Politikarien ikasketak unibertsitarioak eta euren eraginkortasuna

Guttenbergek dimisioa aurkeztu zuen. Ortegak psikologian lizentziatua zela esan zuen, artean ikasgai batzuk gainditu ez zituenean, baina ez du halakorik eman. Alemanian eta Katalunian ondo ezberdinak izan dira bateko eta besteko politikarien jarrerak, baina Garciak Vanguardiako artikuluan dioen gisara, beste arazo bat aurkezten du honek: ze ikasketa izan behar dituzte politikariek? Eta ezinbestekoak al dira hauek politikari ona izateko?

Garciaren zalantzak

Ulergarriak dira Garciaren galderak hauen ikasketei dagokionean. Ze ikasketa izan behar ditu politikari batek hau ondo formatua egon dadin? Enpresa ikasketak ala kudeaketa historial on bat izatea ezinbestekoa da? Goi mailako ikasketek kurrikulum guztietan egon beharko lukete?. Ulergarriak dira kazetariaren zalantzak, hezkuntza elitista batek eraginkortasunaren bermerik ez duela dioenean edota politikak, herritarren ordezkari izan nahi badu, hauen (ikasketa) maila berekoak ere behar dituela esaten duenean. Datuetan ageri denez, Kataluniako Parlamenteko diputatuen %90ek ikasketa unibertsitarioak ditu. Laurdenak Zuzenbideko ikasketak egin ditu, zehatzago izateko.

Zehaztasunak

Pujol medikua zela eta bere gaitasun politikoa inork ez zuela zalantzan jarri dio artikuluan. Arrazoi du. Montilla edo Puigcercosek ez dute ikasketa unibertsitariorik eta euren alderdien buruzagitzara heltzea lortu zuten. Vidal-Quadras, aldiz, Fisika atomiko eta nuklearreko katedraduna zen.

Euskal Herrian?

Carlos Garaikoetxea Zuzenbidea eta enpresaritzan lizentziatua da Wikipediak dioenez.

Juan Jose Ibarretxek Ekonomia ikasketak egin zituen Sarrikon.

Iñigo Urkullu magisteritzan diplomatua da.

Patxi Lopezek ez zituen Ingenieritza industrialeko ikasketak amaitu.

Miguel Sanzek magisteritzako eta enpresaritzako ikasketak egin zituen.

Aintzane Ezenarro kazetaritzan eta soziologia politikoan lizentziatua da.

Pello Urizar ingenieritza tekniko elektroniko eta informatikoan lizentziatua dago.

Iñaki Anasagastik kazetaritza eta soziologiako ikasketak egin zituen Caracasen.

Gorka Maneiro enpresaritzan lizentziatua eta espezializatua da eta Zientzia Politikoak ikasten ari da, egun.

Iñaki Galdos euskal filologian lizentziatua da.

Arnaldo Otegi filosofia eta letretan lizentziatua da.

Hauek euren ikasketengatik dira politikari on ala txar ala beste faktore batzuk ere badaude euren jokabidean?

Politikari guztiak berdinak omen Forgesentzat

Irudia | Politikari guztiak berdinak omen Forgesentzat | Forges | LGPL

8 pentsamendu “Politikarien ikasketak unibertsitarioak eta euren eraginkortasuna”-ri buruz

  • Nik dakidanez, magisteritza diplomatura da eta ez lizentziatura (Urkullugatik ari naiz)

  • Politikari gutxiago eta arloan-arloan espezializatutako jende gehiago!

  • Espezializazioaren aurka nago ni. Zertan espezializatuta? Politikari batek bere bizitzan eremu zehatz eta txiki batean lan egiten al du ba?

    Aitzitik, ni formazio orokorra eta errealitatea kritikotasunez aztertzeko gaitasuna duena hobetsiko nuke, aukeratu behar izanez gero. Baina hori baino inportanteagoa deritzot politikara oinarriko militantziatik heltzea.

    Teknokraziaren eta espezialistekiko miresmenaren aurka!

  • Iker, gauza batean erabat ados nago zurekin, politikariarengan oso garrantzitsua da edozein arlotako gaiak aztertu eta hausnarketa orokor eta sakonak egiteko gaitasuna. Baina, horiez gain, behar dira gai zehatzez beste inork baino gehiago dakiten pertsonak ere; ustez ikuspuntu objektiboagoa dutenak, bestalde (baikorregia agian?).

    Hartzen diren erabaki askok eta askok ez lukete unean-uneko politikariaren iritziaren eta interesen araberakoak behar. Esan dezala “adituak” nahi duena: interesatzen bada, erabiliko da informazio hori politikariaren iritzia babesteko; hala ez bada, ezkutatu eta kito.

  • ikasketak unibertsitarioak?? Ikasketak bakarrik edo ikasketa unibertsitarioak izango da ba, ezta?
    Akatsak Eroski eta antzekoek egiten dituztenean izugarrizko begietako mina ematen digu…

  • besteen akatsEK begietako mina ematen diguTEla esan nahi nuen…

  • Akatsak eta akatsak daude. Bokal bat gorabehera baita “nork” tartean egonda ere, barkatzekoa edo barre egitekoa izten da. arazoa da euskarazko testu bezala ezin ulertuzko itzulpenak sartu nahi dizkigutenean. Are gehiago, bereiztu behar da interneterako testu “azkar” batean eta propagandarako ordaindutako (normalean ondo) diseinu, inprenta… proiektuen artean.

    Nire ustez.

  • Pello Andrearriaga 2011-03-23 22:54

    Politika klasista egin  nahi al dugu? Politika, politika da eta enpresa besta gauza  da. Politikari batek argi eduki behar duena zera da: nolako politika egin nahi duen,  ezkerrekoa, eskubikoa, abertzalea, unionista, eta…  horretarako buru argia behar du, alboan lagunduko dion talde on bat,  aholkuak entzuten jakin, aztertu, eta POLITIKOKI erabakitzen jakin, eta ez karrera bat. Enpresariak ordea, karrera beharko du, nahiz eta, zorionez, milaka enpresari txiki izan, inolako karrerarik gabe,  herri txiki hau aurrera ateratzen ikaragarrizko lan egin duten.  
    Zer da politika mailan, karrera bat bukatu eta inon lanik egin gabe zuzenean politikari sartzen bada? Zein da horrek daukan esperientzia? Ezagutzen dugu honelako zenbait ezta? Nik bai behintzat.
    Anasagasti kazetaritzan eta soziologian lizenziatua izango da, baina ezin dugu ahantzi “euskal politikaria” dela, eta nahiz eta Madrilen egon garrantzizkoena euskaraz jakitea litzateke eta ez daki Patxi Lopezena okerragoa da, zeren EAEko lehendakaria izanik ez daki euskaraz, ez du inolako karrerarik eta gainera gezurtia da, eta ez batak zein besteak ikasteko gogorik ez. A ze pajaroak.