Politika eta enpresa, mahai berean

Politika eta enpresa, mahai berean –

Iñaki Petxarromanek Berria egunkarian.

Verter Recycling 2002 SMren zabortegiarekin zerikusia izan duten enpresaburuen eta agintarien arteko lotura batzuk begi bistan utzi ditu luiziak eragindako krisiak. Harreman profesionalak eta adiskidantzakoak daude enpresako sustatzaileen eta agintarien artean, nagusiki PSE-EEren eremuan.

Hiru hankak eutsi izan diote luiziak botatako zabortegiari: enpresariena da ekinbidea; Eusko Jaurlaritzarena haren gaineko kontrola; eta Zaldibarko Udalarena zabortegia eraiki ahal izateko araudia egokitzea. Tramitazio luze eta zaila du zabortegi bat ireki nahi duenak, eta baliabideak behar ditu; ez du edonork lortzen. Verter Recyclingen Zaldibarko zabortegiaren kasuan, hondamendiak agerian utzi ditu enpresako, Jaurlaritzako eta udaleko hainbat eragileren arteko harremanak. Haien artean ezagunak eta gertukoak ziren zenbait.

Politika eta enpresa, mahai berean

ENPRESAREN HANKA: BARINAGA SENDIA

Aurkezpen gutxi behar du Jose Ignacio Barinagak Eibarren eta Debabarrenean (Gipuzkoa). Zaldibarko (Bizkaia) Eitzaga auzoko Kondia baserrian jaioa da, eta erori den zabortegitik gertu eman zituen haurtzaroko urteak. Hark sortu zuen Verter Recycling 2002 SM. Enpresa munduan ibilbide luzea egin du. Konpainia sare handi bat osatu du bizitzan, eta oraindik hamaika enpresatako kide da. Tartean daude auto salmentakoak, eraikuntzakoak, etxe salmentakoak, hondakinen kudeaketan espezializatuak…

Eraikuntza munduan egin du ibilbidearen zati handi bat, eta etxegintzaren burbuilaren urteetan Eibar inguruko sustapen askotan esku hartu zuen. Besteak beste, Iñaki Arriola alkate zen garaian eraman zituen aurrera proiektu haietako asko, eta harremana egin zuen egun Ingurumen sailburu denarekin. Konfiantzako giroetan enpresaburuak ez du ezkutatu izan adiskidetasun hori.

Zabortegiko nagusia Barinaga izan arren, kudeatzaileak haren ilobak ziren: Maria Arrate Bilbao Barinaga eta Maria Elena Susaeta Barinaga. Bi haiek ere hainbat enpresatan parte hartzen dute, batzuetan osabarekin eta beste batzuetan bakarka. Adibidez, Arrate Bilbao Barinaga Abantoko Las Carolinas zabortegia kudeatzen duen Lancha Restauracion enpresako administrazio kontseiluko presidenteordea da. Halaber, Agaulaz SM eraikuntza enpresako kidea da, eta konpainia horretako kidea da Gorka Aranegi ere, Grupo Eibar eraikuntza taldekoa.

.

Arriolaren idazkaria

Jose Ignacio Barinagaren seme bat, Iñaki Barinaga Argoitia, PSE-EEren Zizurkilgo zerrendan aurkeztu zen 2007ko udal hauteskundeetan, ezker abertzaleko hautagaitza baliogabetuta zegoen garaian. Aitarekin batera hainbat negoziotan parte hartu du, baina azken urteotan albo batera utziak zituen haietako asko, osasun arazoengatik. Negozio munduan egindako bide horretan, Javier Sanchez Martinezen bazkidea izan zen Barinaga Argoitia, Kartxila SM enpresan. Esanguratsua da harreman hori, Javier Sanchez Martinez Iñaki Arriolaren idazkari izan zelako hamabi urtez Eibarko Udalean, hura alkate zenean.

Sanchez Martinezek aholkulari independente gisa lan egiten du Altuna y Uria eraikuntza enpresarentzat, 2017tik. Beste hainbat eraikuntza enpresari ere aholkulari zerbitzuak eskaini izan dizkie Arriolaren idazkari ohiak, eta Bidegiko kontseilaria izan zen 2009ko maiatzetik 2012ko otsailera. Zubi lana egin izan du enpresa munduaren eta administrazioaren artean, bietan dauzkan harremanak baliatuta.

.

PSE-REN HANKA: EUSKO JAURLARITZA

Aspaldiko harremana dauka Verter Recycling 2002 SMko nagusiak, Jose Ignacio Barinagak, Iñaki Arriolarekin. Gipuzkoako PSE-EEren aurpegirik ezagunenetakoa da Arriola, hainbat kargutan ordezkatu baitu alderdi sozialista. Eibarko alkatea izan zen 1993tik 2008ra, eta Eusko Jaurlaritzan sailburu izan da bi agintalditan. Patxi Lopez lehendakari izan zen garaian Herri Lan eta Garraio sailburu izan zen. Azken agintaldi honetan, EAJk eta PSE-EEk koalizioan osatutako Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuan, Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburua da, 2016tik.

Sailburuak aitortu du harremana baduela Barinagarekin, baina ukatu egin du bere laguna dela. «Lagunak? Ez. Topatzen bagara ardo bat edo kafe bat hartzen duten ezagunak? Bai», esan du El Correo-k egunotan argitaratutako elkarrizketa batean. Nolanahi ere, lotura asko zituzten Arriolak eta Barinagak, eta PSE-EEko kideak Ingurumen sailburu egin dituen urteetan izan ditu Barinagak etekinik oparoenak Zaldibarko zabortegian. Halaber, aldi horretan egin ditu zabortegiak hainbat irregulartasun ere, Jaurlaritzak berak 2019ko ikuskatzean jasotzen duena aintzat hartuta. Arriolak bi zigor txosten administratibo ireki dizkio enpresari, zabortegia amildu eta gero: bata, irregulartasun haiengatik; bestea, otsail hasieran zabortegian agertutako pitzaduren berri eman ez zuelako.

Iñaki Arriolak eta Jose Ignacio Barinagak ongi ezagutzen duten beste pertsona bat protagonista bihurtu da krisiaren kudeaketan: Ernesto Martinez de Cabredo. Uraren Euskal Agentziako zuzendari karguan jarri zuen Iñaki Arriolak, 2016ko iraileko hauteskundeen ondoren. Nondik zetorren kontuan hartuta, arreta piztu zuen izendapen horrek, Construcciones Amenabar eraikuntza enpresako kudeatzailea baitzen ordura arte. Hain zuzen ere, eraikuntza arloan aritu da Ernesto Martinez de Cabredo, Amenabarren ez ezik, Dragados y Construcciones enpresan ere.

Arriolak Uraren Agentziarako zuzendari izendatu zuenean polemika piztu zen, kargu publikorako hautatu bazuten ere oraindik ez ziotelako baja eman zazpi enpresatako administrazio kontseiluetan. Agerraldi bat egin zuen Martinez de Cabredok horren ondorioz, eta azaldu zuen Amenabarreko ordezkaria zelako parte hartzen zuela enpresa horietako administrazio kontseiluetan. Enpresa horietako bat zen Zuribar SM, eta Jose Ignacio Barinaga zen enpresa horren kudeatzailea. 2004an sortu zuten sozietatea, eta Martinez de Cabredok, Barinagak eta haren iloba Arrate Bilbaok parte hartzen zuten administrazio kontseiluan. Sozietate horren helburua etxegintza da, eta etxebizitzen eta lurren erosketa eta salmenta. Beraz, Martinez de Cabredok berak esandakoari kasu eginez gero, Amenabarrek lotura zuen Verterreko kudeatzaileekin.

Zabortegia amildu zenetik, Martinez de Cabredo hainbat aldiz agertu da krisiaren inguruko informazioak ematera, bai sutearen egoeraren inguruan eta baita Aixola errekako kutsaduraren inguruan ere. Besteak beste, Zaldibarko krisiaren jarraipen teknikorako erakunde arteko mahaian parte hartu izan du. Halaber, El Correo-k eman duen beste informazio baten arabera, Martinez de Cabredoren aitaginarreba eta Jose Ignacio Barinaga lagun hurkoak dira. Biek zuten lurzoru bat Ormaiztegin (Gipuzkoa), eta aitaginarrebak Martinez de Cabredori eskatu zion bere ordezkari gisa aritzeko, sektorean zuen eskarmentuagatik. Azkenean proiektu hori ez zen gauzatu.

.

Verterren kontrolatzaileak

Verterren jarduerari gertutik erreparatu dioten batzuek ere harreman zuzena dute Arriolarekin, eta balizko loturak Barinagarekin. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko Natur Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria da Aitor Zulueta Telleria, Iñaki Arriolak izendatuta. Zaldibarko krisian kameren lehen lerrora etorri da, besteak beste, jarraipen teknikorako mahaian aritu delako eta Elena Moreno Ingurumen sailburuordearekin batera ibili delako hona eta hara; besteak beste, Eibarren eta Ermuan egindako jendaurreko agerraldietan. Zuluetak lotura du Euskal Geologoen Elkargoarekin ere. EHUko Geologia Aplikatuetako Zientzietan lizentziatua da, eta elkargoak antolatutako hainbat jardunalditan parte hartu du hizlari gisa.

Administrazioan lanean hasi aurretik, unibertsitatean eta enpresa munduan egin zuen ibilbide profesionala Zuluetak. Besteak beste, Geyser HPC enpresaren proiektu teknikoetako burua izan zen 1991tik 1995era. Geyser HPC hedabideetan agertu da egunotan Verter Recycling 2002 zabortegiarekin lotutako kontu batengatik. Izan ere, zabortegiaren ingeniaritza proiektua LKS ingeniaritzak egin zuen, eta hark lortu zuen Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimena, 2007an. Ondoren, baina, proiektua aldatu egin zuen enpresak, eta zeregin horretarako Geyser HPC kontratatu zuen. Verterrek ez zion Jaurlaritzari horren berri eman, eta, beraz, ez zuen beste ingurumen baimen bateratu bat tramitatu. Jaurlaritzak adierazi du aldaketa hori ez zela arau hauste bat izan, proiektuan egindako aldaketak ez zirelako «esanguratsuak».

Zuluetaren gertukoa da Hipolito Bilbao Intxaurraga IPPC instalazio kutsatzaileen poluzioaren prebentzio eta kontrol bateratuko Ingurumen Saileko arduradun teknikoa, Jaurlaritzan. Erraustegiei, zabortegiei, porlan fabrikei eta halako instalazioei ingurumen baimen bateratuak emateaz arduratzen da. Hark eman zizkion Verterri 2013ko eta 2015eko ingurumen baimen bateratu zaharberrituak, 2007koa ordezkatzeko. Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren tramitazio korapilatsua ere haren ardurapekoa izan da. Teknikaria da, eta hamalau urte daramatza Jaurlaritzan, baina aurrez enpresa pribatuan aritu zen lanean, zementuaren sektorean zehazki: Italcementi Groupeko Ingurumen teknikaria izan zen 2003tik 2006ra.

Bilbaoren saileko burua Ivan Pedreira Lanchas sozialista da, zabortegien ikuskaritzaren eta kontrolen ardura duen Ingurumen Administrazioko zuzendaria. Pedreirak Asmatu SM ingeniaritzarentzat lan egin zuen 2010 eta 2017 artean, eta Arriolak eraman zuen Ingurumen Sailera. Ivan Pedreirari zegokion aztertzea ea Verterrek behar bezala bete zituen ingurumen baimen bateratuaren baldintzak. Pedreiraren arreba Monica Pedreira Lanchas ere arlo bertsuan dabil: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria da, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren sailean. Diputazioan hasi aurretik Construcciones Amenabarreko Ingurumen eta Eraispen zuzendaria izan zen, 2005 eta 2015 artean. Ernesto Martinez de Cabredo enpresa horren kudeatzailea zen garai hartan.

.

EAJREN HANKA: ZALDIBARKO UDALA

Amildu den zabortegiko enpresaren jabeek PSE-EEko kideekin zituzten harreman agerikoenak, baina Verter Recycling 2002 SMk hirugarren hanka bat ere izan du, Zaldibarko Udalean, eta hor EAJko ordezkariek izan dute protagonismoa. Izan ere, 1990eko hamarkadan hasi ziren herrian zabortegi berri bat irekitzeko tramiteak, baina herritarren kontrako jarrerarekin talka egin zuen proiektuak. 1997an zabortegiak debekatu ere egin zituen udaleko osoko bilkurak. Baina, 2000ko hamarkadan, EAJko bi izen bihurtu ziren ezinbestekoak proiektua berriz hartu eta martxan jartzeko: Igor Barrenetxea-Arando, alkatea, eta Iskander Atutxa, Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburu ohiaren semea eta Zaldibarko garai hartako udal arkitektoa.

2002an arau subsidiarioak aldatu zituen udalak, betelanen, zabortegien eta lurren egokitzapenen erabilera arautzeko. Horrez gain, zabortegiak debekatzeko 1997an hartutako erabakia baliogabetu ere egin zuen, proiektu berriari bidea irekiz. Besteak beste, EAJko bost zinegotzik eta PSE-EEko bik bozkatu zuten horren alde. Batasuneko hiru zinegotziak azaldu ziren aurka.

2007an eman zion udalak baimena Verterri lanak hasteko. 2009an Barrenetxea-Arando Bizkaiko Diputazioaren enpresa publiko batera joan zen: Bizkailurrera. Udalak jarduteko baimena 2011ko maiatzean eman zion zabortegiari, Idoia Mendiolagarai alkate zela. Udal hauteskundeak izan baino pare bat aste lehenago egin zuen tramite hori; Bildu koalizioa alkatetzara sartu zen handik aste batzuetara.

Zabortegi proiektua tramitatu zutenean, Iskander Atutxa zen udal arkitektoa. Gero, beste udal batzuetan aritu da lanean; besteak beste, Bakion. Herri horretan, udala Bakio D’or auzian nahasita agertu zen, eta Txomin Renteria Fernandez alkate jeltzaleari bi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, iruzurragatik eta agiriak faltsutzeagatik. Atutxa udal arkitektoa zen garai hartan.

Politika eta enpresa Politika eta enpresa Politika eta enpresa Politika eta enpresa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.