Pausa

Pausa –

Edu Zelaietak Arabako Alea atarian.

Pausa dakarren oro, dela jarrera orokorra, dela ekintza zehatza, erresistentziatzat har dezakegu gaur den egunean; erresistentzia, hitzaren zentzurik literalenean. Izan ere, gero eta zailago gertatzen zaigu pausatzea; gero eta ahalegin handiagoak egin behar dira etengabeko mugimenduan ez aritzeko, zurrunbilo ero batean ez erortzeko. Gure bizimoduak gobernatzen dituen inertzia zein den argi dago alde horretatik, eta modako aditzak ez du zalantza handirik uzten: Go!

PausaBi master egiten ari da A. bi unibertsitatetan, eta soldatapeko lanean dihardu astelehenetik ostiralera. Besteak beste, azken boladan famatu diren Master Amaierako Lanak egiteko –bakoitza unibertsitate batean eta zuzendari ezberdin batekin– ez omen du nahiko denborarik. Aldarte txarrean onartu ditu A.-k zuzendari batek egin berri dizkion oharrak lan akademikoa hobetze aldera; helburuetan, baina, ez du inolako duda izpirik: 2019ko ekainean bi masterrak eginak behar ditu. Bai ala bai.

Urte batzuk joan dira P.-k telefono adimenduna eskuratu zuenetik eta, beraz, sakelako gailuan whatsappa eta beste sare sozial batzuk erabiltzen hasi zenetik. Zehazki zenbat urte joan diren ez luke seguru-seguru esango. Hark argiago dakusa gailuak ekarritako abantailarik gabe ezingo litzatekeela bizi egun, telefonotik mundu oso bat kudeatzen baitu: deiak, WhatsAppak (familiako taldeak, lagunarteko taldeak, laneko taldeak, norbanakoen mezuak), laneko emailak, Twitter eta, gazteek Facebook erabiltzeari muzin egin omen dioten honetan, Instagram erabiltzen ere hasia da. Badaezpada, bigarren sakelako (garesti) bat eskatuko dio Olentzerori, telefono bat hondatuz gero bestea erabilgarri izateko edozein unetan.

Hasieran nioen, lagunok: pausa dakarren oro erresistentzia da gaur, erresistentzia aktiboa eta kontzientea. Eta, munduak ez bezala, pausa eskatzen du gure existentziak bi geltoki nagusietan: bizitzan eta heriotzan.

Pausa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.