Otsoek ba al dute arimarik Araban azken 30 urtetan?

Otsoek ba al dute arimarik Araban azken 30 urtetan? –

Otsoen albistea Naiz-en: https://labur.eus/Aswhg

Duela 30 urteko ehizaldia gogoratu dit: https://labur.eus/m19WJ

Kaixo Zaleok :

Domusantu egunez duela 10 urte Arabako Balderejo herrian (gaur parke naturala) Lahozeko Paules deituriko inguruan otso eme gazte bat akabatua izan zen ehizaldi batean tiro batez bizkar hezurra puskatuta.

Egunsentian zenbait ardi akabatuak, horzkatuak, kosk eginda zaurituak azaldu ziren, bestalde txahal bat isatsean zauritua eta beste bat haginkada zuelarik iztarrean.

Ohi bezala ehizaldia antolatu zen, jai eguna izanik, basurdetan ibiltzen zen Balderojo taldea bertan biltzekoa zen eta berehala prestatu ziren, ehiztariak eskopetaz armaturik Paules inguruan eta laguntzaileak Lalastratik.

Laguntzaileak ohiuka “aaaaiu, aaaaiu, aaaaiu”, zakurrik gabe, beldurtu egiten bait dira otsoa usaitzen dutenean, baina makilekin sastrakak astinduz, hegal guztia arakatu zuten ehiztarien alde.

Laister azaldu zen otsoa, basotik irten beldurtuta eta azkar abiatu zen Arroyoko “Fernan”engana, eremu garbian, eskopeta balaz kargaturik, tiroa bota, jo eta bertan hilda utzi zuen zulo garbi bat eginez bizkar hezurrean.

Karlos, Rikardo, Otsoa, Fernan, Alberto, Isidro, Emilio… zuzenean ehizaldian parte hartu zutenak, beste asko izan ginen berriz, epaiketarik gabeko erahilketa legalaren arduradunak. Basakeri haundienak bezala legearen babesa izan zuen.

Zerraldoa Arabako Foru Aldundiaren basozain bati eman genion ikerketak egiteko.

Hurrengo larunbatean jai haundia antolatu genuen Lahozeko Emilio tabernan ospatzeko otso eme gaztearen heriotza, jende asko etorri zelarik ehizaldietan laguntzen zuena, txorizoa, odolkiak, arkazta sutan erreta eta Arabako ardoa izan zen afaria. Otsoen aurkako borrokak, beldurrak eta miresmena elkartzen gintuen.

Ondorengo Lahozeko jaietan Egaña eta Rikardo bertsolariei gai hau ipini genien “89.urtean Domusantu egunez Lahozen akabatutako otsoa” baina tamalez ez nituen bertsoak jaso. Hau berriz kantatzen genuen batzuetan:

 

Mila bederatzirehun

zortzi bederatzi

Domusantu egunez

Balderexon biziz

otso eme gazte bat

ardiak ausikiz

Arroyoko Fernanek

bizkar hezurra hautsi.

 

Goian bego otso eme gaztearen arima. Ondorengo urtetan otso gehiago azaldu ziren eta leku berberan otso haundi beltz batek ihes egin zigun ehizaldi batean. Babes gaitzazue Euskal Herrian libre bizi nahi dugun ugaztunoi.

Otsoek ba al dute arimarik Araban azken 30 urtetan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude