Philippe eta Beñat: Bisaiak

Philippe eta Beñat: Bisaiak

Philippe eta Beñat: Bisaiak

Benat-eta-PhilippePB-BisaiaPB-JauziaPB-zergatia

Bisaiak


 

Philippe Lassalle Astis “Filipo”

Philippe 3 urterekin, frantziako armadaren jantzia soinean duela

Proiektua aitzina eramatea erabaki eta elkarrizketatuen bila hasi ginenean, jende ugarik gomendatu zigun Philipperengana jotzea. Denek esplikatu ziguten aditasunez entzun beharreko pertsona zela eta, era berean, bere erranak transmititu egin behar zirela, ahal zen heinean behintzat. Bere hitzak zuei trasmititzea izanen da, hortaz, gure zeregina.

Ibilbide pertsonala

Gure lehen protagonistak Philippe Lassalle Astis du izena, baina bere lagun guztiek Filipo erraten diote. Adinean gora joanagatik, gorpuzkera sendoko gizasemea da Philippe, sakontasun handiko ahots ozen eta eskuzabaltasun itzeleko gizona. Errespetatua eta maitatua, nehor soraio uzten ez duen horietakoa. Artikulu honen lerrook irakurri ahala, irakurleak fite ulertuko du lagun eta ingurukoek Philipperekiko sentitzen duten estimua.

1950ean sortu zen, bere lagun-min Beñaten gisara. Azken hau ez bezala, ordea, Euskal Herritik lekora munduratu zen, Frantziako hiriburuan, argien hirian, Parisen. Otsailaren 17an izan zen, familia frantses betean, Marignan kalean, 8. Barrutiko bihotzean. Philiperen beraren hitzetan: “aberatsen barrutia omen da; zertan diren aberats, haatik, ez dugu inoiz jakinen”.

Familia frantses baten baitan sortua eta, halaber, bere sustraiei muzin egiten ez diena. Izan ere, gerora bere bizitzak Euskal Herriko askapen mugimenduan buru-belarri parte-hartzera eramango zuen arren, frantsestzat du bere burua Philippek. Aita armada frantseseko militarra izan zen, base militar bateko arduraduna gainera. Ama, berriz, etorki aristokratikoko familia bateko kidea zen, luxuan eta oparotasunean hezia, lan egitea pobre eta behartsuen zeregintzat zuena.

Philippek haurtzaroa eta nerabezaroa burgesia giroan igaro zituen eta halakoxea izan zen jaso zuen hezkuntza ere: moral kristau -katoliko eta diziplina militarrar zorrotzean izan zen hezia.

Philippe gaztetan
Philippe Parisen bere lagunekin.

13 urterekin, ordea, ingurune hertsi horretaz guziaz gogaiturik, etxetik ihes egitea erabaki zuen. Une hartatik goiti, hark bezala etxetik ihes egindako jendea topatzeko aukera izan zuen, baita Philippek berak dioen eran: “ni bezala sistemaz nazkaturik zegoen jende interesgarria ezagutzeko aukera” ere. Denboratxo bat pasa zuen etxetik kanpo, lan ttiki ezberdinen bitartez irabaziz eguneroko ogia. Garai onak eta txarrak bizi izan zituen, beren burua hain gazte etxetik kanpo ikustea egokitu zaien askori gertatu bezala.

Garai hartan ezagutu zuen Philippek jatorri argentinarreko zorro-ebasle bat, denborarekin bere lagun bihurtuko zena. “Niño” esaten omen zioten, zinez txikia ei baitzen mutikoa. Benetan gazte eskuzabala zela diosku Phillipek. Nahiz eta dena beretzat hartzeko gai zen, lapurturiko dirua karrikan bizi ziren gazte guztien artean banatzen zuen. Hark irakatsi zion boxeoan, bere burua defendatzen eta borroka egiten. Izan ere, Philipperen esanetan, zoritxarrez, kalean indartsuenak irabazi ohi du eta hark ere fite ikasi behar izan zuen bizirauteko ezinbesteko izanen zuela bere burua ongi babesten jakitea. Honenbestez, kalea izan zuen Philippek eskola eta “niño” irakasle.

 (azpitituluak euskaraz aukera >> bideoaren konfiguraketa aukeratan)

15 urte inguru zituela berriz ere itzuli zen etxera eta oinarrizko ikasketak burutzea deliberatu zuen. Helburua beterik, komertzio eskola batean sartu eta handik atera bezain fite hasi zen hamaika lan ezberdin egiten.

Philippe-ek 18 urte zituela, bete betean harrapatu zuen 1968ko maiatzak. Kontatzen digunaren arabera, aktiboki hartu zuen parte manifestazio guztietan, baita poliziaren aurkako borroketan ere. Era berean, harrotasunez aitortzen digu kolpe galantak bildu zituela, eman ere bat baino egin bazuen ere. Istorio polit bat ere badakar gogora: 68ko maiatzean, Jean Paul Sartre filosofoa ezagutzeko aukera izan zuen, baita ongi ezagutzekoa ere. Izan ere, manifestazio haietako kolpe eta kalapiten artean, agure bat ikusi zuen lurrean, eskuin-muturreko militante batzuek jipoitzen zuten bitartean. Laguntzera joan eta agurea eskuindarren erasotik libratzea lortu zuenean, agure hura nor izango eta Sartre filosofo ezaguna! Harrez geroztik, bien arteko laguntasuna nolakoa izan zen ere azaltzen digu bideoan.

Garai hartan, Estatu frantsesean soldaduska derrigorrezkoa zen 18 urteko mutil gazte ororentzat eta Philippe, jakina, ez zen salbuespena izan. Beraz, 1968ko gatazka bizien ondoren, 1970ean, Philippe Frantses armadan sartu zen eta Afrikara igorria izan zen, Frantziako hainbat kolonia zaintzeko helburuarekin. Naturaltasun osoz kontatzen digu, gainera, Frantziako armadan bizi izandako esperientzia:

Armadatik itzuli ondoren, Philippe metalgintzako enpresa bateko ordezkari hasi zen. Bere enpresaren izenean merkatu berriak aurkitzea zen bere lanaren funtsa. Enpresa horretan ibili zen hainbat postutan eta, berak erraten duen bezala, ”sozialki garatzeko, kokurrentziarentzat ere” lan egin zuen, “postu batean zein bestean”.

Egun batez, ordea, bere ordura arteko bizitza errotik aldatu zuen lan eskaintza iritsi zitzaion. Euskal Herrian lan egiteko eskaintza zen, komertzioaren arloan hura ere. Lana zalantza handiegirik gabe onartu zuen. 25-26 urte zituen Phillipek, hortaz, Euskal Herrira, lan kontuengatik bizitzera etorri zenean. Urte haietan, Philippek ezer gutxi zekien Euskal Herriaz edo Euskal Herriko gatazka politikoaz.

 (azpitituluak euskaraz aukera >> bideoaren konfiguraketa aukeratan)

Behin Euskal Herrira etorririk, lagun ugari egin zituen bertan, gehienbat Donibane Lohitzune eta Ziburu inguruetan. Hantxe ezagutu zituen Estatu espainoletik ihesean zetozen euskal herritarrak. Bere bizitzako garai hartan egin zuen, bada, jauzia.

 

Bernard Sansebastian “Beñat”

Beñat
Beñat

Biografia eta ibilbide pertsonala

Ziburu
Ziburuko portua Beñat arrantzale zen garaian.

Bernard da agiri ofizialetan izkiriatuta ageri den izena, baina bere lagunek Beñat deitzen diote. Hark ere Beñat deitzea nahi du. Beraz, guretzat ere, Beñat izango da aurrerantzean 65 urteko ziburutar abenturazale hau.

1950ean sortu zen Beñat, Ziburun, Bittor ostatuko bigarren estaian, bere aitatxiren zenaren izena daraman ostatuaren gainean. Bere aitatxi izan baitzen, aspaldi, ostatu hartako jabea. Bere aitzineko belaunaldiak, Mutriku eta Hernanitik etorri ziren Lapurdirat, Estatu espainolean zegoen errepresiotik ihes egiteko asmoz.

