Nork geratuko du EITBko desastrea?

Alde batera utziko dugu gaurkoan sinboloen erabilera eta albistegien kalitatea, telebista bat osatzen duen gainerakoari begiratzeko, programazioari, alegia.

EITBk oihartzun handiz erabiltzen ditu bere lorpentxoak, baina edonor ohartzen da gainbehera ikaragarrian dabilela aspaldion. Sarean bolo-boloka ari dira zabaltzen haren audientziak benetan kaxkarrak direla dioten datuak. Azken adibidea, ETAren biktimei eskainitako dokumentalaren audientziarekin etorri zaigu.

Egia da, halaber, Noticias taldeko egunkariak eraso bizian ari zaizkiola EITB taldeari, seguru asko ezin dutelako ikusi Vocentoko jenderik orain dela urtebete arte eurek bete izan duten aginte lekuetan, baina gauza batek ez du bestea kentzen, eta EITBko ontzia zulaturik eta hondoratzen ari dela begi bistakoa da.

Batez ere ETB1 eta ETB3 kanalak, euskarazkoak, izan ere dirua ETB2n xahutzen bada ere (Urrusolo, Terol…), larru gorritan geratzen ari dena euskarazko telebista dela dirudi. Bestalde, urtea baino lehen amaitua eta airean behar duen ETB4, inork ez daki zertan den.

Urrutira joan gabe, blogari batek gaur bertan hasi du protesta. Antza, ORAIN izeneko saioak ez du izango jarraipenik datorren udazkeneko parrilan. Berak baino lehen, beste batek ere aipatua du gaia.

ORAINen adibidea bikaina gertatzen da, apurka apurka prestigio handia lortu duen saioa baita eta inondik inora ere ez garestia. Zer ikusirik ez Oscar Terolen 60.000 euroko saio horrekin, esaterako. Baina ez omen du jarraituko Ekainetik aurrera, horixe da albistea.

Kontua ez da hor bukatzen, ordea, ETB3 eta ETB1 kateetan erreferentzialak diren zenbait saio ere (HITZETIK HORTZERA, SAUTRELA, TEKNOPOLIS, IPUPOMAMUA…) desagertu egingo direla zabaldu da. Horiek ere, dirurik ez dagoela eta.

Galdera erraza da: Erreferentzialak, kalitatezkoak eta merkeak diren euskarazko saioak egiteko dirurik ez badago, zein da asmoa datorren garaietarako? Bermatuta al dago euskarazko programazio duin bat? Ematen du EITBk duen kontratu-programak horretara eta gehiagora behartzen duela ETB, baina alderantzizko bidean sartuta dagoela dirudi.

Hori gutxi balitz, bolo boloka dabil Bilboko Albistegietako erredakzioan zalaparta pizten dela ia astero eta Miramongo zentroan, esaterako, dozena bat errealizadore eta dozena bat produktore, zeregin handiegirik gabe daudela, denbora nola bete asmatu ezinda. Eta bitartean, kanpoko profesionalak ekartzen dira prezio irrigarrietan kontrataturik…. Ez da giro.

Berandu baino lehen eskua sartu behar luke baten batek, ematen baitu bilakaera atzeraezin baten atarian dela EITB.

Berez, Blanca Urgell sailburuari dagokio zeregin hori. Beste kontu bat da, ordea, Blanca Urgellek ba ote duen begirik hau guztia ikusteko eta, ikusita ere, bazterren batetik adorerik biltzen asmatuko ote duen.

Ez genuke bere azalean egon nahi, alegia, independente bezala sartu Jaurlaritzan eta bera agintzen zela, euskarazko telebista hondoratzen ikusi duen euskal filologoarenean.

MjI3NQ==

Irudia | Aurpegi haserrea telebistan | MartinHoward | Creative Commons By SA
eitb

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

8 pentsamendu “Nork geratuko du EITBko desastrea?”-ri buruz

  • Ez sinesteko moduko kasua dirudi Blanca Urgellenak. Blanca Urgelli buruz, alde batetik pentsatzekoa da euskaldunberri eta euskal filologo bikainenetakoa izanik, baduela zerbait euskal hizkuntza/kulturaren alde. Bestetik, ordea, ulertezina dirudi bere agintepean gertatzea halakoak. Joseba Arregi berritu bat izango ote?
    Osinalderen artikuluan gehien kezkatu nauena, esaldi hau da: “…bilakaera atzeraezin baten atarian dela EITB….” Hori egia bada, EITB benetan pikutara badoa, kontra etor dakieke sozialistei eurek hainbeste “kariñorekin” zaindu duten erakundea. Baina ez da kontsolamendua izango, hala ere, euskaldunontzat telebista gabe geratzea.

  • Blanca Urgellek bazekien nora zihoan. Eta baita zertara ere, hots, Kultura Sailean bigarrena izatera, hain zuzen euskaraz ez dakien A. Riveraren menpeko izatera.
    Eta hori ez da gauza berri bat, aldez aurretik baitzegoen “kantatua”. Biak ezagutzen zituztenei galdetzea besterik ez dago.
    Bestalde, Blancak tutik ere ez daki politikaz eta, are gutxiago, kultur politikaz, eta are-are-are-krisna gutxiago, euskal kulturaz.
    Agian Blancak ongiegi ez zekiena zen, bera euskalaria izanik (fina baina euskalari, euskalari hutsa; ez euskaltzale, ez bestelakorik), “politika sozialista” baten estrategiaren barruko gurpiltxo bat baino ez zela izango.
    Eta independente moduan agertu arren, bazekien sozialista (eta populista) ortodoxoen haritik ateratzeko aukerarik ez zuela izango, ez politikan, ez hizkuntzan, eta ez kulturan.
    Hasiera-hasieratik zekien hori dena, Blanca ez baita inozoa.
    Eta Jaurlaritzan egoteko tentatu zutenean (partiduak ia ez dauka koadro euskaldunik, eta beste euskaradun askori bezala, ahaide sozialista baten -kasu honetan, koinatuaren- bitartez tentatu zuten), Blancari aurreko Kultura-arduradunarena bezalako etorkizun fastuoso eta luzea ireki zitzaion begien aurrean, nahiz eta bazekien nora, nola, zergatik (euskaldun ospetsua zelako) eta zein baldintzatan sartzen zen.
    Inkonpetentea agian bai, baina inozoa ez, Blanca ez da inozoa. Badaki zertarako sartu zuten Eusko Jaurlaritzan.

  • Ez dakit nik ba... 2010-05-13 20:14

    Niri egoera hau guztiz penagarria iruditzen zait. ETB1 aspaldi-aspaldian ez dut ikusten, Kalaka gutxi batzutan, baina besterik ez… Egia esan ez dut telebista askorik ikusten, baina konturatu naiz ikusten dudan apur hori telecinco etab. direla, ez ordea ETB. Lehen, esate baterako, Pasalo ikusten nuen egunero, bazkaldu ostean, egunerokotasuna  eta politika gustokoa dudalako. Jendea botatzen hasi zirenean, ostera, susmo txarra hartu nion programan norabideari eta azkenean kendu dute. Logikoa denez, Urrusolon ‘bodrio ziztrin eta patxangero’ hori ez noa ikusten. Beraz, SALVAME ikustera DERRIGORTU NAUTE, ETB EZIN IKUS DAITEKEELAKO! 

  • Atzoko Teleberrin entzundakoa:
    Nafarroako berri bat eman ondoren, hurrengo gaiari sarrera emateko: Y ahora una noticia de “casa”. Ez zen ari ez EITBri buruz, Euskadiko Autonomia Erkidegoari buruz baizik. Baina ondo markatu behar izan zuen zein den EITBrako “casa” hori.
    Honen aurrean zera pentsatu nuen: horrelako sarrera bat ez dela “naturaltasunez” esaten, baizik eta goitik etorritako agindu bat dela. Eta hau horrela, nola makurtu daiteke kazetari bat halako aginduetara?

  • Sekretupeko zelataria 2010-05-14 10:02

    (Iruzkin hau kendu egin dute editoreek, bertan Euskadi Irratiko bi kazetariren izenak aipatzen baitziren. Halakorik ez da ZUZEUn onartuko, iruzkina benetako izenez ez baldin badator. Bestalde, isekak ere baziren bertan, eta halkorik ez da inongo kasutan onartuko. ZUZEUren nahia da eztabaidan sakontzea, baina beti ere gizalegez.)

  • Iñakito Garay 2010-05-15 11:12

    Larunbat eguerdia da Euskadi Irratian. 12etako albisteetan entzun dut oraintxe, Museoen eguna dela eta, Iruñeko museoak zabalik egongo direla gauean ere. Hitzerdirik ez gaur arratsaldean euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko egingo den manifestazio handiaz.

  • Eta bitartean ETBko langileak mutu…lotsagarria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude