Pertzepzio subjektiboa

Pertzepzio subjektiboa

Denbora pasarako fikziozko ipuin eder bat litzateke, errealegia izango ez balitz, irakurri genion atzo norbaiti Twitterren, Ramon Agirre antzezle eta Donostiako Alde Zaharreko bizilagunak Berria egunkarian idatzitako iritzi artikuluari buruz. Eta ados gaude.

Pertzepzio subjektiboaUda honetan lan egitea suertatu zait, gustuko lana suertea baita. Donostiako Alde Zaharrean bizi naiz eta ia egunero egiten dut Azpeitirako joan-etorria, han ari baikara grabaketak egiten. Atzo, joan beharrik ez nuenez, hori ere suertea, goiz samar jaiki eta egunkaria erostera irten nintzen. Eskailerak saltoka jaistea gustatzen zait, baina geldialdi bat egin behar izan nuen, goruntz zetorren gazte kuadrilla bati eta haien maleta gurpildunei pasatzen uzteko. «Sorry» beraiek eta «lasai» nik. Hirugarren solairuan etengabeko joan-etorria egoten da. Atarian eserita, beste hiru bidaiari etorri berriak edo martxa dutenak. «Barkatu» esan nien eta «sorry» gero, zerbezak eskuan hartu eta apur bat mugi zitezen.

Aldameneko tabernakoa mahaiak jartzen ari zen terraza gisa erabiltzen duen kale puskan. Ahal nuen moduan saihestu eta dendaruntz abiatu nintzen. Bidean bi turista-tropelek irentsi ninduten ia: bata, ingelesez garrasika ari zen gidariari jarraitzen zioten japoniarrena, eta bestea, espainolez ari ziren berrogei bat jubilaturena. Metro batzuk zigi-zaga egin eta dendara heldu nintzen. Ate aurrean, bikote bat elkarri argazkiak ateratzen. Erditik pasa ez pasa egon nintzen. Ez nuen argazkian atera nahi. Hiruzpalau pose probatu ondoren, argazkirik egin gabe joan ziren. Dekoratua ez zen nahikoa polita, nonbait. Dendan souvenirrak ere saltzen dituzte aurten, eta familia frantses bat, hozkailuan itsasteko ardia ala zezena zein egokiago, dendaria mareatzen ari zen. Kamixetan «I love Spain» zeraman alabari poxpolin txiki baten kutixia egin zitzaion. Semeak, berriz, Messiren toalla nahiago. Egunkaria luzatu eta «Ez dago turista tontoa baino gauza tontoagorik», esan zidan dendariak. Zalantza egin nuen etxera itzuli edo ohiko tabernan kafetxo bat hartzera joan. Tabernaren kanpoaldean jende mordoa, eta barruan ere bai. Jakina, cheese-cake famatua! Nik kafea nahi, ordea, eta eserita hobe. Beste batean beharko! Tabernari lagunak «Ikustezu…» egin zidan sorbaldak jasoz. «Lasai», bota nion nik atetik ozen. Aldameneko txankletadunak chees-a jateari utzi, behetik gora begiratu eta «Excuse me, in Sansebástian tambien Game of Thrones?» galdetu zidan eskuekin zine kamera adierazten duen keinua eginez. «Ezetz» nik, «in Sansebástian ez». Buelta erdi eman eta australiarrez inguratuta aurkitu nintzen, gidariak gure kalearen historia kontatzen zidan bitartean. 1813. urteko sutearena heldu zenean, zorabiatzen hasi eta Kañoietako iturrira joan behar izan nuen lepoa txorrotapean freskatzera.

Etxera itzuli, sofan eseri eta irratia piztu nuen. Alkatea ari zen hizketan. Turismoaz. Akaso arrazoi du eta Alde Zaharreko kaleetan ez dago hainbesteko jendetzarik. Nire «pertzepzio subjektiboa» izango da. Eta turismoak aberastasuna ekartzen duela denontzat, esan du. Hala izango da. Zein leihatilatan jaso ote dezaket nire partea?

Pertzepzio subjektiboa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Pertzepzio subjektiboa”-ri buruz

  • Bai, hori guztia pasatzeko oso goiz ez zinen jaikiko…are gutxiago azkeneko astean, euria besterik bota ez duenean eta Alde Zaharreko kaleetan inor ibili ez denean…ea ba, lehen udan ez genuen jende uholderik izaten!