Familia euskaldunean hezi zen Beñat, euskal giroan eta arrantzari hertsiki loturiko ingurumarian. Bere aita , atatxi eta birraitatxi ere arrantzaleak izan ziren. Ezagutu ez zuen ama, berriz, etxe-garbitzailea zen. Bere erranet
an, familia xume eta umil batean hezi zen, hezkuntza « normal » baten baitan, normala zeri deritzon zehaztu gabe utzirik.

Haurtzaroa Ziburun igaro eta eskolako lehen urratsak ere bertan egin zituen, eskola publikoan, hain zuzen ere. Eskolarako, ordea, ez bide zuen trebezia handiegirik. Umore onez aitortzen digunez: «uste dut Ziburun ama-eskola errepikatu duen bakarra naizela, heldutasun falta omen nuelako-edo…».
Erran bezala, haurtzaroa eta nerabezaroa Ziburun iragan zituen eta garai hartako testuinguru politikoaren eraginez, euskal iheslari politiko ugari ikusi izan ditu bere herriko karriketan. Ttipitatik ezagutu duen errealitatea da euskal iheslari politikoena.

Ikasketak Ziburun segitu zituen 14 urte bete zituen arte. Adin horretara iritsita, aitak honakoa galdetu zion:

« – Beñat, zer egin nahi duzu ?

– Ebanista izan nahi dut, aita.

– Oso ongi, bada zoaz arrantzaleen kooperatibarat, eros itzazu botak eta xira nirekin itsasora etorriko zara-eta! »

Hortaz, goiz hasi zen Beñat ttipia, artean nerabea zela, arrantzaren munduan. 14 urterekin, marinelaren bizitzaren gogortasuna ezagutzea egokitu zitzaion, gerora barnemuineraino markatu zuen bizitza, hain juxtu.

Garai hartan, arrantzaren mundua zein gogorra zen esplikatzen digu Beñatek berak:

Bere aitzineko belaunaldien gisara, Beñaten egunerokotasuna itsasoak eta, zehazkiago, arrantzak elikatzen zuen. Aitarekin batera ibiltzen zen usu arrantzan eta elkarrekin bizitako kontuez oroitzen da frankotan. Beñat gazteak aitarekin eta bere senide kuttuna zen itsasoarekin batera bizi izandako bi bizipen eder bezain mingarri kontatzen dizkigu:

 (azpitituluak euskaraz aukera >> bideoaren konfiguraketa aukeratan)

Beñat goiz hasi zen arrantzan, lehen erran dugun bezala, 14 urterekin. Baina arrantzaren munduak diru iturri finkoa ahalbidetu ez, eta Marseilara joatea erabaki zuen, merkatarittza-marinel bilakatzeko asmoarekin. Bertan, merkataritza-marinel titulua lortzeaz gain, barkuko komandante brebeta ere eskuratu zuen. Horrekin hainbat barku gidatu ahal izan zituen munduko eskualde batetik bestera.

Komandante izatearekin batera, itsas merkantzia garraioari loturiko enpresa zenbaitentzat ibili zen lanean. Haratara, mundua osatzen duten itsaso eta lur eremu ezberdin ugari ezagutzeko aukera izan zuen: Angola, Kongo, Magreb guztia, Palestina, Yemen, Errusia, Europako herrialde gehienak …

Itsasoa gogotik ezagutzen du Beñatek, hilabete luzeak pasatzen baitzituen barkuan, alde batetik bestera. Hala, anekdota polita kontatzen digu itsasontzi barruko bizitzaren inguruan. Dioskunez, behin batean, itsaso zabalean zirela, haur bat jaio zen, eskifaia-kideek erditzeari nola aurre egin ez zekitela. Haur horren jaiolekua, Beñatek kontatzen digunaren arabera, itsasontziak une hartan zuen latitude eta longitudearen koordenatuen arabera zehaztu zuten. Harrezkero, ez zitzaion 5 hilabetez gorako ezein haurduni itsasontzian bidaiatzen utzi.

 

(JARRAITU…)

 

Benat-eta-PhilippePB-BisaiaPB-JauziaPB-zergatia

Egin klik menuan atal ezberdinak ikusteko

jauzia

Philippe Philippe Philippe Philippe Philippe Philippe Philippe Philippe Philippe eta Beñat: Bisaiak

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA