Oilartzaindia edo gramatikarien afera ulertzen hasteko galdetegia


2720577_15_Combat_de_Coq_Medaille_D_Argent

Prentsan momentuz ez da inolako hausnarketarik azaldu Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen dimisioari buruz.

Kaleko oinezkoari iritsitako bertsioa batzordekide zenbaiten zertzelada inpresionistetara mugatu da.

Eta horren argitara, eta lehen begiratuan behinik behin, txikikeria batekin hartutako errebote hutsa ematen du gramatikarien aferak.

Laburturik, honetara ekar liteke arazoaren muina:

1.- Antza denez, GBk liburu batera edo bitara murriztea zeukan programatua 80ko hamarkadatik hona argitaratutako gramatika erraldoia.

2.- Uda aurretik, batzordekoa ez zen euskaltzain batek presazkotzat planteatu omen zuen gramatika “erabilgarriago” bat burutzea. Proposamenak zuzendaritzaren onespena lortu zuen. Eta onespenaz gainera, GBk ezinezko bazuen gramatika “erabilgarriago” haren burutzapena, kanpoko adituek egin zezaketela planteatu zen aginte-organoan.

3.- GBk mespretxutzat hartu zuen erabakia, eta gaur arte segitu du berresten lehenendabizi laburbilduma egin beharko litzatekeela, horrek asko argituko omen lukeelako geroagoko gramatika txikia.

4.- Ustezko mespretxua GBko kideen dimisio bilakatu da jarraian, edo, hobeto esanda, Euskararen Nazioarteko Egunean bertan.

Arazoa horrela ikusita, txikikeria (edo haurkeria, nahiago bada) baten inpresioa letorkioke irakurleari:

– Horrelako pitokeriatan xahutuko ote dituzte, bada, beren karma eta gure dirua euskaltzainek?

Alabaina, bat-batean, hurrengo egunean hain zuzen, beste batzorde baten buru den euskaltzainak ere aurkeztu du dimisioa. Arrazoia? “Zuzendaritzarekin proiektu honen kudeaketan ez dut inolako kexarik. Gauza guztiak ondo joan dira. Problema da ingurua, eta beste hainbat gauza”,“azken bolada honetan Euskaltzaindian ikusten dudan giroa ez da gogokoa. Ez naiz eroso sentitzen”.

AAA!!! Argigarria oso, batez ere dena batera gertatutakoan!!!

Oraingoan dimisioaren arrazoia ez da zuzendaritza edota haren mespretxua; oraingoan ingurua, inguru difusoa eta kolorgea da arrazoia, eta, uste izatekoa denez, baita GBko kideekiko elkartasuna ere.

Harrigarriro, dimisionatuetako inork ez bide du “euskaltzaingoa” utzi nahi, horrek, apezgoa bezalatsu, “karakterra” uzten omen baitu betiko markaturik arima-gorputzetan.

Eta kaleko jendea flipatzen geratu da, haluzinaturik!

Nolanahi dela, nahaste-borraste, itxuraz, infantil horren aurrean, afera beste bat izan litekeela otutzen zaio kaleko gizagaixoari.

– Ez ote dituk Euskaltzaindian bestelako jolasak ezkutatzen ibiliko, ezta?

Eta otutzen zaio akaso arazoa nekez uler litekeela ohiko botere-borroketatik kanpo, Euskaltzaindian ere, gainerako erakundeetan bezala, aginte-jolasa (hots, jolas politikoa) jokatzen dela iruditzen baitzaio tupustean. Izatez, hizkuntzaren sancta sanctorum hartan eguneroko lan eta eginkizunekin batera, agintea kontrolatzeko indar-korrelazioen kalkulu gordinak ere egingo direla sumatzen hasia da oinezkoa.

– Nola ulertu, beraz, afera? -galdetzen dio bere buruari.

Eta, nahi gabe, galdera-sortatxoa datorkio ezpainetara, ongi asko baitaki galderatan daudela, Konfuziok zioenez, erantzunaren hazia eta hasiera:

  • Inori ezkutatu al zaio inoiz Euskaltzaindiko kideen lerrokatze ideologiko-politikoa, batez ere -eta errespetu osoz esanda betiere-, oilartzat har litezkeen euskaltzain zenbaiten inguruan gorpuztu litekeena?

  • Ez al da, bada, aspaldikoa bezain errotua “A” dei daitekeen alderdiaren nagusigoa hizkuntza-akademiaren agintaritzan? Oilarraren izenik behar, agian?

  • Hori dela eta, nori ezkutatzen zaio “B” alderdiak (GBko kide asko barne) urrun baino urrunago ikusten duela erakundearen agintea? Ez bide du, ez, erraz buruzagitzara iristea, ez kopuruz eta ez, nonbait, planteamenduz. Nahiz eta agerikoa den botere-bokazio nabarmena duela…

  • Beraz, “B” alderdiak ez balu laster orain arteko dinamika hori “irauliko”, ez al litzateke luzaroan geratuko aulki nagusia dastatu gabe?

  • Ez al da berriketa-tokietan sarri zabaldu “B”-ko oilarra aurrera doala adinean eta, presakako ezer egingo ez balu, zaharren multzoan geratuko litzatekeela, agintera iristeko aukerarik gabe?

  • Ez ote litzateke, hortaz, estrategia-mugimendua -botere-dantza- orain buruzagitzan dagoen oilarraren desgastea saiatzetik hasi beharko? Desgastea, debaluazioa, desprestigioa… nola ulertu behar da “Euskaltzaindia euskaltzaleen elkarte bihurtu nahi” izatearena leporatzearena?

  • Eta ezer nabaritzea nahi izango ez balitz behinik behin, ez ote luke estrategia-mugimenduak -botere-dantzak, alegia- azal akademikokoa eta konnotazio ideologiko gehiegirik gabekoa izan beharko?

  • Ondorioz, ez ote litzateke horretarako bide egokiena anekdota hutsa dirudien lehen oztopoa  mespretxuaren kategoria mailara eramatea?

  • Estrategia moduko horretan, ez ote litzateke iraingarritzat eta mespretxu-areagotzailetzat hartu beharko GBren gramatika-monopolioaz “A” delakoak egiten duen zalantza bera ere? Nork egingo lan hori, GB ez bada? “Beste aditu batzuk” beharbada?

  • Gramatika Batzordearen dimisioa Euskararen Nazioarteko Egunean kaleratzea ez ote zen oihartzun mediatikoa erakartzeko pentsatua zegoen tresna? Edo erraz sinetsi daiteke akaso mediatikoen artean mediatikoena den pertsonaiak dioena, hots, ez dagoela batere gustura dimisioaren erabakia Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldu delako? Hain sinesgarriak al dira bere hitzak («hori ez genuen baloratu; damutzen naiz. Ez genuen inolako asmorik Euskararen Egunean horrelakoekin hasteko») ondoko esaldia irakurri eta gero? “Hau ez da beroaldi baten ondorioa. Asko kosta zaigu urrats hau egitea”.

  • Jolas honetako puzzlea osatzerakoan, ahaztu egin al daiteke euskaltzaleen artean zabaldua den beste berri hau, hots, GBko kideren batek gramatika “labur eta erabilgarri” bat kaleratzekotan dagoela eta batzordeak ez diola inolako eragozpenik ikusi horri eta bai, berriz, “bestek” egin lezaketenari?

Guzti honen arazo nagusia da, zoritxarrez, planteatutako galderei nekez eman ahalko zaiela erantzun azkarrik, ez bahintzat “historiak” aurrera egin dezan arte.

                                                   (K.Z.)

Klig blogariak

17 pentsamendu “Oilartzaindia edo gramatikarien afera ulertzen hasteko galdetegia”-ri buruz

  • Ez dakizu jolasa/jokoa bereizten.
    Eta horrekin dena esan dizut.

  • Irakurri dudanez “gramatika erabilgarriago” deitzen dioten horrek “arauemailea” izan behar zuen, eta hain zuzen ere GBkoek ez zuten ondo ikusten oraindik gramatika deskriptibo egoki bat izan gabe arautzen hastea. GBko kideren batek gramatika “labur eta erabilgarri” (baina arauemaile?) bat egin nahi badu egin dezala, beste edonork, Euskaltzainditik kanpo egin dezakeen bezala. Oso desberdina da Euskaltzaindiaren zigilua eramango duen gramatika arauemaile bat egitea, ordea.

    Informazioa falta zaigula, bai, horretan arrazoi duzu.

  • Antton Iridoi 2013-12-05 18:51

    Hau irakurrita, barruan nituen susmoak, garbi azaldu zaizkit.

  • Banderizo kontua den arren, oraingoan alderdi kontuak aipatzea guztiz sobera dagoela iruditzen zait. Gehiago begiratu behar zaie pertsonei alderdiei baino.

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo - Donostia 2013-12-05 23:02

    Gustura irakurri det artikulua jakinminak helduta, benetan ez baitakit ezer asko Euskaltzaindiaren barrenean gertatzen denaz. Eta agian egia izango da kontatzen dena.

    Ni agian inozoegia izango naiz eta ‘agerian’ erakutsitako eztabaidaren arrazoiari eman nahi nioke garrantzi.

    Azken urteotan Euskaltzaindiak egin duen lan ‘akademikoenak’, ‘hiztegigintzan’ eta ‘gramatikan’, inoiz ez bezala lortu du egungo berpizkundea bizi / gauzatzen dugun euskaldunok lotzea azken 5 mendeetako euskaldun ‘jantzien’ / ‘letratuen’ tradizioarekin. Eta hori bai da eskertzekoa. Bere neurrian Orotariko Hiztegia monumentu bat da, eta ere hortik-edo eratorritako Hautalanerako Hiztegia, Sarasolaren Euskal Hiztegia, eta orainagoko Hiztegi Batua.

    Gramatikari dagokionean EGLUko lanak bide berekoak izan dira azken 20 urtean-edo (behin oinarrizko testugintza informatizatua izanda), ez horrela aurreko EGLUak.

    EGLUak ‘eguneratzea’ ona iruditzen zait, batez ere hasierakoak, tradizioarekin horren lotuak ez direnak, osatzeko…

    Horren ‘kontrara’ gramatika ‘estu’ ‘araumaileak’ niri ere beldur ematen dit.

    Eta eztabaida hori bai da funtsezko.

    Ez dakit hori den dimisioen arrazoien muina edo ez. Edota diren artikuluan aipatzen direnak.

    Dakidana da orain arte dimititu dutenen eta batzorde horien orain arteko lana ondo eskertzekoa dugula euskaldunok, horiek sendotzen eta oinarritzen baitute gure ‘hizkuntza corpusa’ harri sendoen gainean, gure berpiztean ezinbesteko duguna -ez behar dugun bakarra, baina…-.

    Eta orain arte horren lan sendoa eginda, nik kasu horretan, politikaz baino, nahigoko nuke ‘hizkuntza corpusaren’ osatzeko moduez eztabaida irekia, behin eztabaida aireratuz gero.

    Euskaltzaindia ‘batuxe’ bat izan da orain arte gure berpiztearen oinarri, ez nuke nahi berriro orain dela 45 urteko zatiketera iristea, Euskaltzaindia / Eustarazaintza / Euskarazaleak…, gure berpiztearen hezur muinak hutu litzakeenera.

    Gabon pasa

    Bittor

  • Gorago baten batek esan duen bezala, ez dut uste alderdikeria politikoa lehen mailako faktore denik auzi honetan (bai beharbada hirugarren mailakoa). Alderdi pertsonala eta egoa ikusten dut bete-betean. Eta beharbada lanerako kapazidade falta ere bai, lana kanpoan enkargatzera daramana. Hiztegigintzan asko aurreratu da bai, eta Euskaltzaindiari luzitzen dio bai: baina ez ahaztu horren aurretik Elhuyarrek (entziklopedia eta hiztegi orokorra) edota Uzeik eta beste batzuek nola aurreratu zuten lana (oeh, eta deribatuak oinarri). Eta zenbat plantillako, baina zenbat bekario ere aritu zen fin-fin eta eskertxarrez, eta zer tresna (informatiko batik bat) sortu den, orain señorito hauei luzitu diezaien. Ahaztuta Sarasola komisarioak entziklopedien gerra garaian botatakoak edo?

  • Kanpora, ezin duzu kontua apur bat esplikatu? Zergatik ez duzu deskribatzen esan nahi duzuna. oso kriptikoa egin zait diozuna eta gehiago jakin nahi nuke. Nori buruz diharduzu? Zer esan/egin zuen Sarasolak, noiz eta zergatik’ Etc.
    Inork ba al daki benetan zer ari den gertatzen?Plaza ederra litzateke hau hori argoitzeko edo, behintzat, gertaerak ezagutzen joateko.

  • Mesedez, jakin gabe hitz egitea ez da ona izaten…bazterrak nahasteko saiakera kutrea.

