Parke Naturala Nafarroa eta Gipuzkoa artean

Parke Naturala Nafarroa eta Gipuzkoa artean

Agian, askorentzat txorakeria izanen da proposatzen dudana, baina burura etorri zaidanez hementxe botatzen dut nire gogokeria.

Parke Naturala Nafarroa eta Gipuzkoa arteanHonako hau proposatzen dut: Aiako Parke Naturala, Artikutzako Parkea, Leitzaran erreka, Leitzalarrea, Eratsungo mendiak… bat egin eta alde aldeko parke natural bat osatzea.

Honek nire ustez abantaila eta sinergia handiak ekarriko lituzke kudeaketan. Izan ere, atomizaturiko eremu hauek oso kudeaketa ezberdinak pairatzen dituzte. Artikutza eta Aiako Harriak, Leitzaran Bailara bezalako eremuak, basozainak eta babes kuota handiak dituzte. Bestalde, Leitzalarrea, Asurako (Ezkurra eta Eratsungo) inguruek oso aberatsak dira berez fauna eta florari dagokionez, nahiz eta babes ofizialik ez izan eremu hauek. Parke hipotetiko honek babesa inguru handiago batera hedatuko luke, animalien joan etorriak erraztuz eta basoen, ibaien… egoera asko hobetuz.

Populazioari dagokionez, zoritxarrez oso populazio urriko eremua da. Izan ere, bertan ez dago biztanle nukleorik eta gehienez ere baserriren bat kokatzen da eremu horretan. Eremuak zirkulu hantzeko bat osatzen du eta barruan Arano eta Goizueta kokatzen dira, horiek ere biztanle gutxiko herriak eta biodibertsitate handikoak.

Inguru hauek mapa batean jaso ditut, ikuspegi globalagoa izateko. Maparen perspektibak are eta interesgarriagoa egiten du planteamendua izan ere inguru oso urbanizatu batean birika hantzeko bat da planteatzen dudan parkea. Sateliteko argazkian berde iluna ageri da ia eremu osoan, baso handiz osaturiko eremua baita.

Babesa emanez gero gainera, mendien egoera asko hobetu daiteke, bizitza ziklo luzeagoa duten espezie autoktonoak landatu eta koniferoak, eukaliptoak eta hantzeko landareria pixkanaka baztertuz joateko. Horrek guztiak mendiak garbiago mantentzen lagunduko luke, suteak izateko probabilitatea nabarmen gutxituz eta bide batez paisaia hobetuz. Animalien egoera ere hobetuko litzateke, babesturiko eremua nabarmen zabalduko litzatekeelako eta inguru nahiko basatiak direnez kalteak ere murritzak izanen liratekeelako.

Errealistak izanik eta ikusirik inguru hauetariko askok, gaur egun babes berezirik ez dutela eta terrenoak bi autonomia ezberdinen artean daudela ia ezinezkoa da hau guztia aurrera eraman ahal izatea.

Parke Naturala Nafarroa eta Gipuzkoa artean

10 pentsamendu “Parke Naturala Nafarroa eta Gipuzkoa artean”-ri buruz

  • A priori ez du ideia txarra ematen, xehetasunetan sakondu beharra dago ordea. Lurrak eskaintzen dizkigun baliabideen ustiaketak nolakoa izan behar duen da gakoa.

    Aipatutako lur horietan oraintxe lehen jarduera ekonomioa basogintza da. Leitzaran bailara berezki pinuz beteta dago, nahiz eta errentagarritasun txikiagatik azken aldian botatako sailak ez diren birlandatu. Lur sail horietako asko publikoak (udal eta diputazioarenak), bidenabar. Sektorea koloka larrian dago azken urteetan, eta geratzen diren paper fabrika apurrek (tartean Leitzakoa) etorkizun beltza dute, beste herrialdeetako konpetentziagatik. Natur parkea sortzeak behin betiko itxiera ekarriko luke seguruenik, iragarritako heriotza baten aurrerapena. Era berean Arano, Goizueta (demografia joera arriskutsuak dituzten herriak) eta inguruko herrietako bizilagunei nonbaitetik bizitzeko aukera eman behar zaie. Pinua zegoen lekuak belardi utzi eta abeltzaintzarako erabili lur publikoak? (Ez dira nekazaritzarako egokiak) Gero produzitutako haragi-esne-esneki horri merkaturako irteera eman behar zaio ordea, ez da dirudien bezain erraza.

    Natura zaindu eta ondorengo belaunaldiei behar bezala gordetzearen aldekoa naiz, baina herritarren behar materialak ezin dira alde batera utzi. Bestela urbaniten gozamenerako naturaren santuarioak sortzen aurkituko dugu gure burua, herri txikietako biztanle apurrak turismoaren miseritik bizirautera kondenatuz. Egiazko sektore produktibo gabe herri bat turismoaren eskale bihurtzen da, subiranotasun ekonomikoa galduz eta de facto kolonia bihurtuz.

  • Inazio Palazio 2017-12-12 12:17

    Bai, aitortu behar dut ez dudala analisi sakonik egin eta horrelako erabaki batek ausnarketa handiagoa behar lukeela.

    Hori esanik, arrazoia duzu egun inguru hauetan basogintzak pisu baduela eta planteatzen dudanak basogintzaren amaiera ekarri dezakeela. Hala ere, duela ez horrenbeste arte arte inguru hauek industrialak izan dira, mendeetan zehar meatzaritza eta burnigintza izan dira bertako sustentu nagusia. Ikusi besterik ez dago zenbat minazulo eta ola dauden inguruetan. Horiek desmantelatu zirenetik ez da fundamentuzko industriarik izan inguruetan eta ez da alternatibarik bilatu. Nekazaritza egiteko ez dira oso inguru egokiak, malkorregiak eta zailak direlako inguru gehientsuenak.

    Inguruak basogintzarako egokiagoak izan arren, sektoreak ez du ematen bertako biztanleriaren sostengua izateko adina. Zenbat pertsona biziko dira Goizueta eta Aranon basotik? %1? Mendilanetan ari diren gehienak etorkinak izaten dira, bertako jendeak ez baitu bertan lan egin nahi, lan baldintzak ez dira izaten onenak eta. Paradoxak bai.

    Hau dena esanik, basogintzaren aldekoa naiz eta mendiei errentagarritasun bat bilatzearen aldekoa, daukagun apurra aprobetxatu behar dugulako. Eta ez nuke inolaz ere debekatuko basoak ustiatzea. Hala ere nahiko kritikoa naiz, egun ematen diren praktikekin. Lau pinu ateratzeko, mendi magal bat urratzeko gai dira, egurra ateratzeko pista pila bat eginez. (Aralarren pista bat egin eta denak airean. Hemen mendi oso bat urratu eta ez da inor aztoratzen.) Gainera, lehendik dauden bideak ez zaizkie batere axola eta bidea asko gehiago erabili ezin direla uzten dituzte. Urak ondoren bere bidean izugarrizko lurrak mugitzen ditu eta bide hauetariko askok azkenean sasiak bereganatuak bukatzen dute.

    Adibide bat, ea ikusten den: https://lh4.googleusercontent.com/6KhSOdpiSDGHGfFA8B-F6BuDUu4JzHBtW16a96A-eHBuF925FWABC-PPljP5WyfSOXzqUQYZJtM_l0YBO8pxMQ=w1366-h637-rw

    Laburbilduz, panorama beltza daukagula, parke naturala izan edo ez…

    • Gaur egungo basogintzaren amaiera denbora kontua da bestela ere. “Urre berdea”ren garaiak aspaldi amaitu ziren, eta mendiko terrenoak askotan inkordio hutsa dira jabe txikientzat. Lurren erabilera aldatu behar dela agerikoa da. Mineralek lur azpian jarraitzen dute baina meazulo eta burdin galdarak berriz jartzea irreala da, oker ez banago XIX. mende inguruan utzi zioten errentagarri izateari, atera kontuak. Baina lur sail ikaragarri handi eta askotan publiko horiek potentziala badute abeltzaintzari lotuta, edo hala uste dut nik. EHn eta bereziki Donostian ematen ari den gastronomia-hosteleriaren booma nolabait aprobetxatuz solizioren bat egon beharko luke janariarekin lotuta aberastasuna sortzeko, eta bertako gazteei herri inguruan bertan lan eta bizitzeko aukera emateko. Hau dena natura zainduz eta elikadura subiranotasuna uztartuz egin daiteke.

      • Inazio Palazio 2017-12-12 16:15

        Bai basogintzarena egia da, ustiatzen ez diren terrenoak gero eta gehiago dira, pinudiak usteldu arte bertan egoten dira, gaitzak medio eta materiala ateratzea errentagarria ez delako.

        Abeltzaintza sustatzeko abagunea badago, baina hala ere ez dira leku aproposenak horretarako ere. Abeltzaintza intentsiboa egiteko askotaz ere eremu eskuragarriagoak badaude edonon. Estentsiboari dagokionez, aukera handia dago haziendak ezartzeko, baina eremu hauetan “produktiboak” diren errazak ez dira inoiz egokitu eta azkenean sasiardiak eta betizuak geratzen dira.

        Agian urrutitxo joan naiz burniolen kontuarekin, baina dena den gertuagoko adibideak badaude dekadentzia agerian uzten dutenak.

        Aranoko zerbeza fabrika, multinazional eberdinetatik igaro eta itxi egin zen azkenean. Bertan egun Subsahariarrez beteriko pabilioiak daude. Langileak maleta eskuan astea pasatzera joaten dira bertara eta lan istripuak ugariak dira bertan.

  • ganbaratxotik 2017-12-12 14:41

    Diputazioa+Udalak+Kutxa pinudi-jabe handienak, eta eukaliptoa sartzeko ahaleginak egiten ari direnak pinuaren gaitzak eta errentagarritasun hutsalak bultzatuta.
    Europa aldera begiradatxoa bota eta horra irtenbidea (Austria besteak beste): Biomasa. Bertako espezieen landaketa eta epe luzerako plana ausnartu+adostu+idatzi eta burutu. Energia iturri agortezin eta iraunkorra. Lana, aberastasuna eta ingurunearen babesa uztartuz onura orokorra dakarrena. Hurrengo belaunaldientzat oparia. Euskal herri-afera izan beharko lukeenetako bat: energi horniketa.

    • Inazio Palazio 2017-12-12 16:20

      Bai hala da. Agian egurrak epe laburreko errentagarritasunik ez duela jabetzean, alternatiba jasangarriagoak, epe luzekoak eta bertakoak ezarriko dira. Gainera, begi bistakoa da bertako espezieek gaixotasun gutxiago izaten dituztela, Haritz amerikarra esaterako gaitzak jota dago toki askotan.

      • ganbaratxotik 2017-12-13 18:56

        Bai, kontua da Iberdrolak agintzen duela gurean. Batez ere Bizkaiko diputzaioan uzten dituen zerga-kopuru handia da eta ondorioz bertako agintariei luzerako begirada lausotu egiten zaie. Bestetik, basogintza-politikan diru-laguntzen zera hori benetan ikerketa-kazetaritzarako eremu emankorra da horretarako norbait prest egongo balitz. Herritarrak mugitu ezean…

  • Mikelats, ez dut argi ikusten zergatik natur parkea egiteak leitzako fabrikaren itxiera ekarriko zuenik. Nire ustez ez du inongo loturarik, leitzako fabrikak ez baitu hemengo egurrik erabiltzen, ura baizik.

    • Barkatu nire ignorantziagatik orduan, konbentzituta bainengoen Leitzako paper fabrikak Leitzaran, Malerreka eta inguruetako pinuen egurrekin egiten zuela lana.

      • Inazio Palazio 2017-12-13 19:22

        Leitzako paper-fabrikak papera lantzen du, hau da bobinetan eramaten da bertan prozesatu eta gero saldu egiten da. Eta eskerrak fabrika hori dagoen, inguru zabal batean ez dagoelako besterik.

        Papera egin, Zikuinagako (Hernani) fabrikan egiten da; orain, ez dakit zehazki nondik ekartzen den egurra, bertakoa den edo kanpotik ekartzen duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude