“ObabaFesten irabazitakoarekin Durangoko Azoka lagunduko dugu”

Obabako Testiguak irratsaioaren denboraldiko azken saioa baliatuta, eta ibilbidea borobiltzeko ObabaFest zitarako aste bete soilik falta den honetan, orain arte elkarrizketatzailearen paperean izan den Peter Ostolaza  jarri dut mikrofonoaren beste aldean, galderak erantzuten. Bera da gaintzaranismoaren erakulse behinena, literatur saltsatako gatza eta piperra, eta oineko behatz puntatik, bilo tentetueneraino, Obabako Testigu. #Autobonbo ariketa aitortuan, hona ere ekarri dut gure solasaldia.

Martin Riella hemendik zebilela uste nuen, baina alde egin duela dirudi. Zuk bidali duzu? Ez al zinen bere erantzunez fio? Azken aldian maiz izaten dugu faltan. Baten batek galdetu dit protagonismoa hartzeko bota ote duzun…

Puritoa eta kafea hartzera atera da oraintxe. Dena den, gauza jakina da Martin Riella oso piperlari aritu dela azken aldian, eta ez prezisamente bestelako eginbeharrak zituelako, Kontxan paseatzen harrapatu zuten behin gu irratsaioa grabatzen ari ginela, gogoratu. Orduan, ba pentsatu nuen ea literatura benetan gustatzen ote zitzaion ala Martinena postureo hutsa ote den, (erabat bereizi ezin diren kontuak direla jakinda, noski, are jakinik literatura asko bizi dutenek egiten duela sarritan postureo literario gehien. Eta bestalde, erridikulu samarra da postureoaren aurka tonu serioan sutsuki mintzatzen direnen kasua, zeren une horretan beren burua literaturzale autentikotzat erakusten ari baitira, esanez “besteak dira gezurretazkoak, ni, aldiz, ez”. Eta hori ere postureoa da, azken batean). Tira, hori guztia esateko ezetz, Martin Riella beti bezain literaturzale dela, eta arazoa ez zela postureoa, alferkeria baizik. Alferkeria galanta.

Esan gabe doa, adierazpenok ez dira postureo hutsa… Tira, protagonismoa esan dut baina, zenbat pertsona izango ote dira orain gu entzuten? 

Ba hipotesirik onenak eta txarrenak pasatzen zaizkigu burutik, egunaren arabera. Kontua da jende dezentek esaten digula “bai, entzun zintuztedan lehengoan irratian”, eta galtzetan kabitu ezinik jartzen zara halakoetan, baina gero konturatzen zara egiazki kuñari buruz ari zirela. Eta, orain gainera, info7koek bestelako kuña batzuk egiteko eskatu digutenez, ba jakintzazu zer entzuten duen jendeak, irratsaioa, mekanizados Matxinbarrenaren iragarkia…

Añorga partean ba omen da entzule fidelen bat behintzat. Igual eskuminak bidali beharko dizkiogu. 

Bai, noski, entzule fideletan fidelena da bera, irratsaio guztiak entzun omen ditu, eta meritua du horrek, jakinik ez dela bereziki literaturzalea. Beti izan da korrontearen kontra joatekoa, edo agian ez da hori erabat zuzena, agian kontua da korrontearen gainetik flotatzen duela berak gainontzekook arrastaka eramaten gaituen bitartean. Ez du mugikorrik erabiltzen, FBik eta TWik ez ezer. Pentsa, RSSaren bidez jarraitzen gaitu blogean. Goraintziak hemendik, Jon. Estimatuta dago fideltasuna.

Hala ere, kaletik geratu omen zaituzte inoiz. Irratsaioren aitzakian edo beste inorekin konfundituta? 

Badakit nondik zoazen. Baina beste batekin konfundituta ez bada ez nau sekula ezezagun batek kalean gelditu, ez bada turista frantsesen batek trafikoko zalantzaren bat kontsultatzeko (eta nire frantses baldarrean ez naiz sekula ganoraz erantzuteko gai izan). Kaletik gelditzearena Euskal Herrian kirolariei, aktoreei, bertsolariei eta horrelako jendeari bakarrik gertatzen zaie. Idazleak ere lasai asko bizi omen dira. Ba gu, zer esan, kazetari izatera ere ailegatzen ez garen Testiguok… ze galderak okurritzen zaizkizun, Lander.

Atxaga eta halakoak geratuko dituzte ezta? Uste dut Beranduegikoak ere bere garaian kalean geldiarazi egiten zituztela. Telebista da famoseorako gakoa…

Horrekin zerbait sujeritu nahian zabiltzala iruditzen zait. Agian oker nago, baina zer esan nahi duzu, irratian beharrean agian telebistan probatu behar genukeela? Badakizu, Lander, gugatik balitz etxeko portaletik ere ez ginela aterako, baina eskerrak zu zaitugun Obabako Testiguon artean beti urrutira apuntatzeko…

Martin eta Peterren aurpegi ederrek merezi dute erakuslehio bat, eta irratian ezin. Dena den hori beste kontu bat da. Baina telebista aipatuta, aitortu egia, Sautrelan agertu zinenekoa diamantezko DVDan eta kutxa gogor batean duzu altxor gisa gordeta zure ondasun preziatuenekin.

Hau dek kabroia hau. Ba ez, ez, inolaz ere ez. Esan dezagun egia. Sautrelan baditugu pare bat lagun eta aurrez lotu genuen guztia, irratsaioarentzat propaganda ona izango zela eta… gero Arzakeko menua ordaindu genien, eta bakea.

Bertan zenioenez, zure belaunaldiko gazteak literaturatik ez urruntzeko bide bat izan nahi zuen irratsaioak. Hori da hori multzo baten parte sentitzeko dugun beharra…

Dena gezurra. Ez al duzu entzun Jule Goikoetxeari egin berri diogun elkarrizketa? Argi eta garbi erakutsi du zein tresna eraginkorra izan daitekeen beti gezurra esatea autodefensa mekanismo gisara, kontroletik ihes egiteko modu bezala. Kazetari jendearekin-eta ez fidatu, eta esan gezurra beldurrik gabe. Saio hartan esandako guztia da gezurra, gure belaunaldia ez da existitzen, literatura ez da existitzen, Obabako Testiguak ez gara existitzen, inkluso Doraemon ez da existitzen, pentsa.

 ObabaFesten akaso gure gisako beste xelebreren bat ezagutuko dugu. 

Xelebrearen kontuarekin kontuz. Apurtu behar da mito hori: literaturzaleok xomorro arraro batzuk garela, bereziak, eta gainera usaimen berezi bat garatu dugula gure espezieko jendea detektatzeko. Hasieran agian hori pentsa zenezake, gauza jakina baita literatura normalean banaka bizitzen den pasioa dela. Baina ezagutzen dituzunean zure antipodetan dauden literaturzaleak, konturatzen zara antzekotasun gehiago izan ditzakezula bizitzan liburu bat amaitzerik lortu ez duen auzoko harginarekin.

Bernardo Atxagaren hitzak jarraituz, ObabaFestera ez doazen lau lentejadun horiek dira xomorro xamarrak akaso.

Hori da aldarrikatu behar duguna, haiek dira xelebreak. Gu hegemonia sortzera goaz, jende literaturzalea gehiengoa izan dadin lortzera. Dena dela, bai, egia da, Obaba Festen nahi genituzke literaturzaleak ezagutu, gero etsaitzeko aurrez ezagutzea ezinbestekoa delako, eta guk oraindik oso literaturzale gutxi ezagutzen dugulako.

Atxaga joango dela eta,  Obaba Festeko sarrerak agortzear omen daude. Harritu nau zenbateko ilusioz eta konbikzioz egin duen bat irratsaioa eta festaren arimarekin. Itu Bandakoak ezagutu nahi omen ditu, ea tokia egingo dioten galdetzeko.

Argi dago, Atxagak mahai gainean kolpe bat eman nahi izan du modaz kanpo dagoela entzun ondoren, zerbaitek krak egin dio barruan, eta berriz bueltan da Atxagarik etiopiarrena, bueltan da Henry Bengoaren errezitaldietan zigarroa errez aritzen zen hura, Ruperrek musika psikodelikoz laguntzen zion bitartean. Zahartzaroa tarteka izaten omen den gaztaro berri horretan da Atxaga, eta hori pozgarria da.

Aizu, eta pentsatzen jarrita,  zergatik kontzertuak, irratsaio literario baterako? Literatura ez al da nahikoa betegarri? 

Eta niri galdetzen didazu? Hori zuen ideia izan zen! Nik esan nuen poesia errezitaldi bat hasteko, gero bertso musikatuak, eta azkenik, ikuskizun hibrido horietako bat, antzerkia, literatura, bertsolariak etab. nahasten dituzten horietakoren bat. Baina zuek izan zineten ezezkoa esan zenutenak. Orain, izorrai, ez begiratu niri lau katu ere etortzen ez badira.

Eta zer egingo dugu ObabaFestekin irabaziko dugun dirutzarekin?

Ongi iruditzen bazaizu, gu Durangoko Azokaren parranda zaleak garenez, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen gora-beherak tarteko, Durangoko Azoka lagun dezakegu, Ahotsenea eta abar. Horrela, datorren urteko parranda ziurtatuko dugu.

Tira, ez da ideia txarra. Despistaturik balego, amaitzeko ObabaFesten nondik norakoak berriz aipatu beharko ditugu akaso.

Bai, noski. Datorren ostegunean, uztailaren 3an izango da, Donostiako Kafe Antzokian, eta Xabier Montoia, Oso Fan, Perlak eta Las Tea Party DJs izango ditugu bertan. Sarrerak aurrez eros daitezke 6 eurotan; eta bertan 8, euroren truke.

Fest

NIRE KONTRA ESANAK