    Politika EZ da izan erabakiorra. Informatu zaitezte inplikatu nagusien afiliazio politikoaz…

  • Amonamantangorri 2013-12-07 14:31

    Hona hemen Ibon Sarasolaren hitzaldi bat EHUko Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarrean, ahoan bizarrik gabe. https://www.youtube.com/watch?v=zx5GjrlOufY

    Besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegi argitaratu berriaz dio letra-handiz ageri diren izen-abizenak ez direla benetako egileenak. Eta gainera, ez omen da zehazten hiztegiaren egiazko jatorria: Mitxelena eta Sarasolak hasitako Orotarikoaren material berberekin egindako Hautalanerako Hiztegia eta Sarasolaren Euskal Hiztegiaren materialak, zeintzuk Elhuyarrek eta Lurrek zein bere aldetik erabili baitzituzten xentimorik ordaindu gabe. Alegia, Sarasolaren Euskal Hiztegiaren berredizio zuzendu eta hobeki antolatua omen da Euskaltzaindiaren Hiztegia.

    Uste dut azalpen ofizialak ez direla batere sinesteko modukoak, ez baitute deus ere esplikatzen. Istilu guztia botere-borroka baten baitan ulertu behar da. A eta B alderdiak akaso Euskaltzaindiko goardia zaharra eta EHUko sektorea izan litezke.

  • Amonamantangorri: elhuyarren hiztegi entzklopedikoa eta Lur hitegi entziklopedikoa argitaratu zirenean Orotarikoa DF letretan egongo zen eta sarasolaren hautalanerakoa O Pn, hor nonbait. 1992a zen, alegia orain 21 urte. Egunkaria bera sortu berria. Garai horrtan egunerokotasunerako lexiko eta terminologiagintzan eta bestelakoetan izugarri aurreratu zen (lexiko historikoaz aparte, egungo lexiko modernoan) Sarasolak geroztik egindakoa, askoz beranduagokoa da: aldapak oso berdinduak zeuden garaikoa, alde askotatik. Funtsean esan nahi dut Sarasolak enfant terrible izan nahi -Mitxelenaren oinorde- eta….ezinnn!

    • Amonamantangorri 2013-12-07 21:34

      Ez zait iruditzen Sarasolak horren kontrakorik dioenik, 37:40tik aurrera. Bera ere oilar xamarra dela alde batera utzita, Sarasolak dio Hautalanekoaren eta Euskal Hiztegiaren MATERIAL BERAK direla gainerako guztiek erabilitakoak. Alegia, digitalizazio, antolatze, zerrendatze lan latz eta esker txarreko hori. Nahiz eta argitaratuak ez egon, materialak eskura eduki zituzten, eta Sarasolaren hitz itsusiagotan esanda, Elhuyarrek eta Lurrek material horiek “fusilatu” egin zituzten, beti ere egilearen baimenarekin, jakina. Bestalde, aitortzen du iturri komun horri esker euskal hiztegigintzan batasun bat, norabide komun bat egotea posible izan dela.
      .
      Euskaltzaindiak hiztegia Madrilen aurkeztu zuela Sarasola gonbidatzea ahaztuta, egiazko egileak ezkutatuz, eta abar, bada erakundearen barneko giro txarren erakusgarri.
      .
      Beharbada, guzti honen (edo honen guztiaren) muina: EHU vs. Euskaltzaindia.

      • Bai, konforme. Elhuyarrek eta LURrek jakina erabili zituztela Orotarikoa eta Hautalanerakoa (eta osatu behar aso ere bai lexiko modernoari dagokionez). Izatez ere Oeh akademiarena da (jaurlaritzak nafarroak et 3 dipuek finantzatua) eta hautalanerakoa hortik eratorritakoa da, beraz -baimena eskatu eta gero- deretxo osoz erabili zituztela esango nuke. Izan ere horixe bakarrik behar genuen…erabiltzerik ez izatea! Eta berriz diot, lexiko arrunta hiztegi horien parte txiki bat besterik ez da. Ez noa bideoa ikustera.,
        Ikusita Salabururen manerak kontu honetan eta beste hau ere nola etorri zaion bat eginez, okurritzen zaidan xuabeena da a zer parea….. Nik uste bi hauen egoa dela, eta lanerako kapazidadea .

  • Ikusteko eta entzuteko modukoa oraintxe Ibon Sarasolak ETBk esan dituenak. Gerra irekia Euskaltzaindian.

  • Euskaltzaindiko langileei ere galdetu beharko liekete. Entzundakoaren arabera, nahiko izorratuta daude.

  • Euskaltzaindiko langileei ere galdetu beharko liekete ETBen. Entzundakoaren arabera, nahiko izorratuta daude

  • Amonamantangorri 2013-12-11 15:46

    Sarasola “Airean”en: http://networkedblogs.com/RTwPS

  • bai, “kaleko pertsona” hau behintzat harritua dago humekeriak ematen duten joko hauekin…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude