Patriarkatuaren zapalkuntza pairatzen dugun orok planto!

Patriarkatuaren zapalkuntza pairatzen dugun orok planto! –

Aste honetan greba feminista bat deituta dago. Ez da data esanguratsu honetan deitu den lehenengoa. 1889ko martxoaren 8an Bilboko Santutxu auzoan kokatuta zegoen Tabakalera Konpainiaren emakume langileek greba egin zuten; euren lan eskubideak defendatzeko eta euren lanpostuetan hobekuntzak lortzeko greba. Patronalak 15 egunero 34 milioi zigarro ekoiztea exijitzen zien, eta horrek, lan-baldintza negargarrietan, egunero buru-belarri eta etenik gabeko 13 orduko lanaldietara behartzen zituen. Etxera itzultzerakoan euren lanaldia bikoizten zen. 2018an berriro kalera ateratzeko arrazoiak asko dira. Lan produktiboan eta erreproduktiboan ematen den esplotazioak bere horretan darrai pairatzen dugun heteropatriarkatu eta kapitalismo honetan.

Patriarkatua, jendartearen estruktura ideologiko, politiko eta ekonomikoan integratua dago eta zapalkuntza, esplotazio eta genero menderatzearen bidez adierazten da. Ideologia patriarkalak gure bizitzako esparru guztietan eragiten du eta estruktura klasista, matxista, sexista, transfobo eta arrazista ditu zutabe nagusiak. Sistema honen biziraupena eta erreprodukzioa ziurtatzen dituzten botere harremanak betikotzeko indarkeria oinarrizko osagaia da.

Patriarkatuaren zapalkuntza pairatzen dugun orok planto!

Kapitalismoa berriz, gero eta pertsona gehiagoren pobretze prozesua eragiten ari da. Krisia deitu duten pobretze eta prekarizazio prozesu azkartu honek gero eta herritar sektore eta gero eta bizitzako esparru gehiagotan eragiten ari da. Baina datuek erakusten duten bezala (soldata-arrakala bezala ezagutzen den soldata-diskriminazioa, jardunaldi partzialak, pobrezia egoerak… gure txostenetan eskuragarri), egoera hau ez da neutroa generoari dagokionez.

Eta egoera hau bere horretan mantentzeko, familiaren paperak berebiziko garrantzia dauka. Kapitalismoa egungo familia eredu patriarkalaz baliatzen da, ezinbesteko jendarte jarduera gehiena suposatzen duen lan erreproduktiboa ikustezin bilakatuz, esplotazio oro ukatuz eta familia eta genero eredu horretan bere buruak kokatzen ez dituzten pertsona guztiak ikustezinak bihurtuz.

Bada, sistema patriarkala gainditzerako bidean urratsak ematen hasteko ezinbestekoa da lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzea, Pobreziaren Muga ezartzea (BPG per kapitaren %37,5a) eta kantitate hau berdindu edo gaindituko duen gizarte soldata bat ezartzea. Era berean, langileen arteko gutxienengo soldata BPG per kapitaren %50ean ezarri behar da genero ezberdinetako langileen arteko soldata ezberdintasuna ekidinez. Independentzia ekonomikorik barik askatasuna eta independentzia pertsonala hitz hutsak baino ez dira. Bide honetan antolakuntza eta borroka ezinbesteko tresnak dira.

Herri honek hamaika eraso ezagutu ditu bere historian zehar eta eraso guzti horien aurrean bere burua defendatu du. Herri honen langileriak biolentzia mota asko pairatu ditu eta egoera horri aurre egiteko beharrezkoa izan du bere burua antolatzea. Patriarkatuari aurre egiteko legitimitate osoa izatetik haratago, eraso guztien aurrean bizirik ateratzeko aukera bakarra antolakuntza eta autodefentsa feminista ere badugu. Zentzu horretan martxoaren 8an Euskal Herriko txoko guztietan emango diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu baita egunero txoko guzti horietan ematen diren eraso guztiei aktiboki erantzutera gonbidatu ere.

.

Patriarkatuaren zapalkuntza pairatzen dugun pertsona orok planto!!!

Eskubide sozialen aldeko mugimendua

2 pentsamendu “Patriarkatuaren zapalkuntza pairatzen dugun orok planto!”-ri buruz

  • Feminismoa, homosexualismoa, transexualitatea eta bestelako pack ideologiko aurrerakoia sustatzen duen sistema patriarkalaz ari zara?

  • euskaldun bat 2018-03-07 14:26

    Mundua oso nahastua ikusten dut! Ez dakit…