Politikaren ordua

Politikaren ordua –

Amatiñok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian esanak, eta bere blogetik jasoak.

Eskizofreniko samarra ere bada. Batetik Iparragirreren Gernikako Arbola euskal ereserki nazionaltzat aldarrikatu eta, bestetik, haren kanten letra lotsaz aldatu. Iparragirreren aurpegi guztiak aitortzen ez ditugun artean umekerietan jarraituko dugu.

Ezker abertzaleak hainbat urtez muzin egin zien espainiar hiritar bezala bere jarraitzaileek zituzten eskubide politikoei; hitzez hitz, Juan Carlos Erregeren tranpa besterik ez zela-eta. Ez omen zituzten euren eskubideok garatuko, euskal gobernu eta parlamentu nazionalak hautatzeko baino. Oraingoan, aldiz, ezker abertzaleak onartu ditu, Espainiako Aurrekontu Orokorrak ez ezik, baita Errege-Etxearenak ere.

1939ko gerraren ostean, berrogei urteko diktaduraren ondotik eta Gernikako Estatutuaren beste berrogei urtez gero, politika egiteko ordua da. Ea, behingoz, 36an hautsi zen gizarte zibila berreskuratzen dugun, eta 70an Burgosko prozesuak eragin zuen indarkeriaren epika mortalaren azken hondakinak uxatzen ditugun.

Gure aitona-amonek gerra aurrean ezagutu zuten gizartea oraingoa baino anitzagoa zen. Denetarik zegoen, nazionalistak eta estatutuzaleak; sozialistak eta kontserbadoreak; errepublikazaleak eta erregetiarrak; liberalak, foruzaleak eta karlistak; integristak eta anarkistak. Eta, seguru, orduko euskal gizarte hura ez zela oraingoa baino espainolagoa edo frantsesagoa.

Xabier Letek egunotan gogoratu bezala, aberria ez da elkarri botatzeko arma: “Ni naiz aberria, eta zu, eta hura, eta bestea” –zioen poeta oiartzuarrak. Denok osatzen dugu aberria. Eta, zer gerta ere, ezin dugu gezurretan bizi, geure burua engainatu.

Politikaren orduaBeste poeta batek, Iparragirrek, Hendaiara heldu, Bidasoaldera begiratu eta zera kantatu zuen: “Hara Espainia, lur hoberikan ez dago Europa guztian”.

Kontuz, gero. Ez dinot Iparragirrek arrazoi zuenik. Ez dinot Iparragirreren ikuspegi hura aldatzerik ez dagoenik. Baina ezin dena egin, zera da: esan zuena ahaztu eta, komeni zaigulako, esan ez zuena haren ezpainetan jarri.

Eskizofreniko samarra da. Batetik Iparragirreren Gernikako Arbola euskal ereserki nazionaltzat aldarrikatu eta, bestetik, bere kanten letra lotsaz aldatu. Iparragirreren aurpegi guztiak aitortzen ez ditugun artean umekerietan jarraituko dugu, gure historia eta gure aniztasun politikoa ukatzen, zahartu arren, sekula gutxieneko heldutasunaz jabetu ezinik.

Politikaren ordua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

11 pentsamendu “Politikaren ordua”-ri buruz

  • Ez dut ezere ulertzen. Gizarte zibila, epika mortala, politika egiteko ordua da, Xabier Leteren aipamenak…ereserki nazionala, letra aldatu, heldutasuna…

  • Benat Castorene 2020-12-23 11:52

    Erramun, iduritzen zait idazleak ez duelabeharbada bururaino erraiten pentsatzen duena.
    Hala ere, ez ote du iradokitzen bueltatu behar zinuketeela XX mendeko abertzalismoaren aurreko politika idekiagoa eta aniztasunagora?
    Abandonatu nahi du orai artinoko ikuspegi nazio baztertzailea. “Denok osatzen dugu aberria”
    Erridikulua agertzeko beldurrez ez nintzateke ausartuko hari galdegitera iparraldekoak ere aberri berekoak garen.
    Eta irakurtzen dutalarik, “zer gerta ere, ezin dugu gezurretan bizi, geure burua engainatu”, iduritzen zait idazleak iragartzen duela errebisio politiko erabateko baten premia errealitatearekin eta errealitatean bizitzeko.

  • “espainiar hiritar bezala bere jarraitzaileek zituzten eskubide politikoei”

    Espainiar hiritar gisa dugun eskubide bakarra da herri gisa hiltzea, nahiz eta dirudien nahiago dugula “gezurretan bizi, geure burua engainatu”.

  • Ez. 36ko estatu kolpe frankistaren aurreko gizarte zibila ez zen gaur egungoa baino anitzagoa. Bai akaso kaleko lan politikora emanagoa, edo komunitatera, auzora, herrira… emanagoa, engaiatuagoa. Abertzaletasunetik XX mende hasieran sortu ziren elkarteen kopurua, hori inbidia XXI mende honetatik ikusita.

    Denetarik omen zegoen… eta kategoria horietatik baino mila eta bat gehiago aipatu genitzake egun, aipatutako guztiak gehi urteetan zehar sortu zaizkien azpimugimendu eta korronte berriak, zein abagune ezberdinei erantzuteko sortutakoak. Baina egia da egun bloke handietan egiten dela politika, zenbakien derrigortasuna bitarteko dela, parlamentuko eta bozkaketen politika baita garrantzitsua egun, eta ez egunez egun sortzen diren elkartasun kolektibo ezberdinak.

    Letek zioena kontuz irakurri behar da politikagintzaren arlotik, “aberria” termino horrek gauza asko esan nahi baititu, hitzak, dakigunez, ez daude harrian jasoak eta aldagarritasun handia daukate. Aberri berdina iduritu zezaketen akaso beraien irudipenetan Iparagirrek, Letek, EHBildu edo EAJko bozkatzaileek, anarkista batek, komunista batek etabar etabar etabarrek? Kontuz, aberria bai badelako elkarri botatzeko arma bat, eta izan behar da, ezin du balio bakoitzak bere abertzaletasun propioa babestea nazio eraikuntza prozesu batean, minimo batera heldu behar da, abertzaletasunaren tipo ideal bat berreskuratzea ezinbestekoa da egun bizi ditugun egun ideologikoki lausoetan. Ezin gara guztiak pozik izaten saiatu.

    Erramun, artikulua nahiko rizomatikoa da, jabetu zarenez. Poeta izaten saiatu da baina zeinu eta sinboloek huts egin diote komunikatzerako orduan.

    Benat, nik uste ez dituela gauzak argi utzi nahi badaezpada, agian uste duelako esan ditzakeen batzuk hautsa nahasiko dutela eta kritika gogorrak ez dituelako erakarri nahi. Berriz dinot ez dakidala nondik atera ote duen XX mende hasierako euskal politika anitzagoa zela (zinez bai aktiboagoa), eta batez ere euskal abertzaletasunaz ari garenean. Ez dut uste zure galderak erridikulua egitera eramango zaituenik, oso baikara “hegozentrikoak” hego Euskal Herrian, tamalez. Ez dakit polemikan sartuko ote garen baina uste dut nazio ikuspegi batek baztertzailea izan behar duela derrigorrez, bereizi behar baita zer den nazioa eta zer gizarte zibila, eta pertsonalki ez ditut nire aberkidetzat Euskal Herrian bizi diren asko, baina erradikaltasunari beldurra hartu diogu.

    Beti gabiltza atzera begira gure oraina eta geroa proiektatzeko asmoz. Zergatik hartu Iparagirreren abesti bat gure ereserkia izan dadin eta ez asmatu beste ereserki berri bat? Hitzak aldatzen ibiliko bagara guztiok baitan sartu gaitezen gureak egin du.

  • Benat Castorene 2020-12-23 14:14

    Barkatu ene ezjakintasun exozentrikoarengatik.
    Iduriz idazleak ironia egiten du ezker abertzalearen politika bilakaerarekin. Baina zein ikuspuntutik edo kokapen politikotik? Alderdi sozialistarenetik? ala EAJenetik?
    Otsaburu preziatu ditut partikulazki zure lerro haauek:
    “Ez dakit polemikan sartuko ote garen baina uste dut nazio ikuspegi batek baztertzailea izan behar duela derrigorrez, bereizi behar baita zer den nazioa eta zer gizarte zibila, eta pertsonalki ez ditut nire aberkidetzat Euskal Herrian bizi diren asko, baina erradikaltasunari beldurra hartu diogu.”

  • Titulua era oso esanguratsua: Politikaren ordua da. Funtsean Espainiako aurrekontuak onartzea da politika egitea. Guardia Zibilen kuartelak hobetzeko dirua jartzea da politika eta indar armatu hori EHtik kanpora botatzeko ahalegina egitea ez. Amatiñokeriak… Nik sekula ez dut tipo horrekin aberri bera konpartituko.

  • Literarioki landu ditu argumentuak, ederki idatzia dago. Ezker Abertzakeak bere ibilbidean egin duen 180 graduko zentzu aldaketa ikaragarria izan da. Ez da harritzekoa artikulugilearen ironia, ez.

  • Hala ere, 1939 gizartea orain baino anitzagoa zela, ez zait egia iruditzen. Eta Iparragirren letrak aldatzen direla ere bai? Baliteke, baina aurre horretan ikusiko nuen ETB1n Gonzal Mendibilen ikuskizuna eta ez dut uste letrak aldadu zituenik: “hara España, lur hoberikan, ez da Eropa guzian” esan zuen. Eta Gonzal Mendibil Iparragirren kantagintzaren kontu honetan bada norbait. Bai, bada norbait, Amatiño.

  • Artikulugilearen ironia? Balio literarioak? Artikulu hori goitik behera zentzugabekeria da.Aipamen absurdoz betea. Agian tipo hori erreta dago Gora ta gorak ez duelako inork kantatzen. Euskal selekzioa Ipuruan…baino irudi negargarriagorik musika hori entzuten zen bitartean. Ipuruan Amatiñoren herrian.

  • Norberan gustukoa ez den ideia irabazlea agertzen denean, kontra egiteko erabiltzen den komunikazio teknika dena “kakanastea” da. Hortan ari zara Amatiño?

  • Herri bezala izugarrizko ahultasunean bizi gara.
    Bien bitartean herri honetako liderrak autodenominatzen direnak herri hau desintegratzera eramaten ari dira.
    Inperialismo okupatzailearekin lerrokatu izanak imajina daitezkeen eta imaginatu gabe dauden marra gorri guztiak zeharkatu ditu.
    http://www.orreaganep.net/artikuluak/ee-bildu-ezerezera-bidaia/
    http://www.orreaganep.net/artikuluak/jelkismoa/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude