Orreaga Taldearen prentsa oharra

Orreaga Taldearen prentsa oharra –

ORREAGAK ABERTZALE GUZTIAK GONBIDATU DITU ABUZTUAREN 15ERAKO

Ekitaldi politikoa Pasai Donibanen izango da, Askatasunaren Eguna lelopean.

Orreaga Taldearen prentsa oharra

Euskal Herriaren independentziaren erreferentzia eguna bihurtu nahi du Orreagak abuztuaren 15a, eta, urtero bezala, aurten ere abertzale guztiak deitu ditu Pasai Donibanera biltzera. Ekitaldia eguerdiko 12etan hasiko da, Pasai Donibaneko santutxoaren aurrean, erreferentzia historiko-politiko labur bat irakurriz eta lore eskaintza eginez. Ondoren, denak elkarrekin abiatu, eta Pasai Donibaneko plazan jarraituko du ekitaldi politikoak.

Herri batek erreferente historiko nagusi batzuen beharra dauka, eta horietakoa da, dudarik gabe, 778. urteko abuztuaren 15ean Orreagan euskaldunek frankoei irabazi zieten gudua. Erreferente historiko horietatik irakaspen garrantzitsuak atera ditzakegu.

Helduko da egun handia, berriro subjektu politiko bihurtuko gaituena. Inoiz ahaztu behar ez duguna zera da: gure arbasoak Orreagan, urte hartako abuztuaren 15ean, subjektu politiko bihurtzeko estrategia eta indarra izan zutela, eta haien garaipenari esker gaudela gu hemen. Orreaga da, beraz, gure abiapuntua, sorrera eta lehendabiziko ikasgaia. Han idatzi genituen gure konstituzioaren lehen hitzak. Erabil ditzagun, bada, gure indar guztiak Nafar Estatu euskalduna berreskuratzeko lanetan.

Berreskuratu diogu, bai, Nafarroako Estatua bortxaz lapurtu baitziguten, eta indarrez kendutakoa inoiz eta inon ez baita legitimoa izaten, delitua baizik, gizateriaren aurkakoa, inoiz preskribatzen ez duena. Hor dugu gure indargune nagusietako bat: gure estatuari ez diogu inoiz uko egin; indarrean jarri behar dugu, horretarako zilegitasun guztia daukagu.

Okupazio egoeran bizi garela salatu eta berretsi nahi du Orreagak. Estatuak, aske direnean, eraginkorrak dira euren interesak defendatzeko, eta hori dute oinarri. Baina okupatua den estatuak erresistentzia du printzipio nagusia. Herria da, bere erresistentzia mugimenduarekin, Estatua bizirik eta continuum batean mantentzen duena. Horra hor, Orreagaren iritziz, gure bigarren indargunea: erresistitzen ari den herria.

Hori da, gaur egun, gure estatuaren adierazlerik argiena. Inbaditua izan ondoren, gure herrian erresistentzia mugimendu indartsu bat jarri zen martxan, gaur arte etenik izan ez duena. Herri batek ´ezin dut gehiago´ esaten duenean herri izateari uzten dio. Baina gureak ez du horrelakorik esan oraindik, eta, denon artean, ez diogu utziko erabateko asimilazioan desagertzen: gure herria bizirik dago.

Erresistentzia hori antolatu egin behar da; alegia, gure instituzio propioak sortu. Hori da askatasuna lortzeko munduko nazioek onartzen duten bide bakarra. Hori da abuztuaren 15eko ekitaldiaren funtsa eta mamia, Askatasunaren Eguna elikatuko duen gogoeta.

Orreagak gogora dakar prest dagoela herri honen indar guztia ordezkatu, batu eta estrategikoki bideratuko lukeen erakunde bat sortzeko, independentziaren alde mendeetan zehar iritsi

zaigun deiadarrari forma emango diona. Orreagak aspaldi hartu zuen konpromiso hori, eta helburu horren alde bat egiten duten guztien bidaide –maila bereko bidaide– izateko borondatea erakusten du behin eta berriz.

Horregatik dei egiten die independentziaren alde euren indarra batu nahi duten guztiei abuztuaren 15ean Pasai Donibanera ager daitezen. Ez Orreagak, baizik eta Euskal Herriak dauka denon beharra.

Orreaga Taldearen prentsa oharra

10 pentsamendu “Orreaga Taldearen prentsa oharra”-ri buruz

  • Gora Nafarroa! Ta eskerrik asko Orreaga!

  • Harrigarria, estonagarria.
    Arbuiagarria, gaitzesgarria.
    Ingelera hemen ere!
    Utikan!

  • Inazio: gazte “euskaldun” gazteleraz mintzo diren ingeleszaleak bakarrik ezagitzen ditut. Ikusten ari naizena ez zait gustagarri. Amerikazale eta ingeleszale.
    Inazio, lehen bat genuen gainetik, orain bi.

    • Juan Inazio Hartsuaga

      Lehenago batek betetzen zuen gureak nekezago bete dezakeen eremua. Orain bi edo hiruren artean zati dezakegu eremu berori. Nik ezagutzen ditudan euskaltzale eleaniztunak ez dute euskaltzaletasun apurrik galdu beste hizkuntzetan ere ondo moldatzeagatik. Aldiz, gazteleraren kateak astindu dituzte. Euskaltzale denari mesede egiten dio ingelesak. Euskaltzale/erdaltzale da ardatza, ez euskara/ingelesa.

      • Totally agree!
        Agerian utz dezakegu espainiarren kosmopolitismo mesetarioa:
        euskarari bere eremu urria leporatzen diote, beraz beraien arabera, etxetik ateratzeko beste hizkuntz bat behar dugu. Bere logikari jarraituz argi dago ingelesa eta ez gaztelania dela erabilgarriena. Eta orduan ikusi beharko zen zein hizkuntza egongo litzateke sobran.

  • Inork esplikatu diezadake zer esan nahi den horrenbeste erabiltzen den “berreskuratu” horrekin? Kendu eta suntsitu baziguten Estatua, berreraiki edo sortu beharko dugu ezta?

    Dena dela, hau asko gustatu zait
    “Erresistentzia hori antolatu egin behar da; alegia, gure instituzio propioak sortu. Hori da askatasuna lortzeko munduko nazioek onartzen duten bide bakarra. Hori da abuztuaren 15eko ekitaldiaren funtsa eta mamia, Askatasunaren Eguna elikatuko duen gogoeta.

    Orreagak gogora dakar prest dagoela herri honen indar guztia ordezkatu, batu eta estrategikoki bideratuko lukeen erakunde bat sortzeko, independentziaren alde mendeetan zehar iritsi zaigun deiadarrari forma emango diona.”

    Hau ordea gutxiago: “Orreagak aspaldi hartu zuen konpromiso hori, eta helburu horren alde bat egiten duten guztien bidaide –MAILA BEREKO BIDAIDE– izateko borondatea erakusten du behin eta berriz.”
    Zer esan nahi da horrekin erakunde demokratikoa izango dela?

  • Ados nago baina uste dut hobeto zatekela erratea gure estatuak ta erakundeak konkistatuak izan zirela, Nafarroa baino lehen ta gero, ta Nafarroa inoiz ez zuenean euskal lurralde gutziak Nafarroaren barnean izan, berreskuratu behar den edo sortu behar den estadu berria ez dela Nafarroa izan behar uste dut, Euskal Herria behar duela izan uste dut, Nafarroa EHren parte haundiena bait zen baina ez bakarra. Baina badirudi Nafartar batzuei hori ahazten zaiela.

  • Abuztuaren 15 ean bertatik bertara hitzegitea onena. Elkar gaitezen!!! Eta aurrera!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude