Pili Zabala: “Subiranotasunaz euskal gizarteak izango du azken hitza”

Pili Zabala: “Subiranotasunaz euskal gizarteak izango du azken hitza”

Ondo lagunduta iritsi zen Pili Zabala Garoa liburu-dendara. Kanpainan zehar berarekin bizi den argazkilaria, lagunak, alderdikideak eta komunikazio arduraduna. Dena helburu bat eta bakarrarekin, ate handitik Ajuria Eneara sartzea. #BirraBat ekimenean ez dago teloirik inor atzean ezkutatzeko, ez eta oholtzarik goitik behera aritzeko. Osoigo parte hartze atariak eta Garoa liburu-dendak elkarlanean antolatu foroan, konbentzituentzako diskurtsoak baino, konbentzitzeko solasaldiak egiten dira. Hautagaiak konfort eremutik ateratzeko edo, nork daki, agian foko azpian baino erosoago sentitzeko liburu artean. ZuZeura ekarri dugu Zabalarekin izandako solasaldia.

Pili Zabala: "Subiranotasunaz euskal gizarteak izango du azken hitza"
#BirraBat egitasmoan parte hartu duen lehen hautagaia, Pili Zabala (Elkarrekin Podemos)


Liburu artean gaudenez, gomendatuiguzu irakurgai bat.

Anekdota batekin hasi nahi nuke, behin liburuez hitz egiten hasita. Zarauzko Garoako irakurle klubean Harkaitz Canoren Twist eleberria landu zenean, Berriako kazetari batek esan zidan ea zergatik ez nintzen bertaratzen neure esperientzia kontatzera. Halaxe egin nuen, eta oso aberasgarria izan zen. Cano bera ere ezagutzeko aukera izan nuen. Orain ez dut sobera denbora, baina irakurle klubera joaten segi nahi nuke.

Harkaitz Canoren ‘Twist’ orduan?

Ez, ez. John Carlinen ‘El factor humano’ gomendatu nahi nuke. Izugarrizko liburutzarra, zeharo gomendagarria. Asko disfrutatu dudana irakurtzen.

Beno, biak apuntatuko ditugu. Behin hasita, hautagai guztiei galdetuko diet bigarren hau ere: Maite duzun euskal musika talde bat?

Tolosarra naizenez, eta asko gustatzen zaidanez, Bide Ertzean esango dut.

Kulturaren hiriburutzan gaude. Hainbat polemika eta dezepzio eragin dituen hiriburutzan. Nola ulertzen du kultura Pili Zabalak?

Kultura garraioa izan daiteke denon artean bizikidetza lortzeko. Azken finean herri baten edo gizarte baten transformazioa lortzeko, kulturaren transformazioa lortu behar da. Gure gizartearen funtsezko zutabe bat da. Askotan gertatu izan da, EiTBn esaterako, partido batek patrimonializatu duela kultura, eta kultura denona da eta ezin dugu utzi bakar batzuen eskuetan. Erakundeen birsortzea egin behar dugu, gardentasuna oinarri gisa hartuta, haize freskoa sartu dadin. Geldi edo estankatuta dagoen jende hori, gure herria gidatu duen jendea, konturatu dadin badirela kudeatzeko beste molde batzuk, denak hobeto funtzionatu dezan. Horretarako ezinbestekoa da jendearekin hartu emana izatea. Politikariok hitz egiten dugu, nire burua orain politikari bezala ikusten dut, baina, entzun egin behar dugu jendea. Entzun ondoren ziur aski hobeto diagnostikatuko ditugu gauzak, hobeto ulertuko ditugu jendearen beharrak eta neurri hobeak hartuko ditugu.

Hain zuzen hitz egin eta entzuteko antolatu dugu #BirraBat egitasmoa. Kultur eragile askok salatzen dute erakundeen babesik ez dutela, eta beste askok, autogestioa oinarri dutenek esaterako, erakundeen bizkar egotearen ondorioak jasaten dituzte.

