Poesiaren justizia

Poesiaren justizia –

Poesiaren justiziaMartxoaren 21ean Munduko Poesiaren Eguna ospatuko dela eta, datorren aste osoan izanen dira hainbat ospakizun eta emanaldi, topagune eta hitzaldi. Iruñean bertan Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak elkarlanean ematen duten Iruñea Hiria poesia sariari dagozkion liburuak aurkeztuko dira, iazko edizioan saritutakoak: Aitor Francos bilbotarra erdarazko kategorian, eta Mikel Arruabarrena hondarribiarra euskarazkoan. Liburuak Kondestablearen jauregian aurkeztuko dira, 7,30etan, eta egileak bertan egonen dira. Astelehenean, Aitor Francosen Los días andan sueltos, haiku bilduma; asteartean, Mikel Arruabarrenaren Ahanzturaren Bezperan olerki bilduma.

Aitor Francos eta Mikel Arruabarrena, biak ala biak, euskaldunak dira, eta hori azpimarratu nahi dut. Izan ere, inork ez du planteatu gaztelaniazko kategoriara bakarrik elebakarrak aurkeztu daitezela eta euskaldunak ez aurkezteko; bestela, Aitor Francosek ez zukeen lortuko saria. Lanpostu publikoak direla eta, berriz, erdaldun elebakarrek horixe planteatzen dute, eta ez dute nahi euskaldun elebidunak aurkeztu ahal izatea, “porque nos quitan las plazas de castellano”. Eta poeta erdaldunek planteatuko balute erdaraz ere idazten dakigun poeta euskaldunak ezin garela aurkeztu, “porque les quitamos el premio de castellano”, zer pentsatuko genuke? Era berean, anitzetan entzuten dugun matraka gogaikarri bat aplikatuta, zera galdetzen ahal dizute. “¿Tú, qué prefieres?: ¿un buen poeta o un poeta euskaldun?” galderaren gakoa makurra da oso, berez poeta euskaldun guztiak txartzat hartzen badira. Baina, hara non, Iruñea Hiria poesia saridunak, biak olerkari onak, eta biak euskaldunak, planteamendu gogaikarriaren engainua agerian uzteko. Justizia poetikoa baino, poesiaren justizia.

Iruñea Hiria poesia sariketaren aurtengo edizioa martxan da jada eta apirilaren 30ean bukatuko da olerki-bildumak jasotzeko epea bai gaztelaniazkoan, bai euskarazko kategorian; ea poesiaren justizia aurtengo edizioan ere errepikatzen den.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 10ekoa]

Poesiaren justizia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.