Patxi Zabaleta: “Abertzaletasuna ez da inoiz gaur bezain indartsu egon”

Patxi Zabaleta –

Patxi Zabaleta: "Abertzaletasuna ez da inoiz gaur bezain indartsu egon"

Kanpoan kristoren festa, San Ferminak pil-pilean, eta zu hemen lanean. Zer nafar klase zara zu?

(Irriak) Ba ni San Ferminak barrutik ezagutzen dituen nafar bat naiz. Hamar urtez izandu naiz Iruñeako zinegotzia, eta honek asko erakutsi dit jai hauen atzean dagoenaz. Lehen aldiz 1979an suertatu zitzaidan zinegotzi izatea, urte benetan gogorra izan zen hura, 78an, German Rodriguezen erailketarekin zapuztuta geratu ziren jai haiek berreskuratu behar izan baikenituen. Garai hartan, hiriburuan, UCD zen lehen indarra, gu (Herri Batasuna) bigarrena eta hirugarren indarra alderdi sozialista zen. Hain zuzen, sozialistei eman genien gure botoa alkatetza lor zezaten; noski, eskuina boteretik urrundu asmoz. Lan oso polita izandu zen alde batetik eta oso garrantzitsua bestetik, izan ere, San Ferminak gauza asko dira. Arratsalde osoa egon gintezke San Ferminez hizketan. Harrokeria apur bat bada ere, Euskal Herriko eta Mundu osoko jai eredua izateaz gainera, jai hauek gertakizun ekonomiko oso garrantzitsua dira Nafarroarentzat. Zehatzago izateko, gezurra badirudi ere, Nafarroak saltzen duenaren heren bat jai hauetan saltzen du. Horretaz gainera San Fermin mota asko dago; atzo izandu zen ganadu feria eta gaur arratsaldean badago beste jai mota bat programatan ez dagoena… San Ferminak ez dira soilik zezenak, ez dira soilik entzierroak, San Ferminak batez ere festa kaletarrak dira, nahiz eta UPNk denborarekin itxuraldatu nahi izan dituen.

Hona nentorrela, estafetan barrena, pentsatzen jarri naiz. “Hogeita bi urte luze bizirik mundu honetan, eta oraindik ez dituk nafarrak ulertzen. Ez duk Nafarroa ulertzen.”

Nik uste dut ez zarela bakarra, eta gainera oso zaila dela nafarroi ulertzea. Begira, nik azkena argitaratu dudan liburuan (Bizi!) azkeneko atalak Nafarroada izena du. Duela 38 urte argitaratu nuen Nafarroada I-en bigarren zatia da. Bertan, nire buruari, egin didazun galdera bera egiten diot. Atal horretako bigarren olerkian Nafarroako konkistaren sindromeaz hitz egiten dut, izan ere, herri honetan dauden nafarzaleenak normalean espainolistenak dira eta hori sindrome bat da. Sindrome psikologikoa noski. Nafarroa, beste gauza askoren artean, Euskal Herriak izandu duen estatua da. Estatu hori inguruko inperioen eraginez murrizten joan zen, gutxinaka-gutxinaka. Beti konkistaren bitartez galdu zituen lurrak bai 1512an eta baita gainontzeko guduetan ere. Euskal Herriak izan duen estatua izateaz gainera, Nafarroa, besteek; hau da, espainolek eta neurri txikiago batean frantsesek euskal herriaren izaeraren aurka erabili duten elementua. Nafarroako lehen errege bezala ezagutzen dena, Enekoitz, arabiar historiagileek baskoien buruzagi bezala deskribitzen dute. Frankoek aldiz dux vasconum deitzen diote. Hau guztia eraldatzen joan zen eta hortik 250 urte ingurura sortu zen Nafarroaren izena, erakarpen handia izan zuena. Baina guk, abertzaleok, ez dugu hau behar bezala irakurtzen jakin; Arturo Campionek eta bere kideek hobeki, baina Sabino Aranak eta bere kideek gaizki. Eta horrek kalte handia egin digu luzera. Aizpun UPNko fundatzaileak garbi zioen bere idazkietan: “Lortzen badugu abertzaleak ez nagusitzea nafarroan, Espainia ez da apurtuko.” Gaur egun, Sanzek eta Barcinak argudio politiko berak defendatzen dituzte, halaxe diote: “Goazen PSNrekin edo edozeinekin batzera abertzaleak ez daitezen gobernuan sartu.” Azken batean ildo honetatik doaz orain Lopez eta Basagoiti ere. Nabarrizatu egin dira, eta azken 40 urteetan Nafarroan egin izan dena, orain hasi dira EAEn praktikan jartzen.

