Otegi eta Ertzaintza

Otegi eta Ertzaintza –

Arnaldo Otegik Radio Euskadiko Boulevard saioan Ertzaintzari buruz esandakoek hautsa harrotu dute. Hemen doakizue itzulpena. Lehenik eta behin, kazetariak egin dion galdera:

  • Uste duzu Ertzaintza lan egiteko toki egokia dela ezkerrekoa eta abertzalea den norbaitentzat?

Otegi eta Ertzaintza

Otegiren erantzuna:

“Lehenik eta behin kontsiderazio batzuk egin behar ditugu. Hasteko ziur aski jende gehienak ezagutzen ez duen historiaren atal bat: Ertzaintza Jose Antonio Agirreren lehendakaritzapean sortu zen, honek enkargua Telesforo Monzoni emanda. Telesforo Monzon ezker abertzaleko kidea izan zen, HB-ko diputatua, eta Ertzaintza bere eskutik jaio zen. Jarraitzeko, Ertzaintzan deriba bat izan da. Nik ez diot erru guztia bertako kideena eta haien zuzendariena denik, denok dugu erantzunkizuna herri honetan polizian gertatu denarekin. Ertzaintza eta bere ekintzak politikoki kritikatzeko eskubidea dago. Ertzaintzako sindikatu batek gure argazkiak jarri ditu, Jusapolen estiloan, eta orain kereila bat jarriko dute gazte antolakunde baten aurka performance bat egiteagatik. Hori bai, nik gauza bat esango dizut: Ertzaintzan badago bozka EH Bilduri ematen dion jendea. Honek agian jende asko harrituko du. Badago Eusko Alkartasunako jendea, Alternatibakoa…eta uste dut ere badagoela Ertzaintzan sartzen ari den ezker abertzaleko jendea. Beraz, zer egin behar dugu? Indar polizial hori berreskuratu eta duela 40 urte eraman nahi genduen tokira eraman: polizia demokratikoa, euskalduna, herri honen zerbitzura. Hartu beharreko neurri guztiak onak iruditzen zaizkit helburu hori lortze bidean”.


Otegiren erantzuna baino, kazetariaren galdera da harrigarria suertatzen dena. Nahiko garbi dago Otegiri gadera hori eginez gero elkarrizketako izenburua zilarrezko bandejan zerbitzatuko zaizula, erantzuna dena delakoa ere, eta hala izan da, alafede.

Erreakzio ugari izan dira sarean:

 

Otegi eta Ertzaintza

 


Afera honen harira, hiru kontu:

  • Tenpoak: lehenago edo beranduago mintzagai izan behar zen gai bat zela argi dago, eta ez dela kontu erabat berria ere. Oroitu dezagun Nafarroan laukotea gobernatzen aritu zenean EH Bilduk proposatu zuela barne kontseilaria izango zena, Maria Jose Beaumont (kausa justu askoren aldeko abokatua eta Itoizen aurkako aktibista, besteak beste). Laurteko horrek erakutsi zuen ez dela batere  erraza polizia instituzioetatik bakarrik kontrolatzea, urteetan eskuinak egin duen lana egun batetik bestera depuratu ahal izatea. EH Bildu bigarren indarra da Hego EHn, eta une honetan EAJ-k eta PSE-k eraiki duten euste-dikeak oso zaila jarri arren, ez da ezinezkoa urte  batzuen buruan koalizio soberanistako norbait ikustea Lakuan. Zergatik ez? Eta hori esanda, EHB gertuago dago EAEn hauteskundeak irabaztetik Ertzaintza kontrolatu ahal izatetik baino. Ez daude, inondik inora, horretarako baldintzak. Kontu hau eztabaidatzeko goizegi da, batetik ezinezkoa delako Ertzaintza barrutik aldatzea oinarrian agente batzuk sartzeagatik, eta bestetik jendeak ezin duelako une honetan planteamendu hori barneratu (ertzaintza jendea etxekaleratzen ari da, eta manifestatzeagatik ostiatzen, inork ez ditu ardurak jan dokumentatuta dauden 400 tortura kasuengatik, Cabacas, eta abar…). Ertzaintzak gauza onak egiten ditu, bai, trafikoa zuzendu,  eta mendizaleak erreskatatu, baita katutxo bat zuhaitz batetik jaitsi ere, zergatik ez, baina bere ernamuinean, bere funtsean, herri hau zapaltzeko diseinatuta dagoen polizia bat da.
  • Irlanda: bake akordioa sinatu eta urte batzuetara Sinn Feinnek bere oinarri sozialari helarazi zion, hala nahi izanez gero, RUC polizian sartu ahal zela. Testuinguru ezberdinen arteko paralelismoak inoiz ez dira onak, baina ziur irakaspenen atera ahalko genukela hortik. Otegirena bapateko erantzun bat izan da, agian beste munduko garrantziarik eman behar ez zaiona, baina ezker abertzaleko jendea Ertzaintzan sartzen ari dela esatera iritsi da (“uste dut” baten bidez, hori ere bai), eta oinarri sozial horretan, gaur-gaurkoz, gauza jakina da erabateko tabua eta ezinikusia sortzen duen gai bat dela ezker abertzaleko norbait Ertzaintzan sartzea. Nik “uste dut” ez dela ilara askorik izanen. Bide batez, ELAk sindikatua dauka Ertzaintzan, baina ez dut uste LAB-en hori burutik pasatu zaienik ere.
  • Iñaki Egañaren artikulua NAIZ-en, “¿Quién controla a la Ertzaintza?”, iragan urtarrilean argitaratua, eta egun hauetako polemika kokatzeko ezinbestekoa: “Rodolfo Ares 2009an barne kontseilari izendatua izan zenean berritze sakon bati heldu zion Ertzaintzaren buruzagitzan, ordurako oso txikia zen jeltzaleen eragina ezabatzeko. Polizia autonomikoaren ibilbidea sokatira etengabe bat izan da. Madrileko boterearekin mantendu nahi zuen orekaren izenean EAJ-k onetsi egin zuen militar espainiarrak Ertzaintzan sartzea. Jose Luis de Pablo Loizaga, armada espainiarreko komandante eta frankismoak jarraikortasunaren alde ziharduen garaietan Polizia Armatuko buru, Ertzaintzako superintendente izatera iritsi zen. Bere semea, Juan Jose Pablo Busto, Iñico Cabacasen auziarengatik kondenatua izan den agente autonomiko bakarra izan da”.

Gizarte eredu perfektuan ez da poliziarik izango, baina agerikoa da, lehenago edo beranduago, ezkerreko independentismoa botere instituzionalera iristen bada, gai honi egin beharko diola aurre. Zeren eta, esan egia, denok dakigu egunen batean Julen Arzuaga barne kontseilari izendatzen bada antidisturbioen manifak izango direla astero eta guztia (administrazoa, eguneroko lanak, estabilitatea…) hankaz gora jarriko dutela bokazio handiz.

Gauza asko aldatu behar dira oraindik herri honetan gai horri taxuz heldu ahal izateko. Hasteko eta behin, Ertzaintza.

Otegi eta Ertzaintza
Otegi eta Ertzaintza
Otegi eta Ertzaintza

2 pentsamendu “Otegi eta Ertzaintza”-ri buruz

  • Zaila da hainbestetan aurrean (ala atzetik jarraika) eduki dugun erakunde polizial bat geure proiektuak gauzatzeko tresna izan daitekeela pentsatzea. Tripek izugarri zailtzen duten pentsamendua da hori, baina egin beharreko galdera ondorengoa da: Nazio askapen eta nazio eraikuntzan egin beharrekoa bidean jarduneko erakundeetatik abiatu beharra daukagu?

    Erantzuna baiezkoa bada, erakunde hoiek nazio eraikuntzaren bidean jartzeko eraldatzen hasi behar dugu, goitik behera eta behetik gora, azken zokoraino. Izan gobernuak, izan administrazioko edozein arlo, baita polizia ere. Administrazioko langileek sekulako eragin ahalmena daukate. Gai dira administrazioa blokeatzeko eta porrotera eramateko, ala gauzak behar duten norabidean joan daitezen erraztasunak jartzeko. Zeure (administrazioaren) polizia (agenteak) kontra badituzu, jai daukazu zure agindu, lege eta arauak betearazteko, zeharo aginte kamustua izango duzu eta ez duzu izan zenezakeen aukera txikiena ere gauzatu ahal izango zure proiektua aurrera ateratzeko.
    Galderaren erantzuna ezezkoa bada, orduan ez dauka zentzurik egunerokoan talka egingo duzun gorputz polizial batean “zeure” jendea sartzeak. Ezezkoaren bideak eman zezakeena historiak erakutsi digu.

    Urteetan rol batean (erresistentearena) aritzearen ondorioz, rol hori identitate bihurtzeraino heldu gara eta zaila zaigu hortik irtetea. Estrategia berri batek politikoki erreseteatzea eskatzen duen heinean, burua ere erreseteatu beharra dago. Ez da erraza, baina geure helburuak gauzatzearen eta opositore eternoa izatearen artean hautatu beharra daukagu.

  • Amonamantangorri 2021-02-20 15:52

    Zuhaitzen testu osoarekin ados, erabat. Beharrezko botoiei sakatu diezu.

    Joseba Álvarezen gogoetarekin, aldiz, pse pse. EH Bilduko sektore bakoitzak iritzi desberdina du iraganeko egoerei buruz. Bestalde, puntu komuna eta aski zabala da, baita EH Bildutik harago ere, Ertzantza faxistaz beteta dagoela. Lehen-lehenengo, “beltzak” desegin, kosta ahala kosta.