Opera eta zezenketak Bilbon: zuk ordaindu, agintariek gozatu

Vista Alegre BilboBilbotarrek zezenketetara eta operara joateko sarrerak musutruk eskuratzeko aukera izan dute, hori pagotxa!

Modu horretan, bilbotar arruntak hiria gobernatzen duenaren pare jartzeko aukera izan du, Bilboko Udalak 110.000 euro xahutzen baititu urtero zinegotzien aisialdirako; EH Bilduk egiten duen salaketaren arabera: 60.000 euro Aste Nagusiko Zezenketetan eta 50.000 euro OLBE-ko (Operaren Lagunen Bilbotar Elkartea) urteko abonutan.

Otsailaren 19an Plaza Biribil inguruan zebilen hiritarrak izan du sarrerak lortzeko aukera, txartelak oparitu dituen EAJ-PSE-PP-ko zinegotzi baten eskutik; EH Bilduren esanetan, “Bilbotar Troika” osatzen baitute aipatutako hiru alderdiek: “eskutik helduta beti, blokean agintzen dute-eta”. Antzezpena koalizio abertzaleak antolatua izan da eta aurrerantzean ere izango ei dira salaketa-parodia gehiago; Kasu!

 

Agintarien pribilegioak
Kontua ez da berria eta EH Bilduk salatu izan du aurretik ere. 2013an koalizioko bozeramailea zen Aitziber Ibaibarriagak -Bilboko alkategaia egun-, politikarien pribilegio onartezintzat hartu zituen gastuok, eta agudo ezabatu beharrekoak zirela esan zuen. Are gehiago bizi dugun krisi egoera larrian -eta zer esanik ez zinegotzien urteko soldata 50.000 eurotik gorakoa denean-. “Zezenetarako sarrerak erosten xahutu den diruarekin ez legoke bilbotarrik larrialdi laguntzarik gabe”, adierazi zuen orduan Ibaibarriagak.

Bateren batek uler lezake protokolo kontuak direla-eta sarreraren bat edo beste erosi beharra, baina urte osoko abonuak ezin dira, inondik ere, protokolozkotzat hartu. Eta ez dira udalari dagozkion sarrera -antzoki publikoetan izaten dira- edo antolatzaileen aldetik jasotako gonbidapenak, ez. Diru publikoarekin erositakoak dira.

Kontuak horrela, EH Bilduko zinegotziek uko egin zioten aukeran zituzten sarrerak erabiltzeari, eta Bilboko Udalean nagusi den EAJ-ko agintariek zein oposizioan diren PSE eta PP-ko zinegotziek aisialdirako erabiltzen zituztela salatu zuen koalizio abertzaleak.

2012ra arte aseguru mediku pribatua ere bazuen Bilboko Udalak, agintari eta langileentzako. EH Bilduk adierazi duenez, beraiek egindako salaketa baten ondotik kentzea erabaki zuten; urtero 60.000 euro aurreztuko ditu Bilbok.

Bilbo, Bilbon, diru publikoa, EAJ, eh bildu, opera, PP, PSE, ustelkeria, Zezenketak

4 pentsamendu “Opera eta zezenketak Bilbon: zuk ordaindu, agintariek gozatu”-ri buruz

  • Zein hizkuntza entzuten zen bideoan? Agurra euskaraz zen, baina ondoren? Ez ote zen izango Azkunari aurpegiratzen zioten hizkuntza horretan, ez? Ez, ez da posible…

    • Anartz Bilbao

      EAJ-PSE-PP koalizioko zinegotziak euskaraz egitea nahi duzu ala?
      Eta… egingo balu euskaraz zer, Alkate jauna, ontzat eman beharko genuke egindako gastua?
      Zezenak & Opera110.000 euro!!!

      • Nahiz eta nire iruzkina berriro irakurri dudan, ez dut aurkitu zezenen gastu lotsagarria ontzat ematen dudan esaldirik, beraz ez dakit zergatik galdetzen didazun hori. Ta hauteskundeak direla eta egin den parodia honetan, kontutan izanda EAJren hautagaia euskalduna dela, parodia euskaraz ederki egin daiteke. Hori edo nahiago gazteleraz egin “guztiek ulertzen dutelako”.

        • Anartz Bilbao

          Galdetzen nizun jakin nahi nuelako zure iritzia (parodiaren gai nagusiari buruzkoa).
          Gazteleraz izateari aurkitzen diodan erantzun bakarra, berriro diot, EAJ-PSE-PPko zinegotzia antzezten zutela da, gaztelera baita hauen eguneroko hizkuntza.
          Tamalez ordea, eta bat nator zurekin, kalean zebiltzan guztiek ondo uler zezaten erabiliko zuten gaztelera.
          Parodia gehiago iragarri dituzte, ea hurrengoetan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude