Omenaldi

bodegonbn.jpg
Gaur familia bati egin nahi lioke omenaldi zutabe honek, Donostiako Bodega Donostiarrako familiari, Mendinueta-Mintegi sendiari, alegia.
Ez dakit leku hori ezagutzen duzuen, Groseko auzoaren bihotzean. Txikiteo eta pintxoen orduan, San Franzisko elizan baino, Bodega Donostiarra horretan edukitzen du auzoak bere epizentroa: aretoa beteta eta espaloiak ere gainezka ikusiko zenituzten sarri. Baina ez zaitez tronpa, han ez baitute ezer erregalatzen, han kobratu egiten dute, gauza bakoitza bere prezioan.
1976an hartu zuen Migelek negozioa. Casa Alcalde-n zerbitzatzetik zetorren, hantxe aurkitu baitzuen lana bere Arbizuko jaioterria atzean laga zuenean. Bera bezala 1942 jaiotako batentzat, gose egunak ziren haiek, eta Donostiak beti izan du turismorako ospea. Hantxe lanean utzirik bere emazte Pili, saltoa eman zuen. Zer egiteko? Zekiena baino ez: ardoa zerbitzatu eta pintxoak eskaini.
Denborarekin Migeltxoren ogitartekoak eta zizka-mizkak ospetsu egin dira. Ez dira asko, ez dira konplikatuak. Batez ere gilda izeneko horiek eman diote ospea, eta eskabetxeko atunarenek. Migeltxok eta Pilik argi eduki dute beti: ahalik eta hobekien eman. Haien urdaiazpikoak, gaztak eta bestelakoak, beti egon dira tenperatura egokian, ahoan urtzeko moduan zerbitzatzeko. Beren etxeko maionesek, arintasuna eta zaporea eduki dute beti. Pipertxoak, Migelek berak hautatu ditu Aginagako baratzetan: ez helduegi, oraindik azala bota gabe, ez min, ez tenteegi… parerik gabekoak munduan haren pipertxoak, Ibarrakoak izan gabe, Oriaren ibarrekoak. Hori bai, antxoillak Ondarroatik, atuna Bermeotik, txorizo eta urdaiazpikoak behar diren lekutik… Dena horrela.
Bodega Donostiarra hori Kursaaletik hurbil dago eta asko izan dira hara joan diren pertsonalitateak: kantari ospetsuak, zine izarrak… Baina ez galdetu Migeltxori nola zuten izena, ez da oroituko eta. Ikusi ditu bere atetik sartzen, bizkartzain eta guzti, ikusi ditu autotzarrak bere etxe aurrean aparkaturik, jende multzoak haiei begira liluraturik… Baina ez galdetu Migeltxori haien izenik, ez ditu ikasi nahi izan eta. Denak dira berdinak, atetik barrura.
Atzo orfeoi bat zegoen tabernan kantari, tripontzi eta sukaldari lagun talde batek ere han egin genuen bazkari, betikoak jateko: Indurain deitzen duten atun pintxo hori, gildak, urdaiazpiko eta patata tortilak, euren apaltasunean munduan beste inon aurki ez daitezkeenetakoak… Eta amaitzeko, antxoilla bat luze etzanda Roquefort zoragarri baten gainean. Sekula halako sakrilegiorik!
Kontua da gaur ezin dela errepikatu halakorik: itxi egin dituzte ateak. Jubilatu, erretiratu. Paseatzera orain. Bi semeek ez dute nahi tabernan segitzerik, ondoegi ezagutzen dute zer den langintza hori.
Michelin izarrik gabe, katedral polit bat itxi dute Mendinueta-Mintegitarrek Donostian. Omenaldia eurei.

Hasier Etxeberria. El Mundo 071020

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude