Poesiaren bidea


“Poesiaren bidea”-ren aurkezpena izan da gaur Leioako Kanpuseko Areto Nagusian. Iban Zaldua eta Mikel Urdangarin ziren han, baita haiei begira, errespetu osoz baina harriduraz izendatzen dudan edadetu taldea ere. Ikaslerik aldiz, apenas. Euskal Herriko Unibertsitatea horrelakoa da.

Leioako Kanpuseko obra etengabeek eternitaterako bidean dirauten bitartean, fakultate arteko lurzorua janzteko hainbat olerkigileren obrak apaindutako baldosak jartzea okurritu zitzaion baten bati.

Sarrionandia, Andoni Egaña eta beste askoren hitzak zapaltzen dituzte ordutik azterketek asaldatutako ikasleek, gehientsuenek oharkabean.

Enprendedore hari ideia “Poesiaren bidea” izendatzea otu zitzaion eta baita aurkezpen edo inaugurazio antzeko bat egitea ere. Gaurko goiza zen horretarako hautatutako unea, eszenatokia aldiz, Leioako Areto Nagusiaren ataria.

Ni kanpusean bertan nintzen, Medikuntzako fakultateeko ikasgelan (lekuz kanpo) apunte artean itxura egiten eta, kuriositateak gidatuta, hurbiltzea otu zait. Hauxe da iristean aurkitu dudana: (Ikus argazkia)

Urdindutako kaskezurrak, biluztuak, aulkien alboan muleta bat edo beste… 70 urte ingurukoak bertako gehientsuenak. 100 bat gizakume baginen ere, ni nintzen ikasle itxura zuen bakarra. Panorama erabat arrotza egin zait baina, euri asko ari zuen eta areto nagusiaren babesean geratu naiz ekitaldia hastear zela ikusita.

Iban Zaldua idazle eta irakasleak hartu du hitza lehenik. Ironiaren artean maisu, poesiaren (eta batik bat poeten) 7 pekatu kapitalak zerrendatu ditu, barregarri bezain zirikatzaile egin zaizkidan egi eta gezurrez beteriko diskurtsoan. Ez dakit lehenengo ilarako andere horietako batek ez ote duen konortea galdu “larrutan egiteko gogoa” edo “jainkoari eskerrak, kristaua ez dela” aipatu duenean.

Segidan, kanpusean barrena aurki litezkeen olerkiei emozio guztia kentzeko asmoz, ikasle batzuek, irakasle ere izan zitezkeen horietakoek, banan-bana irakurri edota errezitatu dituzte txalo artean.

Amaitzeko, Mikel Urdangarinek, pasa den larunbatean DOKAn emandako kontzertuan bezain eroso ez zegoela (ez nau harritzen) erakusten zuen aurpegiarekin, “laupabost” abesti kantatu ditu gitarraren laguntzaz. Tamalez, parean zituenek ez zekizkiten bere abestiak baina, bilobari Iñaki Urdangarinen abizen bereko tipo bat abesten ikusi dutela kontatzeko aukeraz ohartuta, irri batekin txalotu dute doinu bakoitza.

Egia da azterketak gainean direla baina, Leioako Kanpusa gainezka dago klaserik gabeko egunotan. Bakarra ote naiz olerkiak eta ekintza kulturalek erakartzen dutena? Ez dut uste, edo ez dut hori uste nahi behintzat.

Bestetik, zer egiten zuen han Mikel Urdangarinen abesti bat ere ezagutu ez eta Iban Zalduaren graziak apenas erantzuten zituen edadetuen multzo handi hark? Dekanoak bere gurasoen kinta guztia gonbidatu ote du?

Bi azalpen bakarrik okurritzen zaizkit, hiru agian. EHUko komunikazio arduradunek ez dute oso argi haien publikoa zein den, argi dute baina ez dute “bat ematen” edota poesia Zalduak aipaturikoa baino are sakonago dago gorotz artean lurperatuta.

Guztiari aurpegi positiboa aurkitu behar omen zaionez, hortara noa.  Ikasleek ezin dutena lortuko dute gaurko bisitariek, makuluei esker, olerki eder horiek lau hankarekin zapaltzea. Poeta batek ezin luke ohore handiagorik amestu.

EHU, leioa, literatura, olerkigintza
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Zer duzu buruan “Poesiaren bidea”-ri buruz

  • Beñat Muguruza 2012-05-22 16:23

    Ni ere egon nintzen, eta uste dut Esperientzia-gelak delako programako “ikasleak” zirela gehienak.

    Halere, eskerrak beraiek etorri ziren, ze bestela 20 lagun exkax elkartuko ginen han!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude