Pentsatu eta idazten diren gauzak

By: Silent silk

Bederatzi bat hilabete igaro dira azken aldian hain goraipatua izan den Harkaitz Canoren Twist eleberria irakurri nuenetik.  Maizegi gertatzen zaidan moduan, kontakizunaren haria eta xehetasunak ez ditut taxuz gogoratzen, bai ordea harritu eta erakarri ninduten hainbat aspektu (denborak distortsionatu dituenak apika): hasiera poetiko eta bikaina,  gehiegi apaindu gabeko narrazio-bide jantzia eta “pentsatu eta esaten ez diren gauzak” esaldiaren bueltan eraikitako jolas literarioa. Azken horrek, nahigabeko gogoetan murgildu ninduen: gehiegi ote da guretzat gordetzen duguna? Beharrezkoa al da pentsamenduak ahoan jarri aurretik iragaztea?

Ez nuen baina ondorio pitza ezinik erdietsi (edo ez dut oroitzen behintzat) eta liburua amaitzearekin batera galdera horiek beste zalantza batzuei egin zieten tarte. Ez betiko baina. Hilabete batzuk beranduago, Saizarbitoriaren Martutene lan mardulari heldu nionean, orriak atzean uztearen plazer mantsoak azaleratu zuen erreflexio haietara itzultzeko aitzakia. Izan ere, gizontasunaren muga emozionala, edo zehatzago, gure gurasoen belaunaldiko gizonezkoek sentimenduak adierazteko duten zailtasuna liburuaren ardatz askotariko bat da.

Sexu-bereizketa albo batean utzi, eta gure belaunaldiaren egoerarekin erkatzeari ekin nion orduan.   Sarearekin loturiko hamaika irudik eraso ninduen berehala. Batetik,  garai batean punta-puntakoa zen Messenger-ean izenari laguntzen zioten maitasun hitzak (maiz inizialetan laburbilduak), bestetik argazkiarekin batera makina bat lerro lagunei eskaintzeko baliatzen genituen Fotologak , eta nola ez,  askok bizipen pertsonalez hornitzen ditugun blog edo webguneak.

“Zuzenekoa ez den komunikazioan erraz plazaratzen ditugu gure sentimenduak, zuzenean aldiz, oraindik ez”. Argia eta sendoa zen ideia, udalekuetako azken eguneko malkoaldi eta besarkada eztiegiak, pertsona bat ezagutu eta aste betera maite dutela aldarrikatzen duten lagunak eta haien min sakonenak lau haizetara zabalduz eroso sentitzen direnak oroitu nituen arte.

Orokortzearen baliogabetasunaz ohartu nintzen orduan, denetarik dago.  Baina, orokortzeak menpekotasuna sortzen du, eta beraz, ideiei beste gain-begirada bat emanez  ondorio bat atera nahi izan nuen: salbuespenak salbuespen, aurreko belaunaldiek baino errazago husten ditugu barrenak, sarean (batez ere), zein zuzenean.

Baina horrekin batera, ez ote da aldatu gaiaren fokatzea ere? Saizarbitoriak emozioak azaltzeko ezintasuna arazotzat hartzen duela esango nuke. Nik aldiz, konturatu naizenez, emozioak barruan gordetzeko gaitasuna dutenak miresten ditut, sentimenduak hitzez adierazi beharrik gabe ekintzetara daramatzenak. Baina hara hor kontraesana, lasaigarri eta hunkigarri ere bazait gertukoek haien sentimenduak helaraztea.

Pentsatu eta esaten ez diren gauzak, sentitu eta idazten diren gauzak, pentsatu gabe esaten diren gauzak…  zein ote formula egokia? Norberaren neurrira eginikoa? Sentimenduaren araberakoa al da?

P.D: Kaka zaharra! Ideiak idatziz jarri eta txukunduta ere ezin axioma zalantza ezinik atera. Bai, ziur asko lerrook alferrik irakurri dituzu. Minutu baliotsuak lapurtu badizkizut, barkatu.

iritzia
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK