Osasunaren negozioa: covid, zahar-etxeak eta mutualitateak

Osasunaren negozioa: covid, zahar-etxeak eta mutualitateak –

Krisi sanitarioa dela eta agerian geratu dira sistema honen gabeziak, osasuna merkantilizatzeko joera beharrizan sozialen kaltetan eta aberatsenen onerako izan baita. Europak sustatu dituen politika neoliberalak, zeintzuk gure gobernuek gogo onez hartu dituzten, egoera izugarriak eragin ditu. Esaterako, zahar-etxeetan izan da pandemiagatik hildakoen %70a. Benetako hondamendia.

Osasunaren negozioa: covid, zahar-etxeak eta mutualitateak
Arg: Marina Guimarães (Wikimedia)

Zahartzen ari den herri batean ez da harritzekoa halako egoitzak ugaritzea. Alabaina, gobernuen ardura da zahartzaro duina izateko eskubidea zerbitzu pribatizatu bilakatu izana, eta hau bezero eta etekinen ehizan ibiltzea: gaur negozio bat da, eta gutxi batzuk kapitala inbertitzeko eta aberastasuna metatzeko baliatzen dute. Hona lerroburu batzuk: “2016an soilik Madrilen 15 zahar-etxe saldu ziren”; “Adinekoen egoitzetako enpresa kudeatzaileen salmentak 2018an %3,4 hazi ziren, 4.500 milioi euroraino”; “Iruñerrian beste bost zahar-etxe berri egiteko proiektua, albiste ona Nafarroako Gobernuarentzat”…

Azken urteetan arrisku-inbertsioko funtsak adinekoen egoitzak erosten edo eraikitzen ari dira, duten balio ekonomiko “handia”gatik; ez soilik atzerrian, baita Nafarroan ere (gainera, gobernuak lorpen soziala balitz bezala aurkezten du errealitate hori). Arrisku-inbertsio hauek urteko %6ko etekina ere lor dezakete, hots, beste edozein negoziotan nekez irits daitekeen irabazia. Baina errentagarritasuna aski handia denean arrisku-funtsak erretiratu egiten dira, hura finkatzeko. Erretiratzeko estrategia oso zehatzak erabiltzen dira, besteak beste “inbertitzaile estrategiko” bati saltzea.

Eta, zein litzateke inbertitzaile estrategiko bat adinekoen egoitzetan? Zein gizarte aurreratuk onartuko luke zaharren heriotza? Gure guraso eta aiton-amonen zaintza hain sektore garrantzitsua izanik, nork hartuko luke bere gain? Administrazioak; geuk. Gizarte guztiak, alegia.

Hala da. Inbertitzaile handiek, beren buruari “aberastasun sortzaile” esaten diotenek, badakite Estatuak ez lituzkeela adinekoak sekula bazter utziko, eta edozein zahar-etxe baliabide publikoak erabiliz erreskatatzeko gauza dela. Badakite, baita hala exijitu ere. Horra beste titular hauek: “ACSren zahar-etxeen filialak eskatu du covid-ak eragindako gastuak konpentsatzeko” (ACS = Florentino Pérez); “Clecek herri-administrazioei galdegin die kudeatzen dituen egoitza gehienetan oreka ekonomikoa berrezar dezatela, ezusteko 7,2 milioiko gastuak izan eta gero”.

Putreok lasai profitatzen dute besteen oinazea eta etekinak gehitzeko guztiek duten beharra. Beti ere gure agintarien oniritziarekin eta langileak esplotatuz (lan arlo hau prekarioa eta feminizatua da). Hor ditugu gure lankideek Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar-etxeetan egin dituzten grebak.

Haatik, osasuna negozio gisa ez da soilik geriatriko eta ospitale pribatuetako kontua: langileon osasuna ere etengabeko pribatizatze prozesuan dagoen eremu bat da.

2015eko Mutualitateen Legea berariaz egin zen kapital handien mesedetan, enpresa eta ondarea transferitu baitzitzaien, sistema publikoak mutualitateen bidez sortutako prebentzio erakundeen pribatizazioa medio. Beste lerroburu batzuk: “IDC Salud erraldoia, CVC arrisku-kapitaleko funtsaren esku dagoena, lan istripuetako mutualitateen prebentzio sozietateen protagonista da; Quirón klinikak eskuratu zituen, baita Fraternidad, Mutua Universal, MC Mutual eta Fremapen prebentzio sozietateak ere”.

Mutualitateen prebentzio enpresak inbertitzaile handien mesedetan pribatizatu ziren; hauek etekinak pilatzen dituzte langile-klasearen osasuna kudeatuz. Lege hau iragarri zen arlo publikoan finantzen erabilera okerra ekiditeko, baina enpresek oraindik interes ilunak dituzte diru publikoa mutualitateen bidez kudeatzeko.

Hau oso argi geratu zitzaigun VW-Navarrak, langileen iritziaren kontra, 2019 bukaeran gertakari arruntak bere mutualitatera aldatzeko saioa egin zuenean. Mutualitateek gaur ere neurriz kanpoko boterea dute Gizarte Segurantzako legeari esker, hots, guztion diruarekin. Hona adibide batzuk:

  • Gertakari profesionaletarako prestazio sanitarioak mutualitateek emango dituzte, beste mutualitateekiko edota herri-administrazio sanitarioekiko hitzarmen bidez; halaber, bitarteko pribatuekin ere itunak sina ditzakete horretarako.
  • Proba diagnostikoak eta tratamendu terapeutikoak zein errehabilitaziokoak funtsean mutualitateek gertakari profesionaletarako kudeatzen dituzten asistentzia-zentroetan egingo dira (…) eta modu subsidiarioan itunpeko zentroetan egin daitezke (…).
  • Gizarte Segurantzarekin lankidetza duten mutualitateek beren gain hartuko dute, gero osasun zerbitzuek edota Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek konpentsa dezaketeelarik, laneko baja prozesuak behar baino gehiago luza ez daitezen egiten diren proba diagnostiko, tratamendu eta berreskuratze funtzionaleko prozesuen kostua.
  • Mutualitateei egozten zaizkien betebehar ekonomikoak baliabide publikoekin ordainduko dira.
  • Gizarte Segurantzarekin lankidetza duten mutualitateek zerga-salbuespena izango dute. Krisi sozial eta sanitario honen ondoren inork ez luke ulertuko erakunde pribatuei baliabide gehiago emanez osasun sistema publikoa areago deskapitalizatzea. Horregatik, mobilizazioari eutsi behar diogu enpresei ez uzteko gertakari arrunten kudeaketa mutualitateen esku laga dezaten: osasun publikoa are gehiago hondatuko litzateke horrela.
Osasunaren negozioa: covid, zahar-etxeak eta mutualitateak

Osasunaren negozioa: covid, zahar-etxeak eta mutualitateak

ELA - VW Navarra