Baina abertzaleek historiari begiratu behar diote beren burua indartzeko?

Ez. Ez gara historiaren morroiak izan behar. Historia jakin behar dugu, ikasteko alde batetik eta herri guztien nortasunak denboran irauten duelako, norbanako bakoitzaren denboratik harantzago. Guk euskaldunok, bagarela diogunean, esaten dugu euskaldunok; lehengo, oraingo eta etorkizunekoak aipatuaz. Hori da herri baten berezitasuna, behin behineko gizartearen gainetik. Gizarteak une oro, denbora bakoitzean, bere egoera eta etorkizun politikoa zein den eta zein izango den erabakitzeko eskubidea daukala jakin behar dugu. Eta hori ez da sekula agortzen, hori ez da inoiz bukatzen. Oraingo gizarteak, XXI.mendeko euskal gizarteak, eskubidea dauka bere egoera politikoa erabakitzeko, baina XXII.mendekoak ere izanen du eta XIX.mendekoak ere bazeukan, nahiz eta ezin izandu zuen, edo ez zioten utzi, eskubide hori gauzatzen. Gu ez gara historiaren morroiak. Beste era batera esateko, herri batek, nahiz eta iraganean independentziarik ez izan, etorkizunean izan dezake. Historiarik gabe ere etorkizun bat egin liteke.

Mjg2Mg==

Historizismoan erortzen da jendea orduan.

Bai, askotan historizismoa frantsesek zein espainolek erabili dute, historiaren aurka ezer egin ezin balitzateke bezala. Hemengo historiagile batzuek, Nafarroan esaterako badira horrelako tendentziak, hori kopiatu egin dute eta nire iritziz joera guztiz okerrak dira. Nire iritzitan gizarteak une bakoitzean du erabakitzeko eskubidea, eta hori ez da sekula agortzen. Iragana gizarte orok du eta erabili dezake, baina soilik argudio mailan, ez giltza bezala.

Berrian azken aldian makina bat filosofok eztabaidatu dute euskal identitatearen inguruan. Euskal identitatea bazegoen, eraiki egin dugu ala eraikitzen ari gara?

Bai irakurri ditut, ez denak, baina bai mordoska bat. Nik uste dut euskal identitatea egon bazegoela, baina berritu egiten dela etengabe. Identitatea bizitzea bezala da, eta bizitzea arnas hartzea da. Etengabe arnasten jarraitu behar da eta ez da behin ere haize berdina arnasten. Identitatea zer da bada? Identitatea izateko modu bat da. Nik ikasi ditut bi karrera, baina esan ohi dut hiru lizentziatura ikasi nituela eta hirugarrena kosta zaidala gehiena. Lizentziatu nintzen Zuzenbidean, lizentziatu nintzen filosofian eta gero lizentziatu nintzen Melillan soldadu egonda. Hirugarrena da gehien kosta zitzaidana. Begira, filosofian egin nuen tesi bat euskarazko hitz baten inguruan. Dena hitzari buruz. Geroago, tesi horretan egindako formulazio batzuk nire eleberrietan ere sartu ditut, energiari buruz  egindako Ukoreka trilogian. Badena dena da bigarren nobelaren izenburua; badena, el ser… liburu honetan izaeraren adierazpen bezala formula bat darabilt, “badena izaten ari da.” Identitatea, nor izatea, ez dago! Ari da, beti ari da. Eta proposamen filosofikoki ausart bat bota nuen, orain artean arrakastarik izan ez duena… (irriak) Ez dakit zuk filosofia ikasi duzun.

Bai, eman izan dut, batxilergoan batez ere.

Izanen dituzu presokratikoen bi esaldi famatu, bi ildo filosofikoren buru bezala jarri ohi direnak askotan: Parmenidesena, “el ser es”, alegia badena bada. Honek defendatzen du izatea ezin daitekeela aldatu, aldaketa guztiak itxura hutsak direla. Badena badelako, ez dena ez delako, ez dena ezin daitekeelako izatera iritsi, badenak ezin duelako izateari utzi… hori guztia. Eta bestea da Heraklito, Parmenidesen aurkakoa: “Panta rhei”, dena badabilela dio honek, “todo fluye”, ezer ez da geldirik egoten… Ba nik uste dut, bi esaldi hain ezagun horiek euskaraz esan litezkeela esaldi bakar batean; “Badena izaten ari da” esaldian hain zuzen. Honekin zer esan nahi dudan? Bada Euskal Herriak herri nortasuna, denboran zehar irauten duena, gizabanakoetatik at irauten duena, baduela. Nire aitak esaten zuenean “gu euskaldunok”, ari zen bere aintzinakoetaz eta bere ondorengoetaz. Eta nik esaten dudanean “gu euskaldunok” ari naiz gu horren barruan sartzen lehengoak eta baita ere etorkizunekoak. Ezagutzen ez ditudanak. “Lehengoak nor gabeko izendunak dira”, lehengoak izena dute baina ez dira nor. “Gerokoak izen gabeko nor”. Polita, ee?

Bai.

Ez esan ezetz, nirea da eta! (irriak)

Patxi Zabaletaren fazeta ezezagunena idazlearena da…

Bai baino hori nere kulpa da, idazle ona banintz, beste kontu bat izango litzateke.

… badaukazu lanik esku artean?

Bai. San Ferminetan esku artean dudan liburu bat bukatu nahian nabil. Gordeta nituen ipuinekin bi bilduma egin ditut; batek (bukatu berri dudanak) Absurdoko kontuak edo kokoerriko ipuinak izena du, eta besteak Ipuin amaigabeak. Biek ezaugarri bat dute amankomunean, ez dira umeentzako ipuinak. Gurasoentzako ipuinak dira, umeei kontatzeko. Ea datorren Durangoko azokan aurkeztu ahal ditudan.

“Ez gara historiaren morroiak.
Iragana gizarte orok du
eta erabil dezake, baina,
ez giltza bezala”

Absurdoko ipuinak aipatuta… niri askotan euskal politika iruditzen zait absurdoa.

Baditu bere erregelak. Nire adinera iristen zarenean, ikusiko duzu badaudela beti eredu batzuk. Oraingo politika ez da duela 35 urtetakoa  bezalakoa, baina badu zer ikusia ordukoarekin. Aralarrek eta Batasunak dituzten eztabaidak, badute antza orain dela 33 urte 1977. urtean Hasi hautsi zenean izandu ziren eztabaidekin. Badute antza eta badute aurrerapena. Ez dira beti gaiak berdinak izaten, baina, badute adierazle amankomunik. Esaterako, erreformako lehendabiziko urteetan, Batasunaren eta Aralarren aintzindaria zen Herri Batasunaren baitan, eztabaida honakoa izaten zen: Instituzioetan parte hartu ala ez parte hartu. Batzuk ginen parte hartzearen aldekoak, besteak aldiz aurkakoak. Beste garaiko eztabaida bat: Militanteak izan ala ez izan. Batzuk ginen militanteak izatearen aldekoak eta besteak aurkakoak. Bestea: Kongresuak egin edo ez. Batzuk ziren aldekoak eta besteak aurkakoak… Hori dena bere gora behera guztiekin. Batzuetan irabazi eta aurrerapausoak izan, besteetan galdu… Baina horren azpian zer zegoen? Horren azpian zegoen, politikagintzari lehentasuna ematea ala ez ematea. Eta horretan orain aurrerapausoak oso nabarmenak dira. Garai hartan momentu batean HBk aterarazi egin zituen bere ordezkariak instituzioetatik eta orain ordea parte hartu nahi lukete baina estatuak ez die uzten. Beti ere politikaren dialektiketan; kontraesanetan eta indar talkatan, bilakaera bat izaten da. Izaten da baita ere momentuen araberako aldaketa bat. Baina abertzalegoa, nabarmenki Nafarroan eta baita ere Araban, ez da inoiz izandu, orain bezain indartsua. Eta izan gintezke indartsuagoak, behar bezalako urrats batzuk emango bagenitu.

Europako estatu gehienetan bi alderdi nagusi daude. Hemen espainolak ere bi alderdi nagusi dituzte. Aldiz abertzaleek bost.

Baina hemen ere bik behar dute. Esparruak bi dira. Aralarren laugarren kongresuko txosten politikoak, bost argudio zehatzekin dioena da, abertzalegoaren baitan bi esparru politiko nagusi daudela: Bat erditik eskuinera doana eta bestea ezker anitz bat. Bi dira esparruak, horretara goaz. Hori egiten saiatu behar dugu. Jakina, ezker abertzale anitz horren ezaugarriek bi zutabetan oinarrituta egon behar dute. Abertzalea eta ezkerra. Ezin da izan soilik ezkerra eta ezin da izan soilik abertzalea. Hori da aurretik daukagun erronka, erronka garrantzitsua zer esanik ez.

“Gu soilik banandu ginen,
EHren barruan ideia batzuk
defendatu ezin zirela
ikusi genuenean”

2001. urtean banandu zen Aralar.

 Bai, beno, 1999an sortu ginen (Lizarra Garaziko akordioaren testuinguruan) ezker abertzaleko ildo bezala eta ondoren alderdi bezala sortu ginen Euskal Herritarroken barrenean ematen ari zen eztabaidatik irtetean.

Zer arrazoik bultzatuta atera zineten Euskal Herritarroketik?

Arrazoi askorengatik irten ginen. Arrazoietako bat ETAk su etena hautsi izana izan zen, egonkortasun guztia kendu baitzion edukitzen ari ginen eztabaidari. Ateratzeko beste arrazoia honakoa izandu zen: Izaten ari ginen eztabaidetan jarri genituen bi baldintza. Bata, zentso bat izatea, alegia eztabaidan ari ginen guztion zerrenda bat izatea. Gu ari ginen militanteak izan behar zirela aldarrikatzen eta besteek ez zuten nahi, ez genuen lortu. Eta beste baldintza zen, egitura bat izatea eta egituraren arduradunek kongresuen bitartez beren kontuak eman behar izatea. Euskadiko Ezkerraren eredua (guri askotan lotu zaiguna),  hau da, politiko militarra, ez da Aralarrek defendatzen duena. Hori Batasunak defendatzen duena da. Askotan egin zaigu EEren ondorengoak garela dioen akusazioa… baina guztiz kontrakoa da errealitatea. Guk beti defendatu duguna da,  politika egitearen lehentasuna ez nahastea beste inolako estrategiarekin. Ez izatea beste inolako estrategiaren menpeko. Eta horretarako beharrezkoa da militanteak izatea, nahiz eta batzuetan, militanteak bere eskubideak baliatuz kritikak egin.

Mjg2NQ==

“Garaia da Kongresuan
ezkerreko eta eskuineko
abertzaleak egoteko”

Batasunak esan izan du, Aralarrek banaketa horretan zikin jokatu zuela.

 Baina hori ez da inolaz ere egia. Gu soilik ideia batzuengatik, ideia horiek barruan ezin zitezkeela defendatu pentsatu genuenean, hasi ginen bidaia hau egiten. Eta momentu honetan Aralarren dauden %75, ez dira inoiz ez Batasunan ez EHn egon. Batzuk HBn urte asko generamatzan, ni une horretan Iruñeako EHko burua nintzen, eta ni bezala Aralarrera etorri ziren parlamentariek beren kargua utzi zuten. Harago joanda, gure izenean zeuden hainbat ondasun eman egin genituen. Esaterako Bilbon bazegoen pisu bat, nik egindako negozio batekin lortu genuena (nahigabe egindako negozio batekin) eta pisu hori saldu egin genuen euro batean. Zergatik saldu? Argi geratzeko guk ez genuela dirurik jasotzen. Burlatako Pegenaute izeneko notario baten aurrean mahaian jesarrita geundenean nik esan nien: “Jarri mahai gainean euroa eta jaso eginen dut”, eta hartu nuen. Baina horrelakoak asko izan dira. Euskal Herriko Alderdi Sozialistan (EHAS) geundela, HASIren aintzindaria hau, erosi genuen egoitza bat Bilbon eta pisu hori eman genuen sortzeko editorial bat. Gerora editorial horretatik ere bota naute.

Hara.

Bai, Txalapartatik hain zuzen.

Banaketan ez genuen inolaz ere zikin jokatu. Soilik ideiengatik, eta ideia horiek EHren barrenean defendatu ezin zirela ikustean atera ginen mugimendutik. Inoiz ez dugu ukatu ezker abertzalearen sentsibilitate bat garenik, beti aldarrikatu eta aitortu dugu ezker abertzalea esparru politiko bakarra dela eta esparru horrek soilik bide politikoak erabili behar dituela. Orain, pozez, eta zorionez ikusten ari gara nola hori ere aitortu duten beste sentsibilitatekoek, eta horrez gain uste dugu barne egitura demokratiko batzuk beharrezkoak direla, estrategia hori ez dadin baldintzatua ikusi beste inolako interesengatik. Nahi genuke ezker abertzaleko beste sentsibilitateak azken pausu hori ematen duenean, lortu dezan, guk lortu ezin izan genuena: ETA erakundearen etena. Eten aldebakarrekoa, ordainik gabea eta inolako prozesutan sartuko ez gaituena. Prozesu horietan ez dugu sinesten, alde batetik, estatuak ez duelako nahi irtenbiderik bilatu, eta bestetik, prozesu batean hasiz gero, gure aurka joango litzatekeela uste dugulako. Horrek ez du esan nahi ETA gelditzen denean hemen ere elkarrizketak izan beharko ez direla, beste herrietan eman den bezala, borroka armatuaren aztarnak ezabatzeko. Irlandan jada ez dago preso politikorik eta hemen ere hori gertatu beharko da. Biktima guztien aintzat hartzea egin beharko da, gaur betetzen dira urteak hemen, Iruñean, German Rodriguez hil zutela. Eta German ez da biktima bat indarrean dauden legeen arabera. Hori eskandalu bat da, ez da onargarria.

 

“Gerta liteke Arabako politika
hankaz gora jartzea
Nafarroakoarekin egin
dugun bezala”

Beno, badirudi zerbait mugitzen ari dela. Jendearengan esperantza iturri bat zabaldu da. Zer gertatuko da uda honetan?

Galdera ona. Baina erantzuna oso zaila duena. Nik uste dut Aralarren ekarpenak izandu direla bi: Bata izandu da, soilik ideologikoa, lerro nagusietan ezartzea norabidea. Nora joan behar du eta zer gertatu behar da. Gertatu behar da ezker abertzale, soilik politiko, zabal eta anitz bat eraikitzea, Euskal Herrian aipatutako esparru zabal hori bere egin eta hedatuko duena. Eta bide horretatik, eskuin zein zentroko abertzaleekin eta demokrata direnekin adostuaz, erabakitze eskubidea gauzatu behar da, ahal izanez gero independentziaraino. Bestea izandu da hor kokatzea, ezerezetik erreferente bihurtzea. Aralar jendeak ez zuen ezagutzen hasi ginenean. Izugarri asko kosta da jendeak ezagutzea, eragile politiko bat izatea herri honetan dauden borroka guztietan. Gerta liteke Gipuzkoan diputatu bat lortzea. Gerta liteke Arabako politika hankaz gora jartzea Nafarroakoarekin egin dugun bezala. Nafarroako egoera politikoak ez du deus ikustekorik duela sei urtekoarekin alderatzen badugu. Hemen esaten nuenean nik, orain dela bost urte, bigarren indarra izango ginela, UPN zein PSNkoek parre egiten zidaten aurpegira. Orain ordea, esaten diedanean irabazi dezakegula ez dute irri erdirik botatzen. Nafarroan politika zeharo aldatu da. Gogoan izan behar da nondik gatozen; erreforma garaietan 86an behin bakarrik lortu genuen HBrekin kongresurako diputatu bat. Eta orain berriz lortu egin du Nafarroa Baik. Horren aurretik 1931raino joan behar dugu berriz Madrilen Nafarroako diputatu abertzale bat ikusteko. Hain zuzen, Jose Antonio Agirre izan zen, gero lehendakari izango zena, Minoria Vasconavarra koalizioan. Hortik abiatu gara.

-Telefono dei bat jaso du, etenalditxoa.-

Lehen esan dizudan bezala, funtsik gabeko harrokeria dirudien arren, nik uste dut abertzaleok ez dugula sekula gaur dugun indarra izan. Baina oraindik falta da bi esparruen arteko dialektika bat. Iñigo Urkullu adiskidea joaten denean Madrilera esatera “el grupo nacionalista vasco…” eta ez dakit zer eta badakit zer, hitz egiten du bakarrik EAJren izenean. Garaia da, garai batean gertatu zen bezela, kongresuan eskuineko eta ezkerreko abertzaleak izateko. 

Eskerrik asko Zuzeu elkarrizketa hau eskaintzeagatik.

Falta zena, gustura eman dizut elkarrizketa. Eskerrik asko zuei eta segi horrela!

Irudia | Patxi Zabaleta  | Oier Aranzabal | Creative Commons By SA
Irudia | Patxi Zabaleta  2 | Oier Aranzabal | Creative Commons By SA
Irudia | Patxi Zabaleta  3 | Oier Aranzabal | Creative Commons By SA
Irudia | Patxi Zabaleta  bere Iruñeako bulegoan | Oier Aranzabal | Creative Commons By SA

Ekaitza bainuontzi batean

12 pentsamendu “Patxi Zabaleta: “Abertzaletasuna ez da inoiz gaur bezain indartsu egon””-ri buruz

  • Aupa patxi!! 

    diferentziak diferentzi eta distantziak distantzi beti pentsatu dut gure arteko abismo txikiek beste abismo haundiagoak ikustea galerazi izan digutela. orain da unea denok bat aurrera joateko. aurrera bolie!! 

  • Ados nago esan duenarekin, ez gara historiako morroi. Eta ez gara esan behar. Ez dugu astu behar Nafarroako historia, baina ezin dugu historian oinarritu gure askatasun nahiak, nafarroako erreinua hain zen handia eta hain gune txikian gaude euskaldunok kokaturik, ezin dudala imaginatu inor errioxara joaten eta hauei estaen nafartarrak direla eta lurralde hori aldarrikatuko dugula. Gainera gizarteak aldatzen doaz eta orain bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabatarrak, lapurtarrak, zuberotarrak eta nafartarrak daude eta guzti orien nortasuna errespetatu behar da, baina guztiok izan genezaken ezberdintasunen gainetik euskaldun hitza jarri behar dugu, euskal kultura deitu guzti oni eta lurralde historiko guztien ganetik Euskal Herria, hau, lurralde guzti orien batasuna da. Euskal Herria ez da inoiz estatu bat izan, baina zergatik izan behar izan zen estatu bat aldarrikatzeko? Euskal Herria ez da inoiz existitu, baina orain existitzen da eta orian nahi dugu eraiki eta nahi orrek balio beharko luke argudio guztien erantzun gixa, euskaldunon nahia, euskal herritar guztien batasuna. Eta espainiarrek gu banatzaile deitzen gaituztenean, guk ere ahiei berdin, beraiek bai dira gure ikuspegitik gure herria banatzen dutenak, edo ez al gara euskaldunak pirineoetako alderdi bietan bizi garen euskaldunak?

    Beste alde batetik ez nago ados izen buruarekin, euskal abertzaletasuna edo nazionalismo hau, ez dago inoiz baino indartsuago, esaldi batetan esateko, BOTO ABERTZALE GEHIAGO DAGOZ, ABERTZALEAK BAINO eta hori aitortu behar dugun gauza bat da, euskaldunak gitxi gara eta , beno, badakit onek ez duela zer ikusirik baina begira mundialeko koparekin gertatu zena, zenbat euskaldunek ospatu izan duten espainiaren garaipena, herri txikietan ez hainbeste, baina begira hirietan. Irudi horiek ikusita konturatu nahiz euskaldunok benetan herri txiki bat garela, oso txikia eta gure etsaia handiegia.
    Baina ez etsi lagunok, euskadik zutik dirau oraindik.
    GORA ARALAR TA GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA.

  • Gora!
    Baina, arraioa, Euskal Herria salbatuz batera, ikasi idazten. Kontxo.

  • Zorionak Oier. Primerako elkarrizketa.

  • Eskerrik asko Mendi!

  • Beñat Mandazen 2010-07-14 12:49

    Elkarrizketa hau irakurri, eta argi dago: Patxi Zabaleta oztopo izango da abertzaleen arteko batasunerako.

    Bere burua zuritzearren gezurrak lasai esateko gai denari erantzukizuna eskatu behar zaio, eta oso serio gainera, alderdi baten ordezkaria den heinean. Akaso gezurrak nahi gabe esaten ditu, negozioak ere nahi gabe egiten dituen bezala…

    Alaba preso izanda, aita bezala, elkarrizketan zehar faltan bota dut sakabanaketak euskal presoen senideei eragiten dien zigor erantsiaren inguruko lerroren bat, edota kartzeletako bizi-baldintzen inguruko aipamenen bat. Patxi lehen pertsonan horren lekuko zuzen izanda, merezi zuen zerbait horrek ere.

  • Beñat,

    -Ahalik eta gai ezberdin gehien sartzen saiatu naiz.

    – Nahi gabe egindako negozioaz (gaizki ulerturik ez dadin egon): Iruñean erosi zuten pisu bat HBren sedea izateko asmoarekin. Udalak ez zuen nahi eta eskaini zieten gastatu zutena baino 25 milioi gehiago. Noski, saldu egin zuten. Eta ateratako dirua Bilboko pisua erosteko erabili zuten. Bilboko HBko sedea izango zena. Hau guztia Patxiren arabera noski.

  • Ipar Irlandan egon badira preso politikoak. Begiratu, hemendik, esate baterako:
    http://ttiki.com/15261

  • Beñat, ez naiz ni izango Aralarren jokabidea zurituko duenik abertzaleen arteko elkarlanari dagokionez; ez baitut ulertzen edo ez dut ulertu nahi.

    Baina nazkatuta nago funtsik gabeko akusazio borobilak entzuteaz: ez dute ekarpenik egiten eztabaidara eta sentsibilitate guztietako jendea uxatzen dute; ordu txikietako mozkorren arteko eztabaiden antza hartzen diet.

    Elkarrizketaren zein pasartetik ondorioztatzen duzu horren argi Patxi Zabaleta oztopo izango dela abertzaleen arteko batasunerako?
    Zein pasartean aritzen da gezurretan?

    Dispertsioari dagokionez, arrazoia duzu, guztiz egokia litzateke horren inguruko zerbait agertzea, baina hasiko al gara gu ere espainiar inkisizioa bezala, eguraldiaz hitz egiteko ere “kondena” eskatzen? Segundo batzuetan topatu ditut dispertsioa aipatzen ez duten beste elkarrizketa batzuk, Rufi Etxeberriari edo Karmelo Landari, esate baterako.

    Elkarrizketatik gustatu zait hain zuzen, ez dela ohiko “gidoitik” egin, libreago baizik.

    Badugu horren premia ere eztabaida politikoari dagokionez: gidoi gutxiago eta azterketa zorrotz gehiago, norbere buruarengandik hasita, enpatia gehiago eta anbizio gehiago.

  • Profesionala eta sakona iruditu zait elkarrizketa, zorionak.
    Bestalde, Patxi Zabaleta kategoria politiko altuko pertsona dela uste dut. Hala ere, koalizioan ohikoak bihurtu diren “despisteak” (Himalaya-rako txangoak, bozketa egunetako bilera “garrantzitsuak”…), Nafarroako egoera kontuan hartuta, ezin dira zuritu, zuzendu beharrekoak dira.

  • Amonamantangorri 2010-07-15 15:21

    Txillardegik Aralarretik alde egin eta gero egin zion kritika bera egiten diot nik Zabaletari: Patxi Zabaletak eta Aralarrek politika “normala” egin nahi dute, horretarako kondiziorik ez dagoenean.

    NaBaik lengo hauteskundeetan goia jo zuen. Ez dut uste Nafarroan botu abertzale eta “vasquista” askoz gehiago bil daitezkeenik.

    Eta zer egin zuen NaBaik konfiantzazko botu horrekin? Zabaletak bere polbora guzia alferrik erre zuen PSNko presidente bat Iruñera eraman nahian. Ez zait iruditzen hurrengoan ilegalizatuen botu mordoxka hori berriz beretzat bildu ahalko duenik. Neurea ez behintzat. Berriz ez.