Pierre Andiazabal eta Matxikolako iturria

Pierre Andiazabal eta Matxikolako iturria –

Badira behin lan handia eginez ospetsu egiten direnak eta liburu guztietan aipatzen dituztenak, eta badira, berriz ere, bizitza osoan etengabeko lan izugarri handia apaltasunez eginez aritzen direnak. Hauen izenak ez dira nehon agertzen, baina beraien lana funtsezkoa izan da bizitzaren hainbat arlotan. Horixe da Pierre Andiazabal urruñar euskaltzalearekin gertatzen dena.

Urruñako semearen haur eta gazte urteak

Pierre Andiazabal eta Matxikolako iturria
(Euskal Kultur Erakundea).

Pierre Andiazabal Saint Pierre Lapurdiko Urruñan, Plazako Errotan,  sortu zen 1923ko urtarrilaren 18an. Aita azkaindarra zuen, Serres auzokoa, Urruñara etorria eiherazain gisa. Ama, berriz, urruñarra. Hiru seme-alaba izan zituzten, Pierre zaharrena izanik.

Pierrek herriko eskola publikoan ikasi zuen eta Cachenaut bikarioaren gomendioak jarraituz, 1934. urtean Uztaritzeko Seminario Txipian sartu zen eta bertan izan zen 1941. urtera arte. Baxoa eskuratu ondoren Baionako Seminario Handira jo zuen bere ikasketak segitzera.

1942an alemaniarrek Seminarioa hartu zuten euren beharretarako, eta hori dela eta, Pierre urtebetez Donibane Garaziko Mayorga kolegioan izan zen.

1947ko agorrilaren 29an apez izendatu zuten eta Hazparneko mutikoen eskola giristinoko bikario-irakasle gisa ari izan zen. 1953ko agorrilaren 3an Uztaritzeko Seminario Txipiko irakasle eta ekonomo izendatu zuten eta bertan izan zen 1994ra arte, aipatu urteko apirilaren 21ean Baionako katedraleko kalonje tituludun izendatu baitzuten.

.

Euskararen eta euskal liturgiaren aldeko langile sutsua

1950. urtean, hogeita zazpi urte zituela, 1945etik 1953ra Donibane Lohizunen eta Buenos Airesen argitaratu zen Gernika hiruhilabetekari abertzale eta humanistan aritu zen laguntzaile gisa. Isidoro Fagoaga beratarra izan zen aldizkariaren zuzendaria eta diru-sostengatzailea. Herria astekarian ere, hainbat artikulu plazaratu zuen eta Lapurdi Irratian ere luzaz aritu zen laguntzaile gisa, erlijioarekin loturiko gaiak jorratuz. 

Euskara batuaren sorreran parte hartu zuen hirurogeiko hamarkadan, Baionan izan ziren bilkuretan ekarpenak eginez. Txillardegi, Jean-Louis Davant, Eneko Irigarai, Jesus Solaun, Telesforo Monzon, Roger Idiart eta Jean Hiriart-Urruti izan zituen bidelagun eta solaskide. 1963an Liturgia Batzordeko kide izendatu zuten eta Vatikanoko II. Kontzilioaren ondotik, hau da, 1962tik 1965ra, idazkari. 1963an, Pierre Andiazabalek Euskal Herriko liturgia erreforman esku hartze handia izan zuen testu gehienak euskarara itzuliz, salmodiak salbu. 

Itzultzaile eta moldatzaile gisa urruñarrak egin lan handia kontuan harturik, 1964an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2000. urtean ohorezko euskaltzain. Euskal Telebistan igandeetako meza arduradun izan zen eta Baionako elizbarrutiaren ordezkari hogei bat urtez. Baionako apezpikuen mezuen euskaratzailea izan zen luzaz. Giristino pentsamendua zabaldu nahian, Gogoeta Astea sortzen, bideratzen eta animatzen hogeita bost urtez aritu zen. EIZIE elkarteak ohorezko bazkidetzat onartu zuen itzultzaile gisa egindako lanengatik. 

2015ean, osasun arazoak zirela eta, Kanboko Arditeya zahar-egoitzan sartu zen, beste zenbait apezekin batera. Ongi merezitako atsedenean zegoela, heriotzak eraman zuen 2020ko maiatzaren 16an, laurogeita hamasei urte zituela. Euskal Herri eta mundu osoa koronabirusaren izurriteak sorturiko konfinamendu garaian hil zen, eta horregatik, Urruñako elizan izan zen ehorzketa elizkizunetan meza zuzendu zuten hiru apezez gain, hamar senide eta adiskide izan ahal ziren bakar-bakarrik. Agurraldi beroa baina apala eman zioten beti langile eta apal bizi izan zen urruñar euskaltzale handiari. Goian bego.

Pierre Andiazabal eta Matxikolako iturria

 

Matxikolako iturria Urruñan

Artikuluaren hasieran aipatu dudan bezala, Pierre Andiazabal, laguntzaile aritu zen XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan Donibane Lohizunen argitaratu zuten Gernika izeneko aldizkari abertzale eta humanistan. Aldizkari guztiak aztertu ditut bere artikulu edota kolaborazioak bilatuz, baina, bere izenaz sinaturik, artikulu bakarra aurkitu dut. Frantsesez idatzirik dago eta Urruñan ospetsua izan zen Matxikolako iturria du idazgai. 1950eko urrian, argitaratu zuten hamahirugarren aldizkarian plazaratu zuen. Garai hartan Pierre Andiazabalek hogeita zazpi urte zituen. Baliteke ezizenak erabiliz artikulu gehiago plazaratu izana, baina ezin jakin. Urruñako euskaltzale handia modu apalean oroitu eta omendu nahian, aipatu artikulua euskaraturik ekarri dut lerro hauetara. Matxikolako iturria Urruñan izena du. 

“Juan Thalamas Labandibar jaunak Gernika aldizkariaren azken zenbakian (hamabigarrenean alegia) Mari jainkosaz idatzi zuen artikuluak barne gogoeta piztu zautan, eta idazki honen bidez, Urruñan, Sokorri muinoaren azpiko ibarrean, Lurentzenia, Gorria-baita eta beste etxe batzuk dauden lekuan, zenbait iturri daudela aipatu nahi nuke.

Iturri horien artean bada bat Matxikola deitzen dena. Ez dakit Marirekin zerikusirik ba ote duen, baina oraindik  duela berrogeita hamar urte, aski ospetsua zen Urruñan eta inguruetan.  Iturriko urak eritasunak sendatzen omen zituen. Harizpe jaun medikuak herrian eri zirenei ainitzetan Matxikolako ura edateko gomendatzen zien. Biziki ur freskoa zen, garbi-garbia eta biziki ongi edaten zena. Inguruetako iturrietako urak baino ainitzez hobea zen. Horrela diote urruñar zaharrek, eta iduriz, nehoiz ez omen zen ahitzen, ezta lehorte garai gogorrenetan ere. 

Garai haietan, Bixintxoren bestetan, jende franko etortzen zen Urruñara, eta ainitz ziren, belardian jarririk, iturriaren inguruetan jaten zutenak. Nire amak oraindik hori dena gogoan du.

Matxikolalo ur sendagarria egiazko uronea (ur sakratua) zen, Bidarten edota Hazparnen, Lukugainditik hurbil den Doniane Batistaren iturrien antzera. Lukugaindi leku-izenak inguruan baso sakratu bat zegoela (lucus-i latinez) iradokitzen dauku. 

Iduriz, Sokorriko kapera antzinatetik bertako euskaldunentzat sakratua zen mendixkan eraiki zuten. Aipatu mendixka sakratutzat hartzen zuten bertako gainetatik ur on eta garbia Urruñara jaisten zelako, Matxikolako iturria eta inguruetako gainerakoak sortuz. 

Gaur, Matxikolako iturria galdua da sasi eta laharren artean. Nehor ez da bertatik edatera joaten, herriko zaborrak edota hondarkiak inguruetan metatzen dituztelako”.

 

Pierre Andiazabalen idazlan nagusiak

  • Meza denborako deiak. 1961.
  • Igandetako eta bestetako salmo-leloak. 1974.
  • Igandetan elizan. 1988.
  • Mezetako deiak. 1986-1988.
  • Kantikak. 1988.
  • Euskarazko kantiken partitura bilduma.
  • Igande eta bestetako irakurgaiak. 2008.

Pierre Andiazabal eta Matxikolako iturria 

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Pierre Andiazabal eta Matxikolako iturria”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-02-28 10:47

    Latin eta matematika erakasletzat izan nuen bi urtez. Diskretua zen euskal herriaz, Lafitte baino gehiago, baina ez dut dudarik biek Herria errotik maite zutela..
    Pierre Andiazabal tipi eta mehar zen gorputzez, baita piska bat aszetikoa ere. . Gogoratzen dut behin erran zigula hobe zela mahainetik jeikitzea gose punta ñimiño bat atxikiz eta haurrean Urruñako amek oparitzat bost sos eman ohi zietela txardin gatzatu bat erosteko herriko plazan.
    Anitzek ez zuten maite baina nik, beste batzuekin batera bai ordea. Beharbada ongi bazekielako gazteak animatzen, adibidez liburu konplikatu batzu emaiten zizkigun irakurtzera erranez : “zu bederen, hau konprenitzeko kapable zira!”. baina halere gai zen hasarratzeko gorri-gorria eta makil ukaldi zenbait emaiteko ere.
    Erran zidan behin bere arbaso bat Tolosa aldetik jin zel eta abizena hangoa zeukala..
    Azken denboretan, zenbait lagunekin batera, izan ginen ikusten .Kanbon, Arditegira erretiratu zelarik piskabat isolatua eta abzentea bezala beste apaizohien artera.
    Milesker Joseba Pierre Andiazabalaren meritoak denei gogora arazirik eta nik hartaz pentsatzen nuen on guzia erraiteko ahalbidea eni emana izanagatik.
    .

  • Joseba Aurkenerena 2021-03-02 18:01

    Biziki lekukotasun interesgarria. Milesker, Beñat.

  • Benat Castorene 2021-03-06 18:46

    Pierre Andiazabal, Pierre Lafitten ondotik zen Larresoroko eta Uztaritzeko San Frantses Xabier seminario tipiaren tradizio intelektualaren azken jaraunslea. Beldur naiz kate bat hautsi den;
    Joseba zuk duzu gustua eta dohaina biografiak egitek Zuzeun, noizko Pierre Lafitterena?