Nor errege?

Nor errege? –

Frantziako erresuman / estatuan, Errepublikako lehendakari / presidentearen hautatzeko kanpainan gaude leporaino. Egiaz 2017ko udazkenean hasi zen, frantsesek Macron lehendakari berria hautatu eta berehala. Ehun egun utziak zizkioten, usaian bezala, mirakulu andana baten egiteko, eta bistan dena holakorik ez baitzuen lortu, abian gillotinatu zuten politikoki, hori ere usaian bezala, eta laster ondokoaren bila hasi ziren politizatuak diren minoria ezberdinak. Frantziako politika guztia ardatz monarkiko horren inguruan itzulikatzen da, pobreki. Nahi ala ez hunkitzen gaitu gu ere, bakoitzaren bizitzan eragin handia baitu. Itsasontzi batean bezala harrapatuak gaude, horretan sartu gintuztelako baimenik eskatu gabe, baina hor gaude.

Nor errege?

Beraz hein batean parte hartu behar dugu, bereziki bozkatzera joanez. Haatik hauteskundeetako borrokan ez genuke sartu behar buru belarri, zentzua galdurik, euskal aberriari bizkarra emanez. Ezen gure ustez abertzale garenok ez genuke sekulan ahantzi behar hastapeneko egia bakun hura: «Euskadi bakarra da gure aberria!»

Herritar askok bizia eman dute horren alde, bai 1936-1939ko gerla hartan, baita geroztik ere, bereziki ETAren eta IKren garaietan. Hori guztia ez da folklore hutsa, ez da frantziar “régionalisme” bat, ezta espainiar “fuerismo” bat. Gureganik atxikimendu osoa hartzen du, zor diogu.

Beraz bozketa hauek, gisa batez hain garrantzitsuak izanagatik beren ondorio praktikoengatik, ez gaituzte itsutu behar, halako mozkorraldi batean murgitzera eraman, itsaso arrotz batean gure nortasunaren itotzera bultzatu.

Gainera gure muga hertsiak ikus ditzagun, proportzioen zentzua gogoan edukiz: euskaldunak hain guti gara non ez dugun inolaz ere Frantziako erregearen egiteko edo desegiteko ahalik. Beraz burua hotzik atxik dezagun. Horiek hola bakoitzak herritar eginbidea zintzoki beteko du, bere hautua eginez ahal bezain ongi eta zuhurki, bere interesen eta/edo ideologiaren arabera.

Euskarak eta Euskal Herriak tokiño bat ukan dezakete naski hautu horretan, ametsik egin gabe ordea: esperantza guti gain hartarik. Badakigu beharrena hemen egin beharko dugula autogestioz, orain arte bezala, haatik estatu gabeko nazioen elkartasuna indartuz.

Ber denboran zuhurtziak nahi luke hautagai jakobinoenak bazter utz ditzagun, eta oroz gainetik diferentzien arteko harremanak gogortu nahi dituzten fazistoide horiek, erlijioen, kulturen eta zibilizazioen arteko gerla (saindua?) predikatzen dutenak.

Ekonomian ere mirakulurik ez dut espero epe laburrean. Iraultzak, egiazkoa eta iraunkorra izateko, mundu osoa hartu behar luke, beraz buru dituen Estatu Batuetarik eta/edo Txinatik abiatu, ez Frantzia bezalako erresuma txiki batetik, hor hetsia eta laster itoa egotea bailuke, kalte franko egin ondoren.

Beste kezka orokorra, euskaldunak hunkitzen gaituena beste jende guztiak bezala, klimaren beroketa, eta horrekin batera lurren, uren, espezien, energien, ekai eta lehengaien murrizketa. Baina zoritxarrez ekologisten hautagaiak lehendakaritzarako xantza guti du oraikoan ere, eta gisa berean ezker zatituko edozein kandidatuk.

Ahulezia horrek ez du baztertzen prefosta alde horretara bozkatzeko eginbidea, alderantziz, denen beharra baitugu eskuinekoen indar soberakina mugatu nahi dugunok. Eiki eskuin klasikoek eta eskuin muturrek ekologiaz axola guti dute, maluruski diot, bulta batentzako boterean baitaude, Frantzian bereziki sekula baino zabalkiago. Are gehiago borrokatu behar ditugu, mementoan iraultza baten erdiesteko amets alferrik egin gabe.

Hirugarren kezka orokorra, etorkinena. Imigrazioa ez da geldituko, alderantziz, klimaren aldaketak areagotzen du jadanik, eta mugida handiago baten hastapena baizik ez da. Europak bere burua harresi batez zaindu nahi luke, bainan ez du lortuko, “Ligne Maginot” guztiak noizbait indargabeturik gelditzen dira. Balio luketen moldeak bistakoak dira: Afrika eta Mediterraneo Ekialdea urgatzi, imigrazioa hangoekin antolatu, etorkinak metodikoki hartu, hots hemen plantatzen eta hemengotzen lagundu.

Ez da biharko, ni beldur, orain ditugun buruzagiekin.

Nor errege? Nor errege? Nor errege?

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.