Osasungintzaren defentsan

Osasungintzaren defentsan –

Alaitz Argandoña Oteizak Bizkaiko Hitzan.

Osasungintzaren defentsan
Argazkia: Naiz.

Urtea amaitu da, eta guztiok egiten dugu 2021ean gertatutakoaren errepasoa, eta urte berriko asmoen zerrenda. Batzuk dietan jarriko dira, beste batzuk gimnasio batean edo hizkuntza bat ikasten hasiko dira… Baina norbanakoen asmoez harago, komunitate modura ere badago zer hobetu. Bilboko herritarrek mobilizatzea proposatzen dute urte honen hasierarako, osasun arloko murrizketen amaiera eta presentzialtasunera itzultzea eskatzeko.

Erakundeek osasungintzako lan taldearen defizitez, baliabideez, tresnez… hitz egiten dute, baina, osasun langileen atsedena errespetatuz, erabiltzaileok utzikeria eta aurreikuspen falta dagoela ikusten dugu. Langile defizita egiturazko arazoa da. Orain oso zaila bada lan taldeko bajak betetzea, zer gertatuko da erretiroa hartzen duen jendearen plazak bete behar direnean?

Gobernuak telefono bidezko arretaren ontasunak goraipatzen dituen bitartean, eta presentzialtasunerako alternatiba telematikoak planteatzen diren bitartean, herritarrek itxarote ilara luzeak dituen zerbitzu prekarioa pairatzen dute, familia medikuarekin hitzordua hartzeko arazoak… Zer esanik ez espezialista batekin hitzordua eskatzeaz! Protokoloen azken aldaketek autotestei, autoarakaketari eta autodiagnostikoei buruz hitz egiten dute.

Osasunaren pribatizazioaren ildoa alternatiba bihurtu dute, eta hori ezin dugu onartu. Bada garaia jasaten ari garen egoera salatzeko eta osasun publikoa, deszentralizatua, hurbila, presentziala eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Horretarako, Bilbon, hainbat eragilek dei egin dute gure auzoetako osasun zentroen aurrean mobilizatzeko urtarrilaren 12an eta 19an.

2021ean, herritarrok pazientzia erakutsi dugu neurri kontraesankorren aurrean, eta gehien behar zuten bizilagunei elkartasun sareen bidez laguntzeko prest egon gara. Horregatik, 2022. urteari honako hau eskatzen diote deialdia egin dutenek: Itzul dezatela aurrez aurreko arreta, itxarote ilararik gabe. Deustuko etengabeko arreta gunearen gaueko zerbitzu presentziala berreskuratzea. Haurrek pediatria zerbitzua bermatuta izan dezatela auzoetako osasun zentroetan. Adinekoek hurbiletik eta aurrez aurre behar dute arreta, ilararik gabe, geriatriako zerbitzu espezifikoekin. Amatxuek emagin zerbitzua berreskuratu behar dute.

Bilboko Udalari egiten zaion eskaera ere argia da: SAMUReko udal anbulantzia zerbitzua mantendu dezala, herritarrak zaintzeko beste tresna bat baita. Herritarrok konfiantzazko familia medikuak berreskuratu behar ditugu. Osakidetzako langileek baldintza duinetan lan egiteko eskubidea bermatu behar du Osakidetzak, gaixoen eta gehiegizko lan kargen saturaziorik gabe eta atsedenerako eskubidearekin, osasun zentroetako ordutegiak murriztu gabe. Buru osasunean inbertitu behar du, garai bateko tabuetatik askatuz. Urtez urte erretiroa hartzen duten langileen ordezkapenak eta plazak bete ahal izateko behar adina lanpostu sortu daitezela.

Hori guztia lortzeko, hiritarrok indarrak batu behar ditugu, eta erakutsi behar dugu osasun publiko, presentzial, gertuko eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten dugula.

Osasungintzaren defentsan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.