Pauso bat aurrera

Pauso bat aurrera –

Pauso bat aurreraSiqueiros-en Demokrazia.

Seguru asko Demokrazia hitza izango da hitzetik hortzera gehitxoen erabiltzen duguna: “Demokrazian bizi gara”. Eta kritikaren bat egiten denean, beti dago erantzuna prest: “Demokrazia perfekturik ez dago”. Baina nik esango nuke Demokrazia Inperfektua eta errorik ustelduta dagoen Demokrazia, ez direla gauza bera. Alegia, azken urteotan ikusi ditugunak ikusita, ezin zaiola honi deitu Demokrazia. Ehunka milaka herritarren eskubideak gorde baino, zapaltzen duen sistema, ezin dela demokratiko deitu. Eta esango zait hau eta hura indarkeriaren gaitzespenaren inguruan, eta erantzun beharko dut norbaitek delitua egin badu, jar dezatela epaileen eskutan, baina ez diezaiotela kendu bereak dituen eskubide teorikoak.

Baina ez hori bakarrik. Badira beste alde pare bat aipatzeko modukoak. Abstentzioaren balioari buruzkoa da lehenengoa edo, hobeto esan, abstentzioaren balio ezari buruzkoa. Jar dezagun adibide bat: 100 ordezkari aukeratu behar dira era demokratikoan. Zer gertatzen da, ordea, %40ko abstentzioa gertatzen bada? Zein da aukera horren balioa? Zergatik ez dira 60 ordezkari bakarrik hautatzen 100en lekuan? Abstentzioa ez al da, ba, bere isla merezi duen aukera bat? Ez badu ezertarako balio, zertarako dago aukeren artean?

Bistan da, sistema politikoa politikarien esku dago eta beti izango dira 100, nahiz eta bi katu izan bozkatzera joandakoak.. Inperfekzioaren ajeak dira, baina apur bat pentsatu ezkero, Demokraziaren funtsa bera kolokan jartzeko moduko ajeak.
Horregatik egin dit grazia handia, Alvarez Rabo lagunak, bere blogean planteatu duenak. Mikatza da beti Alvarez Raboren umorea, zitala eta, aldi berean zirikatzailea izateaz gainera. Esango nuke non zauri hantxe min egiten dakien horietakoa dela haren komikigintza eta lana, oro har. Ikusi nahi duenak hementxe dauka.

Honakoa galdetu du: pertsona bat, bozka bat. Ederki. Baina bozka hori ez da izango orain artekoa bezalakoa, hots, zentzu bakarrekoa. Bozka izaten ahal da aukera baten alde egiteko, baina baita ere aukera baten aurka egiteko. Ezen hauteskunde egunean baliteke oso argi ez edukitzea zer nahi den eta, aldiz, garbi-garbi ikustea zer ez den nahi. Erran nahi baita, bozka eskutan duzunean, zeuk erabaki beharko duzula norbaiten alde eman, ala nahi ez duzun aukeraren alde botoa eman duen norbaitena baliogabetzeko erabili zeurea. Alegia, alde ematen duzunean, bat gehiago izateko balioko du eta kontra denean,  norbaiten botoa baliogabetzeko.

Ez esan niri hori ez dela Demokrazian pauso bat aurrera ematea. Zer egingo dut nire bozkarekin, PSOEren alde eman ala PPren kontra, PNVaren alde, ala EAren kontra, eta alderantziz? UPNren alde ala NABAIren aurka? Etc.
Ez esan niri ez litzatekeenik sortuko saltsa ederra. Bai behintzat matematikari, soziologo eta politologo guztiak apur bat zoratzeko adinekoa. Eta dudarik gabe, oraingoa baino emaitza demokratikoagoa.

 

Hasier Etxeberria. El Mundoi. 070602

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Pauso bat aurrera”-ri buruz

  • Ideia bikaina Alvarez Raborena! Ez dakit gauzak hobetuko liratekeen, baina argi daukat ni askoz lasaiago geratuko nintzatekeela botua eman eta gero.

  • Edonola, alderdien sistema bera da eraitsi beharrekoa, herrietatik-udaletatik hasita. Nire bizilagunaren ideiak onegiak dira gure sotoan gelditzeko eta bera onegia da politikan aritzeko.

    Herri eta auzoen auto-antolakuntzan datza kontraesan horri erantzuteko bururatzen zaidan modu bakarra. Sentitzen dut, ez da oso modernoa baina zer bestela?

    Instituzioetan daudenen zeregin nagusia izan behar du hori bultzatzea. Eta ez daitezela etorri jendea paso egiten duela esanez! Eman dezatela eztabaidak eta kontsulta binkulanteak egiteko bidea eta ikusiko dugu denborarekin non gelditzen den jendearen pasibotasuna!