Politikan ez omen du denak balio

Politikan ez omen du denak balio –

Amatiñok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

.

Politikan ez omen du denak balioAzken lau hamarkadotan 14 aldiz eratu dira Espainiako kongresu eta senaturako hauteskundeak, eta orain hamar eguneko deia izan da parte-hartzailerik handiena izan dutenetakoa. Auskalo politika benetan interesatzen ote zaigun ala ez, baina, bistan da, ez ohiko arriskurik sumatzen den bakoitzean boto-emaileen kopurua gehitu egiten dela. Agian jendeak ez du beti argi zer arraiotarako balio ote duen politikak baina, antza, kostata lortutako eskubide-mailari eusteko, bai behintzat.

Ezin esan, hala ere, politika ondoegi baloratua dagoenik. Garai batean esaten zen apaizak ondo bizi zirela eta enpresariak erraz aberastu; baina ez zen nonbait egia, inork ez baitu nahi enpresari izan eta, are gutxiago, apaiz sartu.

Politikariekin ere, antzerako. Zenbaiti entzunez gero badirudi politikan jardutea sekulako mauka dela; baina, besterik iruditu arren, jakinekoa da alderdiei ikaragarri kostatzen zaiela hauteskunde-zerrendak osatzea. Politikagintzak ez du, laguntzeko orduan, zale askorik erakartzen.

Kanpotik ikusita ematen du poltika ez dela jarduera zaila, eta bada alderdirik gabeko politikagintza proposatzen duenik ere; baina, Daniel Innerarity Bilboko filosofo nafarrak dioenez, “politikariek txarto egiten dute… beraiek soilik egin dezaketena”.

Gizarteak ezagutza eta esperientzia baloratu izaten ditu edozein profesiotan, baina ez ditu gogoko politikari profesionalak, praktikan, politikari ukatuz, beste edozein ofiziori onartzen zaion dedikazio berbera.

Hori bai, jendeak herritarrik onenak nahi omen ditu politikagintzan konprometituak, nahiz gero, soldata erabakitzerakoan, txarrenak balira bezala ordaindu gura izan.

Politikari eskatzen diogu politikariek kunplitu ezin dituzten aldarriak, eta, ildo beretik, gaur egungo gizartearen lorpenak eta ongizateak zorrotzen kritikatzen dituztenak dira utopiarik handienak eskatzen eta promesten dituztenak.

Agian, sendotasuna ez da politikoen erreferentziarik adierazgarriena, baina, beldur naiz, arinkeria ez ote den gizarteak politikoekiko azaltzen duen jarrerarik nabarmenena.

Politikan ez du denak balio, ez. Baina ezta politikaren kontra ere.

Politikan ez omen du denak balio Politikan ez omen du denak balio
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude