Politikaren hooliganizazioa

Politikaren hooliganizazioa

Koiuntura-aldaketa erregimen-aldaketa gisan irudikatzen duen diksurtsoa ere fikzio horretan dago oinarritua; alderdi-antagonismoetan oinarritutako fikzioa. Sistemaren justifikazioa sistemaren aurkako leloekin. Zentripetizazioa ez da albo-kalte bat; beharrezko atributua baino. Antikapitalismo instituzionala oximoron bat da

Behinola zuzenean bizi izanen zena ordezkapen sinple bilakatu da gaur (Guy Debord). Harreman inter-pertsonalen merkantilizazioak aspertzen gaitu jada. Merkantilizazioarekin eta azaleko faltsukeriarekin nahiko ez eta lerro paraleloak sortzeari ekin diogu garai postmodernootan. Errealitateri –errealitateok anitzak direla kontuan izaki- paraleloan doazkion fikziozko lerroak. Disonantzia kognitibo kroniko batek harrapatu gaitu eta gu ile hauekin -orraztu gabe, alegia-. Zer da erreala eta zer asmakuntza. Ez dakigu. Horren adierazle da egunotan –egun bizi bezain surrealista hauetan- ikusi eta bizi ahal izan duguna, hauteskundeak direla-ta.

Dogma zenak hor dirau eta politikaren hooliganismoak gailurra atzitu du. Alderdi-antagonismoetan oinarritutako fikzio baten baitako zaletasun erradikala da gure politika (liberala) –Estatu liberalaren markoaren barnako lehiaketa politikoa-. Hala bakarrik uler daitezke ekainaren 13ak utzitako argazki sentimental asko. Zoriontasun-negarrak: Asiron, Manuela, Colau edota Marotori esker.

Fikziozko alderdi-antagonismoa. PP eta EAJ ardatz bateko bi mutur kontrajarrietan kokatzera iristen dena Gasteizen. EAJ eta EH Bildu ardatz bereko mutur aurkaratuetan jartzera iristen den fikzioa Gipuzkoan. Nafarroa espainiar erreakzionariotik Euskal Herri euskaldun kolektibizatu baten parte izatera igaroko den fikzioa UPN-PNV/EH Bildu trantsizioa dela-ta. Madril faxismo bizitik iparraldeko hiri sozialdemokrata cool batera igaroko den fikzioa PP-Ahora dela-ta. Bartzelona CiUko burgesen gotorleku makur izatetik komuna auto-kudeatu batera igaroko den fikzioa, Guanyem-en eskutik. Hiperbolikoa da guzia. Fikziozko erradikalismoa. Erne, halere, ez bainaiz iradokitzen ari berdina dela bata ala bestea. Ez baita guztiz -askoren eskubideak ukatu izatetik onartzera igaro baitaitezke-. Bai funtsean, baina. Ezin baita, onenean, erregimen aldaketaz mintzo gauzen egoera kapitalista inolaz aldatu ez denean. Erregimen aldaketa, ez. Koiuntura aldaketa, izatekotan. Hala, koiuntura-aldaketa erregimen-aldaketa gisan irudikatzen duen diskurtsoa ere fikzio horretan dago oinarritua.

Politika futbol-liga bat da. Bakoitzak bere taldea du txikitatik. Nekez aldatuko du armarriz politika-zaleak. Irrazionala da hautu politikoa. Aisia. Real Madrilek Juveren aurka galtzea Ana Botellak a romantic diner in Madrid de los Austrias ahoskatzea da. Osasuna Championserako sailkatzea -Webók sartu ez zuen golarekin-, Iruñako alkatea EH Bildukoa izatea da etabar. Ez zaituztet nazkatu nahi. Kontua da inork ez duela jartzen zalantzan Liga bera, futbol modernoa, (Estatu liberala). Eta berau da erauzi beharrekoa. Futbol modernoaren aurka egiten da, futbol modernoa Real Madril dela esanez, bitartean David Moyesek zazpi milioi kobratzen dituelarik urtean. Realak liga irabazi izanak ez baitu esan nahi liga demokratizatu dela. Esan nahiko badu, Reala bera moldatu dela aurre ezarri zaizkion pauta liberal-kapitalistetara garaipena lor zezan. Estatu liberalarekin ere berdin. Zentripetizazioa ez da albo-kalte bat; beharrezko atributua baino. Antikapitalismo instituzionala oximoron bat da.

Kromo-aldaketek gauzen egoeraren aldaira ekarriko dutela uste dutenak arestiko fikzio asimilatu horren pertsonifikazioa dira. Egiturazkoa baita minbizia. Eta gu gara minbizi hori behin eta berriro elikatzen ari garenak. Gu gara gaitza, eta guk aldatu behar dugu egitura. Ez besteek. Sinplea da, ezker tradizionalak egiten duen moduan, fikzio antagoniko bat sortzea non gugandik apart identifikatutako etsai kosifikatu bat den egungo gaitz guztien arrazoia. Etsai horren identifikazioak gure errugabetasuna esan nahi baitu. Hooliganizazioa.

(Jatorrizkoa ZirriBorroak blogean).

hooliganizazioa, Politikaren

4 pentsamendu “Politikaren hooliganizazioa”-ri buruz

  • amonamantangorri 2015-06-14 21:51

    “Erne, halere, ez bainaiz iradokitzen ari berdina dela bata ala bestea. Ez baita guztiz -askoren eskubideak ukatu izatetik onartzera igaro baitaitezke-. Bai funtsean, baina”.

    Ez duzu iradoki eta, gaitzerdi.

    Inork esaten baldin badu alkatetza edo gobernu autonomiko eta foral zenbait aldatu direlako “erregimena”, mendebaldeko sistema demokratiko-liberala eta merkatu libreko sistema koloka latzean daudela, konpondu dadila bera bere arazo kognitibo larriekin, eta ez dezagun denbora gehiago galdu berarekin diskutitzen. Kasu, lastozko panpinaren falazian amildu gabe.

    Identitate politikoen izateari hooliganismo deitzea ere, niri bederen, pixkat fuertea iruditu zait.

    Batek ezkerrekotzat du bere burua historia familiar bat, balio batzuk, sinbologia batekiko atxikimendua, joera ideologiko batzuk dituelako, egia. Identitate nazionalekin, gauza bera. Ez da bat ezkertzale edo peneuveko demokristau bilakatzen, programa informatiko batean aldagai batzuk sartu eta erabaki txoil arrazionala hartuz. Errealitate hori “irrazionaltzat” mespretxatzea ez dakit pix-pixkat elitista ez ote den… Eta postureo puntu bat ez ote duen. Arrakasta izan nahi duen mugimendu politiko batek jakin behar du bere inguruan identitate bat, komunitate bat eratzen, ezker abertzaleak, edo gutxieneko arrakasta erdietsi duten mugimenduek oro har, egin duten bezalaxe.

    “Antikapitalismo instituzionala oximoron bat” izan liteke. Antikapitalismo antiinstituzional, extraparlamentario eta pragmatismo pixarrik gabea erabat koherentea da, arrazoibide perfektuak darabiltza eta kontradikziorik gabe mugitzen da ehuneko ehunean. Horretaz gainera, marginala da eta jendartean batere eraginik gabea, eta ia beti sektarioa.

  • Futobola bezalakoa izango da eskubia bozkatzeko, ezkerrari edozein aitzakiarekin kentzen bait diogu bozka, gero jende mordo dago zuzenean ez dakiena zer bozkatzen duen, modu baten pentsatzen dula dio ta beste pentsamendua due talde politikoari ematen dio bozka, pasa diran hauteskundeetan, ezagutzen dudan pertsona bat, EHBildu bozkatu duena (eman diodan txaparengatik batik bat), Ciudadanosi bozka ematea pentsatua zeukan, ba horrelakoak legio dira.

  • amonamantangorri 2015-06-15 20:19

    Halere, barkatu nire tonu gogorra. Testua, idazkeran batez ere, ederra iruditu zait.

    “Gu gara gaitza, eta guk aldatu behar dugu egitura. Ez besteek”. Horrekin ados. Askok ematen diogu botoa ezkerrari, gure etxean iraultza, edo sikiera erreforma ttiki batzuk abian jarri gabe. Dena dela, sistemaren aldaketa ez da posible erabaki indibidualetatik soilik.

  • Jurgi Arruti

    Lasai, Amomamantangorri. Ez zait iruditzen, nire prismatik ere, guztiz gaizki zabiltzanik kritikan. Halere, ados egon ala ez, ongietorriak gisa hortako erantzunak, garatuak diren tamainan. Mila esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude