Estreinaldiak: Otsailak 7

Estreinaldiak: Otsailak 7 –

Estreinaldiak: Otsailak 7

Estreinaldiak: Otsailak 7

.

Lur eta Amets

Lur eta Ametsen gurasoek ezkontza bat dute asteburuan, eta bikiak Andere amonaren zaintzapean utzi dituzte. Tximista batek etxeko argiak itzali ditu. “Joango al zarete ganbarara argia piztera?” esan die amona Anderek. Baltasar katua lagun, abentura ugari biziko dituzte amonaren baserriko ganbaran.

Euskal Herrian zehar bira egin ondoren, zinema areto nagusietara helduko da Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegik zuzendutako aurrentzako animaziozko film hau. Eta, gainera, euskaraz.

.

Arima

Lau emakume eta neskato baten istorioa, bi atzerritarren etorrerak ordura arteko oreka hautsiko duenean, errealitatearen eta irudipenaren arteko muga zalantzan jarriz. Ukitu esperimentala izango du 16mm-tan filmatutako lanak honek, ametsek, oroitzapenek zein desirek gidatuta.

Melania Cruz, Nagore Arias, Rosa Puga Dávila, Tito Asorey, Iria Parada eta Maribel Rivera dira Jaione Camborda donostiarrak zuzendutako film honen aktore nagusiak.

.

Birds of Prey (And the Fantabulous Emancipation of One Harley Quinn)

Jokerrekin duen harremana utzi ondoren, Harley Quinn beste hiru heroiekin (Black Canary, Huntress eta Renee Montoya) elkartuko da, arriskuan dagoen neskatxa bat (Cassandra Cain) Black Mask gaizkilearen eskuetatik salbatzeko.

Zinemazale eta komikizaleen artean zirrara handiena sortuko duen filma da, DC unibertsoak bere gain hartu duen azken lana da.

.

Bombshell

Gertakari errealak dira film honen oinarria. Fox News informazioaren merkataritza-gune nagusi, boteretsu eta polemikoan lan egindako emakume talde batek, ezagutzera emango ditu Roger Ailes arduradunaren sekretu guztiak.

Jay Roach zuzendariaren azken lan honek Oscar Sarietako hiru hautagaitza eskuratu ditu. Besteak beste, Charlize Theron Emakumezko aktore onenaren sarirako faborito gisa aurkeztuz.

.

A Hidden Life

Franz eta Fani Jägerstätter senar-emazte zoriontsuak dira, eta Austriako Sankt Radegund herrixkako baserri batean bizi dira. Nekazariak dira, eta mendiko paisaia liluragarriez inguratuta daude. Bigarren Mundu Gerra iristen denean, gizon gehienak nazismoaren alde borrokatzearen hautua egingo dute, baina Franzen oinarri ideologikoak bestelakoak dira. Berak ez dio Hitlerri men egin nahi, eta gorrotorik beteriko mundu nazionalista batean, kontzientzia-eragozle bilakatuko da. Faniren maitasuna eta bere fede propioa lagun dituela, hartutako erabakiek sortutako ondorioiei aurre egin beharko die.

.

Le lion

Romain ospitale psikiatriko batean lan egiten duen medikua da, eta Léo ‘Le lion’ izeneko agente sekretu bat dela dioen gaixoa da. Romainek Léorengan aurkituko du desagertutako emaztea bilatzeko laguntza bakarra, erabaki egokia hartu duen segurtasuna izan gabe bada ere. Benetako espioia al da Léo, edo gaixotasunak eragindako asmakeria hutsa da?

.

Da cven vicekvet (And Then We Danced)

Merabek gaztetatik darama Georgiako Dantza Konpainia Nazionalean entseatzen, Mary bikotekidearekin batera. Halako batean, Irakli mutil karismatikoa helduko da, eta bere bizitza irauliko du, lehia eta desira probokatuz. Giro kontserbadore batean harrapaturik, Merab askatasunaren bila joango da, horrek ordurarte lortutako guztia arriskatzea suposatuko badio ere.

Levan Akin zuzendari suediarraren hirugarren film luze honek nazioarteko kritikaren laudorioak pilatu ditu.

.

Bliss

Margolari batek ahal duen guztia egingo du maisulan perfektua sortu ahal izateko, horrek Los Angelesko sexu, droga eta hilketen mundu zikinean sartzera behartuko badu ere. Joe Begosek zuzendutako beldurrezko filma da, eta Gaspar Noé edo Claire Denis bezalako zuzendarien lanekin alderatua izan da.

.

Paw Patrol: Ready, Race, Rescue!

Txakurrek lasterketak egin eta konpetizioan aritzeko pista handi bat eraiki dute. Egun handiaren atarian, The Whoosh pilotu ezagunak  parte hartuko ez duela ezagutuko dute, eta Marshall txakur suhiltzaileak ordezkatu beharko du. Marshallek asko entrenatu beharko du, autoa profesional batek bezala gidatzen ahal izateko.

Estreinaldiak: Otsailak 7

Euskal pantailaren gunea