Nostalgiaz

Nostalgiaz –

Gaur egun engaiatzen den gazte abertzale batentzat zer balio du iraganeko borrokeri so egotea gaurko eta gerorako jokabideak marrazteko? Iragana kopiatzeak gaurko gazteria nekez lagunduko du burujabetza eta aldaketa sozialerako bideak idekitzen.

Nostalgiaz

Nostagiaz mintzatuko naiz. Ipar Euskal Herrian 2010. hamarkadan militatzen hasi zen gazte abertzale gisa. Engaiamendu politikoa garatzeko lehen urteetan, besteak beste, borroka armatuaren bukaera, Euskal Elkargoaren sorrera, ETAren desagerpena eta EHBairen hauteskunde emaitza arrakastatsuak ezagutu izanak arrastoa utzi du gure belaunaldiarengan.

Historiaren hariak ez du etenik. Historia azkartzen da, polikiago joaten da, baina ez ditu nehoiz idazten hiru puntu suspentsibo. Dena aldatzen ari den garaian militatzen hasi izanaren sentipenak egin gaitu, borroka berrasmatzeko ariketa zail bezain ederra izan dugu eskuen artean.

Tesiak idatz daitezke iraganaren ispiluak belaunaldi berrien politizazioan jokatzen duen funtzioari buruz. Naturala ez ezik, ezinbestekoa da momentuko testuinguru politikora iristeko mugimendu abertzaleak urratu ibilbidearen berri izatea. Belaunaldi arteko zubiak dira hain hitz potoloa den transmisioa praktikan ezartzeko pasabidea. Norberak hautatu behar izaten du iraganetik zer jaso: zein balore, zein irakaspen, nolako inspirazio-iturriakā€¦

Haatik, iragana orainera ekartzeko tentazioak, kopiatu eta itsatsi teklak zapatzeko enbeiak nekez lagunduko gaitu egungo korapiloak askatzen.

 

Interpretazio berrien beharra

Are gehiago, etsaiaren jokabidea izan ohi da gu iraganean korapilatzea. Ezaguna zaion joko-zelaian nahi gaitu, bertan arauak finkatzeko gaitasuna du-eta.

Agenda politikoa gure gaiekin markatu ez eta dinamika auto-erreferentzialetan murgildurik egonen litzatekeen mugimendu abertzale batean parean gustura jokatuko luke partida frantses estatuak. Konfort eremutik ateratzen garelarik, bertan goxo egoteari uko egiten diogularik jartzen dugu xake-taula dantzan; burujabetza eta eraldaketa sozialaren proiektura gero-eta herritar gehiago bilduz edo estatuaren inposaketaren aurkako herri fronte zabalak osatuz adibidez.

Akats larria iruditzen zait, indar harremana estatuaren aldekoagoa zen garaietako diskurtso, iruditeria eta praktika militanteak ez gaurkotzea edo mimetismo hutsez berreskuratu nahi izatea. Zer erranik ez, jarrera hauek transmisio faltan eta honen ondorio den iraganaren interpretazio okerrean oinarritzen direlarik.

Zinegile bati entzun nion behin nostalgiak ez duela desira sortzailetik pizten. Usu ahanzten dugun arren, emozio eta afektuak alderdi arrazionala bezain garrantzitsuak dira politikan. Kontatu eta kantatu dezagun gure oraina, gure belaunaldiak ere behar ditu bere ereserkiak, bere filmak, bere liburuakā€¦

Eta batez ere, egin ditzagun errealitatearen azterketa zintzoak; izan dezagun, ameskeriarik gabe, guhaurek irabaziko dugun geroaren nostalgia.

Nostalgiaz

SORTUko kidea