Jendeak ez nau argazki zaharretan ere ezagutzen

notgip

Zer naizen ere ahantzi dute gehienek hainbeste gaizkiesan eta burlaren artean. Aspaldikoak dira erromantizismoz narabiltenak. Zigarreta eta kafearekin, eta tinta usainarekin lotzen nautenak. Atzamar belztuekin. Horiek oraindik oroitzen naute noizean, nintzenari erreparatuz. Oraindik banaizela amestuz.


Ryszard Kapuscinskiren liburuetan bilatzen nauenik bada oraindik. Egunero egunkarietan bilatzen nauen zoroa ere ikusi izan dut lantzean, miatu eta miatu, ezin topatu nintzenaren lorratza. Gabriel García Marquezek zioen literatura nintzela, baina ez, literaturak hor jarraitzen du liburu dendetako izkinetan, azoketan, poeten errezitaldietan-eta.
Ni pixkanaka desagertu naiz, izotzak Capoteren destornilladorean lez, kaleratutako kazetari bakoitzarekin. Desegin naiz, hedabideen salerosketan. Ito politikarien interesen artean. Eta jendeak ahaztu nau urteen poderioz, ez nau argazkietan ere ezagutzen.

Noticias de Gipuzkoako 55 langiletik 21 bota nahi ditu zuzendaritzak

Asko tristetu eta amorratu ninduen berri bat iritsi zitzaidan duela gutxi. Berri diot, nola deitu ez baitakit, izan ere arrunt bilakatu dira halakoak azken boladan.
Noticias de Gipuzkoako 55 langile ingurutatik 21 bota nahi dituzte. Erredakzioa erdira jaitsi alajaina. Politikagatik dirua galtzeko prest zegoen magnate baten poltsikoko zulo izaten jaio zen hedabide gipuzkoarra eta halaxe hilko da. Halaxe hil, azken urteetan, berau zuzentzen zutenen interes bakarra etekin politikoa ateratzea izan baita. Nigan segundu erdiz ere ez dute eta pentsatu. Erantzunkizuna haiena da, eta kaltetuak kazetariak. Ahantzi ez nautenak.

Haientzat ez da berria, izan ere, azken hilabeteak luze egin zaizkie; beste kaleratze, ERE eta soldata jaitsierak medio. Datorrena denbora luzez prestatua izan da, mimoz, inolako proiektutan sinesten ez duten eta ni nor naizen ere ez dakiten kudeatzaile hotzen sukaldetan.

extra

Greba deitu dute kazetariek urtarrilaren 4, 7, 8 eta 9rako

Honi erantzuna emateko eta nigan fede amiñi bat izaten jarraitzen dutelako greba deitu dute urtarrilaren 4, 7, 8 eta 9rako. Haien lanpostuak borrokatzeko, duintasun osoz, ni salbatzen saiatzeko. Lan eskerga ezta?

Ez dakit, akaso ezinezko borroka bat izango da, baina, nigan fedea izaten jarraitzen duten kazetariei, zein, irakurleei benetan eskertzen diet alegina. Eta oihukatzen diet ozen, nigan sinisten jarraitzeko, ez nadin izan olentzero bat, adarbakar bat, etorkizuneko jendartean. Boterea dardarka jartzen duen bakarra naizela ez ahaztu. Eta hortxe jarraitzen dudala, nahiz eta gehienek ez nauten ikusten:

Zuen luma eta blogetan,

 

Besarkada,

Kazetaritza.

3 pentsamendu “Jendeak ez nau argazki zaharretan ere ezagutzen”-ri buruz

  • Talde berdineko beste medioetan bezala NDGri iritsi zaio… Politika (jeltzalea noski) baino interes gehiagorik ez. Pertsonak? Jajajajaja, galde egin bota dituztenen artean. Purga politikoak ere egitera ausartu dira inork deus esan gabe.

  • Bide batez, ahaztu baino lehen, elkartasunik handiena egoera txarrean geratuko diren profesiokideoi. Besarkada bat.

  • Raul Perez Martinez 2012-12-28 22:41

    Animo Noticiaseko kazetari guztiei une latz hauetan. Eutsi goiari eta espero dut aurrerantzean ere zuen guztien sinadurak ikustea.