Pentsio-planak, neoliberalismoaren iruzurra

Pentsio-planak, neoliberalismoaren iruzurra –

Europar Parlamentuan pentsioen inguruko eztabaida dago egun. Abiapuntua oso kezkagarria da: ez zaie Europako estatuei exijituko herritarrentzako pentsio sistema publikoa  bermatzea. Izan ere, aspalditik gerra bat zabalik dago pentsio sistema publikoaren aurka. Zergatia azaltzea nahiko erraza da: pentsio sistema publiko on batek pentsio pribatuen negozioarentzat oztoporik handiena da.

Pentsio-planak, neoliberalismoaren iruzurraEta inbertsio-fondoen enpresek, bankuek eta abarrek botere soberakoa dute beren alde presionatzeko. Antzekoa ari da gertatzen beste esparru askotan, interes pribatuen araberako erabakiak eta irizpideak jarraitzen baitituzte politikariek. Horregatik ahuldu dituzte pentsioak eta beren kalkulu prozedurak aldatu azken urteotan, krisia aitzakia. Gero eta negozio-leku interesgarriagoak zaizkie batzuei oinarrizko eskubide sozialekin lotutako arloak: osasuna, hezkuntza (unibertsitatean era oso argian), pentsioak …  Negozio handiak egin nahi dituzte, hori bai, gure kontura, gure segurtasunaren kontura, bizitza duin bat eramateko eskubidearen kontura. Esaten dizutenean: “zure pentsioa publikoa osatzeko plan baten beharra ere badago” beldurra eragin nahi dizute, zure dirua negozioa egin nahi duten horiei eman diezaiezun. Azken batean, planteamendua zera da, “aurreztu zahartzen zarenerako”.

Oso garrantzitsua da desberdintzea nola funtzionatzen duten pentsio publikoek eta pribatuek (BGAE-EPSVak). Pentsio publikoek zure ekarpenen eta kotizazio urteen araberako hileroko dirusaria bermatzen dizute, bizi zaren artean (urte gutxi ala asko): hori da benetako pentsio bat, hilerokoa. “Pentsio-planak” (BGAE-EPSVak), ordea, ez dira gauza bera. Zeuk jarritako diru kopuru hori baino ez dizute itzuliko, inbertsio horri dagozkion interesekin:  ez dira hileroko “soldatak”, ez “pentsioak”; jakina, negozio bat dira, ez zerbitzu soziala! Izena bera (“pentsio-plana”) engainagarria da. Egiatan aurrezteko modu bat dira, zure diru hori beste batzuek gestiona dezaten zuk erretiroa hartu arte. Zergatik deitzen dute hain erraz “pentsio-plana”?

Eta zergatik bultzatzen dituzte honelako BGAE-EPSV fondoak administrazio publikoek? Izan ere, zerga onurak jartzen dizkizute horietan dirua sartzean (kontu tranpati samarra, dirua berreskuratzean zergak bai galanki ordaindu behar baitira). Gainera, administrazioek beraiek egiten dizkiete askotan beren langileei honelako fondoetarako ekarpenak. Zer interes dute fondoen gestio pribatuan? Zer interes dute  horiexek, hain zuzen ere pentsio publikoak zaindu eta bermatu beharko lituzketen horiek? Argi dago gehiengoaren interesa ez dela defendatzen ari, eta mezu argia eman nahi dutela pentsio pribatuak bultzatzeko. Batzuen negozioaren araberako politikak egiten dituzte honetan (eta beste kontu batzuetan, noski).

Egoera honetan poztekoa da Euskal Herriko kaleetan pentsionistak protestan ikustea, pentsio publiko duinak aldarrikatzen; eta era berean esperantzagarria da erakutsi duten antolatzeko ahalmena eta kemena; orain berea ari delako jokoan, baina, funtsean, zahartzeko esperantza dugun gu guztiona ari baitira defendatzen.

Pentsio-planak, neoliberalismoaren iruzurra

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.

6 pentsamendu “Pentsio-planak, neoliberalismoaren iruzurra”-ri buruz

  • 40 urteduna 2019-04-13 10:03

    Momentu honetan iruzurrik handiena pentsio sistema publikoarena da. Egun lan egiten dugunoi hilero dirutza kentzen digute, egungo erretiratuen pentsioa ordaintzeko. Iruzur piramidal erraldoia da, gero eta jende gutxiago lan egiteko adinean dagoelako,eta gero eta gehiago erretiratzekoan. Politikariek (guztiek) gezurretan ari dira pentsioak bermatuta daudela esaten digutenean. Bermatuta datozen 5-10 urtetarako. Ordutik aurrera ikusi beharko nortzuk, zenbat eta noiz arte kobratzen jarraituko duten.
    Nik argi daukat aportatu dudan diru guztia ez dudala berreskuratuko: oso gaztea hasi nintzen kotizatzen, oso zahar erretiratu beharko naiz, eta oso pentsio publiko txikia jasoko dut.
    Inork ez dizu pentsio plan pribaturik saltzen, “pentsio plana” ezkerrak asmatutako kontzeptua da. Banketxera joan eta fijatu produktuen izenetan.
    Eta bai, bankuek saltzen digutena ere iruzurra da. Hezkuntza eta ikasteko gogo falta handia dago sektore sozial jakin batzuetan. Pena bat da, gaur egun informazioa eta jakinduria poltsikoan daramagulako.

  • Benat Castorene 2019-04-14 16:07

    Josean, fondoek izitu nahi gaituztela ? Posible da , baina, jubilatuek eta guziz jubilatugeiek zinez badute zeren beldur izan.
    Zorigaitzez, aldi honetan, arazoa ez da soluzionatuko bakarrik manifestaldiekin
    40 urtedunaren iruzkina nahikoa esplizitua da. Bera zintzoa da, eta, pazientzia asko erakusten du.
    Berdin etorriko, egunen batean, da belaunaldi bat patzientzia hura eukiko ez duena eta erranen diguna :
    « …Begira, gu langile bakar hauek garenok ezin dugu gehiago gure kotisazioekin pentsioa segurtatu zuen jubilatu tropa honi, aski zenuten ordu zeno gutiago pesta gtiago eta ume gehiago egin edo aurreztu… »
    Pentsioen arazoa inportantea da bainan ezin da demografiatik isolatu ez eta aplikatzen gure gizartean dugun lanaren filosofiatik.
    Azkenean administrazioa akusatzen duzu zerga berriak jarri nahi izaiteaz pentsio plan horien bitartez.
    Horretan ere arrazoi dukezu, harentzat dena ere on dirua errekupertzeko orduan.
    Alta, izigarriko frakasoa da Estatu probidentzial batentzat. Existiten denetik, erretreta pentsioaren promesa izan baita bere argudio tentagarrienetarik bat. Gurean argudio horrek konbentzitu du gure laborari asko frantses izaiteko abantailaz, araiz beti indarrarekin batera.

  • Pentsioak, osasuna, hezkuntza … eskubideak dira. Urteetako borrokarekin lortu ziren. Orain negozio bihurtu nahi dituzte pribatizazio politikekin. Horretarako ahuldu eta pobretu egiten dira zerbitzu publikoak; gainera, hauen kontrako diskurtsoa zabaltzen da. Baina publikoa dena guztiona da, guztiontzat, eta kemen handiagoz babestu beharko genuke.
    AEBak dira eredua. Han, adibidez, osasun zerbitzua pribatua da nagusiki. Osasunak askoz zati handiagoa hartzen du BPGean hemen baino; baina, paradoxikoki, herritar askok osasun zerbitzu oso eskasa dute (edo ez dute) eta familia “normal” askorentzat gaixotasun larri batek hondamen ekonomikoa ekar dezake. Baina, hori bai, negozio on-ona da batzuetzat, eta izugarrizko botere ekonomiko-soziala dute arlo horretako enpresek. Batzuen negozioa askoren kaltean. Horra eraman nahi gaituzte.

  • Benat Castorene 2019-04-16 22:12

    Gauden pentsioekin.
    Administrazioek kotizazioak biltzen dituzte enpresetatik eta langileen ganik eta zerbitzu sozialek bildutakoa banatzen dute pentsiodunen artean.
    Pentsiodunen kopurua luzaz haunditzen bada langileena baino fiteago, zer pasatuko da?
    Enpreseri eta langileri galdegin beharko zaie gero ta gehiago.
    Ahal duten enpresek Txinara anka eginen dute. Geldituko direnei eta beren langilei oraindik gehiago galdatu beharko zaie. Langileek azkenean patzientzia galduko dute.
    Zer izango da zure eskubidea, ordaintzen duten langileek ez badute gehiago errekonozitu nahi?
    Espero dut ez garela horraino iritsiko bainan posibilitate bat da.
    Nahi nizun iradoki demografiaren inportantzia.

  • Castorene, egia da demografiak baduela eraginik. Baina, bestalde, lanaren eta aberastasunaren banaketarekin ere badu zerikusia, bereziki askoz gehiago ekoiztu eta gestionatu daitekeenean lan gutxiagorekin, teknologia berriei esker.

  • Benat Castorene 2019-04-18 23:12

    Sortu denetik, kapitalismoak geratu gabe teknologia berriak sortzen ditu.
    Josean, ezin duzu horren gainean kontatu.
    Sentitzen dut bainan 40 urtedunak arrazoi onak ditu kezkatzeko.