Pailazo-kontuak

Ume guztiak haserretzen dira behin baino gehiagotan eskolan, bada irakasleak tratu hobea edukitzeagatik batzuekin besteekin baino, bada 9ko taula gaizki errezitatu eta beste guztiek barre egiteagatik edo auskalo, Barbie panpina kentzeagatik. Ohiko gauzak direla esan genezake, umeen maltzurkeria-inozentzia horren tartean daudenak. Duela gutxi, ordea, gogoratu dut askotan galdu genituela lagunak (egun bakar batez, jakina) pailazokeriengatik.

Hiru bando sortzen ziren gure jolastokian: alde batetik, Takolo, Pirritx eta Porrotxtarrak zeuden. Bestetik, Txirri, Mirri eta Txiribitontarrak. Eta azkenik, taldeko gutxienen babesarekin, bienak zirenak (hau da, berdin-berdin disfrutatzen zutenak “Sorgina pirulina erratza gainean” edo “Zapi zuri honekin jolasten gera” kantatzen). Eztabaidatzeko oso argudio baliagarriak erabili ohi ziren: “pailazo hori tontoa da, ezin du ezta hitz egin” edo “abesti hori kaka putza da, nik badakit txakurrek guau guau egiten dutela”, esaterako.

Istorioak seriotasun apur bat hartzen du, ordea, “ba nire aitak dio…” edo “nire etxean entzun dut…” bezalakoekin. Jakina da gurasoek umeen izaera eta jarrera izugarri baldintzatzen dutela, baina beharrezkoa da dena politika arlora bideratzea? Umeengan oso erraz eragin daiteke, konturatu gabe eta halako intentziorik izan gabe askotan, horregatik jakin behar da zer esan eta zer ez haien aurrean. Garrantzitsuagoa da irakastea pailazo hau gaiztoa dela, ala gustu desberdinak dituzten umeak errespetatu eta haiekin ere jolastu behar dutela?

Euskal politikaren segregazioa txikitatik ezagutu behar al da? Ikusita Takolo joan eta Marimotots etorri zela, eta Barrebusako kideek erretiroa hartu eta euren seme-alabek ordeztu zituztela, garrantzirik al du honek gaur egun? Ze punturaino da gure bizitza, harreman eta umorearen isla edo oinarri? Pailazoak umeei (eta umeak ez direnei) barre eginarazteko daude, hori besterik ez genuke gogoratu beharko, halakoak jasan behar ez izateko.

Badirudi pailazo, pailazo-kontu eta pailazokerien arteko desberdintasuna barneratzeko asko falta zaigula oraindik.

(Beno, eta orain serio, jakin-minak hilko nau bestela: zu zeinena zara?)

Oharra:

Honekin ez dut adierazi nahi izan euskal pailazoak politikan murgildurik daudenik (eta are gutxiago umeen aurrean), baina euskaldunok dena politika-arlora eramateko dugun joera islatzeko erabili dut nire eskolako jolastokian gertatzen zena. Garrantzitsuena, hala ere, zera da, ume bezala guztiok disfrutatzen genuela gure pailazo kuttunekin, zirenak zirelarik.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

12 pentsamendu “Pailazo-kontuak”-ri buruz

  • Artista batek politika egin lezake. Ados. Eta ez da bere jarduera politikarekin zuzen lotu behar. Ados. Halere, arazoa datorkigu zeure pertsonaiaz politika egiteko baliatzen zaren unean. Beraz, ez dezagun espero bazterrak nahas ez daitezela, ezta inor “haserre” ez dadila ere.

    • Ez dut ulertzen. Zergatik ezin dute dispertsioaren aurka agertu? Idazlea, kirolaria, sukaldaria, unibertsitateko irakaslea, filosofoa, historialaria… agertu daiteke dispertsioaren aurka publikoki, baina Porrotx ez. Zergatik ez? Porrotxek nahi duena eta ongi iduritzen zaiona eginen du.

      • Nik ulertzen ez dudana da holako sentsibilitate eskisitoa izatea dispertsioa dela-eta baina Lasarteko udalbatzako bere lankidea erahil zutenean kapaza ez izatea horren kontra agertzea, bere asasinatoa ontzat ematea, alegia!

      • Kontrakoa ez dut esan.

        • PD: Azken iruzkina Iker Tubiarren iruzkinari erantzuna da

          • PD: Azken iruzkinak Iker Tubiaren iruzkina erantzuten du (txarto idatzi dut; parkatu eragozpenak)

  • Oilategigoitik 2012-12-17 14:44

    Umeek tartazoak eta pailazokeria xinpleak maite dituzte, kantak, bihurrikeriak. Tartean baloreak lantzeko mezu batzuk badaude, ondo baino hobeto. Baina neurrian.
    Pirritx eta Porrotx nahiko astunak iruditzen zaizkit, transmititu nahi dituzten baloreek (ez naiz politikaz ari) pisu gehiegi hartzen dutelako, nire ustez, entretenimenduaren gainetik. Haien azken ikuskizunera joan nintzen seme-alabekin, eta pasarte asko hain ziren dialogo “sakonekoak”, haria ere galtzen nuela. Pentsa zenbat enteratu ziren umeak.

  • Barakaldoko Ciclos Iturgaiz taldearen hausnarketa sakona pailazoei buruz.

  • Txirri eta Mirriri duela gutxi egindako elkarrizketa interesgarria (hau benetan diot).