, hilean 15 pertsona atxilotzen zituzten garaietatik hona. Hilabetero Ezker Abertzaleko erakunderen batek makrooperazio bat jasatera iritsi ginen hemen. Baina, noski, hori ere garai haietan lanean ziharduenak daki.

    Nire iradokizuna da: zer egin behar ez den esan gabe, ea asmatzen duzun zer egin behar den esaten. Hau da, gaurko estrategia bide galdua bada, zein da bidea? da bere posizioaz horren zihur gaurko estrategia kritikatzen duenaren ardura. Gaurko Euskal Herrian, kontestu politiko orokorrean, baldintza politikoak, sozialak, etb. kontutan hartuz, askapen prozesuaren ibilbide historikoari erreparatuz, formulatu estrategia integral bat Euskal Herria independente egingo duena. Eta konfrontatu zure proposamena gaur indarrean dagoenarekin.

  • Ni-ri:

    “Ez dakit Sabino Arana, baina Ezker Abertzalea, nik dakidala, beti egon da bigarrenaren alde”.

    Noski egon dela, baita egoki egon ere. Ekarpen itzela, arestian aipatu bezala, espainolen “bi komunitateen tranpan” ez erortzeko. Gainera, bidezkoa, etorritako askoren eskarpenak askapen nazional prozesua indartu duelako, eta baita bidezkoa delako ere (eskubidea, ez oparia).

    Horrek ez du bestea ezerezten: Soberaniaren kontra egiten duen espainolak Euskal Herria osatzen duen komunitate-herriaren etorkizun eta biziraupenaren aurka egiten duela ozenki osatzea.

    Estrategiari buruz: Espetxean dudan lagun batek dioen bezala: “ez da ZER, ZELAN da”.
    Bide agortuaz aspaldi ginen jabeturik batzuk, kontua da nola jorratzen den beste bide bat. Eta zintzotasunez eta egia apal onartuta abiatzen ez duenak hurrengo belaunaldia hipotekatuko du. Ez dakit ziur horretan murgilduko den mugimendua, baina zantzuren batzuk badira. Eta han-hemenka azaltzen diren kexek hori dute salatzen (Arisitrena alde batetara utzita: Esan bezala, bere ibilbideari erreparatuta, Enfant terrible izateko ume gogoa dagoela deritzot).

  • Ba… erabat ados zurekin! Nik gauza bat azpimarratu nahi izan dut foro honetan: gaurko estrategiaren inplementazioan gauza batzuk gogoko ez ditugulako, edo ikusten ez ditugulako, edo gaizki daudela erabat zihur gaudelako ere, ez dezagun burua gal norbere herriko “centro extremeño”-a kolonia judutar bat balitz hartzeraino.

    Estrategiari buruz: oso garrantzitsua dela deritzot tentsioa mantentzea, eta egiten den guztia zorroztasunez kuestionatzea. Baina inportantea da baita ere autokonfiantza, kontraesanak badirela eta egongo direla naturaltasunez asumitzea eta pazientzia. Emandako pausu baten aurrean tutik ez ulertzearen sentsazioa ez zait berria gertatzen niri behintzat.

  • Ni:

    Nire neskalaguna Caceresen jaioa da, eta hemen jatorria duen hainbatek baino askoz begirune haundiagoa dio euskal nazioari (bere egin duena, eta bere parte dena).

    Ados beraz: Batasuna bai, morrontza itsua ez, pazientzia eta ahalegin zintzoa bai, eta urratsez urrats aurrera. Kasu gutxi “lore exotikoei” eta gehiago ahalegin zintzoan ari denari.
    Gaur mugimendu independentista duela bi urte baino indartsuago dago, eta baita “sisteman murgiltzeko” arrisku haundiagoan ere. Biak. Beraz, kasu indarrari eta zorrotz arriskuari. Ea ba!!

    (Judutarren gaia beste egun batetarako utziko dugu: Gaia ez da hain sinplea…..nazio juduaren presentzia lurralde hartan ARABIAR nazioarena baina dexentez lehenagozkoa delako, besteak beste).

  • 500 urte nahikoa da 2012-01-25 16:22

    Estrategiari buruz, web gune interesgarri baten aurkitu dodazan lerro batzuk bidaltzen deutsuedaz:

    Hobbesek dio Herriak direla oinarrizko eragile sozial eta historikoak, eta Herri batek politikoki arrakasta izan nahi badu, oinarrizko diren zenbait baldintza bete behar dituela.
    Horietako bat, baitezpadakoa, gidaritza politiko egoki bat izatea da. Herri batek irabazi nahi badu, lider bat izan behar du, ez pertsona soil moduan ulertua, organu kolektibo baten moduan baizik; hau da, ezinbestekoa du Gobernu bat izatea.
    Gobernu horren eginkizuna, Herriak dauzkan baliabide guztiak egokiro erabili eta kudeatzea da, hau da, helburu eta bitartekoak orekan izango dituen estrategia formulatu behar du. Zentzu horretan, profesionaltasunez jokatu, arrazoia erabili behar du.
    Herriak berez eta etengabe sortu eta ateratzen zaion indar hori nahitaezko duen arren (izan ere, hori gabe jai dauka), horrekin bakarrik ez du nahikoa.
    Ez Herririk gabe eta ezta Gobernurik gabe ere, ezin du garaipenera iritsi. Biak dira beharrezko. Hauek dira lidergo politikoak izan behar dituen hainbat ezaugarri: Objektibotasuna, une konkretuaren ezagutza eta analisi zehatza egiteko gaitasuna; argitasuna, etsaiaren ahulguneak eta norberaren indarguneak antzemateko ahalmena, eszeptizismoa, ezin du fidatu, ezin du engainatua izan; eta erabakiak hartu aurretik aholkuak hartzeko eta gaiak eztabaidatzeko gaitasuna ere izan behar du.
    Laburtuz, Herri orok lortu behar duen helburu politikoa zehaztuko duen estrategia osatu behar du; estrategiaren barnean txertaturik egongo diren pausu taktikoekin batera. Horiek dira, hitzez hitz, gaur euskal politika deritzon horrek dituen hutsune eta gabeziak. Emaitzei erreparatu besterik ez dago hortaz ohartzeko, izan ere, politikan, garaipena da balio duen bakarra; eta ez borondate ona izateak.

  • ea ba Pako Aristik bidea argitzen digun bere hitzaldian…

  • Baten batek aipatu du komunitatea. Bada Euskal Herria ez da komunitate bat, herri bat da. Nazio bat lurralde zehatz batean, estatua galdu zuena, komunitate asko eta askotarikoak hartu izan dituena eta hartzen dituena bere baitan (ijitoak, agoteak, musulmanak, juduak, okzitaniarrak, pakistandarrak… eta baita espainol eta frantsesak ere). Estatuen tranpan erortzea da gu komunitate bat garela esatea, komunitateak badirelako ere latinoak New Yorken edo txinatarrak Londresen. Gure naziotasuna murrizteko edo erridikulizatzeko era baino ez da komunitarizazio hori. Gu herria gara, eta herriak diferentzia bere baitan hartu dezake, gutxiengoen eskubideak errespetatzen diren munduko beste edozein herri bezala. Norabidean oinarri komun bakarra herritar guztiontzat: euskara izango da komunikazio hizkuntza, baita espainol edo frantses (edo errumaniar edo senegaldar) sentitzen direnena ere.

  • Komunitateari buruz: Ulertzen dut zure kritikaren nondik norakoa, baina nire ustez komunitate hitza erabiltzea egokia da kanpo atzaparretan nahi gaituzten “herrikideak” ditugunean. Komunitate zentzuak (beti ere irekia, ateak zabalik dituena)indartu egiten du talde horren ezaugarriekiko lotura sentimentua, are nabarmenago komuniteaz konpokoak zilegitasun maila bera eztuenean (espainola izatea edo euskal komunitatearen parte izatea ez baitira maila berean ikusten). Balorazio hori gure alde erabili behar dugula uste dut, eta bai komunitate zentzua, bai gurea errespetatzen ez duenari “espainol” esatek hori indartzen duelakoan nago.

  • beste iñaki bat 2012-01-26 12:11

    Pako Aristiren hitzaldia Bilboko Kafe Antzokian otsailaren 8an.

  • Luis Mendizabal 2012-02-28 19:56

    Zer da euskalduna izatea? nor da euskalduna? “Hemen jaio edo hemen bizi eta bertan lan egiteaz gain, euskalduna izatea NAHI DUTENAK”. Koldo Mitxelenak neuri eman zidan definizio hau 1981an egindako elkarhizketa batetan (DVan). Argala bi urte lehenago erahil zuten eta bere “euskaldun” definizio edo konzeptua ordurako nahiko eztabaidatua zen. Ikuspegi politiko/ideologikoa ere bai.
    Baina 30 urte beranduago, eztabaidak jarraitzen du… bizi gerala adierazten du baina ez dakit zenbat aurreratu dugun Argalaren autoa lehertu zutenetik ETAk bere amaiera anunziatu duen bitarteraino.
    Neu NOSKekin nago: nor da komunitate bateko kidea? – Komunitatearen biziraupenaren aldeko jarrera duena, bai jarreraz, edo, gutxienez, iritziz. Eta – Komunitate honi komunitate izaera onartzen diona.
    Koldo Mitxelenak esaten zuen berdina: euskalduna izan NAHI duena. Zer egin konzeptu hau garbi ez dutenen aurrean? jarrai eztabaidakin …
    (NOSkek bezala, nere bikotea espainola da sorreraz, aragonesa. Baina galdetu iozu orain zer den ¡¡¡