Paderborn Parkeko plaka azkenean euskaraz ere bai



(Irudian, alemanieraz eta gaztelaniaz idatzitako plaka zaharra, 2008 urtean jarritakoa, eta oraingoa euskarazko bertsioarekin)

PADERBORN PARKEKO PLAKA AZKENEAN EUSKARAZ ERE BAI.

Administrazioan Euskaraz taldeak bere poztasuna adierazi nahi du Iruñeko Udalaren aurrean lortutako bi garaipentxoengatik.

Paderborn Parkea 2008ko apirilaren 13an inauguratu zuten Yolanda Barcina Iruñeko Alkateak eta Heinz Paus Paderborngo Alkateak. Gipuzkoako etorbidean, Buztintxuri auzoaren parean aurkitzen da.

UPNn ohikoa denez, plakan euskara ahaztu zuten eta  gaztelaniaz eta alemanez jarri zuten.

2010eko abenduaren 2an hasi zuen gure taldeak plaka euskaraz ere jartzeko ahalegina. Horretarako, Iruñeko herritar batek eskaera aurkeztu zuen egun horretan.

2011ko martxoaren 25ean eskaera hori Nafarroako Administrazio Auzitegian tartekatutako gora jotzeko helegitea bilakatu zen.

2011ko urriaren 25ean Nafarroako Administrazio Auzitegiak erabaki zuen euskaraz ere jarri behar zuela plaka.

2011ko abenduaren 27an Ebazpenaren exekuzioa eskatu zitzaion Iruñeko Udalari.

2012ko apirilaren 19an, plaka euskaraz ere jarri gabe zegoenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiari eskatu zitzaion horretara Iruñeko Udala behartzeko.

Azkenean, Ebazpena bete egin da. Gaur egun Paderborn Parkeko plakan hauxe irakur daiteke: “Yolanda Barcina Iruñeko Alkateak eta Heinz Paus Paderborngo Alkateak inauguratu zuten parke hau. Pamplona-Iruña. 13.04.2008”. Goian testu bera dago gaztelaniaz eta alemanez idatzita. Goiburu moduan: “Parque de Paderborn. Paderborn-Park. Paderborn Parkea”.

Nabarreria kalean Iruñeko Udalak duen jantoki sozialaren kartelarekin errazagoa izan zen euskaraz ere egoteko ahaleginak fruitua ematea. Zoritxarrez, gaztelaniaren testua askoz nabarmenago dago, bai tamainaz eta batez ere kontrastez.

2011ko urriaren 21ean Iruñeko Udaleko Udalbatzak onartu zuen tamaina eta kontraste berbera gaztelaniarentzat eta euskararentzat karteletan. Jantoki sozialaren kartel berria ondoren paratu arren, ez zuen irizpide hori erabili UPNren Udal Gobernuak.

Dena den, gure poza adierazi nahi dugu garaipen txiki hauengatik. Garbi dago Euskararen Ordenantza betearazteko Iruñeko Udaleko agintariekin etengabe mokoka aritu behar dela. Hori da dagoena eta euskaldunok gure papera bete beharko dugu, bazterturik geratu nahi ez badugu.

Iruñean, 2012ko uztailaren 17an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.

Ordezkaria: ANGEL MARIA LAKUNTZA AZTIRIA.

Administrazioan Euskaraz Taldea