Peñak eta animalien tortura: zabal dezagun eztabaida

Peñak eta animalien tortura –

Azken zuzendaritza-batzordearen zikloa amaitu ondoren eta ohiko jarduera ezinezkoa egin duen pandemiaren testuinguruan, Iruñeko Peñen Federazioak iragarri du gai hauei buruzko eztabaida eta hausnarketaldia zabaldu nahi duela: peñek egiten duten lana, kalean duten presentzia eta kideen arteko koordinazio moduak. Beraz, kontua ez da soilik zuzendaritza aldatzea, peñen jarduna bera sustatu nahi dute.

Iruñea Antitaurinak espero du eztabaida horretan sanferminetako zezenketen orainari eta etorkizunari buruz eta peñek animalien torturarekin duten harremanari buruz hausnartuko dela.

Izan ere, sanferminetan zezen-plazan gertatzen den errealitatea ezin da alde batera utzi. Arratsaldero, sei animalia labankatzen dituzte hainbat tresna erabiliz, baina ez berehalakoan, torturak hogei bat minutuz iraun dezan kalkulatzen baitute. Bukaeran modurik krudelenean hiltzen dituzte, hau da, sastakaia erabiliz, nahiz eta Europar Batasuneko hiltegietan aspalditik debekatuta egon eragiten duen heriotza ankerrarengatik: animalia kontziente dela itoten da eta agoniak bi minutu baino gehiago iraun dezake.

Gizarte aurreratuetan jendea ez da dibertitzen animaliak torturatzen eta hiltzen; horregatik, zezenketek ez dute etorkizunik. 2007-2019 epealdian zezenketak % 63,4 murriztu ziren Espainiako Estatuan. Inkestek adierazten dute tauromakiak geldi gabe behera egiten jarraitzen duela. Ipsos Moriren inkesta batean, esaterako, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 84k zezenketak baztertzen dituzte eta “lotsa” eragiten diete.

Electomaniaren iritzi-azterketa baten arabera, nafarren gehiengoa (% 43,4) tauromakia legez debekatzearen aldekoa da; aldiz, % 24,9 dira gorde beharreko tradiziotzat hartzen dutenak.

Europako eta nazioarteko erakundeak gero eta sentikorragoak dira animalien babesari dagokionez. Ez litzateke atsegina izanen Nafarroako erakundeak haien gidalerroak onartzeari uko egiten ikustea. Adibidez, NBEren Haurren Eskubideen Batzordeak Espainiako Gobernuari eskatu zion 18 urtetik beherakoak toreatzaile gisa aritzea edo zezenketetara joatea debekatzeko, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa urratzen duen jarduera baita. Iruñeko Udalak eta Foru Parlamentuak konpromisoa hartu dute aipatutako konbentzioak jasotzen dituen eskubideak defendatzeko eta babesteko, baita neurri zehatzak hartzeko ere erabateko aplikazioa lor dadin.

Beraz, testuinguru horretan, ukaezina da jai-eredua aldatuko dela, sanferminak ere bai. Uste dugu peñek, festaren eragile nagusi eta funtsezko bat izanik, animalien aurkako tratu txarrik gabeko sanferminetara heltzeko bidearen bultzatzaile izan beharko genukeela. Are gehiago, peñek Iruñeak egiteke duen eztabaida sustatzen lagun genezake. Eztabaida horretan jai-arloko eragileek, erakundeek, eragile ekonomikoek eta sozialek eta gizarte osoak parte hartu beharko luke, gure jaiak berritzeko eta bultzatzeko aukerarik onena bila dezagun eta, azkenik, harro esan dezagun sanferminak zezenketarik gabeko jaiak direla.

Horregatik, Iruñea Antitaurinak peñei dei egiten die ausartak izan daitezen eta hausnarketa-une hau balia dezagun animalien torturaren meloia irekitzeko. Gure ustez, eztabaidari izkin egitea aukera txarra da, baita birpentsatu behar duguna birpentsatzeko eskatzen dugun ahotsak, peñen barnekoak hainbat, isilaraztea ere.

Iruñea ez baita zezenzalea, sanfermizalea baizik.

 

Juanje Soria, Alberto Gorriz, Iban Agerri

Iruñea Antitaurinako eta Iruñeko peñetako kideak

Peñak eta animalien tortura Peñak eta animalien tortura

Iruñea ez da zezen-zalea, sanfermin-zalea da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude