Pedro Larraondo, Mediterraneoan pirata

Pedro Larraondo, Mediterraneoan pirata –

Kontakizun hau XIV. eta XV. mendeen artean kokatu behar dugu, arrantzale, merkatari, pirata eta kortsarioen arteko muga aski lausoa zen garai ilun haietan. Euskal kostaldeko herrietan lanbide horiek aski ohikoak ziren eta ainitzetan nahasi edota aldizkatu egiten zituzten. Hauxe da, bederen, XIV.  mendeko azken hamarkadetan Bilbon sorturiko eta haziriko Pedro Larraondo itsasgizonaren historia.

Jakin badakigu 1395etik merkatari gisa aritzen zela Europako hainbat herritako merkantziak Mediterraneoko portuetara eramanez eta alderantziz. Badirudi Florentzian egoitza zuten Brujaseko Alberti familiaren zerbitzuan ari zela bere itsasontziekin eta itsasgizon bizkaitarrez osaturiko eskifaiekin.  Historialariek diotenez, Brujas, Southampton, Genoa, Trapani eta Konstantinoplako portuetan ibili omen zen.

1398an, Larraondoren ontzietako bat Cartagenako portuan ainguraturik zegoela, Lope Barata izeneko kortsarioak ontzia erasotu eta ostu zion. Iduriz, galera honek zer pentsa piztu zion itsasgizon bilbotarrari. 1402an, Zipretik gertu zebilela, Sataliatik Alexandriara zihoan itsasontzi musulman bat harrapatu zuen. Aipatu ontzian biziki merkantzia baliosak zeramatzaten, eta horiek ebasteaz gain, eskifai osoa preso hartu eta 150 gizon esklabo gisa saldu zituen. Horri esker etekin itzelak eskuratu omen zituen. Hauxe izan zen pirata gisa eman zuen lehen kolpea.

Lanbide berriak zaharrak baino sosa gehiago ekartzen zizkiola ikustean, Larraondok, Egeoko  Quios, Rodas eta Mitilene uharteetan babesturik, Mediterraneoan zehar zebiltzan merkatalontziak erasotzen eta ebasten jarraitu zuen, batez ere, gogor aritu zen katalanen, veneziarren, genoarren eta musulmanen ontzien aurka. Jakin badakigu, Kretako kostaldeetan eraso franko egin zituela eta katalan merkatariei galera handiak eragin zizkiela. Adibidez, 1405ean katalan ontzi batzuk erasotu, harrapatu eta zakuratu zituen.

1406an veneziarrak gibeletik ibili zitzaizkion, baina alferrik, nehoiz ez baitzuten Larraondo harrapatu ahal izan. Berantago, Bartzelonako merkatariek itsas armada indartsu bat prestatu, Jaume Fogassot kapitainaren aginduetara jarri,  eta bizkaitarraren gibeletik Gallipoli aldera zuten igorri. Katalanek, Quios irlen inguruetan  bilatu omen zuten, baina alferrik, eta mendeku gisa Quios uharteko biztanleak zigortu eta sarraskitu zituzten kortsario euskaldunei emandako babesagatik.

Tafur izeneko batek bere idazkian kontatzen digunez, 1407an mairuek preso hartu omen zuten eta Egiptora zeramatela, katalan pirata batzuek ontzi musulmana erasotu eta preso hartu zuten. Katalan pirata buruak Larraondo zuen ezagutu eta  haiekin batera ibiltzeko zion eskatu. Hurrengo urteetan, Egiptoko uretan ibili ziren biak bertako portuak eta ontziak astintzen eta inarrosten.

Tafur izeneko honek dioenez, 1411n, ustekabean Damietako sultanaren gizonek biak preso hartu zituzten eta Egiptora esklabo eraman. Badirudi hainbat urtetan bi-biak, katalana eta euskalduna, sultanaren aginduetara ari izan zirela, eta honek biziki preziatu zituela horien zerbitzuak. Sultana hil zelarik, egoera arrunt aldatu zen, sultan berriak giristinotasunari uko egiteko eta Islamera pasatzeko gomita egin baitzien. Pirata katalanak onartu omen zuen, eta musulman bihurturik, sultanaren zerbitzuan luzaz jarraitu omen zuen, baina Pedro Larraondok, arima betiko galtzeko beldurrez,  ez zuen sultanaren eskaintza onartu, eta borreroak lepoa moztu zion.

Horrela bukatu ziren merkatari, pirata, esklabo eta martiri izandako bilbotarraren ibilerak. P.H. Dopp-ek bere idazki batean erraiten duenez, Kairoko Santa Maria eliza koptoan ehortzi omen zuten.

Pedro Larraondo, Mediterraneoan pirata

Pedro Larraondo, Mediterraneoan pirata

Euskaltzalea eta irakasle-ohia