Nork erre nahi ditu hondakinak (14)

2010eko martxoan eremu publikora jauzi egin zuen Lopez Atxurrak: Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sortu zuen «jakintsuen batzordeko» kideetako bat da ordudanik. Petronorreko kontseilari da Lopez Atxurra, eta baita Gas Naturaleko kontseilari eta akziodun ere. Ezin da ahaztu, egun, gasa dela erregai fosil zaharren ordezko gisa erabiltzen ari den energietako bat. Energiaren Euskal Erakundeak argi azaldu du energia mixa eraldatzeko oinarrietako bat dela gasa. Eta gasa erabiltzen da, besteak beste, Zabalgarbikoa bezalako errauste plantetako labeei indarra emateko.

Negozio horiez gainera, legelaria da Lopez Atxurra, izatez, eta administrazio kontseilu ugaritako kide eta aholkulari izan da. Euro-Defi, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, Kutxa, Instituto Vasco de Competitividad, International Bank Consulting, Consultores de Financiacion Internacional, Asesores Juridicos Asociados, Actuaciones Actividades e Inversiones Inmobiliarias, Novia Salcedo fundazioa(65), Compañia Electrica para el Desarrollo Sostenible… Horiek guztiek ezagutu dute Lopez Atxurraren aholkularitza. Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Bordeleko Unibertsitatean eta Paueko Unibertsitatean (Okzitania) irakasle aritua da, gainera. Bestalde, DPA Desarrollo y Proteccion Ambiental enpresako bazkide da —DPAk sinatu ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko hondakinen kudeaketarako planak—. Sasieta Mankomunitateak, 2000 urtean, clinker labeetan esperimentuak egiteko agindu zuen ikerketa ere DPAri esleitu zioten.

Itzalean ez ezik, argitan ere baditu adiskideak Xabier Garmendiak. 1990eko hamarkada bukaeran eta 2000koaren hasieran, PSE-EEren eta PPren artean loturak estutzeko saiakera egin zuen Nicolas Redondo Terrerosek, garai hartako PSE-EEko Euskadiko idazkari nagusiak. 2002an alderdiko idazkaritzara aurkeztu zen berriro, eta Garmendia izan zen haren hautagaitza babestu zuenetako bat. Redondo Terrerosek ez zituen hauteskundeak irabazi, eta beste nonbait bilatu behar izan zuen soldata.

Lortu ere bai: 2008ko ekainaz geroztik, FCCko kontseilari independentea da Redondo Terreros. Eta argigarria da jakitea Cementos Alfa enpresako kontseilari ere izan zela PSE-EEko buru ohia.

Laguntza pixka bat, ez da kalte, bidea egiteko. Eta ituak lagungarri badira ere, bidea da inporta duena. Artikulu honetan ageri diren izen-deituren berri izateak ez du ezertarako balio, ez bada res publica delako horren gaurko egoeraz hausnarketa sakona egin behar dela ondorioztatzeko. Haiek ez balira itu, beste batzuk lirateke, azken buruan demokrazia eredu honen beraren barneko akatsa baita. Nork eta nola fiskalizatu behar lituzke adiskidantzak, afinitateak eta presio taldeak? Besterik ezean, herritarrek jakin beharko lukete botoa nori ematen ari diren, eta zein adiskide eta sozio dituzten, eta norentzat lan egiten duten. Ez da asko eskatzea, boto horiez baliatuko direnek (eurenak ez diren) milioika euro banatuko badituzte gero. Baina gauza sinpleak diruditenak izan ohi dira konplikatuenak; nola da posible, bestela, feudalismoak hainbeste mende irautea?

————————-

(65) Novia Salcedo fundazioak orain berri banatu ditu bere sariak, eta ?zer diren kasualitateak? Ricardo Diaz Hotchleiner Club of Romeko ohorezko presidenteari eman dio Ad Honores Saria. Felipe Borboikoa eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan ziren sari banaketako ohorezko gomitatuak. Lopezek aprobetxatu zuen, bide batez, iragartzeko Novia Salcedo fundazioarekin lankidetza hitzarmena sinatuko duela Jaurlaritzak.

Orain arteko artikulu guztiak irakurtzeko, erraustu bloga.

Xabier Garmendia ez dabil bakarrik kontu honetan

Irudia | Xabier Garmendia ez dabil bakarrik kontu honetan | Ezezaguna | LGPL
alderdi politikoak, erraustegia, hondakinak

Zer duzu buruan “Nork erre nahi ditu hondakinak (14)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude