Orain posible delako

Orain posible delako –

Sei urte bete ditu Mozal Legeak eta sei urteotako datuek argi eta garbi erakutsi dute Eskubide Sozial, Zibil eta Politikoei aurre egiteko nolako tresna errepresibo garrantzitsua eta indartsua den Mozal Legea (eta Zigor Kode berria) Estatu espainolarentzat zein botere ekonomikoentzat. 2015eko uztailaren 1ean indarrean sartu zenetik ez dute etenik izan eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako polizia ezberdinen erasoek, ezta koronabirus garaian ere. Protesta sozial zein politikoaren aurkako jazarpen judiziala nahiz poliziala eta jendarte kontrol soziala etengabe indartu dira Estatu espainolean.

Orain posible delako
Arg: Amparo Torres O.

Sei urte hauetan adierazpen askatasunak, mobilizazioak egiteko eskubideak eta informazio jaso zein zabaltzeko eskubideek izugarrizko murrizketak jasan dituzte  krisialdi sanitarioan, territorialean, ekonomikoan, politikoan eta baita sozialean ere murgilduta dagoen Estatu espainol ahulduan.

Eta beti herritarrek, ekintzaile sozial, sindikal ala politikoek pagatu dute egoerari aurre egiteko ausardia, Mozal Legea kolektiboen eta herritarren protesta suntsitzeko prestatua baitago beregan biltzen dituen zazpi arrazoi nagusi hauengatik.

  • Lehena. Mozal Legea, prozedura administratiboetan oinarrituta izanik, bere aplikazioan desagertu egiten dira zehapen-prozedura edo zigor-prozedura guztietan dauden berme nagusiak, besteak beste, epailearen presentzia eta, ondorioz, erabakia beti ekintzaile sozialaren kaltean ematen da.
  • Bigarrena. Mozal Legeak biltzeko, manifestatzeko, adierazteko eta informatzeko askatasun eskubidea murrizten ditu segurtasunaren izenean, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
  • Hirugarrena. Agentearen segurtasun pertsonala -edota hauen familiena- dela medio, Mozal Legeak Poliziarenirudiak,  datu pertsonalak edota profesionalak zabaltzea debekatzen du eta, ondorioz, baita defentsa frogabide garrantzitsu bati ateak itxi, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
  • Laugarrena. Mozal Legeak Poliziaren froga-balioa arautzean hauen hitzari froga balioa ematen dio, berdintasun prozesalaren printzipioa eta defentsa-eskubideari zein errugabetasun-presuntzioa hautsiz, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
  • Bosgarrena. Mozal Legearen aplikazioan legezkotasun-printzipioa hausten da, botere publiko baten egikaritza oro indarreko legearen eta haren jurisdikzioaren arabera egin beharrean Polizia agenteen borondatearen arabera egiten delako, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
  • Seigarrena. Datuek adierazten dute mugimendu sozialak edo horiekin lotutako dinamikak zigortzeko joera argia dagoela, eta horren arrazoia izan daitekeela zigorgabetasun-esparru bat sortzea Poliziarentzat, hauek epaile eta alderdi bihurtzen baititu Mozal Legeak, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
  • Eta, zazpigarrena. Esandako horretatik guztiarengatik ondorioztatzen da Poliziak eta administrazio guztiek zigor-zuzenbidea argi eta garbi erabiltzen dutela egungo status  quo-a defendatzeko eta, oro har, zalantzan jartzen duten mugimendu eta erakundeen aurkako errepresio-arma gisa erabiltzeko,  beti ekintzaile sozialaren kaltean.

Eta hori gertatu da 766.416 aldiz 2015-2019 urte bitartean Estatu espainolean, hau da, 2020ko martxoan Covid19aren pandemia sartu artean. Geroztik emaitzak okertu dira izugarri.

Hego Euskal Herri osoan ere emaitza izugarria da. Polizia Nazionalek, Guardia Zibilek eta Udaltzaingoak herriz-herri ekintzaile sozialen aurka jarritako beste milaka zigor daude. Denetara, lau herrialdeetan 28.000 espedientetik gorakoa da estimaziorik ziurrena. Hauetatik, 8.000tik  gora eskubide sozial, zibil eta politikoekin zuzenean lotutakoak, 2015-2019 bitartean. Hemen ere 2020 eta 2021ean datuak asko okertu dira.

Berdin izan zaie etxebizitzaren eskubideen aldeko mugimendua kolpatzea, mugimendu ekologista, mugimendu feminista, euskal presoen aldekoa,  langabetu eta prekaritzatuen mugimendua, ama hizkuntza erabili nahi izan dutenak zigortzea, errefuxiatuak espultsatzea… Dena bihurtu dute delitu: biltzea, manifestatzea, abestea, idaztea, hitz egitea, informatzea, protestatzea… Horregatik Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko gehienek Mozal Legearen indargabetzea eskatu dute behin eta berriro. Baina kasurik orain arte.

BAINA ORAIN POSIBLE DA. Madrilen osatu den gehiengo parlamentario berriarekin, Sanchezen Gobernuak Mozal Legea indargabetzeko benetako aukera du. Ez dugu eskatzen mugimendu sozialen aurkako 155. artikulua den Mozal Legea “demokratizatuko” duten ekimen erreformistarik, Mozal Legea baztertzea da eskatzen duguna.

Gure eskubideen eta askatasunaren defentsan eta praktikan makurrezinak izan behar dugu. Biolentziarik gabeko gure erresistentziak irmoa eta etengabea izan behar du, jokabide horrek beraien diskurtso juridiko politiko osoa desegingo duelako. Gure biolentzia nahi dute, dena legez kanpo jartzeko eta beraien gure aurkako erasoa sozialki legitimatzeko. Probokatzaile profesionalak dira, baina ez gara beraien jokoan eroriko.

Estatuaren errepresioa, erregresioa eta zentralizazioa, gu eta gure askatasun proiektua indartzeko tresnak bihurtu behar ditugu. Gure aurkako zenbat eta eraso gehiago, orduan eta erantzun mobilizatzaile handiagoz erantzun behar diegu. Horretan indartsuagoak izan behar dugu, neka ezinak, iraunkorrak, tematiak. Erresistentzia zibilaren eta desobedientziaren estrategiak garatu behar ditugu. Desobedientziaren zibilaren txanda da, ekintzaz zuzenarena, herri erresistentziarena, kolaborazio ezarena… eraikuntza nazional eta sozialaren matxinadarena.

MOZAL LEGERIK EZ!

DESOBEDIENTZIA AURRERA!

 

Ione San Ildefonso eta Joseba Alvarez

ELEAK-Libre mugimendua

Orain posible delako Orain posible delako Orain posible delako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude