Pantxika Telleria: “Mugimendua gauza biziki intimoa da”

Tradizioaren alabak eta Euskal Herriko dantza sorkuntzari aire berria ekarri dioten koreografien amak ‘H’ proposamena dakar gure antzokietara.

Donibane Lohitzunen 1972an jaioa eta euskal dantzari familia baten ondorengoa dugu Pantxika Telleria, Pariseko Kontserbatorioan 1986 eta 1990 bitarte zorroztu eta, urte hauetan guztietan inguratu duten askotariko eraginak jasotzen, probesten eta bere sorkuntzan txertatzen jakin duena. 2001 urtean EiralE konpainia sortu zuenetik, tantaka heldu zaizkigu bere obrak. H lana han eta hemen mugitzen dabil orain eta, aspaldiko partez, taula gainera igo da Amaia Hennebutte idazlearen Himalayajavakaputazidiburrina (2012) testuan oinarritutako eta Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak (2010) bilduma-liburuko Beste bizitza ipuinari egindako “ihardespen” modura planteatutako obra hau antzeztu, dantzatu eta kantatzeko.

Zertaz ari da ‘H’?
H haurra da, hemen da, heriotza da, humanitatea… gauza aunitz dira. Neska eta emazte baten istorioak kontatzen ditu, bizitzako bi fase desberdin.

Euskal dantza tradizionaleko pausoak ikusi ditugu oso bestelako kutsua duen emanaldian tartekatuta. Zure koreografiek daramaten marka da, joera bat baino gehiago uztartzearena diot. Ze ekarpen egiten diote elkarri?
Mmm… kontziente naiz batzuk eta besteak ukitzen nabilela, baina ez nator guztiz bat hori nire berezko ezaugarritzat jotzearekin, ez delako hori kezkatzen nauena. Benetan interesatzen zaidana interprete bakoitzak ekartzen ahal duen barne-kolorea da, gibelean dagoen forma baino gehiago. Berdin zait klasikoa den, garaikidea, euskal dantza… teknika edota hizkuntza baten edo bestearen bitartez taulara azaleratzen ahal dugun gizatasunak arduratzen nau, erraietako aberastasun organiko horrek.

Pantxika Telleria: "Mugimendua gauza biziki intimoa da"Diziplinak bai, nahasten dituzu: antzerkia, musika, dantza… zergatik eta zertarako?
11 urte daramatzat koreografien munduan, eta konturatu naiz keinu aldetik lehen askoz ere lan hiztunagoak egiten nituela eta pixkanaka garbitzen joan naizela, beharrezkoa ez zena baztertzen. Guztiok gara gai pixka bat denetarik egiteko eta diziplina desberdinak nahaste horretan bereziki interesgarria atzematen dut interpreteak, bere betiko teknikatik aterata eremu berri batera ekartzean, berreskuratzen duen hauskortasuna. Ez baitzaizkit gauza blindatuak gustatzen.
Zerbait modu intentsiboan landu ordez, zergatik ez gure ahultasunekin eta horien aurrean ditugun erantzunekin jolastu?

Zure hitzetan irakurri dut dantza gizakiaren berezko gaitasuna dela. Oraintxe, hau irakurtzen, asko bere burua dantzan imajinatzen ariko dira eta irribarre eginda pentsatuko dute berezko-berezkoa ez dela…
Ba bai, bada. Begira, koreografo gisa nire publiko kuttuna edo, margolariaren metafora erabiliz gero, nire kolore kuttunak sei urte bitarteko haurrak eta 50 urtetik goitiko helduak dira, gorputza ezin dutelako teknika baten gibelean gorde. Eta lanerako nahiago ditut teknikaren desegituratzea onartzen duten dantzari profesionalak. Gaitasuna denok dugu, baina gero eskubidea dugu, baita ere, erakusteko ala ez, gauza biziki intimoa baita mugimendua. Askotan, gainera, ohartu gabe ere dantzan ari gara eta horrek dit emozio handiena sortzen.

Noiz gertatzen da hori?
Kafe batean edo leku publiko batean jarri eta jendeari begiratzen badiozu, sekulako dantza ikusiko duzu, espazioetan izugarrizko koreografiak osatzen ditugu besteekiko: ukitu, ez ukitu, modu bateko edo besteko kontaktuak, batzuek itxura alaia dute, besteek tristea, maitaleak ikusten dituzu… zuk zeuk ere zure pelikula osatzen duzu buruan… gizakia da, azken batean. Inspirazio-iturri handia da niretzat, gero eta gehiago, zinema; eta Lars von Trier-en filmetan, adibidez, ikus daiteke ez duzula kasik ezeren beharrik gizakiaren esentzia hori proiektatzeko.

Dantzak mundu ikuskera jakin bat dakarkigula ere esan izan duzu.
Dantza bizitzarekin lotzen dut, hiltzen garelarik ez baitugu gehiago mugimendurik sortzen. Eta dantzak istanteekin atxikitzen gaitu era berean, uneetan zentratzen gaituelako. Egunerokoan, gure mugimenduak itogarriak dira, beti gabiltza martxan jarri eta abiatu behar horretan; dantzak, aldiz, niri behintzat, distantzia bat ematen dit, eta begi berriak. Nire gorputza dantzari imajinatzen dudalarik, atsegina datorkit.

Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en irakurgai.

Pantxika Telleria: “Mugimendua gauza biziki intimoa da”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Zer duzu buruan “Pantxika Telleria: “Mugimendua gauza biziki intimoa da””-ri buruz