Olatu artifizialak Donostian?

 

Eztabaidatu dezakegu olatu artifizialei buruz, oro har, ideia ona ote diren; eztabaidatu dezakegu halakoek itsaso aldamenean zentzurik ba ote duten; baina hemen eta orain proiektu oso zehatz bat dago mahai gainean: Donostiako Udalak olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko asmoa du Antondegi gainan, itsasotik lau kilometro eskasera.

Zazpi elkarte naturzalek “Antondegi Berdea – Olatuak Itsasoan” kolektiboa sortu dute proiektua geldiarazteko, eta Gipuzkoako hondartza guztietako hainbat surflarik bat egin dugu haiekin, proiektuaren aurka egoteko eta egiteko arrazoi sendoak daudelako. (Ikusi: antondegiberdea.eus).

Proiektu honek ez dio surf komunitatearen eskaera bati erantzuten. Enpresa batek sustatzen du, eta enpresa horrek dagoeneko badauka antzeko azpiegitura bat Aizarnazabalen.

Donostiako gerriko berdean dago Antondegi, eta biodibertsitate handiko ingurunea da. Azeriak, azkonarrak, kataginetak, katagorriak, lepazuriak eta beste zenbait ugaztun dabiltza bertan, eta 109 hegazti-espezie, hala nola galzorian dagoen miru gorria. Han sei futbol zelairen tamainako instalazio bat eraikitzea, harako bidean beste bi hektarea porlan sartzea, autoen joan-etorria eta abar, ingurune osoa hondatzea litzateke.

Instalazio hauek sarrera garestia dute eta elitistak dira. Surfaren artifizializazioa sustatzen dute, surfak naturarekin daukan lotura ekologikoa aldatuz, eta surfaren balioak eta kultura desitxuratuz. Gainera, bertan surf egiten ikastea errazagoa denez, surflarien masifikazioa areagotzen dute gertuko hondartzetan. Hemen guztiok dugu surf egiteko eskubide edo pribilejioa, noski, baina mugatuak dira hondartzak, eta nahikoa arazoekin bagabiltza lehendik ere. Zer sartu nahi gaituzte, “igerilekuak egin / surflari gehiago sortu / igerileku gehiago egin” sorgin-gurpil ero batean?

Aldi berean, aisialdirako eskaintzarekin (jatetxea, hotela, dendak…) dei-efektua egiten dute, turismoa are gehiago sustatuz eta, azkenean, Donostiako eta inguruko bizi-kalitatea kaltetuz.

Bestalde, esan dezagun argi: itsasoaren aldamenean olatu artifizialak sortzea zentzugabea da erabat. Are gehiago klima larrialdi eta trantsizio energetiko garaiotan.

Gauden fasean, erantzukizuna Donostiako Udalaren teilatu gainean dago. Udala delako, proiektua aurrera ateratzeko, lurzoru publiko horiek birkalifikatu beharko lituzkeena. Hala ere, enpresa interesatua ikusi dugu hedabideetan proiektua dagoeneko berea balitz bezala defendatzen. Proiektua hain ona baldin bada herritarrontzat, zergatik dabiltza udal ordezkariak eztabaida publikoa saihesten?

Garaiz gabiltza. Donibane Lohizunerako aurreikusita zegoen enpresa beraren antzeko proiektu bat geldiaraztea lortu dute herritarrek duela gutxi, eta aurretik Katalunian eta Malagan ere geldiarazi zituzten. Horregatik guztiagatik eskatu nahi dizut, irakurle, zeuk ere proiektu hau gelditzearen alde sinatzea hemen, eta gaia zabaltzen laguntzea, Antondegik merezi duelako.

Olatu artifizialak Donostian?

"SURFLARIA ETA PARADISUA" liburua argitaratu du.