Paradisua

Paradisua

Ez da aita, ezta saindua ere, baina Erromako buruari, euskaraz, aita saindua deitzen zaio. Vatikanoko estrategia onomastiko nahasgarri horri jarraiki, PSOEko burua “Aldaketa eraikitzen” paratu zion izena joan den asteartean Iruñean eman zuen mintzaldiari. Aldaketaren ordez, egonkortasuna, eta eraiki beharrean, orain artekoari eutsi, baina, tira, mafia guziek, sainduek zein laikoek, gauzak egiteko berezko manerak dituzte.

Mintzaldia hiri buruzagiko luxuzko hotel batean izan zen: alderdi ustez sozialistako marketing arduradunek pentsatuko zuten inperioko probintzia honetan ez dela zirku handirik egin beharrik, eta, hortaz, ez zuten Beatriz Talegón musa gazte iraultzailea ekarri, alderdian jende jatorra eta sanoa badela erakuts zezan. PSNren disidente ofizialek ere ez zuten fitsik erran.

Rubalcabaren bisita Mediterránea de Catering enpresak babestu zuen, Osasunbideko kaka ustela zerbitzatu eta bezeroen partetik milaka kexa eragin dituen arren, PSNri esker sasi guzien gainetik lanean-edo segituko duen enpresak hain zuzen ere. Publikoaren artean, Miguel Sanz eta Yolanda Barcina, alderdi sozio eta listoa eraikitzen ari den aldaketan adreiluren bat jarriko zutenak naski.

Astearteetan, Hormiga Atómica liburu dendan hartzen ohi dut aterpe. Joan den astean, gainera, liburu bat eskatu nien, klasiko espainol bat: Pedro Soto de Rojasen Paraíso cerrado para muchos, jardines abiertos para pocos. Luzekara da, baina titulu egokia izanen zen Rubalcabaren hitzaldirako, franko ongi biltzen baitu UPSN-n Nafarroako gobernuaz duten ideia

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.