Politikariaren sindromea Gabonetan

OlentzeroGabonak datoz. Kaleko argiek Jesukristok urteak aurki beteko dituela gogoratzen digute. Telebista ere berri onaren iragarle gisa aritu da azken egunotan, dela opariak egiteko tenorea iristear dagoela ohartaraziz, dela loteriaren iragarki ikaragarriak emitituz. Urteroko parafernalia abian da, zuhaitza, Aita Noël eta Olentzeroa etxeraino ere sartuta. Asmo oneko publizitate tarteek halaxe diote, izan ere, hauteskundeetako afixak lez, dagokien sasoian baino ez dira azaltzen.

Gabonekin bat barruan daramagun politikaria puztutzen da. Geure inguruko ordezkariak lez, urtean zehar arreta jartzen ez diegun ume eta agure- atso zaharrak besarkatuko ditugu, zelan dauden galdezka, euren berri izateak jaramonik egingo baligu bezala. Alderdiaren Senidearen izenean, izeko astunarekin are eta adeitsuago jokatuko dugu, urtean behineko laztana eskainiz, lehengusu-lehengusinek larunbat gauaren babesean egin duten astakeriaren bat buruan izanda.  “Zeure etxean ere umeak mozkorti” isilpean gordeko dugu. Egiak ez beza giro alaia lausotu.

Agurraren ostean, ahaideen laudorioen aiduru gelditu bagara, otoruntza mahaira pasatzeak geure hautagai izakerak goia jotzeko bidea ahalbidetzen du, izan ere otordu oparoko sarreran dauden pernil eta otarrainxka (langostinoak, alegia) lez, urtean zehar lortutakoaren berri ematen diegu senitartekoei: aurten ez dakit zenbat kontu interesgarri egin dugula edo unibertsitatean ederto gabiltzala harro jaulkitzen ditugu. Geure osaba edo aititeren lagun Mr. Marshall bat ezagutu genuela ere aipatu beharrean gaude, ar zaharraren oniritzia har dezagun. Bestela, jende arrunta garela itxura emango dugu eta gu oso inportanteak ei gara. Eta arrakastatsuak ere bai, nola ez.

Eta legegintzaldi urte berriari begira, zer? Bada, asmo onez hordituta igarotzen ditugu Gabonak, egun batetik bestera mundua iraultzeko adorea aukera bagenu lez. 2014an kirolean usuago arituko garela edo amama maizago bisitatuko dugula hitz ematen dugu. Gero gerokoak etorriko dira: “badakizu, ikasketak ez didate denbora uzten amamarengana joateko”, esango dugu larunbateko ordu txikitan, geure berekoikeria zuritu nahian. Ageri denez, beste lehentasun batzuk ditugu eta gauza jakina da Gabonak ez direla aitorpenak egiteko tenorea. Zorionez, desanparoan ere, alderdiko kideak amamak dena ulertzen du eta bere alderdia biloba defendatuko du.

Baina tira, hauteskunde kanpainan Gabonetan guztia ez da politikoki zuzena. Urteroko esamesak eta istorio zaharrak ere baditugu, esaterako geure osabak geure aitaren neska ohia mintzagai duenean edo amamak aita eta osabak ume mokoak izan zirela gogoratu orduko. Jainkoari esker, barrez lehertzen gara, pertsonak arruntak garela behingoz erakusten. Hori bai, Iñaki Anasagastiren bloga ikusita, ez dakit bera politiko herrikoia den edo gabonetako otorduetan politikariaren sindromeak guztiz irentsi gaituen. Bata zein bestea geure egoera politikoa familiarra aztertzeko giltzarria gerta liteke. Diotenez, gizartea aita/ ama nolako, buruzagia semea/ alaba halako. 

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude