Perkain pilotaria, historia eta mitoa

Perkain pilotaria, –

Gure historian badira pertsonaia asko errealitatearen eta mitoaren artean murgildurik iristen zaizkigunak. Horietako bat Jean Martin Inda, Perkain deitua, daukagu. Pilotari bikain eta entzutetsua izatera iritsi zen Perkain Nafarroa Behereko Alduden herrian, Zamukegi auzoan, sortu zen 1760-1770 urteen artean. Sortze datari buruzko agiririk topatu ez badugu ere, Perkainek jokatu zituen partidetan oinarriturik, badirudi XVIII. mendeko aipatu seigarren hamarkadan jaio zela. Perkain ezizena bere sortetxetik zetorkiola dirudi, Perkainea edo Perkainenea izeneko etxetik, hain zuzen, euskaldunon artean horren ohikoa den bezala.

Frantziako Iraultzaren ankerkerietatik alde egin nahian, Nafarroa Garaira igaro zen, Baztan aldera, eta 90.eko hamarkadan famatua egin zen pilotari gisa jokatu zituen partida gogoangarriengatik. Perkain laxoan aritzen zen, gaur ia galduta dagoen modalitatean. Egun Baztanen jokatzen da, gehienbat. XVIII. mendean laxoa zen Euskal Herrian gehien jokatzen zen pilota jokoa. Lau lagunez osaturiko bi talde aritzen ziren aurrez aurre, gaurko tenisean bezala, baina bi taldeen artean ez zen inolako sarerik jartzen. Pilotariek eskularru berezi bat erabiltzen zuten, laxoa deitzen zutena. XIX. mendean laxoa gibelatzen joan zen, eta gaur ohikoak ditugun joko modalitateak sortu eta zabaldu ziren.

Perkain pilotaria
Arg: laxoa.com

1.- Oiartzungo partida

1796ko urriaren 18an sekulako partida jokatu zuen Oiartzunen. Ikus dezagun horren inguruan dokumentaturik daukaguna. Ematen duenez, ordurako Perkain pilotari biziki ospetsua zen Euskal Herri osoan. Oiartzungo partida hori aspaldian zeukaten hitzartua urriaren 18ko goizeko 8etan jokatzeko. Jendea partida ikusteko eta apustu ikaragarri handiak egiteko irrikan zegoen, hori dela eta, Migel Barkaiztegi Gipuzkoako ahaldun nagusiak galarazi zuen.

Eguna iritsi zen eta hitzartutako orduan Perkain Oiartzungo frontoian azaldu zen. Berarekin batera Ximun Nafarra zihoan. Oiartzungo ordezko alkateak debekua oroitarazi zion, baina frontoia gainezkatzen zuen publiko handiaren presiopean, beste partida bat jokatzeko baimena eman zion, baita 30 dukateko apustuak egiteko aukera ere, horixe baitzen foruek holakoetarako  baimentzen zuten gehienezko diru kopurua. Perkainek ez zuen proposamena onartu, baina ondoren, akordio batera iritsi ziren. Hitzartutako partida bertan behera utzi behar izan zuten, baina horren ordez, beste partida bat jokatzeko aukera atzeman zuten, eta bitxia bada ere, lehen partida hartan jokatu behar zuten pilotari berberekin. Eta horrela jokatu zuten. Alde batetik, Perkain, Ximun Nafarra, Goizuetako bat eta laugarrena andoaindar bat. Bestetik,  Arantzako Estudiantea, Txintxoa, saratar bat eta Toloxa donostiarra. Agirietan azaltzen denez, partida hura izan zela eta, Oiartzungo ordezko alkateak emandako baimena justifikatu behar izan zuen agintarien aurrean.

Ikusten ahal dugun bezala, Perkainek bazuen ordurako pilotari ospe handia. Lapurdin eta Baxenafarroan izugarri maitatua zen eta heroi handitzat zeukaten. Zehazki ez dakigu nolako itxura zuen. Batzuen ustez luzea eta argala zen beste askoren aburuz, berriz,  ttikia eta sendoa. Batzuek baserritarra zela zioten, zurgina zela besteek. Beraz, ez dugu Perkainen itxuraz eta bizibideaz datu zehatzik. Hori bai, Azantza lapurtarrarekin eta Gurutxet “Ezkerra” mitikoekin jokatu zituen partidak aski ongi ezagutzen ditugu.

Perkain pilotaria

2.- Perkain eta Azantza Donapaleuko errebantxan

Badirudi Perkainek izan zuen aurkari handiena Azantza lapurtarra izan zela. Jakin badakigu gutxienez bi partida handi jokatu zituela Azantzaren kontra. Horietako batean lapurtarrak eta nafarrak aritu ziren aurrez aurre norgehiagoka bizian. Bederatzi urte lehenago Donapaleun jokatu zen partida batean lapurtarrek nafarrak garaitu zituzten eta geroko bigarren partida batean Perkain buru zuen laukote nafarrak sekulako errebantxa hartu omen zuen. Bada bertso bilduma bat, Perkainen Kantua edo Perkain eta Azantza deitua, horren berri ematen diguna: Piarres Harizpe apez lapurtarrak egin zuen. Horra hor:

Norat joaiten zira zu adiskidea! /  Donapaleura dut ene segida. / Urreño bat deramat, bertze baten bila, / baldin lapurtarrak jalgitzen badira. // Lapurtarrak jin ziren trebesak doblezka, / banitatearen orde bazuten nobleza; / Galdu duen gaixoak kontsidera beza / ez dela egun oroz lapurtarren besta. /// Azantzako semea nik ez dut mendratzen / bere parerik ez du pilota botatzen. / Bainan Perkain hori ez zuen lotsatzen, / plaza guziarentzat bera aski baitzen. ///  Zazpi joko zituzten, guk bederatzi, / halere lapurtarren plaza ez zen aski, / has berrian bezala trebezian beti, / urguluz nahi zuten partida irabazi. ///  Amikuzeko duzu Donapaleu / hango ezpada ere hurbil darraio. / aldudiarrak eta ainitz gehiago / handik ari zeraizkon dihuru karraio. ///  Orai betetzen ditu bederatzi urte / Baigorrin trufa hunik egin zinaukuten, / gure amen sariak juan zinituzten / errebanjak baitiago hor, konpon zitezte. /// Lapurtar jaunak, orai zuek zer zaizue / Monedako Etxea hurbilxko duzue / eskasten bazaitzue horra joan zaizkete / ukaiten baduzue harturen duzue. /// Ehun urte galdu tuzte, gastuak bertzalde / Hek ere nere ustez zerbait badirade / gizon bat aberatsa izanikan ere, / holako zimikoak senditzen dirade. ///  Mainuak ur epelez, saldan oilaki / gorputzari plazerak nola egin badazki. / Antzar-ixterrak ere jan beharko ditik, / dirurik ekar zekotz Donapaleutik. /// Azantzako semea, gure Jaun Pierre, / mainuak hartu tzu bainan debalde / Akizko uretarat joan behar zirade / handik jiten zirenian beti prest girade. ///  Azantzako semea, gure Jaun Pierre, / ez duzu berehala sinesten zuk ere, / baldin balinbaduzu aitzina kuraie / leheneko pilotan beti prest girade.

 

3.- Perkain eta Azantza Luhusoko pilota-plazan

Ahoz aho gure egunetaraino iritsi den beste kontakizun herrikoi batek Lapurdiko Luhuson Azantzak eta Perkainek aurrez aurre jokatu zuten partidaren berri ematen digu. Aipatu kontakizunean esaten denez, hasiera batean Perkain irabazten ari omen zen, eta mando baten gainean zen nafar batek honela oihukatzen zuen behin eta berriro:  300 libera Perkainen alde!

Inork ez zion apustua onartzen, hala ere, nafarrak segitzen zuen: 300 libera Perkainen alde!  behin eta berriz oihukatzen.

Azantzak, nafarraren oihuez nardaturik, pilotakada bat bidali zuen mandoaren aurka, horrela nafarraren erorketa eragin zuelarik. Izugarrizko kalapita sortu omen zen. Une nahas haietan Azantzaren arreba batek: 1000 libera nire anaiaren alde! oihu egin omen zuen eta ikusleetako batek onartu. Perkain, hura dena ikusirik, izugarri urduritu zen eta azkenean, Azantzak partida irabazi omen zuen.

 

4.- Tolosako partida

Zehazki zein urtetan izan zen ez badakigu ere, jakina da Perkainek partida handi bat jokatu zuela Gipuzkoako Tolosan. Badira sei bertso horren berri ematen digutenak. Lehena “Bat zen Perkain zaharra”  esaten hasten da.

Bertso honetan kontatzen denez, Perkainekin batera honen semeetako bat eta Kurutxet aritu ziren Azantza, Elhorga eta Haroztegiren aurka. Irabazle Perkainen taldea izan omen zen. Lehen bertsoak honela  dio:

“Bat zen Perkain zaharra / bertzea Haroztegi / Jaun hek bide zakiten / kozinaren berri; / Elgar frogatzeko untza bat edo, / ongi pentsatua duk / disimula hori!” Laugarren bertsoan, berriz, honela dio:  Adios Probintzia, adios Lapurdi,/ Perkainekin pilotan ez daite liberti;/ Hirur erreinu huntan bera da nagusi / Azken partidaraino ez dute sinetsi!

 

5.- Aldudeko desafioa

Hauxe omen da Perkaini buruz kontatzen den istoriorik famatuena. Aldudetik alde egin ondoren Baztanen finkatu zuen bizitokia, eta han zegoela jakin zuen bere aurkari handia zen Kurutxetek Alduden jokatu behar zuen partida baterako desafioa egin ziola. Perkainek ezin zuen Iparraldeko lurraldeetara itzuli frantses iraultzaileak gibeletik baitzebilzkion. Hori dela eta, Perkainek baimen berezi bat eskatu zuen partida Alduden jokatu ahal izateko eta amaitzean Nafarroa Garaira itzuli ahal izateko. Aldudeko agintariek baimena eman omen zioten eta Perkain bere herrira bertaratu zen partida jokatzeko asmoz.

Hortik aurrera badira zenbait bertsio edo aldaera gertatu zena kontatzeko. Batzuek diote agintariek emandako baimena errespetatu zutela eta Perkain, Kurutxet garaitu ondoren, Baztanera itzuli ahal izan zela. Dena den, gehien zabaldu den bertsioaren arabera, horrela ez zela izan kontatu eta zabaldu egin da gehienen ahotik.  Bertsio horren aldekoek kontatzen digutenez, Baionan ziren frantses agintari iraultzaileak ez omen zeuden prest Aldudeko agintariek eman baimena errespetatzeko, eta soldadu talde bat bidali omen zuten Perkain atxilotzeko. Aldudera iritsi zirelarik, Perkain 6.000 lagunez inguraturik topatu omen zuten. Denak Perkainen garaipena ospatzen ari omen ziren, eta soldaduak ikusirik, partida ikustera hurbildutakoak makilez armatu ziren eta Perkain mugaraino zuten eraman.

Zenbait tokitan kontatzen denez, soldadu taldea partida jokatzen ari zirela iritsi omen zen Aldudera. Soldadu-buruak partida bukatu arte ez zutela Perkain atxilotuko agindu omen zuen. Perkainek partida jokatu zuen eta Kurutxet garaitzeko azken tantoa eskas zuenean, pilotakada latza igorri zuen soldadu-buruarengana eta bertan hil egin omen zuen. Herritarrek gero lagundu omen zuten mugaraino.

 

6.- Perkain eta Harizpe marixala

Kontatzen denez, Perkain, zaharra zela, partida bat ikusten ari omen zen Baigorrin Harizpe marixalaren ondoan. Partida hartan Perkainen garaian baino handiagoak ziren eskularruz jokatzen ari ziren. Harizpek, hori ikusirik, honela galde egin omen zion Perkaini: Hire garaian horrelako eskularru handiak ukan izan bahitu, noraino bidaliko hukeen hik pilota? …eta Perkainek erantzun: Erratzuraino aisa bidaliko nikek!  Gogora ekar dezagun Baigorri eta Erratzuren artean kilometro aunitz daudela eta bi herrien artean 1000 metro inguruko mendiak badirela.

 

7.- Perkaini buruzko bertso eta idatziak

Ikusten dugun bezala, Perkain pertsonaia historikoa izateaz gain, gure mitoetan ere bete-betean sartu zen, euskal heroien aldareetaraino iritsiz. Horrela izanik, ugariak dira Perkaini buruz egindako bertso eta idatziak. Ikus ditzagun:

a.- “Bat zen Perkain zaharra”  6 bertso Tolosako partida kontatuz.

b.- “Perkainen kantua” edo “Perkain eta Azantza” izeneko bertso bilduma, Piarres Harizpe (1854-1925) apez lapurtarrak egindakoa.

c.- “Perkain; drame sous la Terreur et dans le Pays Basque” (1903) izeneko kontakizuna, Piarres Harizpe apezak frantsesez egina. Aldudeko desafioa kontatzen du.

d.- “Perkain le basque” (1931) Pierre-Barthélemy Gheusik idatzitako opera. Jean Poueigh-ek musikatu zuen. Bordelen estreinatu zuten 1931n, eta Piarres Harizpe apezaren draman oinarritua dago.

e.- Pierre Topet-Etxahun koblakari zuberotarrak egin zuen “Pilotarientzat” izeneko bertso bilduma. Honela dio:

Bozkariozko besta huntan / Ohore Ama Eskual Herriari! / Gure izar gidari ona / Egun zirade, Baigorri! / Zure plaza handi maitagarrik / ederrez ez du parerik / Agur, agur, izar pilotarik! / Agur gogotik deneri! ///  Egun Baigorrirat jin dira / Eskual Herriko haurrik baliosenak! / Gure hiru probintzietako / pilotari famatienak: / Badira gaztiak eta heiekin / adinak baztertu dituenak, / denek batian egin beharrez / familiarik goxoena. /  Ahal oroz lagunt zazu, Ama. / Hoiek egun hasi lana! /// Nun zituztegu, Perkain, Otharre, / Larralde, Xilhar, Leonis, Xikito? / Ta zuekin zonbat bertzerik / itzali direnak bethiko! / Ez da denbora labur bat baizik / Gure plazetan jokatzeko. / Hoiek utzi etsenplu ona / ez dugu, ez, ahantziko /  izanez denak gogo bereko, /ez da pilota galduko. /// Batasun berri bat, gazteak, /  zuentzat egina hemen bada egun / Hortara bil zaitezte denak: / Hemen giratezke lagun! / Elgarrekilan joko zaharra / gorenetik altxa dezagun, / ta kaskoin gutaz jelos direnak / atxiki ditzagun urrun… / Atzo, bihar, hala nola egun, / bego pilota eskualdun!

Perkainek historiaren mugak zeharkatu zituen pertsonaia dugu, mitora iritsi zen pilotari handia. Pastoral baterako süjeta hoberik ez genuke aisa atzemango.

+

LAIDA PILOTARIA – Euskal kantutegia – Eusko Ikaskuntza (eusko-ikaskuntza.eus)

Badok | Euskal-musika Laida-pilotaria

Perkain pilotaria  Perkain pilotaria
Perkain pilotaria  Perkain pilotaria  Perkain pilotaria
Perkain pilotaria
Perkain pilotaria  Perkain pilotaria  Perkain pilotaria

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

20 pentsamendu “Perkain pilotaria, historia eta mitoa”-ri buruz

  • Javier Cuadra 2021-04-05 12:39

    “Bozkariozko besta huntan” ez da Pierre Topet “Etxahun”en kantua, baizik-eta Bordazarre “Etxahun-Iruri”rena.
    Eskerrik asko pilotaz idazteagatik.

  • Joseba Aurkenerena 2021-04-05 15:03

    Mila esker, Javier, egin duan zuzenketagatik.

  • Mikel Haranburu 2021-04-06 11:35

    Egun on. Joseba, artikulua berrikusi beharrean dagoelakoan nago ni. Honez gero, argi aski dago, bestek egindako lanen emaitza (esker mila, Javier) Juan Martin ‘Juanico’ Inda Arrozbide Aurizberrin sortu zela, nahiz eta familia, aitaren aldetik, Baxenafarroakoa zen. Ama Aurizberrikoa, menturaz erronkariar jatorrikoa. Txiki-txikia zelarik Aldudeko etxe batera aldatu bide ziren, Lorenza Florence eta Juan Jean bilakaturik. Han munduratuko ziren anai-arreba gazteagoak. Duda gabe, pastoral batetako süjet ezin hautazkoagoa izan liteke…

  • Joseba Aurkenerena 2021-04-06 17:38

    Mila esker, Mikel Haranburu jauna, emandako informazio guztiagatik.

  • Javier Cuadra 2021-04-07 15:19

    Egiaz ere, Perkain izen nahasgarri samarra gertatu zaigu. Bateko Aurizberriko Perkainenekoa zuen, bai, ama, eta Baigorri aldeko Uhidekoa aita.
    Irudi luke senar-emazteen haurrak, “nahitara” sortu zirela, hala Aurizberriko Perkainenean nola Aldudekoan ere, hau da, bietan bizi zirela aldi berean, nolabait, edo aldika bezala.
    Gainerakoan ere, luze joko liguke eta igual idaztea merezi du, argibide berri batzuren aurrean, baina bai frantsesezko egunkari batean eta bai espainolezko gutxienez hirutan aurkitua dut Perkainen hilberria, Aldudeko elizako liburuetan aurkitu dudanak ere berresten duena: 1834-12-27.
    Ia zeregin aspergarrietatik libratzen naizen eta berrikuspen baterako ohar batzuk moldatzeko modua bilatzen dudan, gaizki iruditzen ez bazaizue.
    Nolanahi ere, beti ere beti: eskerrik asko pilotaz idazteagatik, eta euskaraz. On handia egiten dio horrek benetako literaturarik gabeko “euskal pilotari”. Utikan “pelota vasca/pelote basque”ren euskarazko itzulpenak!

  • Mikel Haranburu 2021-04-08 13:28

    Nik ikusi dudana ikusita, esango nuke bi tokietan, Aurizberrin eta Alduden, inskribatzen zituztela haurrak. Gogoan hartu behar baita Aldudeko Perkain etxea Erroibarkoa zela (Jose Mari Espartzak hiruzpalau etxe jotze ditu halakotzat, alegia, mugaz haraindikoak baina jabetzaz, Erroibarkoak, kasu honetan Aurizberrikoa). Izan ere, neba-arrebetarik izen batzuk bi aldeetan ageri dira. Eta antza denez, izena ere Aldudera eraman zuten, ordura arte Perkainenerik egon ez baitzen Alduden…
    Datuak datu, iazko otsaila arte ez zuten mormoiek (edo laguntzaileek) puzzle hau osatzekotan bildu beharreko zaigun daturik; FamilySearch gunean aurkitu nuen, kasualitatez, Juan Martin Inda Arrozbideren jaiotze data: 1754-12-31. Ondoren gainerakoak aurkitu nituen, lan ondu askoak: zurea bera, Javier, eta ondotik Chabagno beste aipamen batzuk eta Cabantousen Perkainen genealogia. Bidenabar, Mercurio Españolekoa eta beste.
    Uste dut orain puzzleko piezak elkarri josten has gaitezkeela. Beharbada ez da hau tokirik aproposena, baina elkarri informazioa pasatzea mesedegarri izanen zaigu, dudarik gabe… Badaezpada ere, nire e-posta Gmail.comeko musdeh da (osorik ez ematearren). Esker mila

  • Mikel Haranburu 2021-04-08 13:47

    Zurea ere bai, jakina, Joseba. Baina zure artikuluak ez du daturik gehitzen, Perkainen figura ilustratzen baizik. (Pastoralerako materiala biltzen hasi behar…?)

  • Javier Cuadra 2021-04-08 23:51

    Badira Perkainez mutur batzuk (asko) berrikusi behar ditugunak. Mintza gaitezke, bai, Mikel, oso gustora nire aldetik.

    Pilotaren ikerketa/literaturak makur handia du gu guztiok “frankotiradore” sekretista samarrak izatea. Igual satisfakzio pertsonala ekartzen du horrek tarteka, baina pilotak ikerketa serioa behar du, artikulatuagoa.
    Koordinazio pixka bat ere bai, ahaleginak emankorrak izango badira.

    Ia epostaz ematen duzun aztarna segitzeko nahikoa usna daukan xarlango honek ?.

  • Javier Cuadra 2021-04-09 00:12

    Perkainenea, Ballea eta Philipeinea ziren Alduden “etxe zilegi”. Nik dakidano, Napoleondar Katastroan (1840?; buruz ari naiz), “espagnole” agertzen dira Perkaindar jabetza guztiak oraino.

    Adema Zaldubyk zioenez, Espainian asesinatuta hila zen Perkain; Jean Etchepare medikuak, berriz, “Alduden, zaharturik eta itsu”…

    Hainbat egunen buruan etxera itzuli eta andrea “mutu” aurkitu omen zuenekoa, Pernando Amezketarraz ere kondatu izan da, igual-iguala, baita Azkuek jaso ere “Euskalerriaren Yakintza”n, ez Perkain eta ez Pernando aipatuz: “Gizon bat”…

    Materialak ugariak dira, ihaurriak eta, maiz, elkargainkatuak, eta ez beti ikuspuntu bakarretik heltzekoak.

  • Javier Cuadra 2021-04-09 08:53

    Barka, zatika ari naiz, baina oraintxe gogoratu zait.

    Bada Pariseko Liburutegian material bat, Arxu atharraztarrak bidalitakoa (1853ko apirilean), tartean “Perkainen Kantua”, Fr.-Michelen 1857an argitaratu zuen bertsioa, hain zuzen. Aski froga, hori, bidebatez, bai pilotaren historia batzuk, eta bai euskal literaturaren ez gutxik, aipatzen duten Harisperen egiletza behingoz baztertzeko, 1854an sortu baitzen donibandarra (gero belgiar egina).

    Vinson-en “Essai d’une Bibliographie”tik Santiago Onaidiaren “Euskal literatura” hitzerdika ulertuta pasa eta han-hemen segitu du horrek.

    Beste kantu mutur bat dago horrekin batera, nire ustean XIX. mendearen erdialdean Harispe marexala eta Perkain “laguntxu” eta “adiskidetxo” egin zituztela hein batean azaltzen duena, berenez, ordea, bai Konbentzio gerran eta bai, gero, Napoleonenetan ere, etsai izandakoak…

    XIX. mendearen erdialdean memoria publikotik ezabatu zen Iparraldean euskaldun asko ez zirela Harisperen aginduetara borrokatu, eta bai Harisperen kontra: Perkain eta Azantza, adibidez.
    (Pastorala aipatzen duzuenez, horra Berzaitzen “Harispe”n, “bederatzigarren jelkhaldian”, zer leku ematen zaion Jouyren pilotari zerrendari (“Amusements des Basques”, 1817). Ditxosozko “Silence” hori, Georges Lacombek “Zilantz” irakurtzea proposatu zuena, Azpiazuk agertua digu berrikitan, artean esateko, eta Ortheseko xarnego pilotazale maingu eta erotomanoaren usna ez zegoen oker: “Cilanz”.

    Hitz gutxitan, 1793ko albarada sezesionista hura, Alduden, Perkain batek gidatu zuen, beren burua Espainiako erregeari menpeko gisa eskeintzeko.

    Nola, alegia, heroi eta eredu altxatutakoak, Perkain eta Harispe, benetan elkarren etsaiak izanak zirela ulertu, gogoratu??? Nola hori artikulatu?

    Minari (berez Espozi, datari begira) ostatu eman zitzaion halako batean Perkainenean, eta Errobiko Borrokaren ondoren, Wellingtonek Senperen aurkitu zuen apaiz “famatua”, Perkain bat zen… Talleyrand “kardinal traidoreak”, “trés populaire parmi les Basques, et trés populaire parmi les Espagnoles”, zioena, are-eta, ateraldi eta burutadaren artean, apaiz horri “berrezarkuntza borbonikoaren” ideia egozteraino ere (Talleyrandek ondotxo gozatuko zuena, hain zuzen). Senperen zegoen apaiz, 1801eko “Concordat” sinatu ondoren, 1804ko abuztutik 1814n hil arte.

    Concordatek 1801etik aurrera Nafarroa Behereko elizbarrutiko lurralde antolakuntzak esplika lezake, gainera, “Perkainen kantuaren” bertso ulertezin bat ere (“Amikuze”ren ordez “Akhize” ulertuz gero), eta esplika ere egin lezake horrek Xahok (“Voyage”n) Perkain lapurtar eta Azantza nafar ematea (????), inoiz Haritschelharren haserre kasik komikoa eragin zuena.

    Esanahitsua eta gauza askoren seinale iruditzen zait Haristoy zaharrak (“Las paroisses basques pendant la période revolutionnaire”n), ikuspuntu erligiosotik “apaiz ez juratuen” artean laudatzen zuen bitartean, Frantzia aberri ederrari traidore salatzen zuela Wellingtonekin batera eta lagun ikusten zuenean.

    “Mercurio Español” (1794) horretan aipatzen diren “Compañías de los Aldudes”, ondo diozun bezala, Perkain aipatzen da, eta Azantza (hau jakina zen oso aspalditik, Daranatzek aipatzen baitzuen “Curiosités Basques”en), baina baita “Esgarra” idatzita agertzen den norbait ere. Nekez uler dezaket nik hor ‘Esquerra’ baizik, eta hortaz… “Kurutxet”?
    Dena den, daukat Perkain hori hor ez dela Juan Martin, eta bai Jean Joseph apaiza baizik…

    Puzzlea egiteko dago, ondo diozunez. Baina lehen baino pieza gehiago dugu. Eta hemendik aurrera kontua ez da pieza gehiago bilatzea puzzlean jartzeko (nahiz baita). Orain, baditugunak ondo jartzen asmatuz gero, hobeto jakingo dugu zer bilatu behar dugun, nondik eta zertarako.

    Artean ere, hortxe aipatu dizkizuet nire “maisuak”: Georges Lacombe eta Haritschelhar. Askoren gogobeteko Oteiza eta Pelay Orozko titiritero horiek ez ditut nik ezta pintatuta ikusi nahi. Segurolak gogorarazi dit zergatik pilotan ere antioteizianoa naizen. Ikerketa paradigma behar du pilotaren historigintzak (historigintza izango bada, eta ez txiste merkea), Oteizak zerura begira idiarena jotzea ekarri zigun, patata frijituekin. Aski da panplinarik.

    Gusto bat hemen alferrik eta txoroki bakarrik mendian ez nagoela jakitea, Mikel. Gusto handia.

  • Mikel Haranburu 2021-04-09 12:59

    Bai, mutur asko, baina helduleku eskas… Argi dagoen gauza bat, zerorrek egin dezakezula ahalegina Perkainen figura osatzeko, edo osotzeko, eta hari mutur guztiak edo gehienak bederen lotzeko.
    Egia ni neu ere frankotiradore sekretista samarra… nahiz eta sekretu gutxi eduki nire baitan. Ez, ordea, satisfakzio pertsonal hutsagatik…
    Eta bai, berriz, nahi nukeelako kontu hauei behar bezalako garrantzia ematea, esate baterako frontoietan edo pantaila aurrean orduan ematen dituztenek, inoiz zer izaten jarraituko badugu behintzat.
    Liburudendetan ez da pilota libururik; telebistan ez dago pilotaren “mamiari” buruzko programarik, ez dokumental edo pilotaren historia jorratuko duen programarik behintzat, museorik ere… ez naiz gauza hori guztia aztertzeko, baina iruditzen zait astindu handia eman beharra dugula…
    Perkainek ere lagunduko ahal gaitu!

  • Javier Cuadra 2021-04-09 13:19

    Hitz egingo dugu, Mikel, izan hori ziur.

    Bidebatez ere, eta Josebari behar ez bezala lekua lapurtzen ari garela burutik, eta damutik, ezin kenduta, azkena:
    Iribarrengo atso batek bere burua salatu zuen behin, aitor-entzuleari, baizik-eta “hamabi barako uzkerra egina zuela Gorpuzti eguneko elizinguruan”.

    Apaizak berehala, eginaz beraz baino neutzeko xehaztasun hartaz harrituago, “nola hain xeheki neurtua zuen”.

    Atsoak orduan: “Badakizu, jauna, nola hamabi barako mihisea ezartzen duten (Aurizberriko) Perkaineneko atarian…”.

    Mihisearekin batera hasia zen, beraz, eta hura bukatzean bukatu. ETA ELIZINGURUKO URRATSEAN BETI, HORI! huskeria handiagoak baitira errekorren liburu txoroan agertzen, jakina!

    Ez zen uzkerra ikusten, baina… bazen!

    Ondo izan guztiok. Eta eskerrik asko pilotari buruzko etsipenetik atera nauzuelako berriz ere, aspaldiko partez.

  • Mikel Haranburu 2021-04-09 13:30

    Uste duzu, hortaz, Mercurio Españolean aipatzen den Perkain hori ez dela pilotaria, apaiza baizik?
    Bildu ditudan datuen arabera, Jean Joseph bost urte eta piku gazteagoa zen (1760-4-15), eta urte berean hil zen, hots, 1834an. Ezin esan deus gehiago, baina, zergatik uste duzu ez zela Juan Martin izanen? Azken batez, kondatzen direnak, mugaz batera edo bestera pasatzeak, Juan Martini egozten zaizkio…
    Perkain eta Harispe harremanaren inguruan, pista bat izan liteke Marie Inda eta Jean Harispe ezkondu izana… Perkain jaio berria zelarik… familia harremanik bazuten?
    Nire puxtarriak…
    Bai, niretzat ere gustu handia da, ‘mendian txoroki’ ibilki bagara ere…

  • Javier Cuadra 2021-04-09 19:29

    Nire ustez, Perkainez kondatzen den ixtoriorik famatuenaren benetako erroa Juan Josephi dagokio nolabait. Aldudeko partida, komisarioak, Perkainen pilotakada eta ihesari ematea… Juan Josephek burutu zuen gorago aipatzen nuen “ahalegin sezesionista” eta Haristoyk zioenez, berehala oldartu zen Aldudera buruz Donibane Garaziko garniziotik destakamentu bat, ordena politikoa ezartzekotan. Hortik Juan Josephek presa eta korrika alde egitea. Egia nahi baduzu, Perkainen balentriarik famatuenari inoiz ez diot nik benetako itxurarik ikusi.

    Hilabete batzuk beranduago, “apaiz transfronterizoetaz” (kontra) diharduen agiri batean, sutsuen, tematuen eta nabarmenenak bezala aipatzen dira: “Ondicola, Sugarramurdy, Etcheberry et INDA dit PERKAIN”. Hurrentsu dugu Iriarte koronel gipuzkoarraren aipamena “Mercurio Español”en…

    “Légion de Saint-Simonen” Dultonio erregimenduan “Perkain-Azantza” edo “Perkain-Sorhainde” konpainia bitan aipatuta ikusia dut, harekiko harremanagatik epaitu, kondenatu eta exekutatuak izan ziren bi pertsonaren kasuetan. Ez dakit. Hor kanti-kanti geratzen diren gauza askoetako bat, Juan Martin, Juan Joseph… Ohartuko zinen garai batean Alduden “Jean Inda” eta “aldudar” esatea kasik gauza bera zirela. Desesperantea kasik…

    Nola kasu batzutan seguru argitu? Nik ez dakit, egiaz.

    Dena den, argi ikusten dut genealogiei dagokienez harago zaudela zu ni baino. Harisperekin ezkontza hori, adibidez, nik ez nekien batere.

    Gainerakoan ere, gauza ziurra ere bada Perkaindarrek okupatu ere egin zutela denbora batez Erratzuko etxe bat. Aurreko nagusia itzuli zenean, haiek hustu ondoren, “frikun”, “malapartatu” eta holako perlekin apaintzen ditu, eta bakarra ez, baina “los percaines” egiten ditu pilotari…

    Erantzunak gutxi eta galderak pilaka.

    Izan ere, “pilotaria” eta bere anaiak esanez igual oker egiten dugu… Zer zen gizon gazte edota garaerdiko baten aisialdia XVIII.mendean? Egun pilotaria irudi luke federazioak fitxa emandakoa dela, baina orduan? Nondik anaia bat pilotari baina besteak “pilotariaren anaiak”?

  • Joseba Aurkenerena 2021-04-10 09:25

    Javier eta Mikel, arreta handiz irakurtzen ari naiz zuen iruzkin aberats eta interesgarriak. Hor baduzue Perkaini edo perkaindarrei buruz, ikerketa-liburu bat idazteko moduko material baliosa. Ongi legokiguke denoi horrelako liburu bat esku artean edukitzea. Datu eta zehazkizun horiek nonbait plazaratzeko beharra ikusten dut, bestela zuek egindako lan guztia egun batean galdu eginen delako. Adeitasunez agurtzen zaituztet.

  • Javier Cuadra 2021-04-13 18:35

    Eskerrik asko, Joseba. Erabat sinetsita nago badela hor zer idatzi, bai.
    Perkain bera baino gehiago ere, pilotaren historikotasuna dago jokoan, historia kulturala eta korporalitatearen beraren dimentsio kulturala.
    Erabat sinetsita nago, bai, baina kontraesanak gainditzen nau gehienetan, eta nire ahalak txikiak direla, nire euskara eskasa dela, eta…

  • Mikel Haranburu 2021-04-14 11:28

    Joseba, eskerrik asko. Nik nire zatitxoa hartuko dut; gehiena Javierri dagokio, zalantzarik gabe.
    Ni genealogiatik heldu naiz Perkainen bila, bai, nahiz eta ez naizen, horretan ere, zaletu bat besterik. Perkain aspaldi ezagutu nuen pilotari buruzko liburuetan, eta horietan esaten eta errepikatzen dena sinetsi besterik ezin egin. Gero jakin nuen Aurizberrin sortua zelako berria, eta iaz ia kasualitatez aurkitu nituen datu batzuk.
    Artxibategietan aurki liteke, noski, datu gehiago, baina horretarako denbora eta aukera behar dira… Familysearch delakoan elizbarrutietako informazioa igozten ari dira etengabe, eta hilabete batetik bestera gero eta gehiago datuak milaka topatzen ahal dira.
    Uste dut izenak eta datak ikusita, eta beste informatzaileek idatzitakoak irakurrita, zalantza batzuk bederen argitu daitezkeela, edo argitzen hasi behintzat.
    Egina daukat Perkainen inguruko genealogia, arbasoak (ez dira asko), neba-arrebak, amaren aldeko familia eta ondorengoak. Ez dira denak, osatzen jarraitu nahi baitut. Eta, egia esan, hainbeste izen, data eta senide… behin eta berriro begiratu behar izaten ditut hariari jarraitzeko.
    Bederatzi neba-arreba izan ziren, datuen arabera. Juan Martin bigarrena. Aitaren familian zazpi Inda, denak gizonezkoak. Nahiz eta garai haietan batzuk gazterik, ez bada jaioberririk, hil ohi ziren.
    Perkainen anaietan, biren emazteen izenak eta seme-alaben izenak ageri dira. Perkainen emaztea ere, datuak fidagarritasun aski duena uste baitut, hor dugu: Maria Josepha Urrutia Granada.
    Datu horiek ziurtatu eta egiaztatu beharko lirateke, beste iturritatik edo…
    Hemen: http://musdeh.duckdns.org/login.php begiratu daiteke bildu dudana. Erabiltzaile: Paltso eta pasahitza paltso

    Ados nago, Javier, Perkainen beraren izaria baino gehiago dagoela atzean; Perkain sortu zen herriaren gorabehera guztiak, nolabait ere, islatuak dira gertakari haietan. Esate baterako, mugak zer gutxi balio zien orduko euskal herritarrei… historialariek jakinen dute hobeki historia handia eta xehea harilkatzen.

  • Javier Cuadra 2021-04-14 16:58

    Aurreko batean mintzatu nintzen “frankotiradore sekretistetaz”. Oraintsu Patri Urkizuk online argitaratu dituelarik bere hainbat liburu argitaratu eta argitaragabe, oraintsu, alegia, gogoratu naiz aspaldi Humboldti eskeini zion artikulu batean, Perkainen aipamena egiten suela eta argi eta garbi zekarrela Urkizuk “1754-1834”.

    Nondik zekien hori? Ze oraintxe hemen gaude, besteak beste, ondorio horretara “iristen ari bezala”.

    Horrek erdi-pena, eta erdi amorru ematen dit… Zenbat aldiz deskubritu behar ote ditugu “ASPALDIKO GAUZA BEHIN ETA BERRIZ BERRI-BERRIAK”???

    Hartzen baduzue, adibidez, Argentinan EKINek kaleratzen zuen “Biblioteca de Cultura Vasca” hura, denbora batez, “Pelota Vasca” izeneko liburu bat agintzen zen “hurrena agertzeko” bezala… Nire ustez, Blazyren “La pelote basque” zen, “La Vasconia” aldizkarian kasik osorik espainolez itzulia zena (aski itzulpen eskasa bada ere), baina liburu hura ez zen inoiz argitaratu. Eta agintzeari utzi zioten…

    Horra ditxosozko EL GRAN LIBRO DE LA PELOTA, Bombín Fernández eta Bozas-Urrutiarena… Bigarren liburukian, lehenean promestuak ziren kapitulu asko falta dira… Presakako aintzin-solasa idatzi zuen Bozas-Urrutiak, azalduz arrazoi material hutsengatik ez zirela haiek sartu… Egiaz, bigarren liburukia demasia bat da tamainaz. Gehiago sartu eta eskuetan lehertzen zaizu… Gizaxoak agiantzak egiten zituen, hurrengo batean sartu gabeko KAPITULU EGIN haiek eranskin gisa argitaratzeko, edota are oraino hirugarren liburuki gisa!!!
    NON DAUDE?

    Argitalpen horretaz hain harro mintzo den Nazioarteko Pilota Federazioari galdetzen badiozue, behiak trenari bezala begiratzen dizute. Zertaz ari zaren ere ez dakite… Hori bai, lantzean behin argitaratzen dituzten zuntzunkeria horietako aintzinsolasean aldian aldiko presidenteak Alexandriako Biblioteka direla sinetsarazi nahi dizue. Pilotaz edozer esan daitekeela argi jakinda, noski. Azken batean honek ez diolako inori axola.

    Esan ere esaten zuen Bozas-Urrutiak euskaraz moldatua zuela liburu bat, “azken bultzada baten zain”… Non dago???? Azken bultzada gabe ere, NEUK EMANGO DIOT!!

    Eta bukatzeko, Mikel: zure esteka horretan sartzen hasi naiz eta galdu egin naiz. Zentzurik onenean galdu… argiak, ilunak, galderak. Tresna baliosa eskeini duzu.
    Ikusia nuen nik Family Search hori baina, esaten duzun bezala, bisitatu eta birbisitatu behar da, dirudienez, etengabe handitzen ari delako eta nire bisitak oso zaharrak ziren.

  • Mikel Haranburu 2021-04-16 14:48

    Javier, Urkizuren artikulua bilatu dut, ez bainuen irakurria (uste dut…) eta hau baldin bada: “W. von Humboldt eta garaiko Euskal Literaturaz”, ematen dituen datak ez dira zuk (edo nik) aipatutakoak, ‘1767-1834’ baizik. Agian memoriaz ari zinen, baina esan beharra nuen.
    Gainerakoan, ados, zoritxarrez… beste hainbeste gaietan bezala, gure herri honetan argi eta kritiko hitz egin beharra baitugu, inoiz tajuz geure buruaren pertzepzioa onbideratuko badugu… Perkainen genealogia lantzen hasi eta, datuez harago, zerbait ere ikas dezakegu (ni asko ikasten ari naiz, mila esker) garai haietako bizitzaz, harremanez, orduko zenbait gai politikoz…
    Nirera itzulita, emandako esteka hor dago beti; datuak gehitzen saiatuko naiz. Eskertzekoa beti ere akatsak jakinaraztea edo zuzenketak proposatzea… are pistak ematea ikerketan segitzeko.
    Beste alde batetik, hemengo historialari eta lagun Aitor Pescadorrek atzo bertan esaten zidan bere irudiko Perkain gudukari eta konbentzioaren aurkakoa apaiztutako anaia ez ote zen izanen… eta ez pilotaria… beraz, zure ustea berrestera dator…
    Gaurko begiez ezin begiratu mende laurden lehenagoko kontuak… Agian anaia-arreba guztiak ziren Perkain… ziuraski denak ere pilotan aritutakoak ziren… (bai eta Benito Urtasunek aipatu omen zuen osaba Arrozbide “Perkain” ere).

  • Javier Cuadra 2021-04-16 16:13

    Bai, bai eta bai, Mikel, buruz ari nintzen eta oso gaizki eginda. Seguru nengoen heriotzeko dataz, baina gehitxo estutu nuen nire baieztapena jaiotzari dagokionez, eta buruz.
    Aldudeko eliz-liburuetan ez da “Juanico” agertzen, “Khoanico” baizik, “né espagnol”, eta beti bilatu izan dugun Zamukegiko Perkainenean barik, Lephederreko “Herrico-Etcheberria”n hila zela esaten da.

    Perkain, etxe baten izena, familia baten izena, esango nuke.

    Baina oraingo lana, egia nahi baduzu, zure data ziur horiekin (nireak baino zabalagoak eta sistematikoagoak) nola nire usteak bermatzen, finkatzen edo erortzen diren ikustea daukat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude