Paul Bilbao: "Ez da oraindik erabaki irmorik hartu ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredu bat abian jartzeko"

Proposamen horretara iristeko ele biko ikastereduen azterketaren barruan ekarpena bideratu zuen Kontseiluak honako azterketa hauek burutuz: juridiko-legala, soziolinguistikoa, psikolinguistiko eta glotodidaktikoa eta operatiboa. “Finean, Kontseiluaren proposamen nagusia ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea eta ikastetxe guztietan hori bermatuko duen eredua abian jartzea da.

Horretarako nahitaezkoa da legea bera lehenbailehen aldatzea”, Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan. Azken urteotan hainbat ikastetxetan garatu dira ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proiektuak eta horietan guztietan oinarrituz egin zuen Kontseiluak bere proposamena.

“Hortaz, esperimentazioak alde batera utzi, eta EAEko ikastetxeetan Kontseiluak egindako ekarpena ahalik eta lasterren inplementatzeko egiturazko aldaketen aldeko apustua egiteko eskatu nahi dugu”, esan du Bilbaok.”Jakin dakigu ikasle euskaldun eleanitzak sortzetik hurbilen dagoen eredua D eredua dela, hain zuzen ere, etxetik euskara dakartenentzat mantentze-eredua dena, eta, ez dakartenentzat, murgiltze-eredua dena.”

Horrexegatik, Kontseilua eredu horretatik abiatu zen proposamena egiteko. Gainera, kontuan hartu behar da gurasoek aukeratu behar izan dutenean, D ereduaren aldeko hautua egin dutela. EAEko aurrematrikulazio datuak aipatu ditu Bilbaok zentzu horretan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrematrikulaziotik 2 urteko ikasle berrien artean, %75,23k egin dute euskaraz ikastearen alde.

2010eko datuekin alderatuta, bi puntu gehiago. “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko badira egin beharreko aldaketak: ebaluazioak, hizkuntza-proiektua aberastea, taldearen osaerari buruzko hausnarketa, irakasleen prestakuntza, Hizkuntza Normalizazio Planaren ezaugarrietan sakontzea… Horiek guztiak jasotzen ditu Kontseiluaren proposamenak, eta gure ustez horietan guztietan jarri behar dugu indarra ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko baditugu”, Bilbaoren hitzetan.

ISEIren ikasleen euskara-gaitasun mailaren inguruko emaitzak (2004) ere aipatu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak. “Denbora pasa da ISEIk ikasleen euskara-gaitasun mailaren inguruko emaitzak argitaratu zituenetik, eta elementu kezkagarri asko ondorioztatu ziren. Horrek ekarri zuen, neurri batean, egun indarrean dauden ereduen inguruko eztabaida sustatzea. Halaber, testuinguru horretan jarri nahi izan zuen Kontseiluak mahai gainean ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamena”.

Urteak igaro dira ordutik, eta “ez da ez lehen, ez eta orain ere, erabaki irmorik hartu ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen hezkuntza sistemarantz jotzeko. Hizkuntzen berreskurapen-prozesuan belaunaldi berriak hizkuntza gutxiagotua jakitea oinarrizko zutabea da. Ekin diezaiogun, beraz, etorkizuneko gazteak euskaldun eleanitzak izateko bideari”, azaldu du Bilbaok.

NTAxNA==

Irudia | Pual Bilbao | zz | Creative Commons By SA

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

7 pentsamendu “Paul Bilbao: "Ez da oraindik erabaki irmorik hartu ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredu bat abian jartzeko"”-ri buruz

  • Anton Etxebarria 2011-04-14 15:50

    Txintxoak eta beharrezkoak izango zarete, baina nolako pelmadak ematen dituzuen! Euskaldun izateak eta izan nahiak, sekulako peajiak dauzka, ez esan niri ezetz!

  • Bai Anton, momentu askotan euskalduna izatea eta euskaldun bezala, euskaraz bizi nahi izatea ez da hauturik errazena. Arrazoi duzu, baina, inork ez digu euskaldunoi ezer oparituko. Norberaren erabakia da zenbateraino saiatzen den euskaraz bizitzeko ahalegin horretan.

  • Anton Etxebarria 2011-04-14 17:49

    bai, bai. Ederki. Baina zer ikusi behar du euskaldun izateak pelmada ematearekin? Ezin dituzue gauzak beste modu batean komunikatu? Pentsatzen duzue norbaitek irakurriko dituela zuen txapa horiek? Zuen bideo negargarri horiek? gauzak egiteko modu asko daude eta zuena ez da, hain juxtu, atseginenetakoa. Euskalduna bai, baina gainera masokista izan beharra ere…

  • Ane Alkorta 2011-04-14 19:10

    Nire ustez Kontseiluak eta euskalgintzak oro har egiten duen lana erabat ezinbestekoa dela eta ongi egiten duela. Kontseiluak egiten dituen komunikazioak interes handiz jarraitzen ditut eta ni ez naute aspertzen. Asko ikasten dut eta nire egunerokoan euskaraz bizitzeko egiten dudan ahaleginean laguntzen nau ikusteak norbaitek hain lan handia egiten duela euskararen alde. Zuk jakingo duzu, Anton, zergatik diozun diozun hori. Baina inork ez zaitu behartzen ezer irakurtzera edo ikustera, ez? Edukazio gutxikoa zure komentarioa.

  • Jon Anduezaa 2011-04-14 19:13

    Erabat ados zurekin, Ane. Aupa Kontseilua! Aupa Korrika!

  • Anton Etxebarria 2011-04-14 21:22

    Aupa denok! Aupa, aupa! Dena da zoragarria! Arrazoia gurekin dago! Aupa eta aupa kritikari edukazio txarra deitzen diotenak! Aupa denok! Gora geu! Zoragarriak gara! Gora Kontseilua!

  • Tira Anton Kontseiluak gauza asko egiten ditu eta ez det uste pelmada ematea denik. Egia da berri hau zehazki mardulagoa dela baina gaiak ere horretarako ematen. Zuk nola egingo zenuke bestela? Kritikak ondo daude edukazioz egiten badira eta iradokizunekin batera badoaz. Gainera, Kontseiluari lanik potoloenak egokitzen zaizkio euskalgintzaren barnean, azken adibideak kantonamendutarako hauteskundetarako eta udal neurketarako prestatutako bideoak (http://www.kontseilua.org/index.php?id_saila=56&lang=eu), zuretzat nola izango lirateke “erakargarriagoak”?

    Egia da euskalgintzak ez duela beti asmatu mezuak bidaltzerakoan baina ez ahaztu dituen baliabideak mugatuakizaten direla eta Kontseiluak gehiago asmatu izan duela bestetan (gogoratu Bai Euskarari orain Euskaraz Bai). Azken adibide bezala, azkenaldian zurekin asmatu zuen “kanpaina”: http://www.youtube.com/watch?v=Eo2MVnackPY&feature=fvwrel (adi! lau bideo dira ta! lasai Anton laburrak dira eta ez dira batere txapa!).