Komenigarria izango litzateke kultur eragileen estatutu bat sortzea. Eta estatutu horren helburuak behar luke, kultur arloan lan egiten duen jende guztiaren duintasuna bermatzea. Hau da, lan baldintza duinak lortzea. Komeni baita kultura eskubide gisa ulertzea eta lehen esan dudan bezala, ziurtatzea komunikabide publikoak ez daudela bakar batzuen esku. Denonak diren heinean, denon eskutan izatea.

Pili Zabala: "Subiranotasunaz euskal gizarteak izango du azken hitza"
Pili Zabala Garoako #BirraBat egitasmoan.

“Desberdintasun sozialen aurka
irmo egiten dutenekin ezkonduko gara”



EiTB izango da #BirraBat ekimenean asko aipatuko dugun patata beroa. Zenbat buru, hainbat aburu gai honen karietara: Badira diotenak euskaraz bakarrik beharko lukeela izan, besteek aldiz diote orain arte bezala segi behar duela eta beste batzuk itxi nahi dute. Lehendakaritzara iritsiz gero, nola kudeatu patata beroa?

Lehendabiziko neurria langileekin batzartzea izango litzateke. Lehen esan dizudana, garrantzitsua da zer egoeratan dauden jakitea, hitz egitea, beren ikuspuntua ezagutzeko. Beren eskaerak eta beharrak. Eta behin hau guztia ondo aztertuta, hasiko ginateke erabakiak hartzen. Baina garrantzitsuena gardentasuna da. Hasteko, EiTBren zuzendaritzan daudenak ez dira “a dedo” hautatuak izan behar. Politikari guztien arteko adostasuna behar da eta baita, nire iritziz, herritarren parte hartzea, zuzendaritza hautatzerako orduan. Baina horretarako badaude adituak, ni ez bainaiz aditua honetan. Iruditzen zait, baina, EiTB eztabaida politikotik aldendu behar dela. EiTBren zuzendaritza hautatzeko protokolo garden bat sortu behar da.

Adostasuna aipatu duzu. Hezkuntzan bada adostasuna A, B eta D ereduak zaharkituak geratu direla, baina aldiz adostasunik dago alternatiba bat planteatzerako orduan. Zein da Elkarrekin Podemosen eredua?

Elkarrekin Podemosen eredua, hirueledun eredua da. Guretzat garrantzitsua da gazteek euskara, gaztelera eta ingelera menperatzea. Batez ere, kontutan izanik, geroz eta jende gehiago joaten dela kanpora ikastera. Bi hizkuntza ofizialak bermatu behar ditugu, baina, jakin badakigu euskara babestu egin behar dugula. Eta hezkuntza eredua, azken finean, D eredua izango da. Gero eta A eredu gutxiago dago, adibidez Zarautzen ez dago A eredurik. B denboraren poderioz desagertzera doa eta D eredua ezartzea da helburua sare publikoan.

Inmertsio linguistikoaren aldeko apustua egingo duzue orduan?

Bai noski. Eta eredu hirueledunaren aldeko apustu irmoa eginaz.

[Publikotik irakasle batek botatako galdera] Astero iristen dira Gipuzkoara 16 urte bitarteko 150-160 haur inguru. Bigarren hezkuntzako haurrekin arazo handia izaten dugu eskoletan. Zer egin marokoar nerabe batekin? Zer espainiar nerabe batekin? B eta D ereduak ditugu gure eskolan, eta bi eredu horiekin eskola porrotera bultzatzen ditugu haur hauek.

Horretarako, lehenik eta behin, aztertu egin beharko litzateke ea etorkin tipologia hori nun kontzentratzen den. Zeren, Euskadin, leku batzuetan ez dago halako arazorik. Hor aztertu beharko da zenbat iristen diren, zein egoeratan datozen eta zer hezkuntza oinarria duten. Nola hasiko zara ez dakit zer kalkuluren inguruko azalpenak ematen, ez badu oinarrizko hizkuntzaren ezagutzarik? Hor bermatu behar ditugu gutxiengo ezagutza batzuk, eta horretarako laguntza bat behar da, inbertitu behar da, eta gure programan argi azaltzen dugu hezkuntzan inbertitu behar dela Barne Produktu Gordinaren %0,5 gehiago. Nondik aterako dugun diru hori? Gero komentatuko dut. Baina gure herrian, ondo kudeatuz gero, baditugu nahikoa baliabide, badugu nahikoa aberastasun, hori egiteko.

Hezkuntzatik hizkuntzara. Nola bermatu Ospitale batean, Unibertsitatean edo Ogasunean arreta euskaraz jasotzea?

Zaila da. Batez ere Osakidetzan. Nire osaba artzaia zen, eta hil arte medikura arrebarekin joaten zen, ez baitzekien gaztelaniaz. Eta Tolosan bizi zen, herri nahiko euskaldunean. Nola bermatu medikuek euskara dakitela? Lortu behar duguna da Osakidetzak oposaketak ateratzen dituenean, euskarak puntuazio gehiago izatea. Inposaketaren bidez ez da ezer lortzen, baina, bermatu behar dugu edonor edozein erakundetara joaten bada, ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jaso ahal izatea. Hori da gure helburua, baina, jakin badakigu hori oso zaila dela. Osakidetzan badira mediku asko 50-55 urte ingurukoak, eta badakigu langileen zati handi bat hemendik 5-10 urtera jubilatu egingo dela. Egia da ere, egun, fakultatetik ateratzen diren medikuen gehiengoa euskaldunak direla. Ni unibertsitatean nintzen garaian, Odontologia ezin zen euskaraz ikasi, gaur egun, ikasgai batzuk bai, baina karrera osoa oraindik ez da euskaldundu. Adostasun bat lortu behar dugu euskara ahalik eta esparru gehienetara zabaltzeko.

“Inposaketa ez da bidea, baina
arreta bi hizkuntza ofizialetan bermatu behar da”


Langabezia tasa Estatukoa baino baxuago izanatik ere, milaka dira hilabete amaierara iritsi ezin duten familiak.

Beste ekoizpen eredu baten aldeko apustua egiten du Elkarrekin Podemosek. Aldeta energetikoa helburu duena. Fosilak diren erregaiak poliki-poliki utzi eta beste energia berriztagarriak erabili behar ditugu. Gainera ikerketa eta garapenean inbertitu behar dugu, horrek sortzen baititu kalitatezko enpleguak. Ondo kudeatuz gero, erakundeek badute gaitasuna industrian eragina izateko. Atzerritik etortzen diren enpresei iraunkortasuna eskatu behar zaie. Askotan kanpotik etortzen diren enpresak badatoz, diru laguntza jasotzen dute eta bi urtera alde egiten dute. Hori ezin da egin, eta kuota bat jarri behar zaie Euskaditik irtetzen diren enpresei.

Pili Zabala: "Subiranotasunaz euskal gizarteak izango du azken hitza"
Reading is sexy.


Zerga bilketari dagokionez, badirudi datorren eusko legebiltzarrean aldaketarako adostasuna egon daitekeela.

Orain dela gutxi Ignacio Zubiriren taldeak egindako ikerketa batek euskal ogasunetako iruzurrarekin 2320 milioi euro galtzen ditugula ondorioztatu zuen. Gure proposamena polizia fiskal bat sortzea da, iruzur fiskalaren kontra lan egiteko. Batez ere, iruzurrean galtzen den dirua erabili dezakegulako hezkuntzan edo osasunean inbertitzeko. Edo RGIa hobetzeko… RGIaren iruzurra kontrolatzeko badago zerbitzu bat. Bada, sortu dezagun polizia fiskal bat, benetako iruzurren aurka egiteko.


Jarri gaitezen une batez hauteskundeen osteko egunean. Legebiltzarrean. Lehendakari izateko aukera bazenu, norekin ezkonduko zinateke?

Argi dago proiektuak ipini behar direla mahai gainean. Aztertu behar ditugu luparekin. Guk askotan esan dugu, irailaren 25ean emaitza oso onak espero ditugu eta espero dugu gaitasuna izatea denekin hitz egin ahal izateko. Desberdintasun sozialak areagotzen dituztenekin, horiekin, ez gara ezkonduko. Baina desberdintasun sozialen aurka tinko ekiten dutenekin, horiekin bai ezkonduko garela.

Alegia EHBildurekin bai.

Hori da. Bai. Politika sozialetan argi dago askoz hurbilago gaudela EHBildurengandik edo PSE-EErengandik, besteengandik baino. Hori hala da.

Errepaso bat eman diet orain arte egin dituzun elkarrizketei eta ikusi dut askok galdegin dizutela eta independentista zaren ala ez. Ez du inork lortu erantzunik. La Serren galdetu zizuten, baita beste elkarrizketaren batean ere…

Aimar Bretosek bai.

Guri nola erantzungo diguzu?

Iruditzen zait hemen gaudenok sentsibilitate berezi bat dugula. Urtetan bizikidetza arazo andana izan dugu hemen. Bizikidetza arazo horien ondorioz, gizartearen gehiengo zabal bat ez da gustura sentitzen egun daukagun lurralde ereduan. Zuek gustura zaudete daukagun lurralde ereduan? Ni ez nago gustora. Horrek esan nahi du independentziaren alde nagoela? Nik jakin badakit urtetan erakundeek ez nautela ordezkatu eta beti nahi izan ditut jendearen nahia ordezkatuko duten erakundeak. Hori da garrantzitsuena. Subiranotasuna baino garrantzitsuagoa.

Elkarrekin Podemosek argi utzi du, nola Euskadin, hala beste edozein lekutan, erabakitzeko eskubidea defendatuko duela. Gure ereduak non duen oinarria? Bada Argitasun Akordio batean. Kanadan egin zuten 80. hamarkadan. Quebekek independentzia nahi zuen eta parlamentuan planteatu ziren galdera batzuk, erantzun ziren… eta inportanteena jendearen nahia da. Eta herri demokratiko batean gehiengoak subiranotasuna eskatzen baldin badu, orduan entzun egin behar da jendearen nahia. Eraiki dezagun indar politiko guztiekin, sentsibilitate eta identitate nazional guztiak asebetetzen dituen eredu bat, adostasun handiarekin. Badakit hau oso zaila dela. Baina politikariak jendearen zerbitzura gaude, eta gure lana eredu hori eraikitzea da. Eta gero bigarren fasera igaroko gara, zeinetan euskal gizarteak izango baituen azken hitza. Baina gure proposamena da erabakitzeko eskubidea esparru orotara zabaltzea, ez bakarrik lurralde eredura.

Pili Zabala: “Subiranotasunaz euskal gizarteak izango du azken hitza”
BirraBat, Elkarrekin Podemos, garoña, hauteskundeak, liburu denda, Osoigo, Pili Zabala
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

3 pentsamendu “Pili Zabala: “Subiranotasunaz euskal gizarteak izango du azken hitza””-ri buruz

  • Bitxia ElkarrekinPodemos-en sentsibilitate linguistikoa.
    Programa euskaraz jaso nahi duenari gaztelania hutsean irekitzen zaio weborria (https://elkarrekinpodemos.eus/eu/programa/#), ez baitago, antza denez, euskarazko bertsiorik.
    Konklusioa, beraz, argia da: ElkarrekinPodemos euskararen alde.

  • Eta sentsibilitate linguistikoa dela eta, oso interesgarria ElkarrekinPodemosek telebista publikorako proposatzen duena (gaztelania hutsean, jakina):
    “El uso progresivo del euskera y del castellano, con subtitulado cuando sea necesario, en los dos canales generalistas de ETB para favorecer un bilingüismo armónico y el contacto de todas las personas con ambos idiomas”.
    Nola interpretatu beharko da “bilingüismo armónico” delako hori?
    Euskaldunei bakarrik aplikatuko zaie elebitasun armonikoa?
    Izugarria.
    Beldurgarria.

  • Haritz Totelez 2016-09-13 23:12

    Podemitei gertatzen zaie ez dutela euskararekin kontakturik, eta uste dute euskaldunoi berdin gertatzen zaigula erdarekin. Kolono paternalistak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude