Osaba Anjelek burua galdu du

Osaba Anjelek burua galdu zuen egunean, sekulako itsasgora egin zuen gure hirian eta plazaa ondoko lorategietako parterreak ere busti zituen kresalak, krabelinak ia itotzeraino. Mareabehera ere itzela izan zen eta sekula ikusi gabeko izkira eta karramarroak bistatu ziren putzuetan. Gero jakin genuen, iraila izateaz gain, planeta guztiak jarriak zirela herrenkadan, iduneko baten perlen antzera. Seguruenez, horrek guztiak ez du izango loturarik osabaren burugaltzearekin, baina, badaezpada, esanda nahiago.

txirringa

Osaba bera izan zen konturatu zena. Atarira iritsia zen bizikl berri eta dirdirant bati tiraka. Pepe atezainak ikusi eta galdetu egin zion:

Pepek– Baina nora zoaz bizikleta horrekin, Don Anjel?

Osabak bizikletari begiratu ei zion eta guztiz harrituko balitz bezala, lurrera erortzen utzi zion kolpean txirringari.

Osabak– Neuk ere ez dakit zer nabilen, Pepe. Sekula ez dut bizikletan ibiltzen jakin.

Pepek nire anaia Javierri deitu zion guztia kontatzeko, hura baitugu zaharrena,  eta han joan ginen denok osaba Anjelen etxera, geu baikara osabak duen familia guztia eta bakarra.

Osabak– Burua galtzen hasi naiz -esan zigun, eguraldiaz ari balitz bezala-, kendu egin behar dizkidazue bankuko kontuak eta jabetza guztiak, bestela beldurgarrikeriaren bat egingo dut aurki. Dena alferrik galtzeko gai naiz eta.

Osaba Anjel oso maitea dugu umetatik haren ilobok. Mutilzaharra izaki, harengan aterpetu izan gara lau neba-arrebok gurasoekin haserreren bat izan dugun bakoitzean. Nolabait esateko, familia artekoon zubigile nagusi izan da beti bera. Berak jakin izan du asuna eztitzen, berak gazia gozatzen. Eta egon izan da horretara beharrik, gure aita-amak ez baitziren gozoenetakoak, ez horixe.

Tartekoak tarteko, haren gorpuzkera eta umorea ikusitakoan, sarri etortzen zaio edonori Ahetzeko Mattin bertsulariaren oroimena. Hori bai, hura baino borobilago eta itsuago gure osaba, kristal lodizko betaurrekoak jantzita beti eta gerrikoak lotu ezinezko frakak bere lekuan eutsi ezinean. Hala ere, ez bedi inor tronpa, osabak badu berezko dotorezia. Izango da Londresen ibili zelako ikasten gaztetan ala nik al dakit ba.

Erabaki genuen osabak bakarrik bizitzeari utzi behar ziola, aztertuko genuela nola. Javierren izenean jartzea osabaren diru kontu guztiak ere erabaki genuen eta, aurrerago, beste hiru ilobon izenean haren zapatadenda, kristaldegia, boulevardeko etxea eta Errioxako jauregitxoa. Dena.

Osabak– Horixe izango da onena, eta lehenbailehen, gainera. Hau ziztu bizian doala nabaritzen dut eta.

Egia esan behar bada, zerbait antzemanda geunden. Esate baterako, Errioxako jauregira laguntzeko eskatu zidan egunean, kosta egin zitzaion, bai haranzkoan eta bai honanzkoan, autoarekin asmatzen. Behar baino jira eta bira gehiago egin zituen helmugara iristeko. Erdi galduta ibili ginen tarteka, eta hori ez zen oso normala mila bider eginda zeukan bidean. Baina ez nion inori ezer esan, laino iragankor bat izan zelakoan.

Hala ba, Javierren esku utzi genuen abokatua hartu eta notaritzara joatea. Abokatutarako Iñigo Santacana ospetsua hartu du, Santacana y asociadosekoa eta notario, ostera, Julio Berasain, kale nagusian bulegoa duen hori. Biak zapata zahar pare bat baino lehorragoak.

Gero eta gutxiago ulertzen ditut nire anaia Javierren gauzak, baina berak jakingo du zertan dabilen. Egia esanda, gure aita zena ekartzen dit maiz gogora, haren hego haize berak jotzen duela dirudi, sarritan. Ama zenaren urak ere baditu, ordea, batez ere muturra okertzen zaionean. Finean, bere ezpalekoak ditu, beraz, abokatua eta notarioa, biak, hitz bat alferrik egiten ez dakiten horietakoak.

Hasieran neu nintzen osaba notaritzara eramatekoa, abokatuak esan baitzigun Javierrek ezin zuela aurrean eta gela berean egon sinatzeko orduan. Hala gertatuko balitz, baliorik gabe geratuko zela notaritzan hartutako lana, izan ere, pentsa bailiteke horretara behar lezakeela gazteak zaharra. Baina osaba Anjelek esan zigun, Javierrik gabe bera ez zela inora joango, Javierrek jaso behar bazituen bere diru kontuen ardurak, hark behar ziola notaritzara lagundu. Nahi eta ez.

Joan ziren bada notaritzara, osaba, anaia eta abokatua. Hogei minutu inguru egin ei  zuten zain itxarongelan, Monna Lisaren erreprodukzio handi begira. Unea iritsitakoan, anaia Javier bertan geratu zen egongelan, barnera sartu ezinik.  Osaba Anjel eta Iñigo Santacana, ostera, barrura, notarioarengana.

Javierrek dio egun oso txarra zeukala osabak.

Osabak– Nora goaz? -galdetu ei zion hiruzpalau bider harako bidean

Javierrek– Notaritzara, osaba?

Osabak– Zertara baina?

Javierrek– Zure kontuak neure izenean jartzera

Osabak– Ah bai, egia da. Zergatik ez didazu esan lehenago?

Halako batean eseri omen ziren, ba,  abokatua eta osaba notarioaren aurrean. Eta hasi zuen notario jaunak galdeketa:

Notarioak– Zure izena Anjel Telleria Peña al da?

Osabak– Bai hala naiz, baina zur nor zara?

Abokatuak– Notario jauna da, Don Anjel

Notarioak– Julio Berasain notarioa naiz, ateko plakanirakurriko zenuen hori. Segi dezagun…

Osabak– (Abokatuari begira) Eta zu, nor zara?

Abokatuak– Zure abokatua naiz, Iñigo Santacana

Osabak– Nola dakit hori hala dela?

Abokatuak– Zure iloba Javierrek kontratatu nau

Osabak– Non dago Javier?

Abokatuak– Hor kanpoan, itxarongelan

Osabak– Zergatik ez da sartzen, orduan

Notarioak– Ezin du… Segi dezagun behingoz

Abokatuak– Bai egin dezagun aurrera.

Osabak– Aurrera, nora?

Abokatuak- Zure diru kontuen zaintza zeure iloba Javierri uzten dizkiozula sinatzera

Notarioak– Bai, hementxe ditut dokumentuak prest

Osabak– Zein dokumentu?

Notarioak– Sinatu behar dituzunak

Osabak– Zer sinatu behar dut ba?

Abokatuak– Javierri uzten dizkiozula zeure kontuak.

Osaba– Eta Javier non dago ba?

Notarioak– Hor kanpoan, baina esan dizugu ezin duela sartu hona

Osabak– Zergatik?

Notarioak– Dokumentuak ez lukeelako baliorik

Osabak– Zein dokumentu?

Abokatuak– Zuk sinatu behar duzunak!

Osabak– (Abokatuari begira) Zur nor zara?

Abokatuak– Zure abokatua, Iñigo Santacana!

Notarioak– (Osabari dokumentuak hurreratuz) Sinatu hemen, mesedez, jauna

Osabak– (Dokumentuei begiratu ere egin gabe) Eta zu, zu nor zara?

Abokatuak– Don Anjel, sinatu, mesedez, Notario jaunak agindu dizun lekuan! Javierri zure kontuak uzteko paperak dira.

Osabak– Non dago, ba, Javier? Zergatik ez dago hemen?

Notarioak– Hara, jauna, azken aukera emango dizut paper hauek sinatzeko. Ez dut goiz osoa zeuretzat.

Osabak– Nik ez dut ezer sinatuko bi ezezagunen artean. Non dago Javier?

Notarioak– Aski da! Zoazte nire bulegotik, beste zeregin batzuk ditut zain eta.

Abokatuak– Barkatu Notario jauna…

Notarioak– Ez dagho barkamenik eta ez dago ezer. Irten ahalik eta azkarren nire bulegotik!

Osabak Javier itxarongelan ikusitakoan esan zion poztu egiten zela iloba han ikusteaz. Kasualitate ederra zela hura, eta elkarrekin egin zezaketela etxerako buelta. Ondoren gaineratu ei zuen, bi gizonezkok, (“honako honek eta barruan geratu den beste batek”) paper batzuk sina zitzan nahi zutela, baina bera ez dela hain inozoa eta egoten ahal direla apur batean esperoan halakorik ikusi nahi bazuten.

Gero, etxera iritsitakoan, esan zuen oso polita geratzen zela bizikleta distirant hura, saloiko landareen alboan jarrita. Ea norena zen oparia.

Osaba Anjelek burua galdu du

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)