Nor fidatzen da bankuez?

Gorrotatuak bezain ezinbestekoak itxuraz. Bankuek herritar soilon diruak gordetzen dituzte, eta horiei esker etekinak atera eta jolasean aritu. Gorrotatuenen artean daude bankuak, gure inguruan bai bederen, baina Txinan eta Indian “zuzen jokatzen dutela” uste dute.

trust-in-banks

Europa astintzen ari den krisi finantziarioak bankuenganako konfiantza ahuntzaren gauerdiko eztularen pare utzi du: Espainian eta Irlandan bizilagunen %20ak baino gutxiagok uste du “zuzen jokatzen dutela”. Washington Postek argitaratu duenez, Alemanian eta Erresuma Batuan %30etik beherakoa da konfiantza. Ikerketak, Edelman Trust Barometer erakundeak eginak, kanpo utzi ditu Europako hainbat herrialde esanguratsu, Grezia eta Portugal krisidunak esaterako. Hala ere, mundu mailako zerrenda ikusita zalantzarako tartea txikia da. Europako bankuek herritarren aurrean zuten sinesgarritasuna ia erabat galdu dute, 2008tik muturreko jaitsiera izan baitute.

Bankueko konfiantzak lurra jo du batez ere Espainian. Mundu mailan liderra da bankuenganako konfiantza ezan. Patronalak esanak esan, gainontzeko erakunde kirastunen pare daude, alderdi politiko eta gobernuen mailan, alegia (%20tik beherako konfiantza). Espainiako bankuek etxebizitzaren burbuilaren leherketarekin batera jasotako danbatekoo historikoak eragin du konfiantzaren eroria (Españistan). Ordutik, Espainiako zergak ordaintzen dituztenek hartu behar izan dute haien galeren kargu, eta, ondorioz, estatuaren gizarte murrizketak pairatu. Etxegabetzeen kasu mediatikoek ere bankuen iragarkiek erakutsi nahi duten gizatasun oro desitxuratu dute. Eta, Euskal Herrian? Konfiantzari buruzko datu propiorik ez dago, baina ziur asko Hegoaldean ez dira Espainiakotik urrun ibiliko (%20tik behera) eta Iparraldean Frantziakoetatik (%40tik behera) Besteak beste, lurraldeetako aurrezki kutxak ezerezera mugitu dira, Nafarroako Can-en kasua, edo lurraldeetako aurrezki kutxak banku bihurtu: Kutxabank. Biek ala biek zuten ustezko gizarte funtzioa galdu edo bigarren maila utzi dute. Etxegabetzeekin Espainian beste hainbeste, eta protestek gero eta atxikimendu gehiago dituzte.

Irudipen horren antipodetan daude Txina eta India. Lehenak estatuak kontrolatutako bankua du babesle, eta bigarrena hazkuntza ekonomiko bizkorrean dabil. Interes tasak, hau da, diruaren prezioa,  etengabe merketzen dabil BPGaren bilakaerari balaztak ez jartzeko. Mexikon, Japonian, Brasilen eta AEBtan bankuen irudia ona da ikerketaren arabera. Aipatzekoa da bankuen lana historikoki gurtua izan den AEBtan 2008tik hona %69tik %49ra jaitsi dela konfiantza.

 

bankuak, Ekonomia

Zer duzu buruan “Nor fidatzen da bankuez?”-ri buruz

  • Islandia, Grezia edo Zipreko datuak ikusi nahi nituzke nik. Baina mapa hori ikusita, mundua oro har oso sinesbera dela iruditzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude