Nori berea

Nori berea

Gaur jaso dugu Altsasuko udaletik, e-postaz, duela aste batzuk espainiera hutsez helarazitako gutuna dela eta, geuk jarritako kexari erantzuna.

Honela dio, apur bat laburbilduta, Ogasun zinegotziak sinatutako gutunak:

.

“Agur t´erdi,

Zuek guregandik jasotako idatzi baten harira, kexa jarri zenuten udaletxean. Idatzia … gaztelera hutsez igorri zitzaizuen. Zuen idatzian, Vascuencearen legeari erreparatuz, instituzioekin harremanak euskaraz edukitzearen eskubidea dagokizuela diozue, eta udalari eskubide hau exigitzen diozue.

Arrazoia ematea besterik ez zait geratzen niri. Herritar bezala dagozkizuen eskubidea errespetatu ez dugunez ere, barkamena eskatzea nahiko nizueke. Eta azkenik, eskerrak ematea, gure hutsegiteak konpontzen laguntzeagatik.

Kasu hauetan, ez barkamenak ez eta arrazoia emateak, ez dira aski izaten. Zuzenena, akats hau berriz errepikatu ez dadila izango litzateke.

sanpedrozelaiEsan beharra daukat, eta ez diot aitzaki moduan, jaso duzuen gutuna, nahiz eta Altsasuko Udalak igorri, TRACASA enpresa publikoak egiten duen “ZERGA KONTROL PLANA”- ren barruan legokeela. Altsasuko Udalak enpresa honi egindako enkargu bat dela, hots. TRACASA-k bidaltzen digu informazioa eta Udalak herritarrei helarazten die.

Enpresa honekin egin berri dugun azken bileran, idatzi hauek euskaratzeko eskakizuna egin diegu. Esan bezala,ez dut honekin ezer justifikatu nahi, Altsasuko Udalak enpresa honi dokumentazio guztia elebiz bidaltzeko agindua eman diola jakinaraztea baizik.

Bestalde, Udaleko propioak diren idatzi eta notifikazioak euskaraz bidaltzeko lanetan ari gara. Behintzat Ogasun sailekoak diren hainbat modelo euskaratzeko lanetan gaude. Espero dut, hemendik aurrera jasoko dituzuenak, euskaraz (elebiz behintzat) egotea. Horrela ez balitz, zuen kexa eskertuko genuke, halako ohitura txarrak eta bizioak behingoz gure udaletik kendu ahal izateko.

Zuen gutunean, idatzi horren hizkuntza iluna eta ulergaitza dela diozue. Kasu hauetan, Ogasun departamentuko langileek ez dute inolako arazorik ulertzen ez duzuen hori azaltzeko. Udaleko beheko solairuan daude herritarren zalantzak argitzeko prest.

Esker mila zuen arretagatik eta agur bero bat”

.

Gure aldetik, erantzun izana eskertu diegu. Ea ba honek guztiak euskarari eta euskaldunoi dagokigun tokia berreskuratzen hasteko balio digun, geure herrian sikiera.

Nori berea
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude