Pastoral amerikarra

images-22.jpg
Izugarri oroitzapen onak dauzkagu gordeta Philip Roth-en beste bi liburutatik: EL LAMENTO DE PORTNOY (Punto de lectura 2000) eta EL ANIMAL MORIBUNDO (Anagrama 2002). Guri bigarren liburu hori gustatu zitzaigun gehien, jakinekoa den arren bai kritikak eta bai salmentek, ez zutela liburu hori asko goretsi. Allá cuidaos. Orain aspalditik zain geneukan PASTORAL AMERICANA amaitu dugu (Punto de lectura 2001), eta amaitu diogu, azkenerako oso luze joan baitzaizkigu eleberri honen ia seirehun orrialdeak. Liburu garrantzizkoa delako amaitu dudala uste dut, eta ez plazer hutsagatik. Batzuetan hori gertatzen da, konturatzen zara zenbait liburu amaitzeko, aldapan gora egin behar duzula ahalegina, sentitzen baituzu balantzea zeure alde jarriko dela azkenean. Hori gertatu zait liburu honekin ere. Seymour Levov gizon oso ederra da, denek Suediarra deitzen dute nahiz eta judu amerikarra izan —oso oso amerikarra—. Gaztetan kiroletan errege izanikoa, aberatsa da (guante fabrika bat du) eta Miss New Jerseyrekin dago ezkondua. Aldarte oneko gizona, esan dezagun izaera epel baten jabe dela, beti moderazioaren alde dagoen horietakoa. Eredugarria. Halako batean baina, Merry, 16 urteko alabak, bonba bat jartzen du Vietnamgo gerra salatzeko. Horrek hankaz goratu egingo du Suediarraren bizimodu arautua. Philiph Rothek parabola eder bat darabil gizarte amerikarraren zutaberik sendoenak kolokan jartzeko. Ondo jarrita du PASTORAL izenburu hori, horixe baita liburu hau: pastoral benetako bat. Esan bezala, luzetsi egiten dugu Roth-ek (edo hobeto esan bere narratzaile Nathan Zuckerman-ek), kontatzen digun guztia. Baina pozik gaude. Oso pozik. Irakurri izanaz.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Pastoral amerikarra”-ri buruz

  • Mikel Elorza 2007-09-27 16:54

    Nik berriz oso gustura irakurri nuen Pastoral. Trilogia osa dezaketen beste biak gehixeago kostatu zitzaizkidan. Me case con un comunista eta La mancha humana motelxeagoak egin zitzaizkidan, batez ere bigarren hau. Komunistarena ondo dago, oso Pastoral-aren estiloan, baina beste liburu bat ere gurutzatu zitzaidan tartean eta horrelakoetan, badakizu, benetan gatibatu ez bazaitu besteak irabazten du atentzio eta apreziazioan. Baina ez da txarra. La mancha humana-k ez ninduen harrapatu.
    Portnoy-rena ez dut leitu, eta goraipatzen dute, baina leitu dut Un animal moribundo gaztelaniaz izenekoa, laburra. Eta ene ustetan kaxkarra. 70 urteetara iritsitako idazlea, emakume gazteagoekin harreman noski gatazkatsuetan… Amerikanoak oso onak dituk idatzen, baina topikoetan ere onenak dituk.