Odile Kruzeta: “EAEko hauteskundeak baino lehen ez dut uste EiTB aldatuko dutenik”

Odile Kruzeta 

Odile Kruzeta (1958, Eibar) gazte gazterik hasi zen kazetaritza lanak egiten, hamalau urterekin Zeruko Argian. 1982an hasi zen  Euskadi Irratian lanean eta 2000. urtetik 2009ra bertako zuzendari izan zen. Horrez gain Fran Lasuenekin batera Izukaitz folk taldea sortu zuen 1974an. Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean izan da gaur hitzaldi bat eskaintzen eta ZUZEUk parada probestuaz EiTBren etorkizunaz galdetu dio.

Kolokan jarri da hedabide publikoen etorkizuna azken aldian. Askotan hitz egin da pribatizazioaz.

Orain behin eta berriz esaten dute, ‘bizi dugun egoera ekonomiko honetan zertarako dirua gastatu telebista edo irrati publiko batean?’. Diskurtso hori behin eta berriro agertzen ari da alde guztietan. Egunak joan eta egunak etorri jugularrera zuzendutako diskurtsoak aditzen ditugu. Agintera zeintzuk iristen diren eta une horretan taktikoki zer interesatzen zaien araberakoa izango da EiTB.

Uste duzu EAEko hauteskundeak baino lehen EiTB pribatizatu dezaketela?

Hauteskundean baino lehenago? Ez. Nire iritzi bat da. Gobernu honek zein jokabide izan duen ikusita, ez dut uste. Ez dut uste horrelako pausu bat emango duenik gizarte kontsentsu zabal bat gabe.

Zeintzuk dira EiTBren gainbeheraren arrazoiak?

Nire ustez etorri den lantalde berriak batez ere informatiboak zeuzkan buruan, eta telebista entretenimendurako makina bat da. Orduan entretenimenduaren atala kontuan hartzen ez baduzu, inork ez ditu zure informatiboak ikusiko. Gainera ezjakintasun oso oinarrizko batekin, entretenimenduzko saioak ez dira mimatu eta, etorri diren profesional guztiak informazioaren mundutik zetozenez, eta euren kezka, kezka editorial bat zenez, horrekin geratu dira. Etxe barrutik behin eta berriro esan zaie, gauza bat da linea editoriala, gauza bat da programazioa, baina egin behar dena da sartu eta esan, ea honek funtzionatzen du? Ez. Ba zenbat denbora emango diogu hobetzeko? Eta funtzionatu gabe jarraitzen badu, zer daukagu hemen motxilan hori ordezkatzeko? Hori ez da egin. Jarri zuten magazin bat, ikusi zuten ez zuela funtzionatzen, gabonetara iritsi eta hurrengo udan oraindik berberarekin… eta hurrengo denboraldian aldatu zen! Horrela hilabeteak galtzen dituzu!

“Parrillan sartu aurretik

langileek esaten zuten:

‘Honek ez du funtzionatuko”

 

Surioren lantaldeak jarritako linea editorialak ere ez al du eraginik?

EiTBk bazuen gizartearen zati handi batekin lotura afektibo bat. Gizartearen zati horrek ez duenean ikusi bere burua linea editorial horretan erreflejatuta, esan du horretarako nahiago duela beste gauza batzuk ikusi. Baina El Conquistador del Fin del Mundo eta Goenkalek ikuslegoa izaten jarraitzen dute. Lehendik funtzionatzen zuten gauza batzuk ez dira ukitu, edo ukitu dira behar ziren moduan berritzeko, telebistak behar duen tentsio horrekin. Hori ordea inertziaz zetorren, gauza berriak martxan jarri direnean ez da asmatu. Guk telebistakoekin bazkaltzen genuen, eta parrillan sartu aurretik esaten zuten: ‘Honek ez du funtzionatuko’

Zer giro bizi duzue EiTBko langileek gobernu aldaketa gauzatu zenetik?

Gauza askotan pena ematen dizu. Hainbat lan kostatutako gauza asko ikusten duzu berez badoazela eta horrek pena ematen dizu.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Jendea lanera joaten denean gauzak egin nahi ditu, baina nik uda honetan eduki duk jende mordo bat geldi egon dena erabakiak hartu gabe zeudelako. Udazkenerako planifikatuta egon behar ziren hainbat gauza planifikatu gabe zeudelako. Eta hori gogorra da. Egunak joan eta egunak etorri, egunak joan eta egunak etorri eta gauzarik ez… Aldaketak eta hanka sartzeak egunerokoak dira, mundu guztiari gertatzen zaio, baina, ezin duzuna egin da, etsi eta ezer ez egin.

Iraganera itzuliaz eta zurekin hitz egiteko dugun aukera baliatuz, zer iritzi duzu Juan Carlos Viloriaren kasuaz (hemen)?

Nik daukadan informazioa da laugarren edo bosgarren eskukoa, baina ez dut uste momentu hartan ondo jokatu zenik. Guri behin eta berriz eskatzen digutena da, guk EiTBko kazetari moduan iritzirik ez botatzeko. Datuak eman eta kontestualizatu bai, eta kontestualizatzerakoan nonbaitetik begiratzen diozu. Mahai honi hemendik edo handik begiratzea dago (Unibertsitateko mahaiari begira), baina azkenean esango duzuna da horrelako zabalera eta horrelako luzera duela. Han gertatu zena izan zen iritzia sartzea eskatu zela eta guri beti esan zaigu, zuek kontatu eta iritzia sartzekotan ekarri kanpoko norbait izen eta abizenekin. Hor beste zerbait egin zen, kazetari batek iritzi igurtzi batekin zerbait egin zezan eskatu zen eta hori ez dago ondo.

eitb, Euskadi, irratia, Odile Kruzeta
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

2 pentsamendu “Odile Kruzeta: “EAEko hauteskundeak baino lehen ez dut uste EiTB aldatuko dutenik””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude